Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

220. zk., 2017ko azaroaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5521

AGINDUA, 2017ko azaroaren 8koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita nazioartekotze-beken BEINT programa.

Enpresak Nazioartekotzeko Planaren bitartez, XI. legegintzaldian euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza publikoak sostengatu eta ordenatzen dira. Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 aldirako Planaren helburu nagusia da jauzi kualitatibo bat ematea EAEko enpresak merkatu globalean txertatzen eta euskal enpresen nazioarteko lehiakortasuna sustatzen, balio erantsiko laguntza-esparru bat ezarriz, jarduketak pertsonalizatuz eta segmentatuz, ekonomiaren irekitze- eta nazioartekotze-maila bultzatuz, kanpo-merkataritza indartuz, sendotuz, eta dibertsifikatuz, atzerrian EAEko enpresek duten presentzia handituz eta agerian jarriz eta Basque Country marka maila globalean sendotuz. Ezarritako helburuak betetzeko, 8 ardatz estrategiko zehaztu ditugu Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 aldirako Planean. Ardatz estrategiko horietako 4. ardatza da enpresak nazioartekotzen espezializatuta dauden pertsona trebatuak integratzen laguntzea. Gazte tituludunak nazioartekotzearen eta nazioarteko mugikortasunaren arloetan espezializatzeko prestakuntza-programak iragartzen eta azpimarratzen dira jardun-lerro gisa, horrela giza kapital espezialista sortzeko eta dinamizatzeko, kapital horrek enpresen ekimenak bermeekin abia eta gara ditzan nazioarteko merkatuetan.

80ko hamarkadatik, Eusko Jaurlaritzak gazteak kanpo-merkataritzan prestatzeko eta praktikak atzerrian egin ahal izateko beken programa bat izan du. Denbora horretan guztian, prestakuntza-beharrizanak eta merkatu eta erakunde globalak paraleloki garatzen joan dira. Horrek eskatzen du nazioartekotze-beken BEINT programaren arauketa aldatu eta errealitate berriei egokitzea.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea indarrean jarri izanaren ondorioz, araudia aldatu eta egokitu behar da.

Azkenik, esan behar da nazioartekotze-beken programa Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoan sartu zela 2017ko ekainaren 5ean.

Horiek horrela, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA.– XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da nazioartekotze-beken programa arautzea, zeinaren helburua baita unibertsitate-tituludun gazteak prestatzea nazioartekotzearen arloan; betiere, euskal enpresek eta beste erakunde batzuek etorkizunean profesionalen oinarri bat izan dezaten, zeinarekin aurre egin ahal izango baitiete ekonomia irekiaren erronkei.

2.– Goi-mailako unibertsitate-titulua duten Euskal Autonomia Erkidegoko gazteentzako nazioartekotze-beken urteroko deialdiaren bitartez gauzatuko da aipatu helburua; orobat, unibertsitate, enpresa eta nazioartekotzea sustatzeko erakundeen –pribatu zein publikoen– bitartez, programa honetan parte hartu nahi badute, betiere.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluan adierazitako xedea betetzeko diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– Paratutako baliabide publikoen osagarri gisa, programako 3. fasean kolaboratzen duten enpresa eta erakundeek honako gastu hauei aurre egin beharko diete: finkatutako lekura bekadunak egiten duen joan-etorri baten gastuak, eta 3. fasean bekadunaren bisa lortzeko egin behar diren gastuak.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ondorengo eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek jaso ditzakete nazioartekotze-bekak:

a) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo elkarren segidako 5 urtetan aurreko 10 urteetan.

b) Graduko unibertsitate-titulu goi-mailakoa, deialdi bakoitzeko hautaketa-prozesua amaitu baino lehen lortua, hau da, nazioartekotzearen arloko Nazioartekotzeko zuzendariak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen gaineko ebazpena eman aurretik. Atzerrian edo/eta unibertsitate pribatuetan lortutako tituluak onartuko dira, baldin eta agintaritza eskudunak homologatutakoak badira. Ekonomia, Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioa, Ekintzailetza, Marketina, Zuzenbide Ekonomikoa, Ingeniaritza, Arkitektura eta Nazioarteko Harremanak ataletako graduek lehentasuna izango dute, eta bereziki baloratuko dira.

c) Deialdiaren urteko urtarrilaren batean, 30 urte bete gabe izatea.

d) Ingelesean C1 maila izatea, zeina ahozko eta idatzizko proba egokiekin egiaztatu beharko baita.

e) Beka normaltasunez garatzea eragozten duen gaixotasunik edo muga psikiko edo fisikorik ez izatea; edo beka onartzeko orduan ez izatea eguneroko bizitzako jarduerak mugatzen dituen patologiarik.

f) Unibertsitate-tituludunentzako antzeko prestakuntza helburua duen beste ezein laguntzaren onuradun ez izatea; baldin eta, halako laguntzaren bidez, nazioarteko erakunde edo enpresetan 6 hilabetez edo epe luzeago batez praktikak egin badira atzerrian. Bereziki, nazioartekotze-beka hauetaz baliatzea ez da bateragarria honako beka hauetakoren baten onuradun izatearekin: Global Training bekak, ICEX bekak, beste administrazio autonomiko batzuenak, merkataritza ganberenak, EBko merkataritza sustatzeko erakundeenak eta antzeko beste erakunde batzuenak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura finantzaturik goi-mailako tituludunentzako diren beste beka batzuen onuradun izana ez da bateragarria aipagai ditugun bekak baliatzearekin.

g) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzaridagozkionak beteta izatea, arauz zehazten den bezala.

h) Agindu honen bitartez araututako beketarako aukerarik ez dute izango eskabidea egiten duten pertsona hauek: diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik duena, edo horretarako legezko debekurik duena, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.

i) Ezin izango dira erakunde onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden erakundeak.

2.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak erakunde onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzea.

4. artikulua.– Beken izaera.

1.– Nazioartekotze-bekak itzuli beharrik gabeko laguntzatzat joko dira, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzak arautzeko indarrean dagoen arautegiari jarraituz kudeatuko dira.

2.– Beka eman eta baliatzeak ez du ezartzen kontratu edo estatutuen bidezko inolako erlaziorik bekadunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean, eta beka emateko ebazpenak zehaztuko du bekadunaren izaera noiz hasten den eta noiz amaitzen den.

3.– Agindu honekin araututako bekak lehiaketako prozeduraren bidez esleituko dira, eta kontuan izanik merezimendu eta gaitasunari buruzko balorazio-irizpideak, urteko deialdiaren gaineko ebazpenean haztatutakoak. Hautaketa-prozesu egokia gainditu duten izangaiei bakarrik emango zaie beka, harik eta urteko deialdian sartzen den beka-kopurua estali arte, eta ekitaldi bakoitzerako dauden aurrekontu-baliabideak kontuan izanik, betiere.

II. KAPITULUA.– PRESTAKUNTZA-IBILBIDEEN DESKRIPZIOA

5. artikulua.– Faseak.

BEINT programaren betearazpenean, 3 fase bereizten dira, bakoitza bere epealdiekin eta prestakuntza-ezaugarriekin. Hona hemen:

a) 1. fasea: Prestakuntza teoriko espezializatua.

Programaren hasierako fasean, izendatutako bekadunek Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko titulua lortzeko kurtsoan parte hartuko dute; 300 ordukoa izango da, 30 ECTS kredituren baliokidea. Kurtsoaren xedea da honako hauen gaineko ezagutza sakontzea: nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea; euskal ekonomia sarea eta horren enpresak eta instituzioak; enpresa multilokalizatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak, eta nazioarteko erosketak eta salmentak.

Nahitaezko modalitate presentzialean emango da kurtsoa, eta deialdiaren urtean abiatuko da. Kurtsoan zehar, eskola teorikoak osatu ahal izango dira bisitekin, hain justu ere erreferentziako euskal enpresekin eta logistikarekin zerikusia duten azpiegituretara, erakundeetara eta entitateetara egindakoekin. Era berean, zenbait ikerketa-lan garatuko dira.

Espezializazio-kurtsoa egiten den bitartean, Nazioartekotze Zuzendaritzak zehazten duen irakas-zatiaren gaineko azterketa egingo da. Azterketa hori gainditzea ezinbestekoa izango da hurrengo fasera pasatzeko.

1. fasea bukatzean, eta agintari akademikoek ezarritako eskakizunak betez gero, dagokion ziurtagiria lortu ahal izango da, zeinak ekarriko baitu erreferentziazko titulu berariazkoa emateko eskubidea.

b) 2. fasea: Prestakuntza praktikoa nazioartekotzeari laguntza publikoa emateko erakundeetan eta eskualde- edo sektore-garapenerako beste erakunde batzuetan.

Fase honetan, A modalitatean izendatutako bekadunek parte hartuko dute, aurreko 1. fasea amaitutakoan, betiere. Bekadunei enpresak laguntzeko lanabes publikoak ezagutzera ematera bideratzen da 2. fasea: nazioartekotzea sustatzeko erakunde pribatu eta publikoetan erabilgarri diren programak eta zerbitzuak. Prestakuntza hori nagusiki hauetan emango da: SPRIren kanpoko sarearen bulegoak; Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialak, eta nazioartekotzea sustatzeko eta eskualdeak edo sektoreak garatzeko beste erakunde batzuk. Bekadunak erakunde horietan hasiko dira lanean, eta agintzen zaizkien zerbitzuak egingo dituzte, tutore batek gainbegiratuta, betiere.

2. fasea berari buruzko ebazpenean zehazten den egunean hasiko da, eta 12 hilabetetik beherako eta 10 hilabetetik gorako iraupena izango du. 2. fasean zehar, eta berau bukatu baino gutxienez bi hilabete lehenago, bekadunek aurreakordioak egin beharko dituzte enpresekin eta erakundeekin, 3. faseko praktika profesionala gauzatzera bideratutakoak, zehazki.

2. fasea amaitzean, erakunde laguntzaileko pertsona arduradunak balorazio-txostena prestatuko du, zeinetan hauek jaso beharko baitira: bekadunak zein arlotako prestakuntza jaso duen, bada haiexei buruzko laburpena; esleitu zaizkion atazetan agertu duen prestutasun eta jokabideari buruzko laburpena, eta jardueran lortutako mailari buruzko laburpena.

Eskura den informazioa kontuan izanik, Nazioartekotze Zuzendaritzak epaituko du bekadunetako bakoitzak programako helburuak bete dituen ala ez, eta horrexek ebatziko du programako hurrengo fasean jarraituko duen ala ez; dena den, jarraitzea ala ez enpresa laguntzaile egokiak praktika burutzeko duen disponibilitateak baldintzatuko du.

c) 3. fasea: Praktika profesionala enpresan.

Fase honetan, nazioartekoturiko enpresa batean egingo ditu praktikak bekadunak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta enpresa laguntzaileak adosten duten destinoan, betiere.

3. faserako sarbideak 8 hilabetetik gorako baina 10 hilabetetik beherako iraupena izango du. Eta bertan izatea, honako faktore hauek zehaztuko dute: bekadun bakoitzaren adskripzio-modalitateak, eta aurreko fasean zehar egindako jarduerari buruzko ebaluazioak.

3. fasea hasi aurretik, fase honetara sartzen diren bekadunak arduratuko dira, bilaketa aktiboa eginda, praktika burutzeko enpresa proposatzeaz.

A modalitateko bekadunak 3. faserako izendatuko dira baldin eta 2. fasean zehar ebaluazio positiboa lortu badute eta baliozko enpresa laguntzailearekin egindako aurreakordioa badute; Erakunde eta enpresa laguntzaileen Erregistroan inskribaturik egongo da enpresa hori. Ahal delarik, herrialdeari edo eskualde-lekuari dagokienez, 2. fasea non egin duten, bada, hangoxeko destinoa duen enpresan egingo ditu praktikak. Nazioartekotze Zuzendaritzak, kasu bakoitzeko inguruabarrak kontuan izanik, 3. faserako beste destino bat zehaztu ahal izango du.

B modalitateko bekadunak 1. fasea gainditu eta gero izendatuko dira, eta baliozko enpresa laguntzailearekin egindako aurreakordioa badute; Erakunde eta enpresa laguntzaileen Erregistroan inskribaturik egongo da enpresa hori.

6. artikulua.– Modalitateak.

Hiru faseetariko bakoitza modulu bereizi gisa antolatzen da, eta euretariko bakoitzak berez prestakuntza-helburu bat betetzen du, halako moldez ezen, programa betetzerakoan ondoko modalitateetariko bat egin ahal izango baitute bekadunek:

a) A modalitatea: bekadunek 1., 2. eta 3. faseak egingo dituzte.

b) B modalitatea: bekadunek 1. eta 3. faseak egingo dituzte.

Urteko deialdia ebazten denean finkatuko da modalitate bakoitzerako beka-kopurua. Nazioartekotzeko zuzendariak emandako ebazpenean oinarriturik esleituko dira modalitate bakoitzerako bekadunak, agindu honen 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

III. KAPITULUA.– PROZEDURA

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Agindu honetan araututako nazioartekotze-bekak esleitzeko, hiru printzipio hauek erabiliko dira: publikotasuna, lehia eta objektibotasuna; eta bekak urteroko deialdi publiko baten bidez iragarriko dira.

2.– Nazioartekotzeko sailburuordeak emandako ebazpenez egingo da deialdia, eta arau honetan ezarritakoari egokitu beharko zaio nahitaez.

3.– Deialdiak hauek zehaztuko ditu modalitate bakoitzerako: finantzaketarako diren kredituen zenbatekoa; eskabideak aurkezteko epea eta lekua; bekadunen merezimendua eta gaitasuna neurtzeko faktoreen haztapena, eta faseetariko bakoitzaren iraupena.

8. artikulua.– Dokumentazioa eta eskaerak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez egingo dira eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta emakida-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko deklarazioak kanal elektronikotik izapidetzeari buruzko espezifikazioak eta gainontzeko ereduak eskura daude egoitza elektroniko honetan: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/informacion/becas-de-internacionalizacion/r44-de0017/eu/

Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez egingo dira, honako helbide honetan: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/.

Eskabidean honako hauek jaso beharko dira: pertsona eskatzaileak baimendutako sinadura, agindu honen artikulu honetako 4. paragrafoan aipatutako dokumentazio osagarria, eta Administrazioak eska dezakeen beste edozein dokumentazio, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutako zehaztapenekin bat etorriz, betiere

3.– Pertsona eskatzaileek eskubidea dute EAEko bi hizkuntza ofizialetatik edozein erabiltzeko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailarekin dituzten hartu-emanetan.

4.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Nortasun-agirirako tamaina duen argazki bat, oraintsukoa.

b) Curriculum vitaea.

c) Agindu honen 3.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea egiaztatzen duen dokumentazioa.

d) Ondoko dokumentuetariko bat erabiliz egiaztatuko da unibertsitate-titulazioa: a) titulua; b) titulu-eskabidearen gordekina, hura emateko eskubideak ordaindu izana egiaztatzeko dokumentuarekin, edo c) ikasketa-espedienteko oharra, zeinetan adierazten baita titulazioari dagokion proba orokorra gainditu izana eta titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana. Atzerrian edo publikoak ez diren Espainiako zentroetan lortutako tituluak agintaritza eskudunak emandako dagokion homologazioarekin aurkeztu beharko dira.

e) Burututako masterrak eta lan-esperientzia egiaztatzeko agiriak.

f) Mediku-ziurtagiria, non zehaztu beharko baitu bekadunak ez duela bere zereginak eta betebeharrak egoki garatzea galaraziko dion gaixotasunik.

g) Erantzukizunpeko adierazpena, hauek adieraztekoa:

– Antzeko beka baten onuradun ez izana, agindu honetako 3.1.e) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (eskabide-inprimaki ofizialaren parte da).

– Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

– Zergak-betebeharrak egunean izatea, eta berariaz baimena ematea administrazioari hori egiaztatzeko, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

5.– Dagoeneko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dauden indarreko dokumentuak ez dira aurkeztu behar izango. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1 artikuluko d) letran ezarritako baldintzak eta eskakizunak betez, betiere.

6.– Eskatzaileek eurek aukeratu duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskaera, dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Ingelesa edo frantsesa ez diren atzerriko beste hizkuntzetan entregatu beharreko dokumentuak itzulita aurkeztu beharko dira, EAEko hizkuntza ofizialetariko edozeinetan.

9. artikulua.– Eskabideak onartu eta zuzentzea.

1.– Eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsak zuzen ditzan. Hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpena eman ostean, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 68 artikuluan.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira.

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren interesdunari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat emango da. Jasota baldin badago jakinarazpena eskaini dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat emango, non eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez den egiaztatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea, betiere.

10. artikulua.– Balorazio-probak.

Gaitasuna baloratzeko probak egiteko, bekadun izateko ezarritako eskakizunak –3. artikuluan daude definiturik– konplitzen dituzten pertsona eskatzaile guztiak izangaitzat hartuko eta aitortuko dira, eta hautaketa-probetarako deituko; deituen zerrenda argitara emango da. Deialdian zehaztuko da erreklamazioak aurkezteko epea eta, hala badagokio, nora zuzendu behar diren. Epe hori bukatutakoan eta aurkeztutako erreklamazioak kontuan izanik, hautaketa-probetara deitutako izangaien behin betiko zerrenda lortuko da.

11. artikulua.– Bekadun izendatzeko hautagaitzak aukeratzeko prozedura.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan eta aurreko artikuluan aurreikusitako izapidea egin ostean, izangaiak hautatzeko prozesuari ekingo zaio, zeinaren printzipio eraentzailea izango baita merezimendua eta gaitasuna baloratzea.

2.– Ondoren zehaztutakoak egiaztatzeko agirietan oinarriturik baloratuko dira izangaien merezimenduak:

a) M1: Graduko unibertsitate-titulua.

b) M2: Merkataritza, enpresa-kudeaketa edo nazioarteko harremanetako unibertsitate-master ofiziala (gutxienez, 60 kreditu).

c) M3: Lan-esperientzia praktikoa, Gizarte Segurantzak jaulkitako lan-ibilbideari buruzko txostenaren bidez egiaztatua, edo, lan-esperientzia atzerrian izanez gero, ziurtagiri ofizial baliokide baten bidez; azken horretan, enpresaren izena eta lan egindako egun- eta ordu-kopurua agertu behar da.

Unibertsitate-tituluari buruz 3.1 artikuluko b) letran xedatutakoa salbu, eskabideak aurkezteko epea hasten den eguneko merezimenduak egiaztatzeko agiriak baino ez dira baloratuko.

3.– Gaitasuna baloratzeko, ondoko proba hauek modu presentzialean egin beharko dira:

a) P1: Gai sozioekonomikoei eta orokorrei buruzko ezagutza-proba.

b) P2: Ingeleseko ahozko eta idatzizko proba. Proba hori baztertzailea izango da.

c) P3: Atzerriko bigarren hizkuntza bati buruzko ahozko eta idatzizko proba, hauen artean: alemana, arabiera, Txinako mandarina, frantsesa, italiera, portugesa, errusiera eta japoniera. B2 mailako azterketa egingo da, eta 5etik aurrera, ahozko eta idatzizko batezbesteko nota merezimendu gisa baloratuko da.

d) P4: Euskarako proba. B2 mailako azterketa egingo da, eta 5etik aurrera, ahozko eta idatzizko batezbesteko nota merezimendu gisa baloratuko da.

e) P5: Ahalmenak zehazteko probak, BEINT programari begirako test psikoteknikoen bitartez egindakoak.

f) P6: Izangaiak dituen BEIN programarekiko konpromisoa eta motibazioa, heldutasuna, jokabidea eta komunikazio-gaitasuna neurtzeko elkarrizketa pertsonala. Elkarrizketaren azken balorazioa egiterakoan, kontuan izango dira ahalmenak zehazteko test psikoteknikoen (P5 proba) emaitzak.

4.– Gaitasun-probak eta egiaztatutako merezimenduak haztatzeko faktoreak, urte bakoitzerako, deialdia egiteko ebazpenean zehaztuko dira.

5.– P1, P2, P3 eta P4 probak eta P5 test psikoteknikoak hautaketa-batzordeak aldez aurretik finkatutako leku, egun eta orduan egin beharko dira, derrigorrez.

6.– Merezimenduen baloraziotik eta P1, P2, P3 eta P4 probetatik lortutako puntuazioak batuta, ingelesari buruzko P2 ezagutza-proba gainditu duten izangaiak goitik beheranzko zerrenda baten ordenatuko dira.

7.– BEINT programako 1. faserako bekadunak eta ordezkoak izendatu aurreko hautaketa-prozesuko azken mugarria da elkarrizketa pertsonala. Urteko deialdiaren bitartez eta goragoko paragrafoan aipatutako zerrendako ordenari jarraituz, izangaiei deia egingo zaie elkarrizketa pertsonalerako, baina deituen kopurua ez da izango deitutako beka-kopurua baino bi bider handiagoa. Hautaketa-batzordeko gutxienez hiru kidek egingo dituzte elkarrizketa pertsonalak. Atzerrian ikasketak egiten izateagatik edo ezinbesteko kasuren batengatik, egoki justifikatu eta egiaztatutako kasuetan bakarrik emango du hautaketa-batzordeak elkarrizketa Internet bidez egiteko aukera (Skype edo antzekoa). Elkarrizketa baloratzeko kontuan izango dira P5 test psikoteknikoen emaitzak, goragoko 3. paragrafoan zehaztutakoarekin bat etorriz.

8.– Hautaketa-prozesuaren azken emaitzarekin, hasierako zerrenda ordenatu bat prestatuko da, zeina Interneteko atari honetan emango baita argitara: http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/informacion/becas-de-internacionalizacion/r44-de0017/eu/

Iragarkian zehaztuko dira erreklamazioak aurkezteko epea eta zer lekutara zuzendu beharko diren. Epe hori bukaturik eta aurkeztutako erreklamazioak azterturik, behin betiko zerrenda ordenatua itxiko da.

9.– Hasierako zerrenda ordenatutik puntuazio onena (10etik 0rako eskalan) duten izangaiak proposatuko dira bekadun izateko, eta, kopuruz, deitutako bekak beste izango dira. Era berean, puntuazio-ordenari jarraituz, hautaketa-batzordeak zehaztuko du 1. faserako proposatuko den ordezko-kopurua.

12. artikulua.– Hautaketa-batzordearen osaera eta egitekoak.

1.– Hauek osatuko dute hautaketa-batzordea:

a) Nazioartekotzeko zuzendaria, edo horrek eskuordetutakoa. Bera izango da batzordeburu, eta berak ebatziko du auzia, berdinketa gertatuz gero.

b) Bi bokal Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren ordezkaritzan, sail horretako titularrak izendatutakoak.

c) Bokal bat Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkaritzan, unibertsitateak berak proposatua eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak izendatua.

d) Bokal bat Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen ordezkaritzan, horiek proposatua eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak izendatua.

e) Bokal bat IVAPen ordezkaritzan, erakunde horrek proposatuta eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak.

f) Idazkari bat, hitzarekin baina botorik gabe; Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzan bekak kudeatzen dituen taldeko kideen artetik izendatua.

2.– Hautaketa-batzordeak zeregin hauek ditu: eskabideak aztertzea, izangaien merezimenduak eta gaitasunak baloratzea; eta, ondorioz, faseetariko bakoitzari dagokionez, organo eskudunari aurkeztu eta igortzea bekadun eta ordezkoen gaineko ebazpen-proposamena, eta, orobat, haiei dagozkien modalitateak, destinoak eta zuzkidurak.

3.– Izangaiak ebaluatzeko, hautaketa-prozesuko probetako gaietan espezialista direnen aholkularitza eskatu ahal izango du hautaketa-batzordeak.

4.– Erabakiak hartzeari dagokionez, hautaketa-batzordea burujabea izango da, eta bozketa-prozeduraz hartuko ditu haiek. Atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira.

5.– Hautaketa-batzordearen osaeraz behar den publizitatea egingo da Sailaren web-orrian, nazioartekotze-beken arloan.

6.– Hautaketa-batzordearen osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Berdintasunerako Legearen 3.7 artikuluari jarraikiz.

13. artikulua.– Ebazpenak.

1.– Bekak esleitzeko prozeduren gehieneko iraupena sei hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori amaitzerako, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek beren eskaera ezetsitzat jo dezakete.

2.– Beken 1. faserako ebazpena.

Agindu honen 11. artikuluan deskribatutako hautaketa-prozesua amaitu ostean, eta hautaketa-batzordeak eginiko proposamena aztertu eta gero, Nazioartekotzeko zuzendariak 1. faseko onuradunen eta ordezkoen ebazpena emango du. Ebazpen hori Interneteko http://www.industria.ejgv.euskadi.eus atarian argitaratuko da.

3.– A eta B modalitateetarako ebazpena.

Kurtsoan lortutako puntuazioa (10etik 0ra bitarteko eskalan) gehitu egingo zaio bekadun bakoitzak agindu honetako 11. artikuluko hautaketa-prozesuan aldez aurretik lortu duen puntuazioari. Hori guztia agintari akademikoek jartzen dituzten azterketa eta probetan oinarrituta, Nazioartekotze Zuzendaritzarekin adostu eta gero. Bekadun bakoitzaren azken puntuazioa aipatutako bi puntuazioen arteko batez bestekoa izango da. Azken puntuazioekin, bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua eratuko da. Puntuazioan gertatzen diren berdinketak ebazteko, ingeleseko batez besteko notari erreparatuko zaio lehenik, eta, halere, berdinketak jarraituko balu, aukeratutako bigarren hizkuntzan lortutako batez besteko nota hartuko da aintzat.

Bekadunen behin betiko zerrenda ordenatua oinarritzat hartuta, eta modalitateak eta destinoak hautatzeko prozedura burutu eta gero, agindu honen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, honako hauek esleituko dira: modalitate eta destino bakoitzeko bekadunak; egiteko datak; bekadun bakoitzari dagokion bekaren zuzkidura, eta, bekadunek euren jarduerak ahalik eta ondoen gauzatze aldera, bidezkotzat jotzen diren gainerako kontuak.

4.– Destinoa aldatzeko ebazpena.

a) 3. fasea hasieran ebatzitako destinoa ez den beste herrialde batean egin behar badu A modalitateko bekadun batek, agindu honen 5. artikuluaren c) letran ohiz kanpoko kasuetarako jasota dagoenaren arabera, Nazioartekotzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, eta aldi horretarako esleitutako hasierako zuzkidura zuzenduko du.

b) Erakunde laguntzaileari egotzi ahal zaion edo erakunde horri eragiten dion arrazoiak tarteko, beka gauzatzeko baldintzak arriskuan badaude, edo destinoko lekuko segurtasuna arriskuan badago, Nazioartekotzeko zuzendariak, ebazpen baten bidez, destino-aldaketa agindu ahal izango du, eta, hala badagokio, hasieran esleitutako zuzkidura zuzenduko du.

5.– Beka emateko ebazpena, edozein modalitatetan, banaka jakinaraziko zaie interesdunei. Ebazpen horrek ez dio amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nazioartekotzeko sailburuordeari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta eran. Horiek horrela, emandako laguntzen berri denek izan dezaten, Nazioartekotze Zuzendaritzak bekadunen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagozkien zuzkidurak zehaztuta.

14. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

BEINT programa behar bezala garatzeko, ezinbestekoa da zenbait erakundek eta enpresak parte hartzea, prestakuntza-ibilbide integrala osatzeko, alderdi teorikoetatik hasi eta enpresa-praktikak egin arte.

1.– 1. faseko erakunde laguntzailea. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta UPV-EHUren arteko hitzarmenaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitateak prestakuntza-fase teorikoa egiteko lankidetza eskaintzen du. Hori da, hain zuzen ere, Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko titulua egiteko oinarria. Lankidetza-hitzarmenaren urteko eguneratze bakoitzean, eman beharreko prestakuntzaren ezaugarriak ezarriko dira: edukiak, irakasleen profila, kurtsoaren iraupena eta garrantzitsutzat jotzen diren bestelako gaiak.

2.– 2. faseko erakunde laguntzaileak. BEINT programaren ondorioetarako, hauek hartuko dira erakunde laguntzailetzat: SPRIren kanpoko sareko bulegoak; Espainiako merkataritza-bulegoak atzerrian, eta, batzuetan, nazioartekotzea sustatzeko bestelako erakundeak; horiek prestakuntza praktikoa ahalbidetzen dute enpresei laguntza publikoa emateko tresnak eta informazioa erabiltzeko, bekadunen destinoko herrialdeetan. Lankidetza horren oinarria finkatzeko, hitzarmena sinatuko da, zeinak alderdien arteko harremanak ezarriko baititu eta esleitutako bekadunaren mendekotasun funtzionala zehaztuko baitu.

3.– 3. faseko erakunde laguntzaileak. Honako hauek izango dira, BEINT programaren ondorioetarako, 3. faseko erakunde laguntzaileak: bekadunei enpresa-izaerako praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten erakunde eta enpresak.

Praktika profesionalaren eskaintza bat onartu ahal izateko, erakunde eta enpresa interesdunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresa nazioartekotua izatea edo enpresarekin garbi lotutako prestakuntza-praktika bat eskaintzen duen entitate bat, eta, lehentasunez, gutxienez merkataritza- edo ekoizpen-alorreko establezimendu bat izatea kanpoan.

b) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea. Plan horrek praktikaldi osoa jaso behar du, esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduta.

c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura izango duen tutore bat edukitzea.

d) Bekadunak destinoko herrialdera egin behar duen bidaiaren joan-etorriko txartela ordaintzeko prest egotea. Bekadunari egotz dakiokeen kausa dela-eta 3. fasea amaitu baino lehen beka amaitu dela ebazten bada, eta orduan bakarrik, enpresa ez da behartuta egongo itzulerako txartela ordaintzera.

e) Erabakitako herrialdean bekadunaren egonaldia formalizatzeko ezinbesteko betekizuna bada, enpresak bisa lortzen lagundu beharko dio bekadunari, eta beharrezko kudeaketak eta gastuak bere gain hartuko ditu.

f) Funtzionamendu-gastuak ordaintzea, esate baterako: komunikazio-kostuak, dokumentazioa erostearen kostuak eta bekadunaren ohiko bizilekutik kanpoko joan-etorriengatiko dieten gastuak. Era berean, egokitzat jotzen den beste edozein gastu-kontzeptu, enpresak bekadunari ezarritako jardueren eta arauen ondorioz sortutakoak badira.

Aurreko atalean ezarritako eskakizunak beteta, euskal enpresek lehentasunezko eskubidea izango dute bekadunak esleitzeko unean.

Azkenik, BEINT programan 3. faseko erakunde laguntzailea izateko, izena eman behar da, lankidetza-eskaintzarekin, erakunde eta enpresa laguntzaileen zerrendan, Interneteko toki honetan:

http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/informacion/becas-de-internacionalizacion/r44-de0017/eu/

Eskaintza onesten denean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta erakundeak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmen horretan, esleitutako bekaduna eta alderdiek bekadun horren prestakuntza-planari egin behar dioten ekarpena zehaztuko dira.

Erakunde laguntzaileek Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 15. artikuluetan zehaztutako eskakizunak eta betebeharrak bete beharko dituzte.

IV. KAPITULUA.– ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

15. artikulua.– Destinoa hautatzea.

1.– 1. fasea amaitzean, agindu honetako 13. artikuluaren 3. zenbakian aipatzen den behin betiko zerrendaren hurrenkerari jarraituz, bekadunek modalitatea (A edo B modalitateen artetik) eta nahi duten destinoa (data horretan libre daudenen artetik) hautatu ahal izango dituzte, baldin eta erakunde laguntzaileak ezarritako eskakizun guztiak betetzen badituzte, betiere.

2.– Erakunde laguntzaileak hala eskatuta, eskakizun zehatz batzuk dituzten bekadunek bakarrik bete ahal badituzte hutsik dauden postuak, orduan, Nazioartekotze Zuzendaritzak postu huts horiek hautatzera behartu ahal izango dituzte eskakizun horiek betetzen dituzten bekadunak, hasiera batean beste destino batzuk hautatu bazituzten ere.

3.– Bekadunak destinoa hautatzeko duen ahalmena, nolanahi ere, Nazioartekotze Zuzendaritzaren azken erabakiak baldintzatuta egongo da. Izan ere, zuzendaritza horrek erakunde laguntzaileek ezarri dituzten eskakizunak betetzen direla zaindu beharko du, besteak beste, profil akademikoak edo hizkuntzak.

16. artikulua.– Beken diru-zenbatekoa.

Erdietsi nahi den prestakuntza-helburua lortzeko beharrezkoak diren gastuak estaltzera egongo da zuzenduta beken diru-zenbatekoa. Zenbateko horri esker, bizi-baldintza duinak eta programara dedikatzeko baldintza egokiak izan beharko dituzte bekadunek. Xede horretarako, prestakuntzarako gastu osagarriak eta zuzkidurak berariaz ezarriko dira, garatu beharreko prestakuntza-programetako eta destinoetako sarbide- eta bizi-baldintzak kontuan hartuta.

Estali beharreko gastuan artean, hauek daude: unibertsitate-kurtsoaren kostua, diru-zuzkidura, bekadunaren bestelako prestakuntza-gastu osagarriak eta asegurua.

1.– 1. faseko diru-zuzkidura:

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak % 100 finantzatuko du UPV-EHUrekin hitzartutako Nazioartekotzeko Unibertsitate Espezialista graduondoko berezko tituluari dagokion kurtsoaren kostua.

2.– A modalitateko diru-zuzkidura:

Agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, A modalitateko bekadunek, ebazpenean ezarri zaizkien destinoetan, bi fasetan (2. eta 3. faseak) banatutako prestakuntza-programa bat bete beharko dute, zeinak 20 hilabete iraungo baitu.

Bekaren diru-zuzkidura programako bi faseen artean banatuko da. Hala, 2. faseko ebazpenean, fase horretarako destinoak eta zuzkidurak adieraziko dira, eta, berau bukatutakoan, 3. faseko ebazpenean, fase horretarako destinoak eta zuzkidurak adieraziko dira.

Oro har, 2. faserako kalkulatutako zuzkidurak, 12 hilabeteko iraupena izanez gero, 16.800 eta 36.000 euro bitartekoak izango dira. 10 hilabeteko iraupena izanez gero, 14.000 eta 30.000 euro bitartekoak izango dira.

Oro har, 3. faserako kalkulatutako zuzkidurak, 8 hilabeteko iraupena izanez gero, 11.200 eta 24.000 euro bitartekoak izango dira. 10 hilabeteko iraupena izanez gero, 14.000 eta 30.000 euro bitartekoak izango dira.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, A modalitatean beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, honako hauen arabera kalkulatua: destinoko herrialde eta hirietako bizi-maila, garraio- eta baimen-kostuak, bisak lortzeko kostuak, txertoak eta destinora iristearekin lotutako bestelako kostuak. Kostu horiek bekadunak ordaindu beharko ditu, aipatutako zuzkidurarekin. Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontu nahikoa izatea.

Zuzkiduraz gain, A modalitateko bekadunek, 2. fasea egitean, kreditu mugatua ere izango dute, prestakuntza-gastu osagarriei aurre egiteko. Kreditu hori Nazioartekotze Zuzendaritzak emandako baimenarekin erabili ahal izango da, eta, horren bidez, bekadunek honako gastu hauek egin ahal izango dituzte: tutoreek baimendu dizkieten azoketara eta zereginetara joateko joan-etorriak eta ostatuak, bisita-txarteletarako gastuak eta destinoan erabilgarriak diren atzerriko hizkuntzen ikastaroak (ingelesa ez direnak).

5.000 eurokoa da kontzeptu horren ondoriozko gehieneko kreditu erabilgarria. Destino bakoitzerako, ebazpenak muga zehatz bat jarriko du, ezarritako gehienekoaren azpitik. Erabili ez den kredituaren zatiak ez du inolaz ere handituko bekadun bakoitzari esleitutako zuzkiduraren balioa.

3.– B modalitateko diru-zuzkidura:

Agindu honen 13. artikuluan eta urteko deialdiaren ebazpenean ezarritakoaren arabera, B modalitateko bekadunek 3. faserako ebatzitako destinoetan egin beharko dituzte praktikak. Oro har, 8 hilabeteko iraupena izanez gero, zuzkidurak 11.200 eta 24.000 euro bitartekoak izango dira. 10 hilabeteko iraupena izanez gero, zuzkidurak 14.000 eta 30.000 euro bitartekoak izango dira.

Gutxieneko eta gehieneko muga horien barruan, B modalitatean beka emateko ebazpenak zuzkidura zehatz bat esleituko dio bekadun bakoitzari, honako hauen arabera kalkulatua: destinoko herrialde eta hirietako bizi-maila eta destinora iristearekin lotutako bestelako kostuak. Kostu horiek bekadunak ordaindu beharko ditu, aipatutako zuzkidurarekin. Zuzkidurak finkatzean, kontuan hartuko da aurrekontu nahikoa izatea.

4.– Euroaren eta destinoan erabiltzen den dibisaren arteko kanbio-tasaren egoeraren arabera, bekaren zuzkidura, edozein modalitate eta fasetan, eguneratu ahal izango da, Nazioartekotzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, baldin eta zuzkidura emateko hasierako baldintzak asko aldatu badira, eta, horren eraginez, artikulu honen hasierako paragrafoan xedatutakoa arriskuan jartzen bada, betiere. Eguneratze hori egin ahal izateko, aurrekontu-baliabide nahikoak egon behar dira.

5.– Programa burutzearekin lotutako gastu guztiak (hegazkin-txartelak, bisak, txertoak, bizileku-baimenak, ostatua, mantenua eta egon daitezkeen bestelako gastuak, besteak beste) bekadunaren konturakoak izango dira, eta bekaren zuzkidurarekin egin beharko die aurre horiei. Bestalde, beste gastu hauek enpresa laguntzailearen konturakoak izango dira: A modalitateko aparteko gastuak (2. fasea) eta A eta B modalitateetako bisak eta hegazkin-txartelak (3. fasea).

6.– 1493/2011 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, BEINT programako bekadunak Gizarte Segurantzako erregimenean egongo dira, eta kontingentzia arruntengatik eta kontingentzia profesionalengatik kotizatuko dute; bestalde, ez dute kotizatuko ez langabeziara, ez Soldatak Bermatzeko Funtsera, ez eta lanbide-prestakuntzagatik ere.

7.– Halaber, bekadun egiten direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza sinatuko du bekadunen alde, bekadunen jardueraren ondorioengatik eta hirugarrenei sortu ahal dizkieten kalteen aurrean; horrez gain, bidaiako laguntza-aseguru osagarria ere sinatuko du.

17. artikulua.– Bekaren zuzkidura eta prestakuntza-gastu osagarrien kontua ordaintzea.

1.– Beken zuzkidura eta prestakuntza-gastu osagarrien kontua ordaintzeko aginduak emateko organo eskuduna Nazioartekotzeko zuzendaria izango da.

2.– Ordainketa honela egingo da:

A. A modalitatean:

A.1.– 2. Fasea:

1) Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez 2. faserako ebatzitako zuzkiduraren % 15ekoa, eta bekaduna bere destinora atera baino lehen egingo da.

2) Hurrengo ordainketak hilero egingo dira.

3) Prestakuntza-gastu osagarrien partidari dagozkion ordainketak egiteko, beharrezko ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, likidatzeko. Horri dagokionez, gastuak gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira likidatzeko, gertatzen direnetik aurrera.

A.2.– 3. Fasea:

1) 3. faserako ebatzitako zuzkidura, hileko ordainketetan.

2) Azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak 3. faseari dagozkion praktikak amaitu beharko ditu, eta Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu beharko du onuradunak behar bezala bete duela aurreikusitako programa.

B. B modalitatean:

1) Lehenengo ordainketa aurrerakin bat izango da, gehienez ebatzitako zuzkiduraren % 15ekoa, eta interesduna destinora atera baino lehen egingo da.

2) Gainerakoa 3. faseak irauten duen hilabete-kopuruaren araberako hileko ordainketetan ordainduko da.

3) Azken hileko ordainketa egiteko, onuradunak behar bezala amaitu beharko ditu 3. faseari dagozkion praktikak, eta Nazioartekotze Zuzendaritzak egiaztatu beharko du onuradunak behar bezala bete duela aurreikusitako programa.

3.– PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren arauek ezarritakoaren arabera, dagozkien atxikipenak egingo zaizkie zuzkidurei eta horien ordainketei.

18. artikulua.– Baimenak eta norberaren aukerako egunak.

BEINT programaren 2. eta 3. faseetan, funtzionalki, esleitu zaizkien erakunde eta enpresa laguntzaileen mende egingo dituzte praktikak bekadunek.

Bekadunek izan ahalko duten baimen-erregimena, kasu bakoitzean, mendekotasun funtzional horrek zehaztuko du. Horren harira, baimenei eta norberaren aukerako egunei dagokienez, gutxienez hamar egun ezartzen dira 2. faserako.

19. artikulua.– Bekadunen betebeharrak.

1.– Beka-eskabidea aurkezteak dakar agindu honetan eta deialdiaren urteko ebazpenean xedatutakoa onartzea.

2.– Betebehar hauek dituzte beken onuradunek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, baldin eta, beka esleitu izanaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean, bekadun onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

b) 2. fasean, destinoko herrialdeak exijitutako bisa, txertoak edo baimenak lortzea, bertara joan aurretik.

c) Bekaren jarduerak egiteko arduraldi esklusiboa izatea, eta destinoko zentroaren edo entitatearen edo praktikak burutzen diren enpresen funtzionamendu-arauei men egitea.

d) Nazioartekotze Zuzendaritzak emandako jarraibideak onartu eta betetzea: nazioartekotzea sustatzeko destinoko erakundeetan, enpresa laguntzaileetan eta bulegoetan lanean hasteko epeak, edo bekaren helburuak betetzeko emandako beste guztiak.

e) Nazioartekotze Zuzendaritzari jakinaraztea bekaren helburuak betetzerakoan eragina izan dezaketen gorabeherak.

f) Nazioartekotze Zuzendaritzari bidaltzea deialdi bakoitzean eskatzen dituen txostenak, eginiko jarduerari buruzkoak. Hor zehaztuko dira ekonomia- eta merkataritza-arloetako alderdi nabarmenak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-sektoreen esportazioa garatzeko eta finkatzeko eragina izan dezaketen bestelako datuak ere.

g) Nazioartekotze Zuzendaritzak ezarritako zuzentarauei jarraituz likidatzea, eta aparteko gastuen jatorrizko egiaztagiriak eranstea.

h) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xedearen fiskalizazio-eginkizunak betetze aldera.

i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

20. artikulua.– Bateraezintasunak.

Nazioartekotze-bekaz baliatzea bateraezina da ordaindutako edozein lan egitearekin edo beste beka bat jasotzearekin, agindu honetako 3.f) artikuluan ezarritakoaren arabera.

21. artikulua.– Kontrola eta segimendua.

1.– Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio bekadunek burutu beharreko jardueren kontrola eta segimendua egitea, eta, horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide pertsonal guztiak jarriko ditu.

2.– Nazioartekotze Zuzendaritzak egoki iritzitako ikuskapenak egin ditzake bekaldia nola doan egiaztatzeko. Eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dizkiote onuradunek.

22. artikulua.– BEINT programako Alumni-a.

3. fasea amaitzen denean, BEINT programa bukatu eta gero, aurrez ikusitako programa behar bezala bete duten bekadunei BEINT programako Alumni erregistroan inskribatzeko eskubidea aitortuko zaie.

Erregistro horretan, betetako deialdiaren, modalitatearen eta destinoen arabera antolatuko dira inskripzioa egiten duten bekadun ohiak. Nahi badute, euren curriculumei buruzko informazioa gehitu ahal izango dute, interesgarritzat jotzen dituzten guneetarako estekekin.

Alumni erregistroan inskribatzean, izena eman duten gainerakoekin harremanetan aritzeko eskubidea ere aitortzen da.

Halaber, izena eman dutenek aukera daukate edozein unetan euren datuak aldatzeko edo erregistroa uzteko.

BEINT bekadun ohien Alumni erregistroaren administrazioa Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio, eta uneoro zainduko du datu pertsonalak babesteko aginduak eta araudia zorrotz betetzen direla.

23. artikulua.– Bekadun izaera galtzea eta dirua itzultzea.

1.– Bekadun izaera azken daiteke bekaren programa amaitzeagatik edo, bestela, hauetako arrazoiren bat gertatu delako:

a) Bekadunak uko egitea. 1. fasearen lehenengo bi asteetan egiten bada uko, Nazioartekotze Zuzendaritzak beste bekadun bat izendatuko du, ordezkoen zerrendari jarraituz.

b) Azaroaren 11ko 38/2003 Legegintzako Dekretuaren Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzea.

2.– Jasotzeke dauden ordainketak jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du bekadun izaera galtzeak, eta bidegabeki jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta horiei dagokien berandutze-interesa itzuli beharra Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari; horiez gain, eskatzen diren zehapenak jar daitezke, hala badagokio.

3.– Itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, aintzat hartuko da bekako zereginak zenbat denboraz egin dituen bekaren iraunaldi osoarekiko.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Programaren 2. fasea eta 3. fasea hasi gabe duten nazioartekotzeko 2017ko deialdiko bekadunei agindu honen 17. artikulua aplikatuko zaie, zeinak ezartzen baitu bekaren zuzkidura ordaintzeko modua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean jartzean, indargabetuta geratuko da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2016ko urtarrilaren 27ko Agindua (2016ko otsailaren 16ko EHAA, 31. zk.), zeinaren bidez arautzen baita nazioartekotzeko beken programa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko azaroaren 8a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGI.


Azterketa dokumentala