Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2017ko azaroaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5381

AGINDUA, 2017ko urriaren 26koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Irungo udalerriko Oinaurren, 32 etxebizitza sozial alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako orduko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Irungo Udalak 2010eko martxoaren 22an Konpromiso Akordioa sinatu zuten, Irungo udalerriko Oinaurre 6.2.01 eremuan, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko.

Konpromiso honen arabera Oinaurre eremuetan egingo diren etxebizitzen sustapenetan interesa duen udalerri bakarra Irun izango da. Halaber, etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, Donostiako eskualde egiturako udalerrietako etxebizitza-eskaerak asetzera bideratuko dira.

Bigarrena.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2011ko azaroaren 23ko ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen 32 babes ofizialeko etxebizitzako sustapen horrek. Sustapena Irungo udalerrian kokatuta dago, Oinaurre eremuan eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, S.A. (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du, EB3-1167/11-EC-000 espediente zenbakiarekin.

Hirugarrena.– Etxebizitza horietako bi, bi logelakoak, 79,80 m²-ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 30 etxebizitzetatik, 12 bi logelakoak dira, eta 55,95 m² eta 57,2 m² bitarteko azalerak dituzte, eta 18 hiru logelakoak dira, eta 75,05 m² eta 86,10 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio honako agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera; etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea onartzen dio Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegokoan duen pertsona orori. Harik eta erregelamendu-xedapenak argitaratzen diren arte Legearen laugarren xedapen iragankorra ezarriko da; alegia, eskubidea gradualki ezarriko da.

Aipatutako xedapen horrek honako baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitateei onartzen die etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten bi kideko bizikidetza-unitateak eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten kide bakarreko bizikidetza-unitateak. Guztiei alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna eskatzen zaie Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan.

Eskubide subjektibo honen onarpenak bizikidetza unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzerakoan; lehentasun hori prozedura honetan kontuan hartu beharko da.

Hirugarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan bost kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Irungo Udalak 2010eko martxoaren 22an sinatutako Konpromiso Akordioko seigarren klausulan ezarritakoa kontuan hartuta etxebizitzaren esleipenean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emandako titularretako bat Irunen erroldatuta egoteak lehentasuna emango du.

Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emandako titularretako bat Donostiako eskualde egiturako udalerrietako batean erroldatua dutenentzat izango dira.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo udalerrian, Oinaurre eremuan, 32 etxebizitza sozial alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea.

Bigarrena.– Esleipen prozedura honetan agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Donostiako eskualde egiturako edozein udalerritan izen emanda daudenek parte hartu dezakete (Andoain, Astigarraga, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria, Urnieta eta Usurbil), betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko titularretako bat Donostiako eskualde egiturako udalerriren batean erroldatuta egon beharko da, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean.

b) 2016. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 25.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da.

c) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.

d) Gutxienez bi kideko bizikidetza unitate bat izatea, 5 kide baino gehiago izan gabe.

Hirugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honako hauek gordeko dira:

a) 2 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, honako lehentasun-ordena hau hartuko da kontuan:

1) Gurpil-aulkian ibili behar duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

2) Gurpil-aulkian ibili behar duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

3) Bi bastoiren mendekotasuna duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

4) 1971/1999 Errege Dekretuko 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

5) Bi bastoiren mendekotasuna duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

6) 1971/1999 Errege Dekretuko 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

7) Mugikortasun urri iraunkorrik ez duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun diren pertsonak.

8) Mugikortasun urri iraunkorrik ez duten eta etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren onuradun ez diren pertsonak.

b) Etxebizitza bat, Agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileentzat. Gisa honetako eskatzailerik ez balego, etxebizitza hori gainontzeko eskatzaileen artean esleituko da.

c) 29 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat.

Laugarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2017ko azaroaren 13a eta 24a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia 13, 20004 Donostia.

– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia 13, 5. solairua, 20004 Donostia.

Bosgarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena kontuan hartuta ebatziko dira.

1.– Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).

2.– Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 30, gutxienez 15).

3.– 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei eta gutxienez 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitartekoei.

4.– Irunen erroldatuta egoteagatik 10 puntu emango dira eta Donostiako eskualde egiturako udalerriren batean erroldatuta egoteagatik 5 puntu.

5.– 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen- eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktimak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak); gehienez 30 puntu emango dira kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.

Seigarrena.– Etxebizitzen esleipenean lehentasuna emango du Agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emandako bizikidetza unitateko titularretako bat gutxienez, Irunen erroldatuta egoteak; horrela, Irunen erroldatuta dauden bizikidetza unitate guztiei etxebizitza esleitu ondoren soilik esleituko zaizkie etxebizitzak erroldatuta ez dauden bizikidetza unitateei, salbuespen honekin: Irunen erroldatuta egon arren esleipena gauzatu ezin bada gainokupazioa dela eta.

Zazpigarrena.– 1.– Hiru logelako etxebizitzak gutxienez 4 kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie barematzeko ordenaren arabera. 4 eta 5 kideko bizikidetza-unitate guztiei etxebizitza esleitu ondoren etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, 3 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie barematzeko ordenaren arabera; eta hala ere, etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, 2 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie barematzeko ordenaren arabera.

2.– Bi logelako etxebizitzak 3 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie barematzeko ordenaren arabera. 3 kideko bizikidetza-unitate guztiei etxebizitza esleitu ondoren etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira 2 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie barematzeko ordenaren arabera.

Zortzigarrena.– Etxebizitzak esleitu ondoren etxebizitzarik eskuratu ez dutenek osatutako itxaron-zerrenda egingo da, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.

Itxaron zerrenda agortzen bada 2012ko urriaren 15eko Aginduko 59. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.

Bederatzigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamargarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko. Auzietako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 26a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala