Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2017ko azaroaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GIPUZKOAKO GARRAIOAREN LURRALDE AGINTARITZA
5377

EBAZPENA, 2017ko urriaren 31koa, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Partzuergoko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onesten baita GGLA Partzuergoan hutsik dagoen kudeaketako erdi mailako teknikari lanpostu bat betetzeko lehiaketako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Partzuergoa osatzen duten erakundeetako eta haien organismo autonomoetako langileentzat mugatu den deialdi publikoa egin ondoren.

AURREKARIAK ETA ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– 2017ko irailaren 21ean eta 27an, EHAAn eta GAOn, hurrenez hurren, iragarki bat argitaratu zen Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Partzuergoan hutsik dagoen lanpostu bat betetzeko deialdia dela eta. Deialdi horrekin lotuta dagoen lehiaketaren bidez, funtzionario izango den kudeaketako erdi mailako teknikari lanpostua bete nahi da, eta lehiaketa mugatuta dago GGLA Partzuergoa osatzen duten erakundeetako eta haien organismo autonomoetako karrerako funtzionarioentzat. Organismo autonomo horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazio orokorra eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira, bai eta herri hauetako udalak ere: Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani eta Lasarte-Oria.

Horretan guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeari jarraitu zaio, honako hau xedatzen du-eta 121.artikuluan: «Partzuergoen zerbitzurako langileak (...) parte hartzen duten administrazioetakoak baino ez dira izango».

Aipatzekoa da deialdi honen oinarrietan adierazten den lanpostua soilik esleituko dela interesa dutenek GGLA Partzuergoaren lanpostuen zerrendan finkatuta dauden baldintzak betetzen badituzte.

Hartara, gogoan izatekoa da lehiaketa honen bidez bete nahi den lanpostua kudeaketako erdi mailako teknikaria dela, A sailkapen taldekoa, sailkapeneko A2 azpitaldekoa (deialdi honen oinarri arautzaileetako 4.orrialdea, 1.2 atala, hots, Lanpostuaren ezaugarriak).

Bigarrena.– Eskaerak aurkezteko epea 2017ko urriaren 23an amaitu zen, eta honako NAN zenbaki hauek dituzten pertsonak aurkeztu dira lehen atalean adierazitako lehiaketara:

1.– 15994121J. Donostiako Udaleko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C1.

2.– 34085385Y. Errenteriako Udaleko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C1.

3.– 15955357G. Gipuzkoako Foru Aldundiko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C1.

4.– 44137609B. Lasarte-Oriako Udaleko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C2.

Hirugarrena.– Aurreko atalean adierazitako lau eskaerak aztertu ondoren, egiaztatu da eskatzaile guztiak GGLA osatzen duten erakundeetako karrerako funtzionarioak direla; zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundikoa eta Donostiako, Errenteriako eta Lasarte-Oriako udaletakoak. Era berean, haien lanpostuen kategoria profesionala C1 edo C2 sailkapen taldeak dira, hurrenez hurren.

Ildo horretatik, egiaztatu da eskatzaileek ez dituztela betetzen lehiaketan parte hartzeko baldintzak; izan ere, denak dira GGLA Partzuergoko erakundeetako karrerako funtzionarioak, baina haien lanpostuen sailkapen taldea C1 eta C2 dira, eta lehiaketa honen bidez bete nahi den lanpostua kudeaketako erdi mailako teknikaria da, zeina A2 sailkapen taldekoa baita.

Laugarrena.– Adierazitako lau eskaerak ikusita, ondorioztatu da hautagaiek ez daukatela GGLA Partzuergoaren lanpostuen zerrendan eskatzen den kategoria profesionala, deialdi honen oinarrietan jasotako lanpostuaren espezifikazioetan ikusten den moduan (oinarrien 2.orrialdea). Hori dela eta, ez dute betetzen lehiaketan parte hartzeko aurretiko gaitasun-baldintza.

Ikusita aurrez adierazitako guztia, eta hala Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 46.artikuluarekin eta hurrengoekin nola euskal herri-administrazioetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzeko den urriaren 13ko 190/2004 Dekretuko 5. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz, zuzendari nagusi honek, bere eskumenak bidezkoa den moduan gauzatuta, hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Behean adierazitako pertsonak lanpostua betetzeko prozesutik kanpo uztea, ez dituztelako betetzen GGLAPartzuergoaren lanpostuen zerrendan eskatzen diren gaitasun-baldintzak.

1.– 15994121J. Donostiako Udaleko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C1.

2.– 34085385Y. Errenteriako Udaleko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C1.

3.– 15955357G. Gipuzkoako Foru Aldundiko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C1.

4.– 44137609B. Lasarte-Oriako Udaleko karrerako funtzionarioa. Sailkapen taldea: C2.

Bigarrena.– Ebazpen hau argitaratu dadila agintzea, zeinaren bidez onesten baita GGLA Partzuergoan hutsik dagoen kudeaketako erdi mailako teknikari lanpostu bat betetzeko lehiaketako onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, Partzuergoa osatzen duten erakundeetako eta haien organismo autonomoetako langileentzat mugatu den deialdi publikoa egin ondoren.

Baztertuek erreklamazioa aurkez dezakete zuzendari nagusi honen aurrean prozesutik kanpo utzi izanagatik, eta, horretarako, hamar laneguneko epea izango dute ebazpen hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Donostia, 2017ko urriaren 31.

Zuzendari nagusia,

ELUSKA RENEDO ILLARREGUI.


Azterketa dokumentala