Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2017ko urriaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA SAILA
5044

EBAZPENA, 2017ko urriaren 5ekoa, Lanbide Heziketako sailburuordearena eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Aspace Gipuzkoako langileentzat berariazkoa den «Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan» lanbide-kualifikazioan sartzen diren prestakuntzako bide ez-formalen bitartez edo lan-esperientziaren bitartez eskuratu diren konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedurarako.

Lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ezartzen ditu lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentzia ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta eskakizunak. Era berean, konpetentzien ebaluazio eta egiaztapen horren efektuak ere xedatzen ditu. Errege-dekretu hori oinarrizko lege-esparrua da estatuko lurralde osoan, adierazi den prozedura betetzeko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak, zeinaren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan, prozeduraren antolaketa-egitura zehazten du 3. artikuluan, eta Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren funtzioak eta parte-hartzea arautzen ditu 4. eta 5. artikuluetan.

Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera, deialdi espezifikoak egin ahal izango dira, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak detektatzen dituen beharrizanen arabera.

Zehazki, deialdi honen kasuan, 2017ko urriaren 17an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Aspace Gipuzkoak lankidetza-hitzarmena sinatu ostean egin da deialdia, eta mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta ematen dieten Aspace Gipuzkoako langileei zuzenduta dago, betiere azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8. artikuluan prozeduran parte hartzeko ezartzen diren betekizunak betetzen badituzte, interesdunek dagokien profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko aukera izan dezaten.

Horren ondorioz, honako hau ebatzi dugu:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdia egitea, goian aipatu dugun azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak arautzen duen moduan, «Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa ematea erakunde sozialetan» lanbide-kualifikazioan sartzen diren konpetentzia-atalentzat eta berariaz Aspace Gipuzkoako langileentzat; kualifikazio hori urriaren 19ko 1368/2007 Dekretuak arautzen du.

2. artikulua.– Deialdiaren barruko konpetentzia-atalak.

(Ikus .PDF)

3. artikulua.– Deialdiaren barruko plazak.

120 plaza sartzen dira deialdian, baina mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa erakunde sozialetan ematen dieten Aspace Gipuzkoako langileek baino ezin izango dute parte hartu, betiere azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8. artikuluan prozeduran parte hartzeko ezartzen diren betekizunak betetzen badituzte; 211/2015 Dekretu horren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

4. artikulua.– Prozedurari buruzko informazioa eta orientabidea.

Eremu honetako jarduketak Aspace Gipuzkoaren erantzukizuna izango dira, CIFP Easo Politeknikoa LHIIaren laguntzarekin; izan ere, ikastetxe hori arduratuko baita deialdi honen eraginpeko prozedura kudeatzeaz eta garatzeaz.

5. artikulua.– Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

1.– Lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdi espezifiko honetan parte hartu nahi dutenek mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa erakunde sozialetan ematen dieten Aspace Gipuzkoako langile izateko betekizun gehigarria betetzeaz gain, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuan aurreikusitako betekizunak ere bete beharko dituzte deialdi hau indarrean hasten den egunean; hona hemen betekizun horiek:

a) Espainiar nazionalitatea izatea, Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela lortu izana, edo Espainian bizilekua izateko baimena edo bizilekua izateko eta lan egiteko baimena indarrean izatea, atzerritartasunari eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako terminoetan.

b) Izena ematean 20 urte beteta izatea.

c) Egiaztatu nahi dituzten lanbide-konpetentzien inguruko lan-esperientzia edo prestakuntza izatea:

1) Lan-esperientziaren kasuan: deialdiaren aurreko azken 10 urteetan, 3 urte behintzat justifikatzea, eta, gutxienez, lan egindako 2.000 ordu guztira.

2) Prestakuntzaren kasuan: Konpetentzia-atal bakoitzerako deialdi honen 2. artikuluan eskatzen diren orduak, gutxienez, egiaztatzea.

2.– Hauetako ezaugarriren bat betetzen dutenek ezin dute parte hartu deialdi honetan:

a) Deialdiaren barruko konpetentzia-atalen inguruko Lanbide Heziketako titulu edo profesionaltasun-ziurtagiri bat izatea.

b) Konpetentzia-atalak lehendik egiaztatuta izatea.

6. artikulua.– Aurreinskripzioa, aurkezteko tokia eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek aurreinskripzioaren eskaera bete beharko dute eredu ofizialean; eredu hori deialdi honen I. eranskinean dago. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).

2.– Hautagaiek ez badituzte betetzen eskakizun guztiak edo datu faltsuak ematen badituzte, galdu egingo dute deialdian parte hartzeko eskubidea.

3.– Aurreinskripzioaren eskaera behar bezala beteta aurkeztu beharko da CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxean (Donostia). Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein tokitan ere aurkeztu ahal izango da eskaera.

Posta-bulegoren batean aurkezten badute, irekita eramango dute gutun-azala, noiz aurkeztu duten adieraz dezan bulegoak.

4.– Aurreinskripzioaren eskaerarekin batera, prozeduran parte hartzeko eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu behar da. Hona hemen dokumentazio hori:

4.1.– NANaren edo AIZren fotokopia edo Europako Erkidegoko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria (edo jaioterriko nortasun-agiria edo indarrean den pasaportea), edo Europar Batasuneko herritarraren senitartekoaren txartela, edo Espainian bizitzeko edo lan egiteko indarrean den baimenaren titular izatea. Europako Erkidegoko herritartzat erregistratu izanaren ziurtagiriaren fotokopia aurkezten bada, jaioterriko nortasun-agiriaren kopia ere aurkeztuko da, edo pasaportearena, eskatzaileak ez badu baimentzen datuen kontsulta egitea Presidentzia Ministerioak nortasun-datuak egiaztatzeko duen sisteman –indarrean egon behar du pasaporteak–.

4.2.– Hautagaiaren lanbide- eta prestakuntza-historia, Europako curriculum vitaeren ereduarekin bat edo, hori ezean, ebazpen honen 5. artikuluan zehaztutako betekizunen bat betetzen dela egiaztatzeko agiriak. Hori horrela:

a) Prestakuntza ez-formala alegatuz gero, egiaztatu nahi diren lanbide-konpetentziekin lotura duen prestakuntza ez-formalaren zerrenda aurkeztu behar da, baita prestakuntza hori egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia ere. Hona hemen dokumentazio horrek bete beharreko ezaugarriak:

– Prestakuntza ez-formala egiaztatzeko dokumentazioan prestakuntzaren horren edukiak eta ordu kopurua adierazi beharko da, noiz burutu zen eta prestakuntza gainditu izana, positiboki ebaluatu izana edo probetxuz aritu izana adierazten duen esamolde formala ere bildu beharko ditu.

– Prestakuntzaren iraupena kreditutan emana badago, ordu kopuru baliokidea zein den ere adierazi beharko da.

– 10 ordutik beherako iraupena duten ikastaroak ez dira balioetsiko, ezta jardunaldi, sinposio, gertaera edo antzeko ekitaldietara joatea ere.

– Jasotako prestakuntzak egiaztatu nahi diren konpetentzia-atalekin lotura izan behar du.

b) Lan-esperientzia alegatzen bada prozeduran aurreinskripzioa eskatzeko, Aspace Gipuzkoako langileek honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatutako mutualitatearen ziurtagiria; bertan, enpresaren izena, lan-kategoria (kotizazio-taldea) eta kontratazioaldia zehaztu behar dira, eta

– Soldatapean lan egindako aldietarako: lan-kontratua, edo hautagaiak lan-esperientzia lortu duen enpresaren ziurtagiri bat, honako datu hauek ematen dituena berariaz: kontratuaren iraupena, egindako jarduera eta jardunean emandako denbora-tartea. Ziurtagiri horren eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).

– Autonomo edo norberaren kontura lan egindako aldirik izanez gero: alde batetik, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren edo Itsasoko Gizarte Institutuaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzan dagokion erregimen berezian alta egindako aldiena, eta, bestetik, garatutako jardueraren deskribapena eta jarduera hori zenbat denboraz egin duen. Ziurtagiri horren eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean deskarga daiteke: (www.ivac-eei.eus).

– Boluntario edo bekadun moduan lan egindako aldirik izanez gero: laguntzen jardun duten erakundearen ziurtagiri bat, guztira emandako orduen kopurua berariaz adierazten duena (baremazio-helburuetarako, orduen kopurua zati 8 egingo da egun kopurua kalkulatzeko). Ziurtagirian, gainera, zer jarduera egin diren eta zein denbora-tartetan garatu diren zehaztuko da, eta jarduera horiek eskatu nahi diren konpetentzia-atalekin loturarik ba ote duten adierazi beharko da. Ziurtagiri horren eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean deskarga daiteke: (www.ivac-eei.eus).

5.– Lan-esperientziari edo prestakuntzari dagokienez ebazpen honen bosgarren atalean adierazitako betekizunak betetzen dituzten 25 urtetik gorakoen kasuan, aurreko puntuan zehaztutako dokumentuen bidez ezin badituzte betekizunok justifikatu, prozeduran aurreinskripzioa egin ahal izango dute. Zinpeko aitorpenaren bidez edo zuzenbidean onartutako frogaren baten bidez aurkeztuko dute justifikazioa. Deialdi honetarako izendatutako hautatze-batzordeak kasuak aztertuko ditu, eta aurkeztutako frogak nahikotzat jotzen badira, behin betiko inskripzioa egin ahal izango da. Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean (www.ivac-eei.eus) lor daiteke dagokion ziurtagiriaren eredua.

6.– Eskatutako betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuen originala eta kopia aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Soilik fotokopiak hartuko dira eta prozeduraren esku geratuko dira; beraz, ez zaizkio hautagaiari itzuliko. Dokumentu originalak eskatzaileari itzuliko zaizkio aurreinskripzioa egiteko unean, eta haren erantzukizuna izango da dokumentu horiek jasotzea.

7. artikulua.– Aurreinskripzioaren eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2017ko urriaren 23tik 25era bitarte izango da, biak barne.

8. artikulua.– Prozeduran parte hartzeko onartzea eta baztertzea.

1.– Prozeduran parte hartu nahi duten pertsonak onartzeko eta baztertzeko, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2 artikuluan zehaztutakoa jarraituko da; dekretu horren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 8. artikuluan aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten pertsonen kopurua handiagoa baldin bada deialdi honetan aurreikusi diren plazen kopurua baino, honako lehentasun hauek ezarri dira:

a) Azken 10 urteetan lanbide-prestakuntzaren esparru berariazkoan lan-esperientzia handiagoa lortu izana egiaztatzea, lan egin den enpresaren ziurtagiri bat eta lan-bizitzaren laburpen bat aurkeztuta. Puntu 1 emango da lan egindako egun bakoitzeko.

b) Berdinketa izanez gero, hautagai zaharrenak izango du lehentasuna.

9. artikulua.– Behin-behineko zerrendak onartzea eta argitaratzea.

Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.5 artikuluak arautzen duena betetzeko, prozeduran onartu eta baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda onartu eta argitaratuko du Hautatze Batzordeak 2017ko urriaren 27an CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxean.

10. artikulua.– Behin betiko zerrenden aurkako erreklamazioak aurkezteko epea.

1.– Behin-behineko zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 3 egun baliodun izango dituzte hautagaiek egoki deritzoten erreklamazioak egiteko eta, hala badagokio, egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko.

2.– Erreklamazio hori CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu behar da –prozedurari dagokion aurreinskripzioa egin zen tokian–, hautatze-batzordeari zuzenduta.

11. artikulua.– Behin betiko zerrendak onartzea eta argitaratzea.

1.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 9.2.6 artikuluak arautzen duena betetzeko, prozeduran onartu diren pertsonen behin betiko zerrenda onartu eta argitaratuko du Hautatze Batzordeak, baita erreserba-egoeran geratzen diren pertsonena eta baztertu diren pertsonen zerrenda ere (baztertuak izateko arrazoia adieraziko da baztertutakoen zerrendan). Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera argitaratuko dira zerrenda horiek, CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxean.

2.– Behin betiko zerrendaren aurka, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Plangintza eta Antolaketako zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari, eta elkarrekin emandako ebazpen bidez ebatziko dute.

12. artikulua.– Prozeduraren faseak.

Lanbide-konpetentziak aitortzeko, ebaluatzeko, egiaztatzeko eta erregistratzeko prozedura hiru fase hauetan egingo da:

a) Aholkatzeko fasea.

b) Lanbide-konpetentzia ebaluatzeko fasea.

c) Lanbide-konpetentzia egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.

13. artikulua.– Aholkatzeko fasean izena ematea.

1.– Aholkatzeko fasera igaroko dira hautatze-prozesuan onartuta daudenak, betiere aholkularitzagatiko 24,48 euroko tasa ordaindu badute artikulu honen 5. zenbakian adierazitako epean.

2.– Deialdian ezarritako tasak epearen barruan ordaindu ezean, prozeduran parte hartzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta prozeduran atzera egite hori Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez deklaratu beharko da.

3.– Deialdi honen II. eranskineko ereduaren bidez emango da aholkularitzarako izena. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).

4.– Aholkularitzarako izena emateko eskaerak CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxean aurkeztu beharko dira.

5.– Izena emateko epea 2017ko azaroaren 6tik 8ra bitarte izango da, biak barne, eta goian aipatutako tasa ordaintzeko azken eguna 2017ko azaroaren 14a izango da.

6.– Honako hauek ez dute aholkularitza-tasarik ordaindu beharko:

Terrorismoaren biktima diren eskatzaileek, baldin eta frogatzen baldin badute, organo eskudunak emandako ziurtagiri baten bidez, larritasun bereziko kalte pertsonal fisiko edo psikofisikoak izan dituela, bai eskatzaileak berak, bai bere ezkontideak edo, ezkontzaren antzeko harreman afektiboa izanik, harekin modu iraunkorrean bizi denak, bai horien seme-alabek.

14. artikulua.– Aholkatzeko fasea betetzeko modua.

1.– Aholkatzeko fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluak arautzen duen moduan egingo da; dekretu horren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.– Nahitaezkoa da aholkatzeko fasean parte hartzea; beraz, hautagai bat ez bada joaten hitzordua eman dioten taldeko edo banakako aholkularitza-saioetara eta ez badu justifikatutako arrazoirik ematen, ebaluatzeko fasean parte hartzeko eskubidea galduko du. Baldin eta bilera igaro eta hiru egunetan, idatziz eta frogagiriak aurkeztuta, behar bezala justifikatzen badu bilerara ez joateko arrazoia, beste bilera bat hitzartuko da, aholkularitza emateko epeen barruan.

3.– Aholkatzeko faseko jarduketak 2017ko urriaren 10etik abenduaren 22ra bitarte egingo dira.

15. artikulua.– Ebaluatzeko fasean izena ematea.

1.– Deialdi honen III. eranskineko ereduaren bidez egingo da ebaluaziorako inskripzioa. Eredua Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren webgunean deskarga daiteke (www.ivac-eei.eus).

2.– Aholkularitza-fasea amaitu ondoren egingo du hautagaiak ebaluaziorako inskripzioa, 2017ko abenduaren 1etik 28ra bitarte, biak barne.

3.– Ebaluaziorako inskripzioa egiteko, 12,24 euro ordaindu behar dira ebaluaziorako inskribatu den konpetentzia-atal bakoitzeko. Tasa hori ordaintzeko azken eguna 2018ko urtarrilaren 5a izango da.

4.– Hautagai baten ebaluazio-fasea ez da hasiko dagokion tasa ordaintzen ez den arte.

5.– Honako hauek ez dute ebaluaziorako tasarik ordaindu behar:

Terrorismoaren biktima diren eskatzaileak, baldin eta frogatzen baldin badute larritasun bereziko kalte pertsonal fisiko edo psikofisikoak izan dituela, bai eskatzaileak berak, bai bere ezkontideak edo, ezkontzaren antzeko harreman afektiboa izanik, haiekin modu iraunkorrean bizi denak, bai horien seme-alabek.

6.– Ezarritako tasak artikulu honen 3. zenbakian adierazitako epearen barruan ordaindu ezean, prozeduran parte hartzeari uko egiten zaiola ulertuko da, eta prozeduran atzera egite hori Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariaren ebazpen bidez deklaratu beharko da.

16. artikulua.– Ebaluazio-fasea egiteko modua.

1.– Ebaluazio-fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluak arautzen duen moduan egingo da; dekretu horren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.– Izena emandako konpetentzia-atalak ebaluatuko zaizkio hautagai bakoitzari, aholkulariaren txostenak adierazten duenari begiratu gabe.

3.– Konpetentzien ebaluazioa praktikoa izango da gehienbat, eta probak lan-egoera simulatuetan egingo dira, edo proba teoriko-praktikoak, bestela.

Ebaluatzaile batek edo ebaluazio-batzordeak fase honetako jarduketaren bat egiteko jarritako hitzorduan hautagaia ez bada agertzen eta ez badu absentzia justifikatzen, prozeduran parte hartzeari uko egiten diola ulertuko da, eta horixe jaso beharko da hautagaiaren espedientean.

4.– Ebaluazioa horretarako izendatutako ebaluazio-batzordeak egingo du, azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera; dekretu horren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

5.– Ebaluazio-batzordeak akta batean jasoko ditu ebaluazioaren emaitzak, honela adierazita:

– «Frogatua», baldin eta, ebaluazioaren emaitza zehaztean, ebidentziek erakusten baldin badute hautagaiak konpetentzia egiaztatu duela ebaluatutako konpetentzia-atalean.

– «Frogatu gabea», baldin eta, ebaluazioaren emaitza zehaztean, ebidentziek ez badute erakusten hautagaiak konpetentzia egiaztatu duela ebaluatutako konpetentzia-atalean.

6.– Ebaluazio-faseko jarduketak 2018ko urtarrilaren 30ean amaituko dira.

17. artikulua.– Behin-behineko aktak argitaratzea.

1.– Behin-behineko ebaluazio-aktak 2018ko otsailaren 6an argitaratuko dira CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxean.

2.– Interesdunak erreklamazio bat aurkez dezake behin-behineko emaitza horren aurka 5 egun balioduneko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

3.– Erreklamazio hori idazki bidez aurkeztu behar da CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxeko idazkaritzan, prozeduraren ebaluazio-batzordeko presidenteari zuzenduta; presidenteak berak ebatziko du erreklamazioa.

18. artikulua.– Behin betiko aktak argitaratzea.

1.– Behin betiko ebaluazio-aktak 2018ko otsailaren 12tik aurrera argitaratuko dira CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxean.

2.– Ebaluatua izan den pertsonak gora jotzeko errekurtsoa jar dezake behin betiko ebaluazioaren aurka. Hilabete izango du horretarako, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

3.– Gora jotzeko errekurtsoa CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu behar da, idazki bidez. Plangintza eta Antolaketako zuzendariari edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntza eta Diru Sarrerak Bermatzeko zuzendariari zuzendu behar zaizkie errekurtsoak, eta elkarrekin emandako ebazpen bidez ebatziko dute.

19. artikulua.– Ordain ekonomikoak.

Prozeduran aholkulariak, ebaluatzaileak edo ebaluazio-batzordeko kideak izan direnentzat ordain ekonomikoak aurreikusi dira azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren eranskinean, eta ordain horiek Aspace Gipuzkoak finantzatuko ditu, oso-osorik; dekretu horren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

20. artikulua.– Lanbide-konpetentzia egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea.

1.– Egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da; dekretu horren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan.

2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2017ko abenduaren 22tik aurrera egiaztatuko ditu aitortutako konpetentzia-atalak, eta egiaztapen horiek egiteko, ebaluazio-batzordeek egindako aktei erreparatuko die; uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak, lan-esperientziaren bidez hartutako lanbide-gaitasunak egiaztatzeari buruzkoak, arautzen duen III-A ereduaren arabera egingo dira akta horiek.

3.– Aldeko ebaluazioa izan dutenek CIFP Easo Politeknikoa LHII ikastetxean jaso ditzakete beren ziurtagiriak, 30 eguneko epean. Epe hori igarota, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako edozein ikastetxe bateratutan eskatu beharko da ziurtagiria.

21. artikulua.– Prestakuntza-plana.

Lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez hartutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozesu osoa amaitzean, Ebaluazio Batzordeak idazki bat igorriko die deialdi honetan arautzen den prozeduran parte hartu duten guztiei, eta honako alderdi hauek adieraziko dira idazki horretan, pertsona bakoitzari dagokionaren arabera:

a) Frogatu gabeko konpetentzia-atalak hurrengo deialdietan egiaztatzeko prestakuntza-aukerak eta aukera horiei dagozkien orientabideak.

b) Prestakuntza osatu eta loturik dauden profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-heziketako tituluak eskuratzeko prestakuntza-aukerak eta horiei dagozkien orientabideak.

22. artikulua.– Dokumentazioa berreskuratzea.

Prozeduraren espedientea ikastetxe nagusian gordeko da 5 urtez; espedientean, prozedura osoak irauten duen bitartean sortutako erregistro eta emaitza guztiak bilduko dira. Epe hori igarotakoan, dokumentuak suntsitu egingo dira.

23. artikulua.– Kalitatea kudeatzeko sistemak.

Lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura honek kalitatea kudeatzeko sistemak izango ditu, betiere uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako xede eta printzipioak betetzen direla eta helburuak lortzen direla bermatzeko.

24. artikulua.– Pribatutasun-politika.

1.– Eskatzaileak esanbidez baimena eman du bere datu pertsonalak deialdiaren oinarrietan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko ekainaren 15eko Aginduan aipatzen diren moduan eta xede horretarako tratatzeko.

2.– Eskatzaileak baimena ematen dio Konpetentzia Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Prozedurari azken horren aplikazioetan dauden datu pertsonalak erabiltzeko, lotutako prestakuntza-eskaintzak eta prozeduraren kudeaketa-lanak antolatzearren.

3.– Datu horiek datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira eta prozedura honetan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua bi lege hauetan ezarritakoaren araberakoa izango da: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa; eta 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzkoa.

4.– 15/1999 Legean aitortutako eskubideak noiznahi balia daitezke eta, batik bat, datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak; horretarako, idazkia igorri behar da Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

25. artikulua.– Abstenitzea eta errekusatzea.

1.– Aholkulari eta ebaluatzaile izendatzen diren pertsonek ez diete aholkurik eman behar edo ebaluaziorik egin behar hautagaiei, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan arautzen diren egoeraren batean baldin badaude.

2.– Egoera horietakoren batean gertatzen baldin badira, egoera horretan dauden aholkulariek edo ebaluatzaileek horren berri eman behar diote beren ebaluazio-batzordeko batzordeburuari, eta azken horrek Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (EEI-IVAC).

3.– Era berean, aholkulari eta/edo ebaluatzaile izendatutako pertsonak errekusa ditzakete hautagaiek, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen diren egoeraren batean baldin badaude.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, haren kontrako gorako errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, eta hark ebatziko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari entzun ondoren.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 5a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

I. ERANSKINA
AURREINSKRIPZIOAREN ESKAERA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
AHOLKULARITZARAKO IZENA EMATEKO ESKAERA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
EBALUAZIORAKO IZEN-EMATEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala