Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2017ko urriaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5043

EBAZPENA, 2017ko urriaren 4koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, linea elektriko bat onura publikokoa dela deklaratzeko dena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena. Helburua da zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzea, honako inguru honetan: Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 eta horren adarrak (Bizkaia), 132 kV-ko linea elektrikoa, Basauriko, Etxebarriko, Bilboko, Sondikako, Erandioko, Loiuko, Laukizko, Gatikako eta Galdakaoko udal-mugarteetan.

Erref.: L-8341 GHI/TLE.

Esp.: 48-AT-I-2016-00024 (48-AT-H-1991-01004).

AURREKARIAK

1.– 2016ko uztailaren 11n, Iberdrola Distribución Electrica SAU enpresak eskatu zuen linea elektriko honetako zuhaitzik gabeko zerrendaren zabaltzea onura publikoko deklaratzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea: Basauri-Gatika 1 eta 2 eta horren adarrak, 132 kV-ko linea elektrikoa, Basauriko, Etxebarriko, Bilboko, Sondikako, Erandioko, Loiuko, Laukizko, Gatikako eta Galdakaoko udal-mugarteetan. Horretarako, eskariaren batera, batetik, proiektu teknikoa aurkeztu zuen, industriako ingeniari Iván Martín Cavia jaunak sinatua 2016ko apirilaren 25eko eskumen-adierazpenaren arabera, eta, bestetik, ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa.

2.– Jendaurrean ikusgai jarri dira delako proiektua eta aipatutako eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua (2002ko abenduaren 23ko EHAA), energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua (2013ko abenduaren 27ko BOE); 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak (1954ko abenduaren 17ko BOE) eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua (1957ko ekainaren 20ko BOE); eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea (2013ko abenduaren 11ko BOE), Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean jasotakoarekin lotuta (1998-03-27ko EHAA).

3.– 2016ko irailaren 29an, ofizio bat helarazi zitzaien Basauri, Etxebarri, Bilbo, Sondika, Erandio, Loiu, Laukiz, Gatika eta Galdakaoko udalei, eskatutako jarduerari buruzko iragarkia euren udaletxeetako iragarki-oholetan erakuts zezaten, eta eskatu zitzaien, halaber, txostena eman zezatela instalazioa onura publikoko deklaratzeko egokitasunaz eta, hala behar izanez gero, aurkez zitzatela egoki iritzitako baldintza teknikoak. Basauri, Bilbo, Erandio, Laukiz, Galdakao eta Sondikako udalen kasuan, berriro bidali zitzaien 2016ko abenduaren 2an.

4.– Horretarako ezarritako informazio publikoaren aldian, Loiu, Gatika eta Etxebarriko udalek ez dute ikusi proiektua egiteko eragozpenik.

Halaber, eraginpekoek alegazio hauek egin dituzte:

Maite Real de Asua Achaerandiok, Erandioko udal-mugarteko 13. poligonoko 428. zenbakiko partzelako 344. finkaren titularra den aldetik, adierazi du finka horren jabekidea dela Gotzon Real de Asua Achaerandiorekin batera.

Clínica V. San Sebastian-ek, Bilboko udal-mugarteko 1. poligonoko 215. zenbakiko partzelako 146. finkaren titularra den aldetik, adierazi digu finka hori ez dela bere jabetzakoa, 2013ko apirilaren 15ean trukatu baitzuen Bilboko Udalarekin.

Basauriko Udalak finka honen titulartasuna aldatzeko eskatu du: Basauriko udal-mugarteko 1. poligonoko 65. zenbakiko partzelako 41. finka. Ondasun eta zerbitzuen zerrendan, Compañía Anónima Basconia ageri da titular gisa, eta udalak eskuratu zuen 1974ko martxoaren 1ean.

5.– Partikularren alegazioak Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUri helarazi ondoren, sozietate horrek zuzendu egin du eraginpekoen ondasun eta eskubideen zerrenda, finka horien titulartasunari dagokionez.

6.– 2017ko ekainaren 23an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eman zuen, eta, txosten horrek zioenez, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zitzaion soilik, eta organo eskudunak izango zuen proiektuaren administrazio-baimena emateko ardura.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: 24/2013 Legea, azaroaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, Eusko Jaurlaritzarena, eta bat datorren gainerako legedia.

2.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren 2017ko urriaren 2ko txostena aztertu da.

Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.

EBAZTEN DU:

Bat.– Honako honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua: «Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 eta horren adarrak» izeneko 132 kV-ko linea elektrikoaren zuhaitzik gabeko babes-eremua zabaltzea, aipatutako dokumentazioaren arabera.

Bi.– Berariaz deklaratzea onura publikokoa dela Basauri TA-Gatika TA 1 eta 2 eta horren adarrak izeneko 132 kV-ko linea elektrikoaren inguruko eremua, zuhaitzik gabeko zerrenda zabaltzeko, honako zati honetan:

Linea elektrikoa, 132 kV-koa, Basauri TA – Gatika TA 1 eta 2 eta horren adarrak, guztira 32 km eta 199 metroan, tarte hauetan banatuta:

Basauriko TAren eta Gatikako TAren arteko tartea: 24 km eta 256 m.

Tarte horien adarrak, honako hauetara:

– Aceralia TA: 299 m.

– Txurdinaga TA: 401 m.

– Galdakao TA: 3 km eta 153 m.

– Mazarredo TA: 1 km eta 488 m.

– Asua TA: 1 km eta 67 m.

– Deustu TA: 2 km eta 335 m.

Dagoen linea, bere adarrekin, zirkuitu bikoitzekoa da, trifasikoa, aluminio-altzairuzko eroalearekin, 181, 281, 327, 381 eta 454,5 mm2-ko sekzioekin, tarteen eta adarren arabera.

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazio honek berekin dakar eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideez jabetu beharra, eta haien okupazioa lehenbailehen egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau bi dekretu hauen arabera eman da: 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, eta 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa; eta baldintza orokor hauetan:

Onartutako proiektuaren eta aurkeztutako agirien arabera egin behar dira obrak (dagoeneko aipatu ditugu agiriok), Ivan Martín Cavia industria-ingeniariak sinatuta, 2016ko apirilaren 25eko adierazpenaren arabera, eta ingurumen-zaintzaren programaren emaitzak sustatzailearen espedientean artxibatu behar dira, gutxienez bi urtez, programa abian jartzen den egunetik hasita.

Obrak egiteko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik aurrera.

Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio instalazioen titularrak sail honek Bizkaian duen lurralde-ordezkaritzari.

Ebazpen hau eman dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentzia eta baimenei eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere. Halaber, hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubideari eutsiz ematen da.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarritako baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Bilbao, 2017ko urriaren 4a.

Lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala