Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2017ko urriaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5039

AGINDUA, 2017ko urriaren 2koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Fundación Arteale» fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu egin da Vitoria-Gasteizko «Fundación Arteale» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko urtarrilaren 20an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Vitoria-Gasteizko «Fundación Arteale» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko («Maria José Anitua SL» eta «Ruiz de Infante Abogados SL» sozietateek sortu zuten fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2017ko ekainaren 20ko idazki baten bidez, fundazioari eskatu zion zuzen zitzala bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak, eta 2017ko uztailaren 14an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazio hori.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilera egin eta 2017ko irailaren 28an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Laugarrena.– Estatutuen 3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, fundazioaren interes orokorreko helburuak hauek dira:

«Gatazkak prebenitzeko eta ebazteko esparruan, proiektu eta jarduera jasangarriak sustatu eta suspertzea, lankidetza-praktikaren eta lankidetza-prozesuen bidez eta gatazkak ebazteko aukerako bestelako bide edo metodoen bidez, eztabaidak konbentzionalki ebazten laguntzearren, komunikazioa eta lankidetza hobetzearren eta bazterkeriarik ez izatearren, berrikuntza-tresnetan eta gizarte-bakegintzan oinarrituta.

Lankidetza publiko-pribatua sustatu eta suspertzea, nazio mailan zein nazioarteko mailan, arestian adierazitako helburuak betetzeko xedez.»

Bosgarrena.– Estatutuen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioak Vitoria-Gasteizko Abastos azokan izango du egoitza (Dato kalea 40, ezkerreko eskailera, 1. solairua), eta Arabako Lurralde Historikoaren eremuan egingo du lan batez ere, horrek ezertan galarazi gabe jarduera hori Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.

Seigarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da, eta entitate fundatzaileek egin dute ekarpena.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago xedatuta fundazioaren estatutuetan.

Zortzigarrena.– Hasierako patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, hauek izango dira bost urtez, eta hautagai izateko aukera izango dute berriro:

– Lehendakaria: Maria José Anitua Trevijano.

– Idazkaria: Alicia Ruiz de Infante Aguirre.

– Diruzaina: David Sánchez Guerrero.

Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezarritako moduetako batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Vitoria-Gasteizko «Fundación Arteale» fundazioaren eraketa, F-424 erregistro-zenbakiarekin, eta bai patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian daude adierazita. Kideok espresuki onartu dituzte karguak, Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notarioaren aurrean 2017ko martxoaren 13an egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (309 protokolo-zenbakia). Eskritura publiko hori zuzendu egin zen, notario beraren aurrean, 2017ko uztailaren 6an egindako eskritura publikoaz (895 protokolo-zenbakia).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 2a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala