Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2017ko urriaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
5012

AGINDUA, 2017ko urriaren 18koa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala eta herritarren txertaketa onartzen dituena.

Txertaketa da herritarrek, oro har, pairatzen dituzten gaixotasun infekziosoak prebenitzeko neurri eraginkorrenetako bat. Gaixotasun horiek arazo larriak sor ditzakete, tartean, heriotza. Txertaketa, halaber, osasun publikoa babesteko aktibo baliotsuenetariko bat da; ez soilik txertoa hartzen duena babesteko, baita herritar guztiak babesteko ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren 19.2. artikuluan honako hau dago ezarrita: «Administrazio publikoek, dagozkien eskumenen esparruan:

c) Lehen mailako prebentziozko beste ekintza batzuk sustatuko dituzte, tartean, txertaketa, bigarren mailako prebentziozko ekintzekin osatuta besteak beste, gaixotasuna goiz detektatzeko programekin».

Halaber, 19. artikuluaren 3. zenbakian hau dago ezarrita: «Espainiako Osasun Sistemako Lurraldearteko Kontseiluak Espainiarako egutegi bakarra adostuko du».

Horrekin bat etorriz, Estatuko Osasun Sistemaren zerbitzu-zorro erkidea eta hura berritzeko prozedura zehazteari buruzko irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak honako hau xedatzen du prebentzioaren, osasunaren sustapenaren, familia-arretaren eta komunitate-arretaren jardueren barruan:

«Txertoa jartzea adin-talde guztietan, eta bereziki arrisku-taldeetan, baita epidemiologikoki gomendatzen diren egoerengatik txertoa jartzeko agindua jaso dezaketen herritarren artean edo arrisku-taldeetan, Osasun Sistemako Lurraldearteko Kontseiluak eta osasun-administrazio eskudunek onartutako eta indarrean dagoen egutegiaren arabera».

Lurraldearteko Kontseiluak 1995ean onartu zuen lehenengo txertaketa-egutegia, eta orduz geroztik urtero berritu da. Egutegi horretan sartzen dira, hain zuzen, herritarrei, adinaren arabera, era sistematikoan eta boluntarioan ematea gomendatzen diren antigeno eta dosiak. Halaber, autonomia-erkidego gehienek helduentzako txertaketa-programak ezarri dituzte. Programotan zenbait gomendio daude finkatuta, alderdi hauek kontuan hartuta: adina, lana, bizitza-estiloa, bidaiak, aurretik hartutako txertoak eta abar.

Euskal Autonomia Erkidegori dagokionez, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak 2014ko apirilaren 2ko saioan onartu zuen 2013-2020ko Osasun Plana, eta plan horren barruan eta Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioak kontuan hartuz, bada, aldian-aldian, gomendatzen diren txertoak berrikusi eta eguneratzen dira. Gomendatutako txertoak eta eguneratzeak Osasun Sailaren txertaketen eskuliburuan jasota daude, eta herritar guztien eskura, Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web orrietan.

Herritarren osasunaren arriskuari era eraginkorragoan aurre egiteko, Osasun Sailak txertaketa-egutegiaren eguneratzeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua eman du. Hala, txertaketaren zabalpenari lagunduko zaio, eta estaldura handiagoa lortuko da txertoak emateko prozeduretan.

Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, 64 urtetik gorakoei eta beste arrisku-talde batzuetako lagunei gripearen aurkako txertoa jartzeko gomendioak, 2016. urteari dagozkionak, Osasuneko sailburuaren agindu bidez argitaratu ziren, 2016ko urriaren 4an; 2017. urterako gomendioak, berriz, Osasuneko sailburuaren agindu bidez argitaratu ziren, 2017ko uztailaren 10ean. Bestalde, 2017rako haurren txertaketa-egutegia argitaratu zen Osasun sailburuaren 2017ko urtarrilaren 17ko aginduaren bidez.

Metodologia horrek –urtero argitaratzen ditu txertaketa-egutegiak– txertaketak hedatzen eta orokortzen lagundu du. Hala ere, berrikusi egin behar da, ahalik eta argien adieraz dezan zein den kolektibo bakoitzarentzat indarrean dagoen txertaketa-egutegia. Hortaz, erabaki da osasun-arloan eskumena duen sailburuaren agindu bakar baten bidez onartzea kolektibo bakoitzari dagozkion txertaketak eta agindu horretan era argi eta bateratuan adieraztea herritarren txertaketaren estaldura, txertoak emateko baliabideen antolaketa eta herritarrentzako informazio eguneratua.

Ondore horietarako, herritarren arriskua mugatzeko helburua duen agindu honen bidez, beharrezko antolamendu-baldintzak dituzten osasun-zerbitzuak eratu nahi dira txertoak emateko, herritarrek txertoa berdintasun-baldintzetan eskuratu eta beren eskubide eta betebeharrei buruzko beharrezko informazioa izan dezaten.

Bestalde, Erizainek gizakientzako sendagaiak eta osasun-produktuak aholkatu, erabili eta banatzeko baimena izan dezaten arautzen duen urriaren 23ko 954/2015 Errege Dekretuaren bidez Sendagai eta osasun-produktuen berme eta erabilera arrazionalari buruzko Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 24ko 1/2015 Errege Dekretua garatu da.

Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak ere 2017ko irailaren 28an egindako saioan eztabaidatu zuen kontu hori, non gripearen aurkako txertaketarako gomendioak onartu zituen 2017-2018ko denboraldirako. Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorraren babesean emandako gomendio horietan, txertoa ematea aipatzen da bereziki, eta hau adierazten da: «Txertaketa osasun publikoaren arloko osasun-agintarien erabaki baten ondorioz egingo da, arrisku epidemiologiko bat dela-eta eta osasun kolektiboa eta gaixotasun horren ondorioz zailtasunak izateko arrisku handiagoa duten pertsonen osasuna babesteko; horregatik, ez du diagnostikorik ezta aurretiko preskripziorik ere beharko».

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 18. artikuluarekin bat etorriz –barneko osasunaren arloan Estatuko oinarrizko legea aurrera eramatea eta betetzea Euskadiri dagokiola ezartzen duena–, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legea onartu zen. Legearen 10. artikuluak dio Euskadiko osasun-sistemak bermatuko dituela osasun-babeserako eskubidearen lege-erregulaziotik eratorritako eskubide eta betebehar instrumental eta osagarrien garapena eta jarraipena. Eta uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuan, non Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemako pertsonen eskubideen eta betebeharren adierazpena onartzen den, osasuna sustatzeko eta gaixotasunari aurrea hartzeko eskubidea aitortzen da: ingurune osasungarriak egokitzea, ohitura osasungarrietan heztea, txertoak jartzea, diagnostiko goiztiarra egitea eta arrisku-faktoreak kontrolatzea.

Horiek horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluarekin eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4. artikuluarekin bat etorriz, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko haurren txertaketa-egutegi ofiziala ezartzea, agindu honen I. eranskinean agertzen denarekin bat.

2. artikulua.– Gripearen aurkako Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala ezartzea, agindu honen II. eranskinean agertzen denarekin bat.

3. artikulua.– Heldu osasuntsuen txertaketa sistematikoaren nondik norakoak ezartzea, Osasun Sailaren txertaketen eskuliburuan jasotakoarekin bat etorriz.

Osasun Sailaren txertaketen eskuliburua herritar guztientzat eskuragarri dago, helbide honetan:

(http.//www.euskadi.eus/información/manual-de-vacunaciones/web01-a2gaixo/es/)

4. artikulua.– Osasun Sailaren txertaketen eskuliburuan jasotako jarraibide eta pautekin bat etorriz, kolektibo hauen txertaketa ezarri da:

– Emakume haurdunen txertaketa.

– Arrisku-taldeetako haurren txertaketa.

– Arrisku-taldeetako helduen txertaketa.

– Txertorik hartu ez duten pertsonen eta txertaketa osatu gabe duten pertsonen txertaketa-egutegia egokitzea.

– Bidaiarien txertaketa.

5. artikulua.– Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, arriskuan dauden herritarrei txertoa emateko beste jarraibide batzuk egon daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-langileen irizpideen arabera beren-beregi agindutakoak, hain zuzen.

6. artikulua.– Agindu hau preskripzio-mekanismo gisa eratzen da. Osasun publikoaren arloko osasun-agintari eskudunak eman du, Osasun Publikoaren urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak aitortzen dizkion eskudantziekin bat. Txertoak erizainek jarriko dituzte, agindu honetan ezarritakoarekin bat, eta Osasun Sailaren txertaketen eskuliburuan jasotako jarraibide eta gomendioei jarraituta lan egingo dute.

7. artikulua.– Osasun Sailaren txertaketen eskuliburua aldian-aldian berrituko da, eta han ezarriko dira Osasun Sailak haurren, helduen eta arrisku-taldeetako herritarren txertaketarako bere gain hartzen dituen eta agintzen dituen txertoak eta txertaketa-pautak.

8. artikulua.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari ahalmena ematen zaio, Txertaketen Euskadiko Aholku Batzordearen proposamenez, gripearen aurkako txertaketaren gomendioak eta arrisku-taldeak eguneratzeko eta kanpainaren hasiera-eguna eta iraupena ezartzeko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urriaren 18a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala