Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

188. zk., 2017ko urriaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4702

EBAZPENA, 2017ko irailaren 15ekoa, HABEko zuzendariarena, 2017ko urria eta 2018ko iraila bitarteko euskara-ikastaroengatik, Euskal Etxeei esleituko zaizkien dirulaguntzak arautzen dituena.

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko erakunde eta Euskal Etxeekiko harremanak arautzekoak, bere 8.1.j) artikuluan ezarrita dauka Euskal Etxeek eta aipatutako lege horren arabera onartutako federazio eta konfederazioek izango dutela euskara-ikastaroak antolatzeko gaitasuna.

Era berean, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak bere bigarren xedapen gehigarrian dio HABEk euskaltegi pribatuek burututako ikastaroei dagozkien laguntza-deialdiak zabal ditzakeela Euskal Etxeetara, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan izena eman eta datuak gaurkotuta izanik, HABEk ezarritako helduen euskalduntzerako programei egokitutako euskara-ikastaroak ematen badituzte.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2017ko maiatzaren 5eko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 Euskal Etxeei zuzendutako dirulaguntzak» ekintza-atalean.

HABEren dirulaguntzen deialdietan parte hartzeko bete behar diren irizpide akademiko eta baldintzei dagokienez, oinarrizkoak diren baldintzak arautzen dituen 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak, HABEko zuzendariarenak, ezartzen du Euskal Etxeen kasuan urteroko deialdiek xedatuko dituztela baldintza horiek eta bestelako irizpideak zentro horien berezitasuna eta egoera ezberdinak kontuan hartuta.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezartzen dutenaren arabera,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da Euskal Etxeek 2017ko urria eta 2018ko iraila bitartean emandako euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzen baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

HABEren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak 234.000 euro dira guztira, honela banatuta:

1.– 54.000 euro ordaintzeko kredituan, 2017ko urri-abenduko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

2.– 180.000 euro konpromisozko kredituan, 2018ko urtarril-iraileko epealdian garatuko den irakas-jarduera babesteko.

3. artikulua.– Onuradunak.

Maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen 2. eta 6. artikuluek aipatzen dituzten Euskal Etxeek eta Euskal Etxeon Federazio eta Konfederazioek eskatu ahal izango dituzte Ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzak, beti ere baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Eskakizun orokorrak:

a) Eusko Jaurlaritzaren Euskal Etxeen Erregistroan inskribatuta egotea eta datu guztiak egunean edukitzea.

b) HABEk emandako dirulaguntzak oro zurituak edukitzea.

c) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

d) Betiere, onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea dirulaguntzen itzulketa edo zehapen-prozedura oro, eta ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

2.– Betekizun akademikoak:

a) HABEk ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma izango dute jardueraren erreferente.

b) Ikastaroek gutxienez astean hiru eskola-ordu izango dituzte. Halaber, taldearen gutxienekoa sei ikaslekoa izango da; batez bestekoa, aldiz, zortzikoa gutxienez.

4. artikulua.– Eskariak.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.habe.euskadi.eus web-orrian jasotako ereduan egingo dira eta HABEko zuzendariari zuzendu eta igorriko zaizkio. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak 16.4. artikuluan adierazitako beste bideak erabiliz ere aurkeztu daitezke eskabideak.

2.– Eskabideak, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean aurkeztuko dira.

3.– Eskariek jaso beharko dute Ebazpen honen 1. artikuluan adierazitako epean emango diren talde/orduen proposamen zehatza. Kontuan izanik Euskal Etxe guztietan ikastaroak ez direla garai berean antolatzen, dirulaguntzak egoki banatu ahal izateko 2017-2018 ikasturteak hartzen dituen bi ekitaldietako Aurrekontuen artean, eskariek bereizi beharko dituzte ekitaldi bakoitzerako aurreikusten dituzten talde/orduak, hau da, urri-abenduko eta urtarril-iraileko talde/orduak, hurrenez hurren. Eskariak ondoren zehazten diren agiriekin batera aurkeztuko dira:

3.1.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz (III. eranskina).

3.2.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak egiaztatuz (IV. eranskina).

3.3.– Euskal Etxearen ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, dirulaguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez direla adieraziz, eta horrelakoren batean parte hartu izan badute, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela adieraziz (IV. eranskina).

5. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta garbi adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela.

6. artikulua.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Hizkuntzaren Didaktika zerbitzuari dagokio, Pedagogi Laguntzetako unitatearen bitartez, deialdi honek eskatzen dituen kudeaketa eta egiaztatze-lanak burutzea. Kudeaketa zerbitzuari dagokio, berriz, Ekonomia eta Administrazio unitatearen bitartez, dirulaguntzen izapide administratiboa.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Euskal Etxeetako euskaltegiei dagozkien diru-laguntzen modulua 11,50 eurokoa izango da, talde/orduko.

Ebazpen honen 2. artikuluan ezarritako kopuruak eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, diru-laguntzak hainbanatuko dira onuradunen artean.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren Ebazpena.

1.– HABEko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari onartzen zaizkion orduak eta dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ezarriko zaio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 9. artikuluak dioenaren arabera.

2.– Ebazpena, eskariak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hiru hilabetera jakinaraziko da, betiere 2017 urteko abenduaren 31 baino lehenago. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako dirulaguntzak eta horien onuradunak.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren kitapena.

Ikasturteko behin betiko datu errealen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso ondoren, dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, aurreikusitako talde/orduena bereziki, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, dirulaguntzak emateko erabakia aldatuko da. Zentzu horretan, HABEko zuzendariak kitapen ebazpena emango du aitortutako laguntza-kopuruak doituz.

10. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

1.– Dirulaguntzen ebazpena ematen den momentuan 2017ko urri-abendurako aurreikusitako talde/orduei dagokien kopurua ordainduko da.

2.– 2018ko martxotik aurrera, 2017ko urritik abendura bitartean emandako talde/orduen eta diruz lagundutako ekintzen gastuen ziurtagiriak jaso, aztertu eta nahikotzat eta egokitzat jo ondoren, 2018ko urtarril/irailerako erabakitako dirulaguntzaren % 60a ordainduko da.

3.– Ebazpenean erabakitako gainerako dirulaguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, HABEko zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu ondoren ordainduko da.

11. artikulua.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

12. artikulua.– Zuriketa.

1.– Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek dirulaguntzak zuritzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, horretarako II. eranskinean edo www.habe.euskadi.eus web-orrian jasotzen den eredua erabiliz, eta ondoko informazioa bilduz:

a) Dagokion epealdian benetan emandako talde/orduen ziurtagiria.

b) Diruz lagundutako ekintzak sortutako gastuen ziurtagiria, gastuen izaeraren arabera sailkatuak: irakasleen pertsonal-gastuak, gastu didaktikoak, alokairuak, komunikazioak, argindarra, ura, garbiketa, zergak eta bestelakoak, hori guztia dirulaguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera. Ziurtagiri horrek zehaztu beharko du gastu bakoitzetik zenbat dagokien euskara-ikastaroei, irakasleen pertsonal-gastuak eta gastu didaktikoak izan ezik, hauek euskara-ikastaroei inputatuko baitzaizkie erabat.

c) Dirulaguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukeari buruzko ziurtagiria. Halakorik ezean, egun horretarako argitaratutako truke neurri-indize ofiziala hartuko da aintzat.

2.– HABEren dirulaguntza behar bezala zuritua dagoela ulertzeko bi baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dagokion epealdian benetan emandako eta ziurtatutako talde/orduak deialdiaren ebazpenean zehaztutako adinakoak izatea.

b) Ziurtatutako gastuen batuketak emandako dirulaguntza adinakoa izatea, gutxienez, betiere deialdi honetako 11. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

3.– Onuradunek HABEren esku utzi beharko dituzte dirulaguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak, jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gordez, HABEk egin dezakeen edozein inspekziotarako. Agiri horiek onartzeko, argi eta garbi adierazi beharko dute gastua eragin duen kontzeptua, gastu hori burutzeko denbora-eremua, baita dokumentua eman duen erakundearen izena eta jaso duenarena ere.

4.– Zuritu beharreko kopuruak zenbatzeko, dirulaguntza jasotzen den eguneko txanpon-trukea hartuko da aintzat.

5.– Agiri horiek honako epe hauetan aurkeztu beharko dira:

a) 2017ko urritik abendura bitartekoak, 2018ko otsailaren 15a baino lehenago.

b) 2018ko urtarril-iraila bitartekoak, 2018ko urriaren 15a baino lehenago.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako dirulaguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:

a) Dirulaguntza eman den helburu jakin hartako erabiltzea.

b) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska dezaketen informazioa oro ematea.

c) HABEren esku uztea dirulaguntza zuritzeko ziurtatu dituzten gastu guztien agiriak; jatorrizko agiriak kontabilitate-agiritegian gorde beharko dituzte HABEk egin dezakeen edozein inspekziotarako.

d) Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, dirulaguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez betetzeak.

Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak, dena den, lotuta daude azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean zehaztuta dagoen lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean, jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztutakoarekin.

Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2017ko irailaren 15a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA
ESKABIDE EREDUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EUSKAL ETXEAK JASOTAKO DIRULAGUNTZA ZURITZEKO EREDUA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
Zigor administratibo edo penalik ez dueneko erantzukizunpeko aitorpena
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
Bateragarritasun-adierazpena
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala