Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2017ko irailaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4683

EBAZPENA, 2017ko irailaren 8koa, HABEko zuzendariarena, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2017/2018 ikasturtean diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dituena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, Helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan jarduten duten aldetik, HABEk jarritako helburuak lor daitezen. Horretarako, HABEko zuzendariak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran diru-laguntza deialdia egingo du.

Bestalde, HABEko zuzendariaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak arautzen ditu HABEk, bere baliabideen arabera, ikasturtero ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek euskara-ikastaroak emateko bete behar dituzten baldintza akademikoak eta HABErekiko harremanetan aintzat hartu beharrekoak.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2017ko maiatzaren 5eko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du,«47130 udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako diru-laguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Bidezkoa da, beraz, 2017/2018 ikasturterako diru-laguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea, honen bidez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, hau da, udal euskaltegi deituei, dagozkienak finkatuz.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta lege hori garatzen duen Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuz onartutakoak, ezartzen dutenaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Ebazpen honen bitartez, udal euskaltegiek 2017/2018 ikasturtean (2017ko urri-abendua eta 2018ko urtarril-iraila) emandako ikastaroak finantzatzeko laguntzak arautuko dira.

2.– Laguntzarako ematen diren kopuruak HABEk bere aurrekontuetan horretarako dituen fondoetatik emango dira, hau da, 11.519.370 euro, dirutza hori izango delarik aurreikusitako laguntza guztien gehienezko muga jarriko duena.

3.– Dirutza hori eskatutako finantzaketa behar guztiei erantzuteko aski ez balitz, diru-laguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezartzen diren irizpideei jarraikiz jaso beharko lituzketen kopuruak kontuan izanda.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honen bidez deitutako diru-laguntzen onuradunak HABEren Erregistroan euskaltegi publiko gisa sailkatutakoak izan daitezke, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoak betetzen badituzte.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza izango da deialdi honen I. eranskinak araututakoa betetzea. Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak ezarritako baldintzez gain, C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea eta HABEk emandako gaikuntza didaktikoa izan beharko dituzte; eta ikasleek C1 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute.

3.– Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

4.– Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

5.– Diru-laguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

3. artikulua.– Kopuruak mugatzeko irizpidea.

Honako era honetan kalkulatuko da HABEk onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza:

1.– Deialdi honen I. eranskinak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko behar eta eskolak ematen dituzten irakasleak babestuko dizkio HABEk 2017/2018 ikasturtean euskaltegi bakoitzari, dagokion zuzendari, idazkari didaktiko eta bulegoko pertsonalaz gain.

Irakasle-beharrak urrian hasitako ikastaldeen orduen, autoikaskuntzako matrikulen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako ikastaldeen orduen eta autoikaskuntzako matrikulen arabera erabakiko dira, ikasturte osoko proiekzioa eginda eta 2010erako Euskal Toki Erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz izeneko Hitzarmenak aitortutako eskola-orduen kopuruan oinarrituta.

Taldeen osaketarako, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak, 5. artikuluan ezarritako irizpideak bete beharko ditu euskaltegiak. Hala ere, euskaltegi batek talde-ratioari dagokion batez bestekoa betetzen ez badu, Ebazpen horren 10.6 artikuluak aurreikusi bezala, proiekzioko orduak baldintza hori betetzeraino doitu ahal izango dira irakasle beharrak erabakitzeko.

Halaber, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluaren azken pasartean aurreikusitakoaren arabera, 2017/2018 ikasturtearen hasieran, hau da, urrian, herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez diren hondar-taldeak ere diruz lagungarriak izan litezke salbuespen gisa, betiere kontuan izanda, alde batetik ikasleen maila eta ordutegien arabera taldea osatzeko beste aukerarik dagoen eta, bestetik, euskaltegiaren jarduera osoarekiko alderaketa, aldez aurretiko Ikuskatzailetzaren txostena jasota.

Era honetako hondar-talderik onartua izateko, hiru baldintza bete beharko ditu euskaltegiak, betiere ebazpen honen 1.3 artikuluan aurreikusitako hainbanaketa egin beharra ez balego:

– Ikasle horiek (maila eta ordutegiaren arabera) beste taldeetan txertatzeko ezintasuna.

– Euskaltegiaren ikasturte-hasierako talde-orduen % 10 baino gutxiago izatea salbuespen-gai diren taldeen orduak.

– Euskaltegiak HABEko zuzendariaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluan ezarritako batez besteko talde-ratioa betetzea.

Honelako hondar-talderik daukan euskaltegiak HABEko zuzendariari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio 2017ko urriaren 10a baino lehen.

Autoikaskuntzako matrikulen kasuan ere, 2017/2018 ikasturtean hasitako matrikulen ordu teorikoak 2016/2017 ikasturtean ordu teorikoetatik errealetara eman zen aldearen proportzio berean doituko dira (deialdi honen I. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera), baldin eta 2016/2017 ikasturteko ordu teorikoak baino gehiago badira; gutxiago balira, aldiz, gehienez ere, 2016/2017 ikasturteko ordu errealak izango dira.

Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea irakasle erdia izango da, horretatik hurbilenekora biribilduz.

2.– Langileen kostuak kalkulatzeko, 2010erako Udalhitz izeneko Hitzarmenak aitortutako soldata gordinari dagozkion kopuruak bakarrik hartuko dira kontuan, deialdi honetarako % 1eko igoera aplikatuta. Kopuru horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea aldatzen duen ekainaren 24ko 3/2010 Legearen laugarren xedapen gehigarriaren arabera egokituta, hauek dira horren ondoriozko laguntza-kopuruak:

(Ikus .PDF)

Diru laguntzen esleipenean, soldataz gain, antzinatasunaren hirurtekoengatiko kopurua ere aintzat hartuko da behin betiko karrerako funtzionarioen eta lan-itunpeko behin betiko langileen kasuan.

4. artikulua.– Eskarien aurkezpena.

1.– Eskariak eta ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira. Eskariok, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke honako helbide honen bitartez: https://www.habe.euskadi.eus/dirulaguntza2017/eskariue

Eskaria egin ondoren, gainerako eginkizunak eta izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.habe.euskadi.eus/nirekudeaketak

Eskariak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2017ko azaroaren 7ra bitartekoa izango da.

2.– Eskariekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Formulario1: 2017/2018 ikasturtean euskaltegiak emango dituen aurrez aurreko talde-orduen eta autoikaskuntzarako matrikulen aurreikuspena. Talde-ordu eta matrikula hauek bat etorri beharko dute 2017/2018 ikasturterako hasitako ikastalde eta ikasleen arabera aurreikusten diren guztirako aurrez-aurreko orduekin eta autoikaskuntza-matrikulekin, ebazpen honen 3. artikuluan irakasleen beharrak erabakitzeko ezartzen diren irizpideak kontuan hartuta.

Eskari honetan, deialdi honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroak soilik hartuko dira aintzat.

b) Formulario2: euskaltegiko langileria osoaren informazio zehatza, lanpostuen izaera, egoera, langileen zerrenda, behin betiko karrerako funtzionarioei edo lan-itunpeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-data eta hirurtekoen kopuruak bereziki zehaztuz.

c) Formulario3: ikastaro modulu bakoitzean ikasleek ordaindu beharreko matrikula-sariaren orduko kostua.

d) 2017-2018 ikasturterako Plana.

3.– Euskaltegiak HABEko euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan datu guztiak eguneratuak ez balitu, eskariarekin bat falta diren datuak ekarri beharko ditu.

4.– Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan eta garbi adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, dagokion Ebazpenaren bitartez, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan jasotako baldintzetan.

5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzen Ebazpena.

1.– HABEko zuzendariaren Ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari diru-laguntza finkatzeko onartzen zaion pertsonala eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaizkio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 7. artikuluak dioenaren arabera.

2.– Ebazpena 2017ko azaroaren 30 baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Izapidetze elektronikoa izanik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da euskaltegiak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

4.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.

1.– Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatu ahal izango da. Zentzu horretan, HABEko zuzendariak kitapen-ebazpena egingo du, datu errealen eta 3. artikuluan finkatutako irizpideen arabera emandako laguntza-kopuruak doituz. Besteak beste, ondoren zehaztutako jokabideak aplikatuko dira:

1.1.– Emandako talde-orduak diru-laguntza aitortzerakoan kontuan hartutakoak baino gutxiago izan badira, esleitutako diru-laguntza proportzio berean doituko da.

1.2.– Diru-laguntzaren Ebazpenean kontuan izandako euskaltegiaren batez besteko talde-ratioak behera egin badu, esleitutako diru-laguntza proportzio berean doitu ahal izango da.

2.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta, edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira.

8. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Erabaki honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebeharreko hauek izango dituzte:

1.– Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

2.– Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

4.– Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako diru-laguntzaren izaera publikoari, diru-laguntzen inguruan indarrean dagoen legediak ezartzen duenaren arabera.

9. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren Ebazpena hartzean, 2017ko abendua amaitu baino lehen, esleitutako diru-laguntza osoaren % 6,42 ordainduko da eta 2018ko otsailean % 33,58 ordainduko da.

b) 2018ko apiriletik aurrera, udal euskaltegiek 2017ko urri-abendua epeko gastuen zuri-agiriak bidali eta HABEk aztertu eta onartu ondoren, diru-laguntzaren Ebazpenean esleitutako laguntzaren % 45 ordainduko da.

c) Ikasturtearen dokumentazio frogagarriak jaso eta gero, dagozkion egiaztapenak egin eta diru-laguntzaren kitapena burutu ondoren, geratzen den kopurua ordainduko da, kasu bakoitzean dagokiona kitatuko delarik.

2.– Dokumentazio frogagarria diru-laguntzaren kontura aurreratutako kopurua estaltzeko adina ez bada, onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, HABEk eginiko jakinarazpenetik hasita hilabeteko epean, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritako prozedurari jarraiki. Ordainketa edo itzulketa hori emandako diru-laguntzaren behin betiko kitapena izango da.

3.– Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea.

10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

11. artikulua.– Zuriketa.

1.– Udal euskaltegiek jasotako diru-laguntzen zuriketa beren langileen soldata gastu gordinei buruz euskaltegiaren legezko ordezkariak luzatutako egiaztagiriaren bitartez egingo da.

Halaber, lehen zuriketarekin batera, euskaltegiak 2017 urtean izan dituen benetako sarrerak eta gastuak atalez atal zehaztuta eta izapidetze elektronikoan dagoen Formularioari jarraiki aurkeztuko dira.

Era berean, lehen zuriketarekin batera, 2017 urtean euskaltegi publikoaren titularitatea duen udalak edo udalaren menpeko erakundeak euskara ikasteagatik udalerriko biztanleei emandako diru-laguntzak biltzen dituen egiaztagiria erantsiko da, bakoitzari emandako kopurua zehaztuz.

Azken zuriketarekin batera, euskaltegiak 2017-2018 ikasturteko Memoria aurkeztuko du.

Gastuak ez zuritzeak diru-laguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, horrez gainera, kasu honetan, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/91 Dekretuaren arabera.

2.– Aipatutako egiaztagiriak HABEri aurkezteko epeak:

a) 2018ko otsailaren 15a, 2017ko urritik abendura bitarteko gastuen zuri-agiriak, 2017 urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruzko egiaztagiria eta 2017 urtean euskara ikasteagatik udalerriko biztanleei emandako diru-laguntzen egiaztagiria aurkezteko.

b) 2018ko urriaren 11, 2018ko urtarril-iraila bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2017-2018 ikasturteko Memoria aurkezteko.

12. artikulua.– Hutsegiteei eta ez-betetzeei buruzko arauak.

Edozein kasutan, deialdi honetako onuradunak lotuta daude azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta azaroaren 17ko 38/2003 Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.

Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Lege hori garatzen duen uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuz onartutako Erregelamenduan jasotako oinarrizko xedapenek ezarritakoa erabiliko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2017ko irailaren 8a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren diru-laguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2017/2018 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:

1.– Ikasturtea:

Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2017ko urriaren 1ean hasi eta 2018ko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:

– Irailean zehar hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira eta, diru-laguntzetan onartuak izateko, ikastaro hauetako talde guztiek 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluan taldeak antolatzeko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute, ikastaroaren hasiera egunetik bertatik, lehenengo eskola-eguna barne.

– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.

Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEko zuzendariak ikasturtearen hasierako zirkularraren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.

2.– Aurrez aurreko irakaskuntzan:

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:

2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak:

a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2 eta C1 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.

c) C2 mailako ikastaroak:

C2 mailako ikastaroek bi atal dituzte:

– C2 maila aurrez aurreko irakaskuntzan gutxienez 150 eta gehienez 200 irakastordu. Ikastaro honetan ikasle guztien abiapuntua C1C1 eta helburua C2C1 izango dira. Diru-laguntzen barruan urritik ekainera bitartean antolatutako era honetako ikastaroak bakarrik onartuko dira.

– Autoikaskuntzan proiektuaren jarraipenerako 15 tutoretza-ordu ikasleko. Ikastaro honetako ikasle guztien abiapuntua C2C1 eta helburua C2C2 izango dira. Atal hau ikasturte berean edo hurrengoan egin ahal izango da, baina osorik eta zatikatu gabe.

2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak:

a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.

c) Baldintza hauetatik kanpo ondoko udako ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira udan ekainetik irailera bitartean, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean eta aldez aurretik HABEko zuzendariaren onarpena behar ez dutenak:

c.1.– Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

c.2.– Udako barnetegi ikastaroak: aste beteko udako barnetegiak eta egunean gutxienez 8 irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

Azpiatal honetako udako ikastaro bereziek, HABEren diru-laguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleek ondoko baldintzak bete behar dituzte:

– Ikasturtean zehar euskaltegi edo zentro berean ikasitako ikasleak izan.

– Euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehen ebaluazio-garaian edo lehen azterketa-deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duten edo egiaztatze-probak gainditu ez dituzten edo agiria eskuratu ez duten ikasleak izan.

– Behar diren kasuetan, HABEren mailak egiaztatzeko bigarren deialdi itxirako matrikula egin eta probetara aurkeztu.

2.3.– Maila burutzeko ikastaroak:

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2 eta C1 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:

a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.

b) A2, B1, B2 eta C1 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, burutu nahi den mailaren aurreko azpimaila.

c) C2 mailako HABEren egiaztatze-deialdietako probak gainditu ez dituzten ikasleei zuzendutako ikastaroak: gutxienez, 60 irakastordu.

Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.

3.– Autoikaskuntzan:

HABErentzat onargarria izan dadin, autoikaskuntza bidezko ikaskuntzak honako baldintzak bete behar ditu:

3.1.– Ikastaro-moduluei dagokienez:

a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

b) 100 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 4 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

c) 70 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, ekainetik irailera bitarteko udako autoikaskuntza-ikastaroetan, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

3.2.– Bestelako baldintzak:

Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da diru-laguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehienezko orduak eman eta hartutako mintza-saio eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.

Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa.

Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, diru-laguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.

Euskaltegi publikoen kasuan, berriz, irakasle batek une berean hasieratik amaierara auto-ikaskuntzako 42 ikasleren tutoretza (astean ordubeteko mintza-saioak eta dagozkion tutoretza-saioak) oinarritzat hartuko da, horren arabera neurtuz bakoitzaren dedikazioa. Era berean, ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.

Autoikaskuntzan ikasprozesuaren jarraipena bermatzen duen e-learning plataforma batean ostatatua egon beharko da ikasmateriala, ikasleak bere kasa, mintza- eta tutoretza-saioetan egiten duen lana eta emandako denbora HABEk jarraitzeko era izan dezan. Hori izan ezean, ikas-prozesuaren jarraipena bideratu ahal izateko tresnaren bat proposatu beharko dio euskaltegiak HABEri, honek onar dezan. Halaber, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasle guztientzako mintza-saioen eta tutoretza-saioen plangintza bermatu beharko du. HABEko zuzendariak zehaztuko duen maiztasunaz eman beharko dio horren berri, baita ikasleen asistentziarena ere.

IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».

3.3.– C2 maila autoikaskuntzan:

HEOCaren C2 maila autoikaskuntzaren bidez eman ahal izateko, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak aldez aurretik HABEko zuzendariaren onarpena izan beharko du eta diru-laguntzari dagokionez, atal honetan autoikaskuntzarako zehaztutako irizpideak aplikatuko dira. Autoikaskuntzaren bidezko C2 mailako ikastaroek bi atal dituzte:

a) Eskariaren arabera onartutako autoikaskuntza-ikastaroa, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta. Atal honetan ikasle guztien abiapuntua C1C1 eta helburua C2C1 izango dira.

b) Autoikaskuntzan, proiektuaren jarraipenerako, 15 tutoretza-ordu ikasleko. Ikastaro honetako ikasle guztien abiapuntua C2C1 eta helburua C2C2 izango dira. Atal hau ikasturte berean edo hurrengoan egin ahal izango da, baina osorik eta zatikatu gabe.

4.– Jardun biko ikastereduan:

HABEren diru-laguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:

a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.

b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.

c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

5.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak:

5.1.– AISA, Dendaketan eta Ostalaritza ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra. Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe.

5.2.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.

Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.

5.3.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

5.4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 5 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

6.– Malgutasuna:

Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEko zuzendariaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. HABEko zuzendariak, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta ezarritako lehentasunak eta helduen euskalduntzearen sustapena aintzat hartuta, eskaera ebatziko du. Ebazpena ezezkoa bada, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.


Azterketa dokumentala