Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2017ko irailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4589

EBAZPENA, 2017ko irailaren 14koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez onura publikoko dela deklaratzen baitira jarduketa hauek: «Gueñes-TAyala 2» lineako «Jara-rako sarrera/irteera», eta 220 kV-ko goi-tentsioko linea elektrikoan La Jara 1 eta 2 T-ak kentzea, Güeñes eta Gordexola udal-mugarteetan.

Erref.: L-3060 IFU/TLE.

Esp. zk.: 48-AT-I-2016-27.

AURREKARIAK

1.– 2016ko azaroaren 18an, Red Eléctrica de España SAU enpresak (Paseo del Conde de los Gaitanes n.º 177, Moraleja-Alcobendas, Madril) aurretiko administrazio-baimena eskatu zuen, goian aipatutako linea elektrikoaren birkonfiguraziorako exekuzio-proiektua onura publikokoa dela aitortzeko eta proiektua onartzeko. Jarduketa hori «Plangintza Energetikoa. Energia Elektrikoa Garraiatzeko Sarearen Garapeneko Plana 2015-2020» deritzonean jasota dago, 2015eko urriaren 16ko Ministroen Kontseiluan onartua.

2.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan (2002-12-23ko EHAA) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan (2000-12-27ko BOE) ezarritakoaren ondorioetarako, iragarki bat argitaratu zen 2017ko otsailaren 9ko BAOn, 2017ko otsailaren 10eko EHAAn eta 2017ko otsailaren 14ko Deia egunkarian, hain zuzen ere jendaurrean erakusteko Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera hori eta enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda.

3.– 2017ko otsailaren 1ean, ofizioak bidali zitzaizkien Gordexola eta Gueñesko Udalei, jarduketa horren iragarkia jendaurrean jar zezaten ediktu-oholetan. Gordexolako Udalari berriro bidali zitzaion 2017ko martxoaren 31n.

Halaber, honako erakunde hauei eskatu zitzaien txosten baten bitartez adierazteko egokitzat jotzen zuten ala ez instalazioa onura publikokotzat deklaratzea: udal horiek; Aire Segurtasuneko Estatuko Agentzia (AESA); Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzua eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritza, eta Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioko Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusia. Gordexolako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzari berriz egin zitzaien eskaera 2017ko martxoaren 21ean.

4.– Honako hauen txostenak jaso dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarea; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzua eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Zuzendaritza, eta Güeñesko Udala. Baldintzak ezarri diren kasuetan, Red Eléctrica de España SAUk onartu egin ditu.

5.– Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak (AESA) aldeko txostena eman du, zortasun aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuaren 5.1.12 artikuluarekin bat –apirilaren 26ko 297/2013 Errege Dekretuak aldatua–.

6.– Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioko Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman du, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 26ko 24/2013 Legearen 35.2 artikuluarekin bat.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: 24/2013 Legea, azaroaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legea, 1957ko apirilaren 26koa, eta 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, Eusko Jaurlaritzarena.

Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta presaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.

EBAZTEN DU:

Red Eléctrica de España SAUri baimena ematea eta, Güeñes eta Gordexola udal-mugarteetan, «Gueñes-TAyala 2» lineako «Jara-rako sarrera/irteera» eta 220 kV-ko goi-tentsioko linea elektrikoan La Jara 1 eta 2 T-ak kentzea proiektuak onartzea. Hauek dira proiektu horien ezaugarri nagusiak:

220 kV-ko goi-tentsioko zirkuitu bikoitzeko linea elektrikoaren birkonfigurazioa, 821 m-ko luzeran, La Jarako T-n dagoen T bikoitza kentzeko.

Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazioak, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, presaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriaz, eta ondoko baldintza orokorrekin ematen da ebazpen hau:

1.– Ángel Gallego del Monte industria-ingeniariak 2016ko azaroaren 11n sinatu zuen aipatutako proiektuaren arabera egin beharko dira obrak.

2.– Martxan jartzeko epea ez da bi urtekoa baino luzeagoa izango, titularrari ebazpen hau jakinarazten zaion egunetik aurrera.

3.– Obrak amaitzean, instalazioen jabeak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman eta abiarazte-akta egite aldera.

4.– Udal, probintzia eta besteren baimen edo lizentzien eta obrak egiteko beharrezkoak diren bestelakoen kalterik gabe eta hauetatik bereiz ematen da baimen hau, eta eskatzailea ez du baimen edo lizentzia horiek lortzeko betebeharretik salbuesten. Halaber, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe ematen da baimena, eta jabetza-eskubidea salbu utziz.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Bilbao, 2017ko irailaren 14a.

Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.


Azterketa dokumentala