Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2017ko irailaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4524

EBAZPENA, 2017ko irailaren 4koa, Farmaziako zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko (Araba) udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko baimena ematen diona.

Vitoria-Gasteizko udalerrian (Araba) farmazia-bulego bat sortzeko M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andreak aurkeztutako eskabidea ikusi da. Hauek dira oinarriak:

EGITATEAK

LEHENENGOA.– Osasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 13ko Aginduaren bidez, Vitoria-Gasteizko farmazia-eremuan farmazia-bulego bat sortzea bidezkoa zela erabaki zen.

BIGARRENA.– Osasuneko sailburuaren 2016ko maiatzaren 24ko Aginduaren bidez, Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean farmazia-bulego bat sortzeko prozeduraren hasiera iragarri zen.

HIRUGARRENA.– M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andreak, farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko interesa zuenez gero, behar bezala eta epe barruan aurkeztu zuen horretarako eskabidea, eta, harekin batera, arloan aplikagarria den araudiak eskatzen duen dokumentazioa.

LAUGARRENA.– Farmazia-bulego horren titulartasuna eskuratzeko Merezimenduak Balioesteko Batzordeko kideak izendatu eta egin beharreko legezko izapideak egin ondoren, 2016ko abenduaren 1ean batzorde horrek hartutako erabaki batez lehiakideen behin betiko zerrenda onartu zen, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz; erabakia 2016ko abenduaren 26ko EHAAn argitaratu zen (244. zk.).

Erabaki horretako eranskinean, lehenengo postuan Maite Zárraga Suarez andrea ageri da (41,713 puntu), eta, bigarren postuan, berriz, M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andrea (41,708 puntu).

BOSGARRENA.– Zenbait lehiakidek errekurtsoa aurkeztu zuten erabaki horren aurka. M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andreak aurkeztu zuen errekurtsoetako bat, 2017ko urtarrilaren 26an, eta, han, azaldu zuen ez dagoela ados Maite Zárraga andreari emandako puntuazioarekin.

SEIGARRENA.– Farmaziako zuzendariak, argudioak ikusita, 2017ko apirilaren 5eko Ebazpena eman zuen, partez baiesten duena García-Agúndez andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Hartara, prozedura hori administrazio-bidean amaitu ondoren, Maite Zárraga Suárez andreari dagokion behin betiko puntuazioa 41, 613 puntukoa da, hau da, M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andrearena baino txikiagoa.

ZAZPIGARRENA.– 2017ko apirilaren 11n, Farmaziako zuzendariak ofizioa bidali zion María Josefa García-Agundez Pérez-Coca andreari. Ofizioan, adierazi zitzaion bera izan zela alegatutako merezimenduen balorazioan puntuaziorik handiena lortu zuena, eta, hortaz, 338/1995 Dekretuak, Farmaziak sortu, lekuz aldatu, itxi eta jardunean jartzeko prozedurak arautzen dituenak, 5. artikuluan xedatutakoarekin bat jokatu behar zuela. Ohartarazi zitzaion, halaber, deialdian parte hartzeari uko egiten ziola ulertuko zela, eskatutako agiriak dekretu horretan ezarritako epean aurkeztu ezean.

ZORTZIGARRENA.– 2017ko abuztuaren 8an, García-Agúndez andreak Gasteizko udalerrian farmazia-bulego bat sortzeko baimena eskatu zuen, 338/1995 Dekretuaren babesean, eta, horrekin batera, dekretu horren 5. artikuluan eskatzen den dokumentazioa aurkeztu zuen.

Aurkeztutako agirietan ikusten denez, farmazia-bulego berria helbide honetan dagoen lokalean jarri nahi da: Iruñea kalea 17, Vitoria-Gasteizko farmazia-eremuko 1.1.10 osasun-aldea.

BEDERATZIGARRENA.– 2017ko abuztuaren 11n, Farmaziako zuzendariaren ofizio bidez, prozedura honetan interesdun izan daitezkeenei aukera eman zitzaien espedientean pertsonatzeko eta egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Hala egin zen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea). Fase honetan, ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

HAMARGARRENA.– Azkenik, Farmazia-arloa antolatzeko buruak, 2017ko abuztuaren 31n, aldeko txostena egin zuen M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andreak aurkeztutako dokumentazioari buruz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

LEHENENGOA.– Farmaziako zuzendariak dauka espediente honi buruz ebazpena emateko eskumena; hala ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia-antolamenduko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34. artikuluan eta Osasun Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 80/2017 Dekretuaren 15. artikuluan.

BIGARRENA.– Batetik, aurkeztu diren merezimenduak baloratuta, M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andreak izan du puntuaziorik handiena; bestetik, farmaziak sortzeko ezarritako prozedurari dagokionez, 11/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako eta 338/1995 Dekretuan garatutako xedapenak bete dira; azkenik, dekretu horren 5. artikuluaren arabera, lehiakideak agiri guztiak eta eskatutako epean aurkeztu dituela egiaztatu da. Horrenbestez, bidezkoa da interesdunari farmazia-bulegoa jartzeko baimena ematea.

Dena dela, jardun ahal izateko baimena lortu beharko da, emandako baimenak indarra izango badu; hala ezartzen da 338/1995 Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoan.

Horregatik guztiagatik, hauxe

EBAZTEN DUT:

LEHENENGOA.– M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andreari baimena ematea farmazia-bulegoa jar dezan Iruñea kaleko 17. zenbakian (Vitoria-Gasteiz - Araba), berak aurkeztutako agiriak aintzat hartuta.

BIGARRENA.– M.ª Josefa García-Agúndez Pérez-Coca andreak, dena den, farmazia horretan jardun ahal izateko dagokion baimena lortu beharko du aurretiaz, honen bidez emandako baimenak indarra izango badu. Baimen hori eskatzeko, lau hilabeteko epea izango du –ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita–, eta 338/1995 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa bete beharko du.

HIRUGARRENA.– Ebazpen honen berri eman behar zaie interesdunei, eta jakinarazi, era berean, honek ez diola amaiera ematen administrazio-bideari eta ebazpen honen aurka, egoki iritzitako bestelako errekurtsoez gain, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dutela zuzendaritza honetan edo Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioaren sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 4a.

Farmaziako zuzendaria,

JON IÑAKI BETOLAZA SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala