Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2017ko irailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
4422

AGINDUA, 2017ko irailaren 4koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez deialdi publiko bat iragartzen baita Lan eta Justizia Saileko Kabinetearen Zuzendaritzan hutsik dagoen lanpostu bat -goi-kargudunaren idazkaria, 520010 kodea, 196. dotazioa- izendapen askez betetzeko.

Sail honetako Kabinetearen Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkariaren lanpostu bat hutsik dago (520010 kodea, 196. dotazioa). Beraz, sail honek lanpostu hori (agindu honen eranskinean adierazita dago) izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, baldin eta eranskinean adierazitako eskakizunak betetzen badituzte.

Aipatutako baldintza beretan, honakoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta, lanpostuen zerrendetan, deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoera hautan izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Lan eta Justizia Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, hamabost egun balioduneko epea izango dute agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

2.– Eskabide-idazkiarekin batera, hautagaiek curriculum vitae-a aurkeztuko dute, eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazioan eta, halakorik bada, enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzak, eta hautagaiek egoki iritzitako gainerako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek. Dena den, horiek Langileen Erregistroan badaude, ez dituzte aurkeztu beharko. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Lan eta Justiziako sailburuaren agindu baten bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak epean hartu beharko du jabetzan lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 4a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 196.

– Kidegoak: C1/D1.

– Lanpostu-mailako osagarriaren maila: 18.

– Berariazko osagarria: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2017/03/31.

– Tokia: Kabinetearen Zuzendaritza.

Lan eta Justizia Saila.

– Destinoko herria: Vitoria-Gasteiz.

Lanpostua betetzeko eskakizunak:

– C1 edo D1 kidegoetakoa izatea.

– Administrarien kidegoan edo administrari laguntzaileen kidegoan urtebeteko edo urte biko esperientzia izatea, lanpostua kidego horiei atxikita baitago.


Azterketa dokumentala