Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2017ko irailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4292

AKORDIOA, kudeaketa-aginduari buruzkoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) artekoa, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak egiteko dena, Lanbidek antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei zuzendua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 1a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa.

Eta, beste aldetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABEko) presidente gisa.

HAU ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Urriaren 13ko 3/2011 Legearen arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izaera administratiboa duen organismo autonomoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Haren eginkizunen artean dira enpleguko programak kudeatzea, enplegurako eta auto-enplegua sustatzeko prestakuntza ematea eta enpresak sortzea. Enplegurako prestakuntzaren barruan, pertsona langile langabeei lehentasunez zuzendutako prestakuntza dago.

Bigarrena.– Euskadin enplegurako prestakuntza profesionala agintzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian (2016-06-07ko EHAA) ezarrita dagoenez, enplegurako Lanbide Heziketako jardueren eta programen barruan, euskaraz ikasteko programak emango dira HABE organismo autonomoarekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.

Hirugarrena.– Langile elebidun gaituen eskaerak gora egin duenez, agerian geratu da beharrezkoa dela Lanbidek antolatutako prestakuntza-ekintza batzuk osatzea, hain zuzen ere, langabeek gaitasun profesionalak lor ditzaten egiten direnak. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza-ekintzak egin behar dira, langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera.

Laugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta Euskaltegiak araupetzeko azaroaren 25eko 29/1983 Legean xedatutakoaren arabera, HABE erakundea erakunde administratibo autonomo bat da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, nortasun juridiko berekia du, eta gaitasun osoa du bere eginkizunak betetzeko. Haren funtzioak dira, besteak beste, herritar helduei euskara irakastea eta herritar horien euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzea Euskadin.

Bosgarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak ez du giza baliabide eta material nahikorik, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak emateko. HABE erakundeak, berriz, antolakuntza eta baliabide egokiak ditu, Lanbideren beharrei arreta emateko espezialitate-baldintza onenetan.

Seigarrena.– Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskaraz ikasteko prestakuntza-ekintza plangintza bat egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen beharrei erantzuna emateko, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzei dagokionez. Prestakuntza-ekintza horiek HABEren euskaltegietan egingo dira. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutako esparruaren barruan, erabaki dute dagokion kudeaketa-aginduko akordioa formalizatzea, honako klausula hauen arabera arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-aginduaren helburua da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Lanbidek programatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langile langabeei zuzendutako hizkuntza-gaikuntzako euskarazko jarduerak egitea.

Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintza.

1.– HABEko erregistroan izena eman duten euskaltegiek hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintza hauek egingo dituzte:

a) Euskara A1 maila, 125 ikastordu.

b) Euskara A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak, 165 ikastordu.

2.– Agindu honen xede diren prestakuntza-ekintzak aurrez aurre emango dira, eta 2017ko urrian hasi eta 2018ko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

Hirugarrena.– Lanbideren zuzkidura ekonomikoa.

Agindu honen xede den prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratuko den kreditua 200.000 euro dira guztira; horietatik 100.000 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 100.000 euro 2018ko konpromiso-kredituari.

Laugarrena.– Jarduerak finantzatzea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta HABEk finantzatu beharko dituzte kudeaketa-agindu honetatik eratorritako jarduerak, irizpide hauetan oinarrituta:

A) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartuko ditu hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako maila guztietako ikasleen matrikulen gastuak, honako tarifetan oinarrituta:

a) Hiru lurraldeetako hiriburuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,50 euro/ordu/parte-hartzaile.

b) Hiru lurraldeetako beste udalerri batzuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,00 euro/ordu/parte-hartzaile.

B) HABEk gainerako hezkuntza-kostuak finantzatuko ditu, euskaltegi publiko eta pribatu homologatuentzako urtero ematen diren diru-laguntzen deialdietan ezarritakoan oinarrituta.

Bosgarrena.– Funtsen transferentzia.

Hona hemen ordainketa-araubidea:

– Lehen ordainketa, hots, formalizatutako matrikulen guztizko zenbatekoaren % 50, prestakuntza-ekintzen hasieran ordainduko da, bederatzigarren klausulako 2. zenbakian aurreikusitako HABEren agiria jaso ondoren.

– Gainerako % 50a, gastua justifikatu ondoren ordainduko da, hamargarren klausulan aurreikusi den bezala.

Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.

1.– Hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsona langabetuek, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako profesionaltasun-egiaztagiriak lortzeko ekintza kualifikatzaileak egiten ari badira, edo, bestela ere, dagokion profesionaltasun-egiaztagiria lortu baldin badute Lanbidek 2014, 2015 edo 2016. urteetan onartutako diru-laguntzen deialdien esparruan egindako ekintzetan.

2.– Hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ekintzetan parte hartzen duten pertsonek horietan parte hartzeko bete behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

Zazpigarrena.– Eskainitako hizkuntza-gaikuntzaren publizitatea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzen publizitatea egingo da, prestakuntza eta ikastaroei buruzko atalean, eta, horri dagokionez, honako informazio hau jakinarazten da:

a) Euskara-prestakuntza egingo da hizkuntza-gaitasuna lortzeko edo hobetzeko, enplegagarritasuna handitzearren.

b) Baldin prestakuntza-ekintza kualifikatzailerik egiten ari bada, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, ekintza hori gauzatu bitartean baina haren ikastorduetatik kanpo.

Zortzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua arduratuko da hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak hautatzeaz eta hautaketa-prozesu osoa koordinatzeaz.

2.– Seigarren klausulan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonek hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartzea eskatu ahal izango dute.

Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2017ko urriaren 16an bukatuko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko bulego-sarearen bitartez edo erakunde autonomo honen web-orriaren bitartez egin ahal izango da eskaera.

3.– Eskaera egin ondoren, hautagaiek parte hartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du Lanbidek, izena eman duten hurrenkerari jarraituz eta aurrekontua agortu arte. Horrela bada, sms bidez jakinaraziko die hautatuei onartuak izan direla (sakelakorik ez dutenei e-posta bidaliko die) eta euskaltegian matrikula-orria aurkeztu behar dutela. Azken hori Lanbideko www.lanbide.euskadi.eus web-orriko Nire Lanbidenet izeneko atal pertsonalean eskura daiteke.

Bederatzigarrena.– Euskaltegietan matrikulatzeko prozedura eta Lanbide jakinean jartzea.

1.– Pertsona hautatuek matrikula-orria aurkeztu beharko dute HABEko erregistroan ageri diren euskaltegietatik aukeratzen duten hartan. Matrikula-orria aurkezteko epea 2017ko urriaren 20an amaituko da.

Matrikula-orrian, eskatutako ikastaroaren maila eta ordutegia zein diren zehaztuko da.

2.– Matrikulazio-prozedura bukatu ondoren, HABEk euskaltegietan matrikula formalizatu duten pertsonen zerrenda helaraziko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, prestakuntza-ekintzak hasi eta, gehienez ere, 7 egun balioduneko epearen barruan. Agiri horretan zehaztuko du, baita ere, pertsona bakoitzak zer euskaltegi aukeratu duen, zein den hasierako haren maila, zer maila lortu nahi duen, ikastaroak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, eta zenbat ikastordu diren.

Hamargarrena.– Aldeen betebeharrak.

1.– Hauek izango dira HABEren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

a) Parte-hartzaileak hautatzeko prozesuan parte hartzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan, baldin eta hala eskatzen bazaio.

b) Lanbidek hautatutako ikasleak bere euskaltegietako prestakuntza-eskaintzan sartzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz.

c) Egindako jarduerei (programa honi dagozkionak) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako finantzaketaren publizitatea egitea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzen hasiera jakinaraztea.

e) Ikasleen bertaratzea kontrolatzea, eta hilero horren berri ematea Lanbideri.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan gertatzen diren bajak edo uzteak jakinaraztea, baita jarduerak egin bitartean gertatzen den edozein gertakari ere.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatu bezain informazio beste ematea, programari eta ikasleei dagokienez.

h) Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu-maila ebaluatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, Lanbideko prestakuntza kudeatzeko aplikazioarekin (LAN-Frekin) bateragarria den formatu batean, hizkuntza-egiaztatzearen emaitzak agertu behar baitu prestakuntzan parte hartu duen pertsona bakoitzaren Gaitasunaren Erregistroko kontuan.

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea, gauzatutako ekintzen kalitatea neurtzeko inkestak egiteko orduan.

j) Gauzatutako prestakuntza-ekintzen gastuak frogatzea, ezarritako moduan eta agirien bitartez, gehienez ere, bi hilabeteko epearen barruan, azken prestakuntza-ekintza bukatzen denetik zenbatzen hasita.

k) Lanbiderekin egin beharreko kudeaketa eta jakinarazpen guztiak Lanbideko prestakuntza kudeatzeko aplikazioaren (LAN-Fren) bitartez egitea.

2.– Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak:

a) Egindako prestakuntza-ekintzen matrikulak finantzatzea, kudeaketa-aginduko akordio honetan xedatutakoaren babespean.

b) HABErekin elkarlanean aritzea ekintzak gauzatzean sortutako jazoerak ebazteko orduan, bai eta horiek kudeatzeko prozesuan aholkularitza teknikoa ematea ere.

Hamargarrena.– Gastuen justifikazioa.

HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko ditu, 2018ko irailaren 30a baino lehen, agindu honen esparruan egindako hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen ondorioz sortutako gastuen frogagiriak, hark dagokion transferentzia agin dezan egoki irizten dizkion egiaztapenak egin ondoren.

Hamaikagarrena.– Jarraipen-batzordea.

Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko eta HABEko kideek osatua, akordio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.

Hona Jarraipen Batzordearen osaera:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izenean:

a) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren arduraduna.

b) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren teknikaria.

– HABEren izenean:

a) HABE eta administrazioen arteko koordinatzailea.

b) HABEren ikuskatzailetza-arduraduna.

Hauexek dira Batzordearen funtzioak:

● Egin daitezkeen prestakuntza-ekintzen urteko aurreikuspena egitea. Horretarako, Jarraipen Batzordeko parte den organismo bakoitzeko ordezkari batek, gutxienez, parte hartu beharko du.

● Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta antzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

● Orokorrean, kudeaketa-agindu honetan hitzartutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen eragozpenak eta arazoak aztertu eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

● Bidalitako informazioa aztertzea.

Hamabigarrena.– Aginduaren indarraldia.

Kudeaketa-agindu hau indarrean egongo da agiri hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2018ko ekainaren 30era arte. Alde biak ados badaude, gehienez, lau urtera arte luzatu ahal izango da, betiere dagokion ekitaldian horretarako aurrekontu-esleipen egokia eta nahikoa egiten bada.

Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetze aldera, jakinarazten da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak kudeatzeko beharrezkoak diren ikasleen datu pertsonalak lagako dizkiola HABEri, eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak bere jabegoko fitxategi informatizatu batean sartuko dituela, «Ikasleak» izenekoan.

HABE izango da tratamenduaren eragilea eta konfidentzialtasuna gorde, bermatu eta betearaziko du, baita segurtasun-neurriak ere, lan honen ondorioz erabiltzen edo eskuratzen dituen sistemei eta informazioari dagokienez, indarrean dagoen legeria eta, zehazki, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan ezarritakoa betez. Hori horrela, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan araututakoa beteko du eta horretara egokituko da; datuak tratatzeko, aipatutako Legean eta hori garatzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko du. Horretarako, HABEk hitz eman du datu pertsonalak ez dituela ez aplikatu ez erabiliko bestelako helburuetarako, eta ez dizkiela beste pertsona batzuei jakinaraziko, ezta gordetzeko bada ere, hargatik eragotzi gabe fitxategien arduradunek adierazitako berariazko baimenak.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Hamalaugarrena.– Kudeaketa-aginduak ez dakar ez eskumenen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak) titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-agindu honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-agindua formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 1a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala