Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

168. zk., 2017ko irailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4280

AGINDUA, 2017ko irailaren 1ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak 20.1 artikuluan xedatzen duenari jarraituz, administrazio publikoen datu pertsonalen fitxategiak Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokien egunkari ofizialean argitaratutako xedapen orokor baten bidez soilik sortu, aldatu edo ezabatu ahal izango dira.

Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, 18. artikuluaren bidez, batetik, Datuak Babesteko Erregistroa sortzen du, eta, bestetik, ezartzen du erregistro horretan inskribatu beharko direla lege horren aplikazio-eremuko fitxategiak.

Eusko Legebiltzarraren 2/2004 Legea garatzen duen urriaren 18ko 308/2005 Dekretuak 2. artikuluan ezartzen duenari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eman behar diote datu pertsonalen fitxategiak sortu, aldatu eta ezabatzeko egindako eragiketa guztien berri, Datuak Babesteko Erregistroan sar ditzan. Jakinarazpen horietarako, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak 2005eko uztailaren 21ean hartutako ebazpenean onartutako eredu normalizatua erabili behar da (2005eko abuztuaren 31ko EHAA, 165. zk.).

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduaren bidez (2012ko azaroaren 2ko EHAA, 212. zk.) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren datu pertsonalen fitxategiak arautu ziren.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren kudeaketa-funtzioak betetzeko, datu pertsonalen fitxategi berriak sortzeko premia dago, baita lehendik sortuta dauden fitxategi batzuk aldatzeko premia ere, erakundearen funtzionamenduaren arabera egokitze aldera. Behar horiek kontuan hartuta, xedapen hau egokia da.

Horregatik guztiagatik, lehen aipatutako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa (Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa), otsailaren 25eko 2/2004 Legea (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko Legea) eta abenduaren 22ko 8/2003 Legea (Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko Legea) betetzeko, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren datu pertsonalen fitxategien sorrera eta aldaketa arautzen dira.

2. artikulua.– Fitxategiak sortzea.

Agindu honen I. eranskinean ageri den datu pertsonalen fitxategi hau sortzen da:

– 21. Fitxategia.– Bideozaintza.

3. artikulua.– Fitxategiak aldatzea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduan ageri diren hiru fitxategi aldatzen dira, datu pertsonalak biltzen dituztenak («9. fitxategia.– Lanbideren kontratuak», «10. fitxategia.– Bitartekaritzaren eta Enpleguko Politika Aktiboen eskatzaileak» eta «18. fitxategia.– Profesionaltasuneko ziurtagiriak eta pilatutako egiaztapen partzialak»), agindu honen II. eranskinean adierazitakoari jarraituz, eta bertan jasotakoaren arabera.

4. artikulua.– Araubidea.

Agindu honetan aipatzen diren fitxategiak Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduan xedatutakoaren arabera arautuko dira, agindu horren bidez erregulatzen baitira Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren datu pertsonalen fitxategiak. Nolanahi ere, bete behar dituzten lege- eta erregelamendu-mailako arau guztien mende egongo dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiak agindu honen kopia bat helaraziko dio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari, xedapen honen I. eranskinean jasotako datu pertsonalen fitxategiak Datuak Babesteko Erregistroan erregistra ditzan eta II. eranskinean zerrendatutako fitxategiak alda ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK bigarrena

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 1a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

I. ERANSKINA
FITXATEGI BERRIAK SORTZEA

Datu pertsonalak jasotzen dituen honako fitxategi automatizatu hau sortu da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatua:

21. fitxategia.– Bideozaintza.

a) Erabilerak eta xedeak:

Kamera edo bideokamera bidezko zaintza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eraikin eta instalazioetarako sarbideetan (eta inguruetan), segurtasuna eta kontrola helburu hartuta.

b) Eragindako pertsonak edo kolektiboak:

Lanbideren eraikin batean sartzen diren (edo inguruan dauden) pertsona guztiak.

c) Datuak biltzeko prozedura:

Pertsona interesduna.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura: Datu-basea.

Identifikazio-datuak: Irudia/ahotsa.

e) Datu pertsonalen lagapenak:

Segurtasun Indar eta Kidegoak.

f) Organo arduraduna:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia.

g) Eskubideak gauzatzeko unitatea edo zerbitzua (aldatzeko, baliatzeko, indargabetzeko eta oposiziorako eskubideak):

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua (Zerbitzu Nagusiak) – Informatika Arloa.

Jose Atxotegi kalea 1, 01009 PK, Vitoria-Gasteiz (Araba).

h) Segurtasun-maila:

Oinarrizko maila.

II. ERANSKINA
FITXATEGIAK ALDATZEA

Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatu hauek aldatu dira:

9. fitxategia.– Lanbideren kontratuak.

a) Fitxategiaren izena:

Kontratuen kudeaketa eta lan-merkatuaren behaketa.

b) Erabilerak eta xedeak:

Lan-kontratazioen, luzapenen, eraldaketen, deialdien eta ordu osagarrien komunikazioen erregistroa kudeatzea. Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaaren 42. artikuluan xedatutako desgaitasun-portzentajea lan-agintaritza eskudunari jakinarazteko legezko eginbidea betetzea, baita ohiz kanpokotasunaren adierazpena egin behar den kasuetan ere, eta apirilaren 8ko 364/2005 Errege Dekretuan ezarritako neurri alternatiboak hartzea. Estatistikaren kudeaketa eta enpleguko politika aktiboak diseinatzeko informazioaren ustiapena. Gurutzatzeak eta Lanbideren eskumenen erabilerarekin eta eskualdatutako enplegu-politika aktiboekin lotutako lan-merkatuaren portaeraren analisia.

c) Eragindako pertsonak edo kolektiboak:

Enpresak, langileak edo haien legezko ordezkariak.

Desgaitasuna duten pertsonak edo haien legezko ordezkariak.

d) Datuak biltzeko prozedura:

Enpresaren legezko ordezkaria.

e) Fitxategiaren oinarrizko egitura: datu-basea.

Identifikazio-datuak:

Identifikaziorako datuak.

Langilearen ezaugarri pertsonalei buruzko datuak.

Datu akademikoak.

Langilearen enpleguari buruzko datuak.

Desgaitasun-portzentajea.

Berariaz babestutako datuak.

f) Datu pertsonalen lagapenak:

Legez xedatutakoak.

Enplegu-zerbitzu publikoak.

Lan Agintaritza.

g) Organo arduraduna:

Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia.

h) Eskubideak gauzatzeko unitatea edo zerbitzua (aldatzeko, baliatzeko, indargabetzeko eta oposiziorako eskubideak):

Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzua (Zerbitzu Nagusiak) – Informatika Arloa.

Jose Atxotegi kalea 1, 01009 PK, Vitoria-Gasteiz (Araba).

i) Segurtasun-maila:

Maila altua.

10. fitxategia. Bitartekaritzaren eta Enpleguko Politika Aktiboen Eskatzaileak.

a) Erabilerak eta xedeak:

Lan-bitartekaritza eta Lanbideren politika aktiboak kudeatu eta sustatzea, eta enpleguaren arloan eskumena duten administrazioak eta gizarte-zerbitzuak lankidetzan jardutea eta koordinatzea, gizarteratzea eta laneratzea lortzeko; helburu estatistikoak. Enplegu-eskatzaileen, enpleguaren aurretiko zerbitzuen eta enpleguarekin lotutako beste zerbitzu batzuetako eskatzaileen erregistroa. Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako jardueren kudeaketa, Europako Batzordeak finantzatzen lagundutako jarduera horiek justifikatzeko helburu bakarrarekin, enplegua sustatzeko eta laguntzeko xedeak betetze aldera.

b) Datuak biltzeko prozedura:

Pertsona onuraduna edo haren legezko ordezkaria.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.

c) Fitxategiaren oinarrizko egitura: datu-basea.

Identifikazio-datuak:

Ezaugarri pertsonalei buruzko datuak.

Gizarte-inguruabarrei buruzko datuak.

Ikasketei eta lanbideari buruzko datuak.

Enpleguari buruzko datu zehatzak.

Ekonomia- eta finantza-datuak.

Transakzioei buruzko datuak.

Berariaz babestutako datuak.

d) Datu pertsonalen lagapenak:

Legez xedatutakoak.

Europako Gizarte Funtsa.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa eta beste autonomia-erkidego batzuetakoak.

GSDN.

Toki-administrazioak.

e) Organo arduraduna: Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia.

f) Eskubideak gauzatzeko unitatea edo zerbitzua (aldatzeko, baliatzeko, indargabetzeko eta oposiziorako eskubideak):

Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzua (Zerbitzu Nagusiak) – Informatika Arloa.

Jose Atxotegi kalea 1, 01009 PK, Vitoria-Gasteiz (Araba).

g) Segurtasun-maila: handia.

18.– Fitxategia. Profesionaltasuneko Ziurtagiria eta Pilatutako Egiaztapen Partzialak.

a) Fitxategiaren izena:

Lanbide-gaitasuna, ziurtagiriak, eta prestakuntzaren egiaztagiriak eta historia.

b) Erabilerak eta xedeak:

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketa arautzen duena, oinarri hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko langile guztien prestakuntza-curriculuma barnean hartzea, prestakuntza-ibilbideak diseinatzeko tresna eraginkor bat antolatzeko, Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren Europako Estrategiarekin bat etorriz.

Lanbideren bitartekotza- eta orientabide-sistemarekiko lotura, bakoitzari dagozkion eskumenak egikaritzeko. LHko sistema integratuaren kudeaketa. Helburu estatistikoak.

c) Datuak biltzeko prozedura:

Pertsona interesduna edo haren legezko ordezkaria.

Prestakuntza-erakunde eta ikastetxe onetsiak.

Administrazio eskudunak.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura: Datu-basea.

Identifikazio-datuak:

Identifikaziorako datuak.

Ezaugarri pertsonalei buruzko datuak.

Ikasketei buruzko datuak.

e) Datu pertsonalen lagapenak:

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa.

Legez xedatutakoak.

f) Organo arduraduna: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia.

g) Eskubideak gauzatzeko unitatea edo zerbitzua (aldatzeko, baliatzeko, indargabetzeko eta oposiziorako eskubideak):

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua (Zerbitzu Nagusiak) – Informatika Arloa.

Jose Atxotegi kalea 1, 01009 PK, Vitoria-Gasteiz (Araba).

h) Segurtasun-maila: ertaina.


Azterketa dokumentala