Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2017ko abuztuaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4258

AGINDUA, 2017ko abuztuaren 31koa, Hezkuntzako sailburuarena, itunpeko ikastetxe pribatuetako giroa euskalduntzeko 2017-2018 ikasturterako laguntza-deialdia zabaltzen duena.

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. artikuluan:

«Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara-giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzabideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez». Ildo beretik, Hezkuntza eta Kultura Sailaren 1983ko abuztuaren 1eko Aginduak (1983ko abuztuaren 19koa, 122. zk. duen EHAAn argitaratua), Euskal Autonomi Erkidegoko irakasmaila ez unibertsitarioetan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duen Uztailaren 138/1983 Dekretua garatzen duenak, bere 12. artikuluan, zera dio: «Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskola-giroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz».

Honen haritik, Nolega izeneko ekimen sorta moldatu zuen Hezkuntza Sailak 1984tik aurrera. Atal horrek, urte guzti hauetan eta gaur egun arte, etenik gabe hainbat ekimen bideratu, antolatu edota diruz lagundu du. Ahozko erabilera areagotzeari begira, deialdi sorta zabala eskaini izan du urtero. 2013-14 ikasturtetik aurrera, ikastetxe gisa arlo honi modu bateratuan erantzungo dion ekimena proposatu zuen. Horregatik, Nolega Deialdi Bateratuan lehengo ildo berezituak bildu dira: Ahozko Adierazpena (eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, kontalaritza eta irratigintza); Ikasgelaz kanpoko Ekintzak (IKE); Euskal Girotze Egonaldiak (EGE); eta Ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil).

Ikasleek hizkuntza arloko gaitasun guztiak eskuratzea da hezkuntza sistema honek duen egiteko nagusienetako bat, eta horrela jasotzen du Heziberri 2020 planaren marko berriak. Marko hori garatzen duen abenduaren 22ko 237/2015 Dekretuak, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak, honela dio, besteak beste, bere 9. artikuluan: «Haurrak entzuteko, adierazteko eta hitz egiteko gaitasuna garatu behar du». Horrez gain, 236/2015 Dekretuak, (abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena), horri ere egiten dio erreferentzia, bere 10. artikuluan, elebitasuna eta eleaniztasunaren gainean zera adierazten duenean: «bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza-sistemaren xedeetako bat (...), euskara hezkuntza-komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza-eskumenak dituen sailak».

Horretarako, ez da nahikoa ohiko klase emankizunetan lantzen diren gaitasunak jorratzea. Gelako metodologia erabat paradigma komunikatiboetan kokatzeaz gain, eskola esparruko beste hainbat ekimen osagarri ere eskaini beharko dizkio ikasleari. Batez ere, ikasleengan hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasuna bermatu nahi da. Horretarako, eskola-giroan hizkuntza lantzeko saiakera biziak eta naturalak egiten dira; saiakerok babestea eta sustatzea du helburu deialdi honek, ikaslearen bizipenetan, adierazpenetan eta irudikapenetan euskara txertatuz.

Beraz, orain artekoari jarraituz, bidera daitezkeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe eta beste aurrerapauso bat emanez, 2017-2018 deialdia egitea erabaki da.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen xedea 2017-2018 ikasturtean eskolaren eremuan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz diru-laguntza deialdia eta oinarri-arauak argitara ematea da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, aintzat hartuko dira bai 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena bai 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta halaber, diru-laguntza publikoak erregulatzen dituzten arauak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Epe biok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 31.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
OINARRI-ARAUAK

1.– Zein ekintzak lagunduko diren eta zeintzuk diren baldintzak.

Agindu honek jarduera hauek begiesten ditu:

a) Ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzea, eskola-giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio-jardueren bitartez: eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, irratigintza, kontalaritza eta ikasleen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz eskolara gonbidatuak ekartzea. Ezinbestekoa izango da antolatutako jardueren arduraduna ikastetxea bera izatea eta, horren izenean, ikastetxeko zuzendaria bera.

b) Ikastetxearen arlo akademikotik kanpo euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin eginiko jarduerak:

1) Ikastetxearen barruan arlo akademikotik kanpo euskaraz bizitzeko helburuarekin prestatutako jarduerak (hemen jarduerak duen bilakaera osoa diruz laguntzen da: lanketa fasea, emanaldia, atrezzoa, bibliografia, jantziak..).

2) Guraso, langile ez-irakasle edota irakasleentzat antolatutako berariazko jarduerak, beti ere horien helburua ikasleen erabilera areagotzea denean.

Ikastetxean euskararen erabilera sustatzeko egiten diren jarduerak modu zabalean hartuko dira kontuan deialdi honetan, alegia, ikastetxearen antolamenduarekin zein pertsonen dinamizazio-motibazioarekin zerikusia dutenak, eta dagokion ikastetxeko planean kontuan hartuta daudenak.

Deialdi honen barruan ez dira sartuko berariazko laguntza bide bat duten irakasleen prestakuntza edo berrikuntza-jarduerak: Irale, Prest Gara...

3) Erabilera areagotzeari lotutako ikasleen antolamenduzko jarduerak: hizkuntza paisaia, liburutegia, idatzizko arauak...

Ekimen hauen helburu nagusia euskararen erabileran ahozkotasuna dela kontuan hartuta, ez dira diruz lagunduko arte-lanketarako, gorputz- espresiorako, ikus-entzunezko efektuetarako eta abarretarako gastuak; ezta horrelako beste edozer hobetzeko erabiliko liratekeen gastuak ere.

a) Euskal giroan bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiak (EGE). Gutxienez 2 gaueko iraupena izan behar dute diruz lagunduak izateko.

Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak berariaz lagunduak direnez, ez dira kontuan hartuko deialdi honetan.

b) Euskal kultura, hizkuntza zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea helburu duten ikastetxeen arteko truke-irteerak (Ikabil).

Kultura molde, euskal hizkera zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzeko egiten diren ikastetxe-trukeak izango dira lagunduak. Truke orok 2 gaueko iraupena izan behar du, gutxienez. Normalean bi egonaldi izango dira, truke-kide bakoitzaren lekuan bana, alegia. Halere, salbuespen bezala, egonaldi bakarra egin ahal izango da, adostutako aterpe batean edo ikastetxe bakar baten herrian, bi ikastetxeen arteko distantziagatik edo beste arrazoiren bat dela medio.

Trukea EAEko ikastetxeen artekoa denean, ikastetxe biek bete behar dute eskabidea. Trukea Nafarroako edo Iparraldeko ikastetxe batekin egin nahi bada, berriz, EAEkoak soilik egingo du eskabidea, eta diru-laguntza osoaren jasotzailea ere bera izango da.

2.– Diru-baliabideak.

Laguntza deialdi honetarako erabiliko den diru-kopurua 150.000 eurokoa da.

3.– Eskabide elektronikoa.

1) Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi dutenek bide elektronikoaz egingo dituzte prozesu honetako tramitazio zein kontsulta guztiak.

2) E-Administraziorako Teknologi Plana (EATP) onartzen duten 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute tramitazio elektronikoa.

3) Eskabideak, erantzukizunpeko aitorpenak... elektronikoki nola tramitatu jakiteko argibideak, bai eta beste hainbat inprimaki-eredu ere https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/nolega/y22-izapide/eu gune elektronikoan daude eskuragarri.

Eskabidea egin ondoko tramiteak ondoko helbide elektroniko honetatik egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

4.– Onuradunak.

1) Laguntza-jasotzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuak izango dira. Deialdi honek Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, ikasgela barruan zein kanpoan, 2017-2018 ikasturtean burutzekoak diren jarduerak lagunduko ditu.

2) Onuradun izateko diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 13.2 artikuluan jasotzen dituen eskakizun guztiak bete beharko dira, besteak beste, Ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betekizun guztiak egunean izatea eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa-egunean izatea. Halaber, ezin izango dute deialdi honetan laguntzarik jaso zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian. Honen haritik, eskatzaileak arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena egin beharko du.

5.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak honako hauek dira:

1) Diru-laguntzak oinarri duen helburua lortzea, eta horretarako eskabidean zehaztutako helburu zehatzak burutzea.

2) Baldintzak bete direla egiaztatzea, eta diru-laguntza deialdiak dituen jarduerak bete direla eta helburuak lortu direla ziurtatzea. Horri dagokionez, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolaketari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, bere 50.3 artikuluan aitortzen dio Administrazioari onuradunaren Ogasun eta Gizarte Segurantzarekiko egoera aztertzeko eskumena bide telematikoa erabiliaz. Edozelan ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan aurreikusten du edozeinek uko diezaiokeela administrazioari arestiko eskumena, betiere, bere Ogasun eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunen aitorpena aurkezturik.

3) Egin daitezkeen egiaztatze eta kontrol finantzarioei men egitea, horretarako beharrezko informazio guztia aurkeztuz.

4) Diruz lagunduriko jarduerentzat bestelako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta izatekotan, deialdiaren bidez esleitutako diru-laguntza eskuratu aurretik.

5) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezarritakoa betetzea.

6) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoa betetzea, alegia, diru-laguntzen bidez burutzen diren ekimenen iragarki eta publizitatean ekimen diruz lagunduak direla aipatzea.

7) Jasotako diru-laguntza hartu dela egiaztatzen dituen agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontroleko jarduerak aurrera eraman ahal izateko.

8) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

9) Ikasleen aniztasuna aitortzea eta errespetatzea, eta gaitasun diferentea duten ikasleen beharretara egokitzeko aukerak ematea, askotariko errealitateak kontuan hartuta, deialdi honen esposizio-atalean aipaturiko 236/2015 eta 237/2015 Dekretuek arautzen dutenez.

10) Jasotako diru-laguntza zuritzeko unean Eusko Jaurlaritzak bere gune elektronikoan duen kurtso bukaerako azalpen memoria betetzea. Bertan ikastetxeak ekintzen berri emango du, ekimen arduradunen izen-abizenak zehaztuko ditu, eta diru-justifikazio orria izeneko dokumentua ere bete beharko du.

6.– Betebeharretan hutsegitea.

1) Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez, edota baldintzaren bat bete gabe uzten badu, diru-laguntza itzuli egin beharko dio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina arautzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera.

2) Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Hezkuntza sailburuordeak.

3) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzaren inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

7.– Deialdiaren organo kudeatzailea.

Honako deialdi honen kudeaketa Hezkuntza Sailaren, Hezkuntza Sailburuordetzaren, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

8.– Jarduerak burutzeko epea.

Laguntza-deialdi honek 2017-2018 ikasturtean burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak ikasturtearen bukaera baino lehen eskaini, eman, aurkeztu edota gauzatuko dira.

9.– Eskabidea eta formularioak aurkezteko prozedura.

1) Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/nolega/y22-izapide/eu gunean, eta bi urratsetan:

a) Lehengo urratsa edo aurre-eskabidea: bertan egin beharreko ekitaldiei lotutako datuak sartuko dira; aurre-eskabide horren zenbakia gorde beharko da.

b) Bigarren urratsa edo eskabidea: aurre-eskabidea bidali eta gero, eskabidea bete, sinatu eta bidali beharko da, balioztatua izateko. Eskabide hori eskuratu eta sinatu ahal izateko, beharrezkoa izango da identifikazio elektronikorako txartelaren bat edukitzea.

2) Eskabideak aurkezteko epea agindua EHAAn argitaratzen denetik hilabetekoa izango da. Epe hau hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da eskabiderik aurkeztu.

3) Ikastetxe bakoitzak eskabide-orri bakar bat aurkeztu ahal izango du deialdi honetara. Eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten badira, beti ere erregistratuta izan den azken eskabide-orria izango da balioztatua.

4) Administrazioan jasotako aurreskabide edota eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatzen bada, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio, ondo osa dezan. Epe horretan eskabidea osatzen ez badu, ikastetxeak bere eskabideari uko egin diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.

10.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

Baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiek diru-laguntza jasoko dute.

1) Ezarritako mugak errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz emango dira diru-laguntzok. Laguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu ikastetxe bakoitzeko 3.000 euroko muga.

2) Baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiak dira diru-laguntzen onuradun. Eskabideak aztertu eta ondorengo irizpideak kontuan hartuta laguntza-proposamenak egiteko ikastetxe bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio. Deialdiak duen diru-baliabidea puntuazio horien arabera banatuko da.

(Ikus .PDF)

11.– Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertu eta aurreko artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta laguntza-proposamenak egiteko, honako kide hauez osaturiko batzordea izendatuko du Hezkuntzako sailburuordeak:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo, bere ordez, Euskara zerbitzuburua: mahaiburu izango da.

– Berritzeguneetako hizkuntza-normalkuntzako hiru teknikari.

– Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuko teknikari bat, idazkari gisa.

12.– Ebazpena.

1) Batzordeak deialdiaren ebazpen-proposamena eta batzordearen akta helaraziko dizkio Hezkuntza sailburuordeari, eta honek dagokion ebazpena eman eta sei hilabeteko epean jakinaraziko du, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2) Ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren taulan argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3) Aurrekoari kalte egin gabe, organo kudeatzaileak oharrak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo mezu elektronikoen bitartez, eskabide-orrietan adierazitako telefono mugikor edo posta elektronikoaren helbideetara. Ohar horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen formalaren baliorik izango.

4) Aipaturiko epean berezko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da. Aginpidedun organoak, eskatutako diru-laguntzari buruzko berariazko ebazpena emateko betebeharra du.

5) Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

13.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Aurretiazko izaera duen ordainketa bakarrean gauzatuko da ordainketa eta Ebazpena argitaratu ondoren jarriko da tramitean. Diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar eguneko epean ikastetxe onuradunek diru-laguntzari espresuki uko ez badiote egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.

14.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Diru-laguntza jasotzen duten ikastetxeek, diru-laguntza jasotzen dutenetik 2018ko ekainaren 15era bitartean (azken egun hori barne) edukiko dute irekita berariaz sortutako honako aplikazio informatikoan elektronikoki bete ahal izateko: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak. Bertan, urtean zehar ikastetxeetan euskararen erabilera bultzatzeko ekintzen balorazio eta emaitzen galdeketa-memoriak eta diru-justifikazioa aurkituko dituzte betegarri. Data hauek hasi aurretik edo bukatu eta gero ezin izango da justifikaziorik bete.

Justifikazioa egiteko jarraibide zehatzak ondorengo helbide elektronikoan azalduko dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntzak/2017/nolega/y22-izapide/eu

15.– Datu Pertsonalen Babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokion Nolega izeneko 4. fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua, deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea, eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informazioa ematea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.


Azterketa dokumentala