Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2017ko abuztuaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4215

AGINDUA, 2017ko uztailaren 27koa, Osasuneko sailburuarena; horren bidez, laguntza ekonomikoen deialdia egiten da talde teknikoak sortu eta mantentzeko, adikzioen komunitateko prebentzio-programak garatzeko eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko, bai eta jarduera-esparru horietan jarrera osasungarriak sustatzeko ere, 2017ko ekitaldian.

Osasun Sailak du osasun publikoaren eta droga-mendekotasunen eskumena, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (2016ko azaroaren 28ko EHAA, 226. zk.).

Agindu honek 2017ko ekitaldirako arautzen ditu adikzioen arloan ohikoak diren laguntza-lerroak. Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko botere publiko guztiei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoan diharduten sektore guztietan, helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio txarrak saihestea eta, batik bat, osasunaren garrantziaz jabetu eta kontzientziatzea. Halaber, aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du osasunaren alorreko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez.

Osasun publikoa adikzioei eta droga-mendekotasunei arreta emateko ereduaren funtsezko oinarritzat joz, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak arlo hauek garatzen ditu: osasuna sustatzea, prebentzioa, eskaintza-murrizketa, asistentzia, gizarteratzea eta prestakuntza eta ikerkuntza. Lege honen helburua da adikzioei diziplina anitzeko ikuspegi integral batetik heltzea, ohitura osasungarriak lortzeko, eta osasun-kultura indartzea; eta horretan, osasuna sustatzea eta prebentzioa jarduera lehenetsia eta lehentasunezkoa izango dira.

Prebentzioaren arloan, komunitatearen eremua lehentasunezko eremuetako bat da, pertsonei eta horiek osatutako komunitateei ematen zaizkien zerbitzuen gertutasunagatik, eta udalerrietan eta mankomunitateetan garatzen dira lehentasunez. Zentzu horretan, agindu honen asmoa da komunitateko prebentziorako talde teknikoak sortzea eta mantentzea, bai eta adikzioen esparruan udalerriek beren toki- edo, dagokionean, foru-planetan gauzatzen dituzten programak eta jarduketak ere, horiek egin, garatu eta gauzatzea haien eskumena baita.

Bestalde, adikzioen esparruan nabarmendu beharrekoa da irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeen lana, apirilaren 7ko 1/2016 Legeak berak aitortutakoa, eta laguntza-lerro bat erakunde horiek alor horretan egiten dituzten proiektuak sustatzera bideratuko da.

Gainera, diru-laguntzaren xede diren jarduerek bat egin beharko dute 2017-2021 Euskadiko VII. Adikzioen Planaren edukiekin (2017ko ekainaren 27an Gobernuko Kontseiluak onartu zuena). Plana hau tresna estrategikoa izango da Euskadiko administrazio publiko guztien estrategiak eta jarduerak planifikatu, antolatu eta koordinatzeko, 2013-2020. aldirako Euskadiko Osasun Planak koherentea izango da eta erakunde onuradunek diseinatutako proiektuak kokatzea balio du. Era berean, Osasun Planak, ingurune eta jarrera osasungarrien lehentasunezko alorreko adikzioen helburuan, adikzioen eremuko lerro eta ekintzak garatu beharra aipatzen du.

Deialdi honi aplikatzen zaion administrazio-prozeduran bitarteko elektronikoak baino ez dira onartuko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuz deialdi honen interesdun izan daitezkeen pertsona juridikoek nahitaez erabili behar baitituzte baliabide elektronikoak administrazio publikoekin harremanetan jartzeko, edozein administrazio-prozedura egiteko.

Deialdi honek aurreko ekitaldiko edukiei eusten die, eta honako arau hauek osatutako esparru juridikoan kokatzen da: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, VI. titulua; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

Aginduak bete egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2017ko ekainaren 29ko aginduaren bidez onetsi ziren 2017ko ekitaldiko Osasun Sailaren diru-laguntzen plan estrategikoan ezarritako jarraibideak.

Hori guztia dela eta, eta deialdi honetarako nahikoa kreditu egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legearen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da osasun publikoaren eta adikzioen eremuan 2017. urtean emango diren diru-laguntzen deialdia egitea. Laguntza horiek, hain zuzen ere, adikzioen prebentziorako udal-taldeak sortzeko eta mantentzeko, adikzioen prebentzio komunitariorako udal-programa espezifikoak garatzeko, eta arrisku eta kalteak prebenitu eta murrizteko proiektuak egiteko dira, bai eta jarduera-esparru horietan jarrera osasungarriak sustatzeko ere.

2.– Hauek dira agindu honen bidez erdietsi nahi diren helburu orokorrak:

a) Mantentzea deialdi hau egiterakoan indarrean dagoen adikzioen alorreko Eusko Jaurlaritzaren instrumentu orokorraren edukiekin hobekien bat egiten duten programak eta proiektuak.

b) Premia berriak azaltzea, eta, behar horiek kontuan hartuta, horiei erantzungo dieten proiektu berriak bultzatzea.

c) Proiektuak eta programak hobetzen laguntzea, eta, horretarako, esku hartzeko protokoloen diseinu- eta sistematizazio-prozedurei jarraitzea.

3.– Aginduak bete egiten ditu Osasuneko sailburuaren 2017ko ekainaren 29ko aginduaren bidez onetsi ziren 2017ko ekitaldiko Osasun Sailaren diru-laguntzen plan estrategikoan ezarritako jarraibideak (euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarkien oholtzan argitaratu zen agindu hori).

2. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak eskuratzea bateragarria da jarduera bera finantzatzeko administrazio berak edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Diru-laguntzen zenbatekoak ezin du gainditu erakunde onuradunak garatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskabidearekin batera, helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturrien (edo halakorik ez izatearen) eta iturri horien eta, hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dauden laguntza-eskaeren zenbatekoaren erantzukizun-deklarazioa aurkeztu behar da.

3.– Jasotako laguntzaren eta diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, onartutako jardueraren aurrekontua baino gehiago bada, gehiegi emandako kopuru hori kendu egingo zaio eman beharreko diru-laguntzari.

3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bitartez egingo dira. Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zein egun eta ordutan eskaini zaion jakinarazpena jakinarazten den ekintzaren erakunde interesdunari edo, dagokionean, legezko ordezkariari edo baimendutako pertsonari, eta zeinetan sartu den hura haren edukira; une horretatik aurrera jakinarazpena gauzatutzat joko da. Jasota baldin badago jakinarazpena egin dela, eta hamar egun natural igarotzen badira edukira sartu gabe, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, eta izapidea egintzat joko da, betiere ofizioz edo hartzaileak eskatuta ez bada konprobatzen teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela sartzea.

3.– Laguntza hauek izapidetzeko bitarteko elektronikoak erabiltzea honako lege hauen bidez arautuko da: 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

4.– Bitarteko elektronikoak erabiltzeko jarraibideak osasun publiko eta adikzio-gaietan eskumena duen Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, euskadi.eus-en

– http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subvencion/cap2_manten_ eq_tec_2017/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

– http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subvencion/cap3_des_ pr_prevencion_2017/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

– http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckdrog06/es/contenidos/ayuda_subvencion/cap4_des_ pr_riesgos_danos_2017/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

4. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.

2.– Laguntza-eskabideen eta gainerako agirien aurkezpena, informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en, agindu honen 3. artikuluan izapidetze elektronikoaren prozeduraren eta jarraitutako jarduketen arabera.

Prozedura honetako izapidetze guztiak bitarteko telematikoen bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako ziurtagiri elektronikoetako edozein erabiliko dute. Esteka honetan kontsulta daitezke onartutako ziurtagiri elektronikoak: https://www.euskadi.eus/ y22-izapide2/es/contenidos/informacion/certificados_admitidos/es_cert_ele/certificados_electronicos.html

3.– Eskaeraren ondoko izapideak egoitza elektronikoan egingo dira, euskadi.eus/nirekudeaketak webgunearen bidez.

4.– Eskaerak, horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera, erakunde interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin batera aurkeztuko dira, agindu honen eranskinetan jasotako ereduaren arabera (eredu horiek eskuragarri daude Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en). Eskaerak, horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara bidali behar dira.

5.– Erakunde eskatzaileek beren hautazko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak eta horiekin batera aurkeztu beharreko gainerako agiriak. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen duen moduan.

6.– Erakunde kudeatzaileak behar hainbeste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, hala laguntza ematerakoan nola ordainketak gauzatzerakoan, erakunde horiek baimenik eman behar izan gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.

7.– Eskabideetan aukera emango dute erakunde eskatzaileek Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari baimena espresuki eman diezaioten datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen eskumenen kalterik gabe.

Aitortutako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatutako pertsona fisikoen nortasunari dagokionez, ez da beharrezko izango inolako agiririk aurkeztea.

Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/

8.– Erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak, eta ez dute egon beharko artikulu horren 2. eta 3. zenbakietan zerrendatzen diren inguruabarretako batean ere.

9.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.6 artikulua eta azaroren 17ko 38/2003 Legearen (Diru-laguntzei buruzkoa) 13.7 artikulua aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez betebehar hauek egiaztatuko dira eskabide normalizatuan:

a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturi xede berberarekin diru-laguntzak eskatu eta, hala badagokio, lortu direla jakinaraztea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzaren edo diru-laguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduretan sartuta ez dagoela edo horrelakoren bat bukatuta ez duela egiaztatzea.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko laguntzaren edo diru-laguntzen esparruan hasitako dena delako edo zehapen-prozedura, antzeko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk eman izanaren inguruan hasitakoak.

c) Egiaztatzea erakunde eskatzaileak ez duela zehapen administratibo edo penalik jaso, dagokion epaiak edo ebazpen irmoak ezartzen duen epean laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen diona, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean jasota dagoen debekua barne.

d) Legez eratutako eta Euskal Autonomia Erkidegoaren dagokion erregistroan izena emandako erakundea.

10.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpenetan jasotako datu guztiak egiazkoak direla egiaztatu beharko da beren burua onuradun izateko aurkezten dutenek ordeztutako agiriak aurkeztuz edo erakunde kudeatzaileari horiek egiaztatzeko baimena emanez, dena delako laguntza edo diru-laguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

11.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

5. artikulua.– Instituzio eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Kasuan-kasuan aplikagarriak izan daitezkeen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 14. artikuluan jasotako betebeharrez gainera, instituzio eta erakunde onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte, agindu honetako artikuluetan ezarritakoez gain:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen ere, onartutzat emango da diru-laguntza baldin eta diru-laguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntza horri espresuki uko egiten ez badiote.

b) Diru-laguntzaren xede diren jardueren helburua edo izaera aldatzen duten gorabeheren berri ematea.

c) Osasun Sailarekin lankidetzan jardutea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan.

d) Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren babesa adieraztea, diru-laguntza jasotzen duten jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko eta argitaratzeko badira.

e) Diru-laguntzen xedea eta aplikazioa bermatzea erlazio-berme edo berme errealekin, aplikagarriak badira abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren Lehen Tituluaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena).

f) EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. planean jasotako konpromisoak betez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan adierazitakoarekin bat eginez, agindu honetako jardueren ondoriozko memoria, proiektu eta gainerako testuak idaztean hizkuntza ez sexista erabiliko da.

g) «Datuen alta/hirugarren alderdi interesduna» inprimakia igortzea aurreko diru-laguntzetara aurkeztu ez denean edo aldaketak izan direnean. Esteka honetan lor daiteke inprimaki hori: http://www.emakunde.euskadi.eus/u72-subemaku/es/contenidos/ autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzak jasotzeko eskabideak osorik betetzen ez badira, edo laguntza-kapitulu bakoitzean zerrendatutako dokumentazioa faltan badute, errekerimendua egingo zaio telematikoki interesdunari, hamar eguneko epean zuzendu ditzan akatsak edo aginduzko dokumentuak aurkeztu. Hauxe ere jakinaraziko zaio: hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan zehaztutakoaren arabera.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero –betiere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo beste diru-laguntzarik pilatuz gero –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emana izan–, diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, diru-laguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta diru-laguntza jaso duten instituzioek eta erakundeek itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua, artikulu honetako 12. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

8. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Droga-mendekotasunarekin erlazionatutako laguntzak eta diru-laguntzak» eta «Laguntzak jasotzea dagokien entitateak» fitxategi automatizatuetan sartuko dira, Osasun eta Kontsumo sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoaren Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (DBLO) xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horien helburua diru-laguntzen espedienteak kudeatzea da, eta datuen segurtasuna bermatzeko segurtasun-neurri guztiak dituzte; hain zuzen ere, datu horiek ez zaizkie hirugarren batzuei jakinaraziko, legez ezarritako kasuetatik kanpo. Nahi dutenek aukera dute espresuki DBLOk aitortutako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabiltzeko; horretarako, idazki bat igorri beharko diote Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

9. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzak. Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da, eta hauek izango dira batzordearen kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria –batzordeburua izango da–; Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren koordinatzaile soziosanitarioa, Osakidetzako osasun mentalaren sareko koordinatzailea eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeak edota haien ordezkaritza dutenak. Kide anitzeko organoko Idazkaritza beteko du batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak. Balioespen-batzordeko osaera parekidea bilatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 3.7 artikuluan xedatutakoa bete dadin.

Balioespen-batzordearen funtzionamenduari dagokionez, modu osagarrian beteko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan jasota daudenak.

3.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzak jasotzeko, erakundeek egiaztatu beharko dute eskaerek, behar den epean eta moduan aurkezturik, agindu honen 14. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

4.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzetara aurkeztutako proiektuak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aztertu eta balioetsiko ditu, eta, gainera, irizpen espezializatuetara jotzeko aukera ere izango du.

5.– Diru-laguntzak Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez emango dira.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak edo balioespen-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute, bai eta erantsitako datuak erkatzeko eta beharrezko diren egiaztapenak egiteko ere, diru-laguntzak behar bezala esleitzeko.

2017ko azaroaren 30a baino lehen ebatzi behar dira agindu honen bidez emango diren laguntzetarako eskabideak.

6.– Laguntzak emateko ebazpenek erakunde onuradunaren betebeharrak adieraziko dituzte, agindu honen 5. artikuluan baitaude aurreikusita betebehar horiek, eta espresuki aipatuko dute onuradunaren beste betebehar bat: laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ematea.

7.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinarazi behar direla ahaztu gabe, xedapen honen babesean emandako diru-laguntzen onuradunak diren erakundeen zerrenda (esleitutako kopuruak adierazita) eta hasiera batean emandako diru-laguntza aldatu zaienena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

8.– Osasuneko sailburuordeak agindu honi jarraiki ematen dituen emateko edo ukatzeko ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, dena delako ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

10. artikulua.– Isiltasunez ukatzea.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko aurreko artikuluan ezarritako epea igaro ondoren berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu ebazpena espresuki emateko betebeharra.

11. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.

1.– Agindu hau betetzeko, gehienez ere, 2.618.400 euro erabiliko dira. Adierazitako zenbatekoa honela zatikatuko da II-IV. kapituluetako lerroen artean:

a) Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortu eta mantentzeko (II. kapitulua): 1.174.135 euro.

b) Tokiko planei eta ohitura osasungarriak sustatzeko planei lotutako adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko, jarduera-eremu horretan (III. kapitulua): 561.765 euro.

c) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko proiektuak egiteko eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak sustatzeko (IV. kapitulua): 882.500 euro.

2.– II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura iristen ez bada, 17. artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbatekoraino, edo eskatutako zenbatekoraino, txikiagoa balitz, laguntzen artean banatuko da zuzkidura, behar adina funts egongo balitz laguntzei legokiekeen zenbatekoaren proportzioan.

3.– II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako laguntzetan uko egiterik gertatuz gero, emandako diru-laguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat idatziko da, zeinak, emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta, uko egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko baitu.

12. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bai eta sortutako berandutze-interesak ere, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoak.

2.– Agindu honen 5. artikuluan adierazten den edozein betebehar ez bada betetzen, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Artikulu horretan jasotzen ez denerako, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken hori Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91-93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, baldin eta emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutza-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, dirua itzultzeko arrazoi izango da agindu honen 7. artikuluan aipatzen diren baldintzak aldatzea. Itzuli egin beharko da diru-laguntza aldatzeko ebazpenean ezarritako zenbatekotik gora jaso den dirua. Ebazpen hori emateko, agindu honetan diru-laguntzak esleitzeko irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezkoak diren prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena da dekretu hori).

6.– Aipatutako zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango da.

13. artikulua.– Itzultzeko prozedurak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzen itzultze-prozedura:

Prozedura hasteak eten egingo ditu, hala badagokio, oraindik egiteko dauden ordainketak.

Osasuneko sailburuordeak itzultzeko prozeduraren hasiera eta horren funtsezko arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari. Halaber, 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

Alegazioak jaso eta gero, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.

Itzultzeko prozeduraren gehienezko epea hamabi hilabetekoa izango da.

Ez-betetzeren bat egon dela erabakiz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du. Hala badagokio, bidezko zenbatekoak Euskal Herriko Altxortegi Orokorrari itzultzeko beharra dagoela ere adieraziko du. Horretarako epea bi hilabetekoa izango da, gehienez ere. Ebazpena jakinarazten den egunean hasiko da epea. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Dagozkion kopuruak borondatezko aldian itzuli ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.

II. KAPITULUA
TALDE TEKNIKOAK SORTU ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK

14. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Adikzioen prebentzio komunitariorako talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko laguntzak, 8.000 biztanletik gorako EAEko herrietako toki-erakundeek (udalak edo mankomunitateak) eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta adikzioei buruzko toki-plan bat onartua edo idazte-fasean badute eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak egiten ari badira.

Halaber, adikzio-gaien arloko talde teknikorik eratzeko behar besteko ahalmenik ez duten 8.000 biztanletik beherako udalerriei begira, honako erakunde hauek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek:

a) EAEko foru-aldundiek, baldin eta toki-erakundeen multzo bateko biztanleen beharrei erantzuteko teknikariak badituzte eta baldintza hauek betetzen badituzte:

– Toki-erakundeen multzo horrek mankomunitaterik ez osatzea (mankomunitatea osatuz gero, mankomunitatea bera izango litzateke hartzailea).

– Arreta eskainitako populazioa guztira 8.000 biztanle baino gehiagokoa izatea.

b) Hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten teknikariak dituzten EAEko udalak, baldin eta arreta ematen zaien herri horien populazioa, guztira, 8.000 biztanletik gorakoa bada.

2.– Agindu honen 15.2 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, adikzioen prebentzio komunitariorako eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko talde teknikoek funtzio nagusitzat izango dute Droga-mendekotasunen eta adikzioen arreta osoari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 67.1.a) eta 68.1.a) artikuluei erreferentzia egiten dioten foru-aldundiaren edo tokiko erakundeen planean ezarritako helburuak betetzea.

15. artikulua.– Talde teknikoen baldintzak, funtzioak eta osaera.

Talde teknikoek, kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasoko badituzte, ezinbesteko baldintza izango dute ondoko paragrafoetan xedatutakoari egokitzea, betekizunei, eginkizunei eta osaerari dagokienez:

1.– Talde teknikoek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan adikzioen prebentzio komunitarioari eta esparru horretan ohitura osasungarriak garatzeari lotutako politika eraginkortasunez gauzatzeko lanbide-trebakuntza egokia izatea.

b) Tokiko erakunde eskatzailearen gizarte-zerbitzuen jarraibideak kontuan izanik jardungo du talde teknikoak, zeinaren kontratazioaren kostu ekonomikoa erakunde eskatzaileak hartuko baitu bere gain.

2.– Talde teknikoek, agindu honen 14.2 artikuluan xedatutakoaz gain, eginkizun hauek izango dituzte:

a) Adikzioen fenomenoak komunitatean duen garrantzia behar bezala ezagutzeko nahitaezkoak diren ekintzak garatzea eta osasunarentzat onuragarriak diren bizitza-ohiturak sustatzea, adikzioen esparruan ohitura osasungarriak eta osasuna lortzeko hezkuntza sustatuz.

b) Udal-arloei eta erakunde laguntzaileei aholkularitza ematea adikzioen esparruko jardueren plangintzan eta adikzioen inguruko Tokiko Planak egikaritzean bai eta esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzean, esku-hartze integrala eta koordinatua lortzeko.

c) Pertsonak, familiak eta kolektiboak komunitatean eskuragarri dauden gizarte-baliabideei buruz informatzea eta gai horretan aholkatzea eta, hala badagokio, ohiko gizarte-laguntzara edo zerbitzu espezializatuetara bidaltzea edo bideratzea (hala eskatzen duten kasuetan).

d) Beren funtzioak garatzean osasun- eta hezkuntza-zerbitzuekin eta arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta esparru horretan osasuna sustatzeko zerbitzuekin lankidetzan aritzea.

e) Administrazio publikoei laguntzea eta irabazi-asmorik gabeko ekimen pribatuak sustatzea. Batik bat, Eusko Jaurlaritzak sustatutako udalez gaindiko esparruko proiektuak gauzatzen lagunduko dute.

f) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko berariazko jardun-programen garapenean aurreikusten diren jarduerak, bai eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak sustatzeko jarduerak.

3.– Adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoek langile hauek eduki behar dituzte:

a) 8.001 biztanletik 20.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duen pertsona bat, lanaldi osoan.

b) 20.001 biztanletik 45.000ra bitarteko populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duen pertsona bat, lanaldi osoan, eta administrari laguntzaile bat, lanaldi erdian.

c) 45.000 biztanletik gorako populazioa duten toki-erakundeetan: goi-mailako edo erdi-mailako titulazioa izango duten bi pertsona eta administrari laguntzaile bat, guztiak lanaldi osoan.

d) Foru-aldundientzako eta hurbileko beste herri batzuen beharrei erantzuten dieten udalentzako laguntzei dagokienez, gainerako toki-erakundeen baldintza berberetan finantzatuko dira taldeak, alegia, kontuan harturik zenbat biztanle dituen toki-erakundeen multzo bakoitzak.

16. artikulua.– Eskabideen memorietan jaso beharreko datuak.

1.– Talde teknikoak sortzeko eta mantentzeko eskabidearen eredua agindu honen I. eranskinean dago eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan eskura daiteke, euskadi.eus-en.

2.– Eskaeretako memoriek bat etorri behar dute agindu honen II. eranskinean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan, euskadi.eus-en, jasotako ereduarekin, eta gutxienez datu hauek jaso behar dituzte:

a) Talde teknikoen deskribapena; helburuak, aurreikusitako proiektuak, eta zerbitzua emateko modua jasoko dira bertan.

b) Talde teknikoak osatuko dituzten pertsonen kopurua: izen-abizenak, lanbide-maila eta titulazioa, lanaldi mota (osoa edo erdia, ehunekoa adieraziz), droga-mendekotasunei eskainitako lanaldiaren ehunekoa (lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak), lan-kontratuaren hasiera eta amaiera eguna eta taldekide bakoitzaren lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).

c) Zerbitzuak erabil ditzakeen baliabide materialak.

3.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.

4.– Zerbitzua kontratatuta duten udalek azpikontratatutako erakundearekin duten kontratuaren kopia bat aurkeztu behar dute. Kontratuan agertzen ez bada, informazio hau eman behar da:

a) Kontratatutako langileen prestakuntzari dagokion jatorrizko titulua edo fotokopia.

b) Kontratatuek adikzioen prebentzio komunitarioari eskainitako denbora (orduak, lanpostuari dagozkion funtzioak eta garatutako egiteko zehatzak).

c) Kontratatutako langile horien lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).

17. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Osasun Sailak, 2017. urteari dagokion aipatutako talde teknikoetako langileen kostuaren % 75 finantzatu ahal izango du. Ehuneko hori aplikatuko zaion oinarria ez da ezein kasutan ondokoak baino handiagoa izango:

a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administrazio-langilea lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

2.– Ordainketa zatika egingo da. % 80 laguntza onartzean ordainduko da, eta gainerako % 20a, berriz, ekitaldia amaituta eta dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak egiaztagiria eman ondoren. Hauek jaso beharko dira egiaztagiri horretan: eskabidean exijitutako talde teknikoak osatu dituzten pertsonen datuak eta talde tekniko horien kontratazioaren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa. Ezarritako ereduaren araberakoa izan behar du ziurtagiri horrek, eta 2018ko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu behar da.

Era berean, Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzara justifikazio-memoria bat bidali beharko da, diruz lagundutako jarduera edo proiektua balioetsiz eta zenbateraino bete den adieraziz. Ez du horrelakorik aurkeztu beharko agindu honen III. kapituluko laguntzak eskatu baditu erakundeak; azken kasu horretan, 21. artikuluan adierazitako justifikazio-memoria besterik ez du aurkeztu beharko.

Justifikazioak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, euskadi.eus/nirekudeaketak helbidearen bidez. Justifikazioa-memoriaren eredua jasota dago agindu honen III. eranskinean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan izango da eskuragarri.

Informazioa eta prozedura eskura izango dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

III. KAPITULUA
ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIOKO PROGRAMAK GARATZEKO ETA JARDUERA-EREMU HORRETAN OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honen xedea da: 2017an zehar EAEko toki-erakundeei arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko, bai eta ohitura osasungarriak sustatzeko programak eta esku-hartzeak garatzeko emango zaizkien diru-laguntzak arautzea. Programa eta esku-hartze horiek adikzioen edo droga-mendekotasunen alorreko tokiko planetan egon behar dute, –plan horiek onartuta edo prestatzeko prozesuan daudela–. Udalek banaka edo mankomunatuta prestatu eta garatu behar dituzte plan horiek, eta ekintza egituratu eta koordinatuen multzo ordenatu bat osatu behar dute.

2.– Adikzioen prebentzio komunitariorako proiektuak garatzeko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, zuzenean edo erakunde espezializatuekin lankidetzan, haien lurralde-esparruan adikzioen prebentzio komunitariorako programak kudeatzen dituzten toki-erakundeek. Halako programatzat hartuko dira gizarte-komunitatearen gaitasuna sustatzeko helburua dutenak, adikzioen fenomenoari heltzeko jarduerak garatzen dituztenak, eta esparru horretan ohitura osasungarriak bultzatu zein osasunerako hezkuntza sustatzen dutenak.

19. artikulua.– Eskabideen memoriek eta dokumentazio osagarriak eduki behar dituzten datuak.

1.– Eskaera egin duen erakunde bakoitzak diru-laguntzarako eskabide bakarra aurkeztu behar du, garatu beharreko jarduerak finantzatzen laguntzeko; horrenbestez, egin nahi dituzten proiektuak programa bakar batean bildu behar dituzte. Eskabidearen eredua agindu honen IV. eranskinean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan aurki daiteke.

Eskabideen memoriak agindu honen V. eranskinean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan argitaratutako ereduaren araberakoak izan behar dute, eta gutxienez datu hauek jaso behar dituzte:

a) Programa aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezkatzen duen zer kargurekin, eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa etab.

b) Programaren izendapena.

c) Erakunde sustatzailea.

d) Programako harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) 2017-2021 Euskadiko Adikzioen VII. Planean txertatzea proiektua, jarduketa-ardatza, helburua eta eremua zehazten, 2013-2020ko Osasun Planean jasotakoaren arabera, bai eta programa osatzen duten proiektu bakoitzak zer kostu izango duen.

f) Programa txertatzea adikzioen tokiko planean edo tokiko planaren ildo estrategikoetan, lantzeko fasean baldin badago.

g) Programa nola garatuko den (deskribapena).

h) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

i) Programaren eta programa sustatzen duen erakundearen historia laburra.

j) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

k) Programaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.

l) Programaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

m) Programaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

n) Programaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta diru-sarrerak.

2.– Laguntzak jasoko dituzten erakundeek «Erantzukizunpeko adierazpena» ereduan adikzioen tokiko planaren atala bete behar dute, eta jaso plana indarrean dagoela. Plan hori egiten ari diren erakundeen kasuan, erakunde horretan fede publikoa duen pertsonaren ziurtagiria aurkeztuko da, plana prestatzen ari direla egiaztatzeko.

20. artikulua.– Esleipen- eta haztapen-irizpideak.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jardueraren biztanle-estaldura: 11 puntu, gehienez.

c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetza gauzatuz, bai eta sare-lana sustatuz: 6 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 3 puntu, gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduerak edo proiektuak jarraipena izatea: 6 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiek zehatz bete eta justifikatu izana lehendik diruz lagundutako programak/proiektuak: 3 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea, helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia gisa hartua: 14 puntu, gehienez.

i) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko programaren xede diren kolektibo edo pertsonen arrisku-maila (egoera ahula edo gizarte-bazterketa bezala ulertuta, hau da, kontsumo edo jarrera gatazkatsuak edo bestelako arrisku-egoera batzuk eragin ditzaketen ezaugarri pertsonalak, sozialak, familiakoak edo ingurumenekoak), batik bat alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programen xede diren adingabeen kasuan: 10 puntu, gehienez.

j) Programaren eraginkortasuna: programaren kostuaren, onuradun-kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.

k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; droga-mendekotasunaren arloko prebentzio komunitariorako proiektu batek genero-ikuspegia kontuan hartzen duela ulertuko da diseinatzean, gauzatzean eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintzak eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, programa baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, programa batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

21. artikulua.– Zenbatekoa eta ordaintzeko era.

1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 finantzatu ahal izango du gehienez ere. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako programaren aurrekontu osoa. Eskabidean deskribatu eta programa osatzen duten proiektu guztietarako egokia eta doitua izan behar du aurrekontuak. Programaren zuzeneko kostuak baino ez dira onartuko.

Programa bakar batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 10 baino gehiago.

2.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 ordainduko da laguntza onartzen denean, eta gainerako % 20 2018ko martxoaren 1 baino lehenago Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari diru-laguntza justifikatzeko memoria bidali eta gero. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako programaren betetze-maila eta programaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan erakunde onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

3.– Justifikazioak agindu honen VI. eranskinean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan dagoen ereduaren araberakoak izango dira, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontu sinplifikatua. Justifikazio-kontua erantzukizunpeko adierazpen bat da; hor jasoko dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta programari egozteko ehunekoa.

Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko errealak zein izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Erakunde kudeatzaileak justifikazioen ausazko lagin teknikoaren bidezko egiaztapena egingo du, diru-laguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko eta horretarako pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.

Aurretik aipatutako justifikazio-kontuaz gain, dagokion toki-erakundean fede publikoa duen pertsonak egindako ziurtagiria ere eskatuko da, gauzatutako aurrekontua egiaztatzeko.

4.– Justifikazioak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, euskadi.eus/nirekudeaketak helbidearen bidez. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

IV. KAPITULUA
ARRISKUAK ETA KALTEAK PREBENITZEKO ETA GUTXITZEKO PROIEKTUAK EGITEKO ETA ADIKZIOEN ESPARRUAN OHITURA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Xedea eta erakunde onuradunak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte 2017. urtean adikzioen eremuko arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko, bai eta jarduera-esparru horretan ohitura osasungarriak sustatzeko proiektuak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek, baldin eta baldintza hauek ere betetzen badituzte:

a) Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo -erroldetan behar bezala erregistratuta egon behar dute diru-laguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte intereseko helburua lortzea sustatu behar dute.

c) Bere jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea.

d) Administrazioaren arauei eta programazioari egokitzea.

e) Beren proiektuak eta aurrekontuak botere publikoen kontrolpean jarri behar dituzte.

2.– Agindu honen ondorioetarako, arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta gutxitzeko eta adikzioen esparruan ohitura osasungarriak garatzeko proiektuak izango dira helburu hauek dituzten ekintzak bideratzen dituztenak:

a) Osasunerako hezkuntza sustatzea.

b) Adikzioei lotutako kalteak gutxitzea.

c) Drogen gehiegizko erabilera eta adikzio-jokabideak murriztea.

d) Legezko eta legez kanpoko drogak hartzen dituztenei edo substantzia batek eragin gabe ere adikzioren bat dutenei ahalik eta informazio eta gaikuntza gehien ematea.

e) Gizartea sentsibilizatzea eta laguntza ematea, hala nola baliabideen koordinazioa, planifikazioa, diseinua eta agente komunitarioen parte hartzea sustatzea.

3.– Laguntza-lerro honetatik kanpo geratuko dira eta dagokien aginduaren bitartez arautuko dira hauek:

a) GIB/HIESaren arriskuak eta kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzea xede duten proiektuak.

b) GIB/HIESa duten pertsonentzako proiektuak.

c) Arrisku txikiagoko kontsumorako materiala banatzea (xiringak trukatzea...) helburu duten kalteak prebenitu, kontrolatu edota gutxitzeko proiektuak.

23. artikulua.– Eskabideen memorietan jaso beharreko datuak.

Proiektu bakoitzeko eskabide bat bete behar da; eskabide horren eredua agindu honen VII. eranskinean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan ageri da.

Eskabideen memoriak aurkezteko erabili behar den eredua agindu honen VIII. eranskinean jaso da eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan argitaratuko da, eta gutxienez datu hauek jaso behar dira:

a) Proiektua aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezkatzen duen zer kargurekin, eta kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa etab.

b) Proiektuaren izena.

c) Erakunde sustatzailea.

d) Programako harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) 2017-2021 Euskadiko Adikzioen VII. Planean txertatzea proiektua, jarduketa-ardatza, helburua eta eremua zehazten, 2013-2020ko Osasun Planean jasotakoaren arabera, bai eta programa osatzen duten proiektu bakoitzak zer kostu izango duen.

f) Proiektua nola garatuko den (deskribapena).

g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen historia laburra.

i) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu bereziak eta helburu operatiboak.

k) Proiektuaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

m) Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banaturik, eta proiekturako diru-sarrerak.

24. artikulua.– Esleipen- eta haztapen-irizpideak.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak esleitzeko prozedura, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira laguntzak. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balioespen-irizpideak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartze aldera. Hauek dira balorazioa egiteko eta haztatzeko irizpideak:

a) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean: 12 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka hartzaile edo onuradun izango diren pertsonen kopurua. Jardueraren biztanle-estaldura: 11 puntu, gehienez.

c) Jarduera egikaritzea gizarte-ekimeneko, gizarte- eta osasun-eremuetako edo eremu soziosanitarioko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuz eta lankidetza gauzatuz, bai eta sare-lana sustatuz: 6 puntu, gehienez.

d) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 3 puntu, gehienez.

e) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduerak edo proiektuak jarraipena izatea: 6 puntu, gehienez.

f) Erakunde horiei lehenago diruz lagundutako proiektuak zehatz betetzea eta justifikatzea: 3 puntu, gehienez.

g) Erakunde eskatzailearen parte-hartze ekonomikoa: 3 puntu, gehienez.

h) Ebaluazioaren kalitatea, helburu operatiboen eta datuak eskuratzeko metodoaren artean koherentzia gisa hartua: 14 puntu, gehienez.

i) Arriskuak eta kalteak prebenitzeko proiektuaren xede diren kolektibo edo pertsonen arrisku-maila (egoera ahula edo gizarte-bazterketa bezala ulertuta, hau da, kontsumo edo jarrera gatazkatsuak edo bestelako arrisku-egoera batzuk eragin ditzaketen ezaugarri pertsonalak, sozialak, familiakoak edo ingurumenekoak), batik bat alkoholaren kontsumoa prebenitzeko programen xede diren adingabeen kasuan: 10 puntu, gehienez.

j) Proiektuaren eraginkortasuna: alegia, proiektuaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta proiektua aplikatzeak eragiten dituen onuren artean harremana egotea: 14 puntu, gehienez.

k) Genero-ikuspegia kontuan hartzea; droga-mendekotasunaren arloko prebentzio komunitariorako proiektu batek kontuan hartzen du genero-ikuspegia, diseinatu, gauzatu eta ebaluatzean gizon eta emakumeen egoera, baldintzak eta behar desberdinak aintzat hartzen baditu: 6 puntu, gehienez.

l) Diagnostikoaren kalitatea: beharrak eta hutsuneak antzemateko azterketa gisa planteatutakoa bat etortzea eragin nahi diren faktoreekin eta eskuratu nahi diren helburuekin: 12 puntu, gehienez.

2.– Aurreko atalean jasotako irizpideak erabiliz eskabideen artean lehenespena ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta laguntza-lerro horretarako izendatutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta sortzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezin da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

25. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.

1.– Osasun Sailak aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontuaren % 75 arte finantzatu ahal izango du. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa, zeinak eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar duen.

Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuarekin zuzenean eta modu objektiboan zerikusia duten jarduerei dagozkien gastuek diru-laguntza jasoko dute. Erakundearen berezko langileen zuzeneko gastuen barruan, diru-laguntzadun proiektua zuzenean egikaritzeko beharrezkoak direnak, langileen dedikazioa eta lanpostu-maila adierazi beharko dira. Langileen zuzeneko gastu horiek ezingo dira izan zenbateko hauek baino handiagoak:

a) Goi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 45.470 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako langile teknikoa lanaldi osoan, urteko 37.245 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administrazio-langilea lanaldi osoan, urteko 30.024 euro gordin (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulegoko materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak, betiere diru-laguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira, formulazioa, jarraipena eta ebaluazioa egin ahal izateko) ezin dira proiektuaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan.

Proiektu batek ere ez du jasoko kapitulu honi dagokion diruaren % 6 baino gehiago.

2.– Ordainketa zatikatua egingo da; % 80 ordainduko da laguntza onartzen denean, eta gainerako % 20a 2018ko martxoaren 1 baino lehenago Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari diru-laguntza eskuratzeko memoria bidali eta gero. Memoria horretan jasoko dira diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila eta proiektuaren garapenaren balorazio kualitatiboa, bai eta adikzioen esparruan erakunde onuradunek egindako beste jarduera batzuei buruzko informazioa ere.

3.– Justifikazioak agindu honen IX. eranskinean eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan dagoen ereduaren araberakoak izango dira, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua erantzukizun-deklarazio bat da; hor jaso behar dira onartutako aurrekontu guztia, bai eta gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda ere, adieraziz zer dokumentu mota den, norena, nork edo zer erakundek eman duen, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egozteko ehunekoa. Aurrekontuak adieraziko du aurreikusitako zenbatekoa eta zenbateko errealak zein izan diren, bai eta diruz lagundutako jarduera finantzatzeko beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Erakunde kudeatzaileak justifikazioen ausazko lagin teknikoaren bidezko egiaztapena egingo du, diru-laguntza behar bezala aplikatu dela ziurtatzeko, eta, horretarako, pertsona onuradunari eska diezaioke hautatutako gastuen ordainagiriak bidaltzeko.

Gainera, diru-laguntza behar bezala esleitu dela egiaztatzeko, diruz lagundutako jardueraren gastuen ordainagiriak egiaztatuko ditu, lagin adierazgarri baten gainean, diru-laguntza eman denetik eta hurrengo bost urtetan, Osasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak, dagozkion gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzei kalterik egin gabe. Beraz, erakunde onuradunek gorde beharko dituzte eta eskuragarri izan, laguntza jaso den datatik bost urteren buruan gutxienez, jaso den diru-laguntzari dagozkion gastuak egiaztatzen dituzten dokumentuak.

4.– Justifikazioak baliabide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, euskadi.eus/nirekudeaketak helbidearen bidez. Informazioa eta prozedura eskura izango dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak euskadi.eus-en duen egoitza elektronikoan, 3. artikuluan aurreikusitako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jardueren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira bi epe horiek.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan aurreikusten ez diren alderdi guztietarako, arau hauek aplikatuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Jarraibideak.

Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko eta betetzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondoreak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

I. ERANSKINA
DROGAMENDEKOTASUNEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO UDAL TALDE TEKNIKOAK SORTU ETA MANTENTZEKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DROGAMENDEKOTASUNEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO UDAL TALDE TEKNIKOAK SORTU ETA MANTENTZEKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDEAREN MEMORIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIOA/ZIURTAGIRIA DROGAMENDEKOTASUNEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO UDAL TALDE TEKNIKOAK SORTU ETA MANTENTZEKO DIRU-LAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
DROGAMENDEKOTASUNAREN TOKIKO PLANETAN ADSKRIBATUTAKO ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO ETA ESPARRU HORRETAN JOKAERA OSASUNGARRIEN SUSTAPENERAKO PROGRAMAK GARATZEKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO ETA ESPARRU HORRETAN JOKAERA OSASUNGARRIEN SUSTAPENERAKO UDAL PROGRAMAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZA ESKAERAREN MEMORIA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
DROGAMENDEKOTASUNAREN TOKIKO PLANEN BARRUAN ADIKZIOEN PREBENTZIO KOMUNITARIORAKO ETA ESPARRU HORRETAN JOKAERA OSASUNGARRIEN SUSTAPENERAKO PROGRAMAK EGITEKO DIRULAGUNTZAK JUSTIFIKATZEKO MEMORIA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
ADIKZIOEN JARDUN-EREMUAN PREBENTZIORAKO ETA ARRISKUAK ETA KALTEAK GUTXITZEKO ETA JOKAERA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO PROIEKTUAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDEA
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
ADIKZIOEN JARDUN-EREMUAN PREBENTZIORAKO ETA ARRISKUAK ETA KALTEAK GUTXITZEKO ETA JOKAERA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO PROIEKTUAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDEAREN MEMORIA
(Ikus .PDF)
IX. ERANSKINA
ADIKZIOEN JARDUN-EREMUAN PREBENTZIORAKO ETA ARRISKUAK ETA KALTEAK GUTXITZEKO ETA JOKAERA OSASUNGARRIAK SUSTATZEKO PROIEKTUAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZAK JUSTIFIKATZEKO MEMORIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala