Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

158. zk., 2017ko abuztuaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4140

AGINDUA, 2017ko uztailaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko diru-laguntzak arautzeko eta horien deialdia iragartzeko dena, 2017. urtean.

Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eta sare horri dagokio, besteak beste, liburutegiei laguntza-programak eta -zerbitzuak ezartzea, nagusiki informatika-sareak antolatzeko, irakurketa eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak bultzatzeko eta funtsez edo bestelakoez hornitzeko.

Bestalde, apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, dio Liburutegi Zerbitzuaren eskumenekoa dela Euskadiko liburutegi-sistemaren planifikazioa, funtzionamendua eta koordinazioa garatu eta betetzea, baita irakurketa sustatzeko neurrien diseinua ere.

Hori dela eta, eta jakinik haurtzaroan eta gaztaroan errazago hartzen dela liburuekiko zaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du lehentasuna duela batez ere herritarren parte horren beharrizanei erantzuteak.

Agindu hau, halaber, sailaren 2017. urterako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta sailaren web-orrian dago argitaratuta, www.euskadi.eus helbidean.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuak erabiltzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia arautzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen gehieneko zenbateko globala 258.000,00 eurokoa izango da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emango dira.

3. artikulua.– Izapideak.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2017/promocion_lectura/es/

3.– Helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/y22-home/eu/nirekudeaketak

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.

Udalerri bakoitzean onuradun bat egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.

Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.

2.– Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako diru­laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

3.– Erakunde onuradunei laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

4.– Zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) letran jasota dagoen bezala, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere ordainduta izatea, aipatutako legearen 13.2 artikuluko g) letran jasotakoaren eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera.

Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdia egin duen erakunde kudeatzaileari baimena ematea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko betekizunak zuzenean egiaztatzeko. Halere, baimen hori berariaz uka daiteke. Kasu horretan, ogasun-agintaritzako eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantzia eskudunek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Diruz lagundu ahal izango da 2017ko ekitaldian burutzen den eta hauek sustatzea helburu duen jarduera oro: batetik, irakurketa haur eta gazteen artean, eta, bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan txertatuta dauden liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera.

Diruz lagungarritzat joko dira, besteak beste:

a) Profesionalen berariazko prestakuntzara bideratutako jarduerak, baina kanpoan geratuko dira joan-etorri eta mantenu gastuak eta horietan parte hartzetik eratorritako gainerako dietak.

b) Haur- eta/edo gazte-irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak eta abar).

c) Haur-eta/edo gazte-liburuaren erakusketa bibliografikoak, hizketaldiak eta abar antolatzea.

d) Haur-eta/edo gazte-literaturako lehiaketak antolatzea.

e) Haur eta gazteen artean liburua eta liburutegiak sustatzeko kanpainak.

2.– Kanpoan uzten da, berariaz, agindu honek aipatzen dituen helburuen barnean jarduera zehatzak burutzeko beharrezkoa ez den material bibliografikoa erostea.

3.– Ezin izango dira diru-laguntza hauetara aurkeztu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak.

4.– Gastu diruz lagungarriak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Halaber, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntza jaso duen jardueraren % 100 arte azpikontratatu ahal izango du onuradunak.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, agindu honen 3. artikuluko 2. puntuan zehaztutako egoitza elektronikoan.

3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:

a) Memoria labur bat, zeinetan bilduko baitira burutu beharreko jarduerak, eta proiektua egoki interpretatzeko interesgarri iritzitako elementu oro.

b) Errolda-datuak, 0 eta 13 urte bitarteko eta 14 eta 18 urte bitarteko biztanleei buruzkoak.

c) Liburutegi publikoak kudeatzeko eskumenak dituzten toki-erakundeek, eskumen hori egiaztatzeko, agiri bat erantsi beharko dute, aurretik hala egin ez badute eta baldintza beretan indarrean ez badago, behintzat.

5.– Eskaeretan, berariaz adieraziko da laguntza eskatzen duten erakundeek baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira betebehar hauek:

a) Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zehapen penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.

c) Erakunde eskatzaileak adierazi beharko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

7. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.

Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

9. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura Ondarearen zuzendariak Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari egokitutako diru-laguntzaren kopurua, ezetsitako eskabideak, arrazoia adieraziz, onartutako aurrekontua, eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.

10. artikulua.– Diru­laguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.

Agindu honen xederako bideratutako baliabide ekonomikoak agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten onuradunen artean banatuko dira.

Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:

1.– Biztanleria-irizpidea: Erakunde onuraduneko haurren eta gazteen biztanleria hartuko da kontuan, eta biztanleria hori 0 eta 13 urte bitartean eta 14 eta 18 urte bitartean zatituko da. Horretarako, biztanleen araberako multzoak finkatuko dira, eta haiei balore homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie. Erakunde onuradunen udalerrietan zenbat eta biztanle gutxiago bizi, orduan eta handiagoak izango dira multzo horren baloreak eta indizeak.

1.1.– Populazio homologatua (P).

Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira –haurrak eta gazteak–, eta, horrela, herrien P balio homologatua lortzen da, eskala honen arabera:

Populazioa P

0tik 100era 100

101etik 200era 200

201etik 300era 300

301etik 500era 500

501etik 1.000ra 1.000

1.001etik 2.000ra 2.000

2.001etik 3.000ra 3.000

3.001etik 5.000ra 5.000

5.001etik 10.000ra 10.000

10.001etik 20.000ra 20.000

20.001etik 30.000ra 30.000

30.001etik 40.000ra 40.000

40.001etik 50.000ra 50.000

50.001etik 60.000ra 60.000

10.000naka jarraitzen du

Adibidea: 1.145 biztanle dituen udalerri bat 2.000 dituenarekin parekatuko da, eta 40.127 biztanle dituen beste bat 50.000 dituenarekin.

1.2.– Indize zuzentzailea (IZ).

Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

Populazioa IZ

0tik 100era 10

101etik 200era 6

201etik 300era 5

301etik 500era 3,5

501etik 1.000ra 2

1.001etik 2.000ra 1,25

2.001etik 3.000ra 1

3.001etik 5.000ra 0,75

5.001etik 10.000ra 0,5

10.001etik 20.000ra 0,35

20.001etik 30.000ra 0,33

30.001etik 40.000ra 0,31

40.001etik 50.000ra 0,29

50.001etik 60.000ra 0,27

Formula lortzeko, urrats hauek egin behar dira:

1.– Onuradun bakoitzaren B balioa eskuratzea, hau da, faktore hauek biderkatzearen biderkadura: Homologatutako populazioa (P) eta indize zuzentzailea (IZ).

(B = P*IZ*)

2.– B koefizienteen baturatik lortua (BB)

3.– Diru-laguntza kalkulatzea:

(Ikus .PDF)

4.– Faktoreak:

P: Populazio-taldeentzako homologatutako populazioa.

IZ: Indize zuzentzailea

B: Populazioa (P) eta indize zuzentzailea (IZ) biderkatzearen biderkadura. (B = P*IZ)

BB: onuradun guztien B balioen batura.

DK: Baliabide erabilgarriak.

Aurreko hori guztia aplikatu eta gero, onuradunen batek 11.1 artikuluko ehunekoa gainditzen badu, aurrekontuaren gainean onarturiko gehieneko zenbatekoan ezarriko dira diru-laguntzak. Soberakinak gainerako onuradunen artean banatuko dira, kalkulu-eranskinean ezarritako sistemaren arabera. Jardunbide hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aplikatu eta gero geratzen diren kopuruak aurretik lortutako kopuruei gehituko zaizkie. Jardun hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta hori aplikatzearen ondoriozko zenbatekoak aurretik lortutakoei gehituko zaizkie.

11. artikulua.– Bateragarritasunak.

1.– Laguntza hauen xede diren jarduerak egiteko gastuen onartutako aurrekontuaren % 75erainokoa izan ahal izango da diru-laguntza. Gehieneko ehuneko hori mantendu egin beharko da amaieran justifikatutako kopuruekiko.

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, erakundeari emandako diru-laguntza ezin izango da 30.100,00 euro baino gehiagokoa izan, inolaz ere.

3.– Diru-laguntzen zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntza edo laguntzak batuta, edo helburu bera lortzeko diren beste sarrera edo baliabide batzuk ere batuta, ez da inoiz ere izango onuradunak aurrera eraman nahi duen jardueraren kostua baino edo hasieran jarri zen helburuaren kostua baino handiagoa.

12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako diru-laguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatutakoen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira.

2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak jartzeko, ebazpena EHAAn argitaratutako eguna hartuko da erreferentziatzat.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hori dela eta, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten erakunde onuradunek, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea diru-laguntza.

c) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

14. artikulua.– Diru-laguntzen abonua, justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Diru-laguntza agiri bidez justifikatuko da 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen.

2.– Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira web-gune honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2017/promocion_lectura/es/

Diru-laguntza justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eginiko gastuei dagokienez.

Jarduera finantzatuak –diru-laguntzaz gain– funts propioek edo beste diru-laguntza edo baliabide batzuek ere finantzatu badituzte, diru-laguntza jaso duten jarduera horietarako erabilitako zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatuko dira justifikazioan.

Aurkeztutako agiriak jaso eta aztertu ondoren, Kultura Ondarearen zuzendariak diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du, eta, diru-laguntza gutxitu behar bada, ezarritako prozeduraren arabera eta interesdunari bidezko entzunaldia egin ondoren, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

3.– Ematen diren diru-laguntzak aldi bakarrean ordainduko dira, betiere egiaztatu eta gero diruz lagundutako jarduera burutu dela, eman den helbururako erabili dela eta haren kostuaren zenbatekoa zein den.

4.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, erakunde onuradunek alta emanda egon beharko dute Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea dagokion epean.

d) Diru-laguntzen esparruko edozein xedapenek ezarritako beste edozein eskakizun orokor ez betetzea.

e) Diru-laguntzak arautzeko araudian aurreikusitako gainerako kasuak.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalak babesteari buruzko araudiarekin bat etorrita, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.)

Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatu eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiazta daitezen (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

Era berean, emandako diru-laguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beronen aurka, interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan (Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua), bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 19a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala