Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2017ko abuztuaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4120

AGINDUA, 2017ko uztailaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Emaitek Plus Programa erregulatzen duen Agindua aldatzen duena.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduak (2015eko urriaren 7ko EHAA, 191. zk.) erregulatzen du Emaitek Plus laguntzen programa.

Programa abian jarri eta 2015eko eta 2016ko deialdien kudeaketaren ostean, beharrezkotzat jotzen da alderdi hauei eragiten dieten aldaketak egitea: emaitzetara bideratutako zentroaren modeloarekiko egokitzapen-mailaren araberako laguntzak emateko irizpideak, eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, eta eskabideak ebaluatzeko organoaren osaera.

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin bat, beharrezkoak diren aldaketak ezartzen dira araua izapidetze elektronikora egokitzeko.

Azkenik, xedapen gehigarriaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen eskakizuna betetzen da; eskaerak elektronikoki izapidetzeko eskakizuna, hain zuzen ere.

Eta, horren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduaren (Emaitek Plus laguntzen programa erregulatzen da agindu horren bidez) 7. artikuluko 3. paragrafoko b) atala aldatzen da, «Laguntzak ebaluatzeko eta emateko irizpideak, emaitzei bideratutako zentro-ereduarekiko egokitzapen-mailaren arabera» delakoa, eta honela geratzen da idatzita:

b) «Zentroaren dimentsioa, deialdiaren aurreko ekitaldian I+G ustiapeneko diru-sarreren arabera neurtuta. Hortik bazter geratuko dira programa honek emandako diru-laguntzetatik eratorritakoak.»

2. artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduaren (Emaitek Plus laguntzen programa erregulatzen da agindu horren bidez) 12. artikuluko 3. paragrafoko i) atala aldatzen da, eskaerak eta dokumentazioa aurkezteari buruzkoa, eta honela geratzen da idatzita:

i) «Kudeaketa-memoria, zeinaren edukia ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren III. eranskinaren 3. zenbakian zehazten den. Bertan, aginte-mahaiko adierazleei dagozkien emaitzak jasoko eta azalduko dira, eta deialdian zehazten den dokumentazioa erantsi beharko da, gero egiaztatzeko. Bestetik, Innobasquek igorritako ziurtagiria erantsi beharko da, eta horrexek egingo ditu organismo eskatzailearen datuen egiaztapen- eta homologazio-lanak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak koordinatzen dituen organismoa izanik.»

3. artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduaren (Emaitek Plus laguntzen programa erregulatzen da agindu horren bidez) 14. artikuluko 5. paragrafoa aldatzen da, eskaerak ebaluatzeko organoari buruzkoa, eta honela geratzen da idatzita:

«5.– Proposamenak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Teknologia eta Berrikuntzako Unitate Estrategikoak gauzatuko ditu, zeinak ebaluazio-organoan aurkeztuko baititu. Lan horietarako, Innobasquek egingo ditu organismo eskatzailearen datuen egiaztapen- eta homologazio-lanak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak koordinatzen dituen organismoa izanik.»

4. artikulua.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduaren (Emaitek Plus laguntzen programa erregulatzen da agindu horren bidez) I. eranskineko 4. paragrafoko a) atala aldatzen da, «Laguntzak ebaluatzeko eta emateko irizpideak, emaitzei bideratutako zentro-ereduarekiko egokitzapen-mailaren arabera» delakoa, eta honela geratzen da idatzita:

a) 1. faktorea: I+G+b ustiapeneko diru-sarreren pisua (I.º) deialdiaren aurreko ekitaldian (programa honek esleitutako diru-laguntzatik eratorritakoak bazter utzita), kategoria berbereko zentro guztietako I+G+b ustiapeneko diru-sarreren batuketari dagokionez:

I.º / ∑I.º

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira eskaerak eta gainerako dokumentazio osagarria, errekerimenduak, jakinarazpenak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan (Emaitek Plus laguntzen programa erregulatzen da agindu horren bidez) ageri diren bestelako kudeaketak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin bat.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduaren (Emaitek Plus laguntzen programa erregulatzen da agindu horren bidez) 11. artikuluan aurreikusten den urteko deialdi publikoan ezagutaraziko dira bide elektronikoan izapidetzeko jarraibideak, eskaerak jasoko dituzten http:// helbideak, erantzukizun-adierazpenak, espedienterako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da agindu honen aurka, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala