Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2017ko abuztuaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4053

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 6koa, Ingurumeneko sailburuordearena; honen bidez jendaurrean jartzen da Donostiako (Gipuzkoa) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak sustatzen duen jardueraren proiektu teknikoa.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratuaren xedea da atmosferaren, uraren eta zoruaren kutsadura ekiditea, edo hori ezinezkoa denean, murriztu eta kontrolatzea. Horretarako, kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratuko sistema bat ezartzen du, ingurumen osoa babes dezan.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratuak ezarritakoari jarraikiz, instalazioen eraikuntzak, muntaiak, ustiaketak edo lekualdaketek, eta baita funtsezko aldaketek ere, ingurumeneko baimen bateratua behar dute, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ingurumeneko baimen bateratuaren helburua da araua bete behar duten instalazioek haren xedea bete dezaten beharrezkoak diren baldintzak ezartzea, hain zuzen, baimena ematerakoan parte hartu behar duten hainbat herri-administrazioren koordinazioa bermatu eta herritarren administrazio-beharrak arintzen dituen prozedura baten bitartez gauzatuko dena.

Ingurumen-organo honetan ingurumeneko baimen bateratua lortzeko izapidea hasi da, Donostian (Gipuzkoa) Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aurkeztutako proiektuarena; izan ere, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratuaren 1. eranskinean jasotzen da.

Ingurumeneko baimen bateratua lortzeko aurreikusten den prozeduraren arabera, eskaerarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa osatu ondoren, jendaurrean jarri behar da 30 eguneko epean gutxienez.

Honako hauek Ikusi dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratua onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua; ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta, oro har nahiz bereziki ezartzekoa den gainerako araudia. Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak sustatuta ingurumen-baimen bateratua egiteko proiektu teknikoa jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun balioduneko epean. Epe horretan, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.– Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, proiektua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan egongo da eskuragarri (Donostia kalea 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz), baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuan ere (Intxaurrondo, 70, Donostia).

Era berean, adierazitako dokumentazioa herritarrek errazago eskura dezaten, aipatutako espedientea Donostiako Udalari bidaliko zaio, jendaurrean jartzeko epean erakutsi dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 6a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala