Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2017ko abuztuaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3971

AGINDUA, 2017ko uztailaren 17koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Fundación Doble Sonrisa» fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi eta aztertu egin da Vitoria-Gasteizko «Fundación Doble Sonrisa» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2017ko martxoaren 28an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Vitoria-Gasteizko «Fundación Doble Sonrisa» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko («Dudinka Taldea 99, S.L.» sozietateak sortu zuen fundazio hori). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zaizkio.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2017ko maiatzaren 22an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz; hala ere, baldintza bat ezarri du: aurkeztutako agirietako akatsak zuzendu beharra.

Hirugarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2017ko maiatzaren 29ko idazki baten bidez, fundazioari eskatu zion zuzen zitzala bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak, eta 2017ko ekainaren 27an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazioa.

Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:

«a) Bizi-kalitatea hobetzen laguntzea, gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten pazienteei eta mendekotasuna duten pertsonei prebentzioa, arreta eta errehabilitazioa eskainiz.

b) Zerbitzu soziosanitarioetan kalitate-estrategiak sustatzea.

c) Haurrak eta gaztaroaren hasieran daudenak babestea, haien eskubide, premia eta interesak defendatuz, hezkuntza hobetzen lagunduz eta gizartea helburu horretan inplikatuz.

d) Haurrentzako ospitaleetan humanizazioa bultzatzea.

e) Bigarren mailako bestelako xedeak, hala nola: legezko xedapenen aurka egiten ez duten eta a), b), c) eta d) letretan adierazitako xede nagusiekin lotura duten jarduerak eta beste edozein xede sustatu eta zabaltzea, betiere patronatuak hala erabakitzen badu 25. artikuluaren azken paragrafoan ezarritako gehiengoaren bidez.»

Bosgarrena.– Estatutuetako 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza Gasteizen egongo da (Arkauti 5, 01192), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere jarduerak.

Seigarrena.– Erakunde fundatzaileak 30.000 euroko ekarpena egin du, fundazioaren hasierako dotazio gisa. Agiri bidez jasota geratu da ekarpen hori egin dela erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.

Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):

– Lehendakaria: Maria Teresa Sáenz López de Lacalle andrea.

– Lehendakariordea: Amaia Grajales Sáenz andrea.

– Idazkari ez-patronoa: Edurne Ibarrondo Cid andrea.

– Diruzaina: Itziar Grajales Sáenz andrea.

– Bokala: Gaizka-Balendi Grajales Jiménez jauna.

– Bokala: Jesús María Sáenz López de Lacalle jauna.

Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluak ezarritako moduetako batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 9.,artikulutik 12. artikulura eta 51.2. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-421 erregistro-zenbakiarekin–: Vitoria-Gaseizko (Araba) «Fundación Doble Sonrisa» fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte karguak, Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notarioaren aurrean 2017ko martxoaren 17an emandako eskritura publikoan xedatu bezala (1040 protokolo-zenbakia). Eskritura hori zuzendu egin zen, notario horrek 2017ko ekainaren 22an baimendutako eginbidearen bidez.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 17a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala