Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2017ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
3850

AGINDUA, 2017ko uztailaren 7koa, Lan eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez, hasiera ematen zaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako 2017. urterako diru-laguntzak emateko prozedurari.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak; eta, horren bigarren xedapen gehigarrian, sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei diru-laguntzak emateko prozedurak zehaztu ziren.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta, horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Apirilaren 11ko 2/2017 Legeak, 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, 3112 Programan 520.000,00 euroko sindikatuentzako diru-laguntza bat ezartzen du, Sindikatu Hauteskundeen Batzorde Zentralean eta lurralde-batzordeetan parte hartzeagatik.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta Lurraldeetako Batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari hasiera ematen zaio honenbestez.

Hori guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako partaide diren sindikatuentzako 2017ko diru-laguntzak emateko prozedurari, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen batzorde horietan parte hartzeagatik dagozkienak.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2017. urterako aurrekontu-zuzkidura 520.000,00 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2017ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela konprobatuko balu, bigarren xedapen gehigarriaren hirugarren apartatuan ezarritakoa aplikatuko litzateke.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari. Beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 7a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala