Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2017ko uztailaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3844

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita paisaiaren zehaztapenen inguruko Balmaseda-Zallako (Enkarterri) lurralde-plan partzialaren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2017ko martxoaren 8an, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak osatu egin zuen paisaiaren zehaztapenen inguruko Balmaseda-Zallako (Enkarterri) lurralde-plan partzialaren aldaketaren (aurrerantzean Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat. Eskaerari Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko martxoaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta:

– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia.

– Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa, Ihobe.

– Ura-Uraren Euskal Agentzia.

– Kantauriko Ur-konfederazioa.

– Ekologistak Martxan Bizkaia.

– Artzentalesko Udala.

– Lanestosako Udala.

– Karrantza Haraneko Udala.

– Trucios-Turtziozko Udala.

– Zallako Udala.

– Güeñesko Udala.

– Balmasedako Udala.

– Gordexolako Udala.

– Galdamesko Udala.

– Sopuertako Udala.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Ebazpen hau eman arte, erakunde hauen txostenak jaso dira: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (Eusko Jaurlaritzarenak guztiak), Ura-Uraren Euskal Agentzia eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; eta espedientean dago jasota horien emaitza. Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea da helburua; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, betiere jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Plana ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean –ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Balmaseda-Zallako (Enkarterri) lurralde-plan partzialaren aldaketarako, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa, jarraian dauden baldintzen arabera:

A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Balmaseda-Zallako (Enkarterri) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialean (LPP) sartzea, antolamendu-arau gisa, eremu funtzional honetako paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko zehaztapen egokiak. Gainera, paisaia-katalogoa sartu da; halaber, paisaia-kalitatearen helburuak, paisaia-unitateak eta paisaia-interes bereziko eremuak ere sartu dira, dagokien kartografiarekin.

Horrela, zehaztapen horiek LPPren azken izenburuan jaso dira «Paisaiaren zehaztapenak» epigrafean gomendiozko xedapen arauemaile gisa. Horiek lurralde- eta hirigintza-plangintzaren tresna egokien bidez aplikatu eta garatuko dira. Zehaztapen hauek ezarri dira eta horietatik ingurumen-ikuspuntutik aipagarrienak diren ekintza hauek etorriko dira:

– Lurraldea eta paisaia egituratzen duten multzo geomorfologikoak babesteko zehaztapenak. Lurraldearen morfologia zaintzea bultzatzen da, bai eta aldaketa geomorfologikoak saihestea ere.

– Paisaia-kalitatea eta bideragarritasun ekologikoa duten paisaia naturalak kontserbatzeko zehaztapenak. Eremuaren barruan egun dauden baso autoktonoak babestea proposatzen da, bai eta mota horretako espazioen sustapena bultzatzea ere, espezieen dibertsifikazioa sustatuz eta autoktonoei lehentasuna emanez.

– Lurraldeko ardatz natural gisa ibaietako paisaiak lehengoratzeko eta kontserbatzeko zehaztapenak. Kadagua eta Kolitza-Barbadun ibaiak eta, orokorrean, ibai-tarteen eraginpean dauden eremuak lehengoratzeko neurriak bultzatzen dira. Gainera, ibilbideak ibai paisaiari lotutako bideak eta bide berdeak sustatzen dira.

– Dibertsitatea bermatzen duten nekazaritza- eta abeltzaintza-paisaiak babesteko zehaztapenak. Nekazaritza-espazioen babesa eta kontserbazioa sustatzen da eta nekazaritza-jarduerari lotutako egituretarako irizpideak ezartzen dira.

– Hazkunde trinkoaren bidez hiri-egitura antolatua sortzeko zehaztapenak. Hiriguneen inguruetan eginiko garapen berrien paisaiaren integrazioa bermatzeko neurriak sustatzen dira.

– Landa eta hiriko mugetan erdiguneetako sarrerak eta ertzak integratzeko zehaztapenak. Herrietarako sarbideak integratzeko neurriak proposatzen dira, eta arreta berezia eskatzen duten hiriguneetarako sarrerak identifikatzen dira.

– Eraikuntza-tipologien multzoa sustatzeko zehaztapenak, ikuspegi-eragina murrizteko. Eraikinak integratzeko neurriak sustatzen dira: eraikinen gehieneko altuera, bolumetria, material motak...

– Erabilera industrial, logistiko eta komertzialak nahiz aisialdikoak edo hirugarren sektorekoak espezializatzeko zehaztapenak. Paisaian integratzeko neurriak sustatzen dira hirugarren sektoreko erabilerak ezartzeko: eraikinaren silueta integratzea, hesiak, material motak...

– Arkitektura tradizionala lehengoratzeko eta kontserbatzeko zehaztapenak eta balioa duten elementu arkitektonikoen zehaztapenak.

– Gizakien jardueraren (harrobiak, hondakindegiak...) ondorioz paisaian izandako aldaketak lehengoratzeko eta integratzeko zehaztapenak. Jardueren inpaktu bisuala minimizatzeko neurriak proposatzen dira.

– Paisaiaren egitura linealak eta telekomunikabideak integratzeko eta egokitzeko zehaztapenak. Mota horretako azpiegituren inpaktu bisuala minimizatzeko neurriak proposatzen dira: lurraren morfologiari eustea, iragazkortasuna hobetzea, hesi motak, errotuluen diseinua eta ezarpena, trazatua...

– Hainbat ibilbide eta behatoki sortzeko zehaztapenak. Babestuko diren ibilbide eta behatokiak paisaia-unitateka identifikatzen dira, eta hobetzeko neurriak ezartzen dira.

– Eremu funtzionaleko sarreren multzoa hobetzeko zehaztapenak. Mugakide diren autonomia-erkidegoetatik eta eremu funtzionaletatik dauden sarrerak hobetzeko jarduketak proposatzen dira.

B.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planaren aldaketak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak:

a) Paisaiaren zehaztapenak eremu funtzionalaren LPPn gomendio izaera duten antolamendu-arau gisa sartu dira, Balmaseda-Zallako (Enkarterri) eremu funtzionalaren paisaia-kalitatearen helburuak garatzeko helburuarekin. Ez daukate baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) LPPren aldaketak lurralde- eta sektore-planetan izan ditzakeen intzidentziak aztertu ondoren, hierarkizatuta daudenak barne, horiekin bateragarria dela zehaztu da.

c) LPPren aldaketan planteatutako zehaztapenek eremu funtzionaleko paisaia naturalak kontserbatzea eta hobetzea proposatzen dute, baita irizpideak ezartzea ere dauden edo proposatu diren garapen, jarduera eta azpiegiturak pasaian era egokian integra daitezen; beraz, neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaile egokiekin, ingurumen-kontsiderazioak integratzen dira paisaia integra dadin. Lurralde- eta hirigintza-planeamenduan paisaiaren aldagaia sartuta ingurumenaren kalitatea hobetuko da eta garapen jasangarria sustatuko da.

d) Ez da aurkitu planarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsurik.

e) LPPren aldaketak paisaia integratzeko tresna bat diren paisaia-zehaztapenak garatzen ditu; horrela, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuan xedatutakoa. Europako Kontseiluak 2000ko urrian onartu zuen Paisaiaren Europako Hitzarmenarekin Eusko Jaurlaritzak bat egin zuelako onartu zen Dekretu hori; beraz, Plana bidezkotzat jotzen da ingurumenaren alorrean Erkidegoko legedia edo legedi nazionala ezartzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planteatutako zehaztapenek irizpideak ezartzen dituzte eremu funtzionalean dauden edo proposatu diren garapenak, jarduerak eta azpiegiturak era egokian integratzeko paisaian, eta eremu funtzionaleko paisaia naturalak kontserbatu eta hobetzeko.

Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten proposatutako aldaketak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak garapen-dokumentuetan txertatzeko neurriak proposatzen ditu. Hala, horiek saihestu egiten dute proposatutako jarduketak gauzatzean ingurumen-balioei edozein afekzio sortu ahal izatea. Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:

– Lurzorua ez okupatzeko ahalegina egingo da, erabileren nahasketa eta espazio degradatuak berroneratzea eta berrerabiltzea bultzatuz. Lurraldea –orokorrean hartuta– berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatzen duen hiri-berroneratzeari lehentasuna emango zaio, jadanik hirigintzak okupatuta dauzkan espazioetan erabilera berriak garatuz.

– Lehentasuna emango zaio biologia-dibertsitatea areagotzeari, habitaten eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra babestuz eta lehengoratuz. Ezarri behar den edozein neurrik (besteak beste, antenak trinkotzeko proposamena, ibilbideen sustapena), gutxienez, ingurumen-egoera mantentzen dela bermatu beharko du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen 2014ko apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak babestutako naturagune babestuen barruan proposatutako jarduketak garatzeko, baldintza izango da naturagune babestu horietan aplikatu beharreko araudia betetzea. Halaber, paisaia-intereseko eremuen Paisaiaren Ekintza Planak egokitu beharko dira naturagune babestu horietan agintzen duten antolatzeko eta kudeatzeko tresnetara. Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostena kontuan izanda, komenigarritzat jotzen da 2. tituluko 26. artikuluan, «Naturagune babestuak», ingurune fisikoari buruzkoan, KBEak antolatu eta kudeatzeko tresnak sartzea, Natura Baliabideak Antolatzeko Planak balira bezala.

– Landaredia kontserbatzen dela zaindu beharko da, bereziki bertako basoak, heskaiak eta ibaiertzetako landaredia. Hala behar izanez gero, mantendu eta kontserbatzeko interesgarria den landaredia duten eremuak mugatu eta balizatu beharko dira, gune ahulak markatu beharko dira, kontserbatu beharreko zuhaitzak babestu, etab. jarduketen ezarpena dela-eta horiei ez eragiteko eran. Dauden eta egingo diren garapenak, jarduerak eta azpiegiturak paisaian integratzeko erabili beharreko landare-espezieak kontu handiz hautatu beharko dira. Erabili beharreko espezieak bertakoak izango dira, paisaian integratu beharreko eremuaren balizko landarediarekin bat etorrita, eta kanpoko espezieak pixkanaka gutxiagotuko dira. Gainera, hautatutako espezien ezaugarriak kontuan hartu beharko dira nahi diren helburuak bermatzearren (haien klima- eta edafologia-eskaerak, berezitasun fisiologikoak, egitura, kromatismoa, testurak eta abarrak).

– Ibai-paisaiak, lurraldearen ardatz natural diren heinean, lehengoratu eta zaintzeko zehaztapenek berariaz jaso behar dute ibai-inguruneak babestu eta lehengoratzeak gainontzeko erabileren aurrean lehenetsi beharreko erabilera izan behar dutela. Hain zuzen ere, lur azpiko nahiz azaleko ur kontinentaletan, ur azpietan, ibilguetan, ur-bazter edo -ertzetan eragina duten edo izan dezaketen jarduketetan, lehentasuna eman behar zaio ura eta haren ingurunea babestu, begiratu eta lehengoratzeari.

Ibilguak babesteko zortasun-eremua errespetatu beharko da, eta bete egingo dira plan hauetan ezarritako atzerapenak eta mugak: Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana eta Kantauri Ekialdeko eta Kantauri Mendebaldeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak. Aldez aurretik eskumena duen administrazio hidraulikoaren baimena/emakida beharko dute jabari publiko hidraulikoan zein hari lotutako babes-eremuetan, zortasun-eremuan eta ibilguak zaintzeko eremuan egindako jarduketa guztiek, baita lursailera edo ibilgu publikoetara egindako hondakin-uren isuriek zein ura (lurrazalekoa zein lurpekoa) biltzeak ere.

– Behar diren neurriak jarriko dira eragingo zaien lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Ezponda eta landareztatu beharreko azaleretan landare-lurra erabiliko da ahal dela. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea. Diseinu-irizpideak jasoko dira higatzeko arriskuak gutxiagotzeko: oinezkoen ibilbideak, bizikleta-bideak eta BTT sareak eraikitzeko proiektuetan, haien kontrola ere jaso beharko da –ustiatzeko aldian–, higadura-prozesuak, horrelakorik sortzen bada, zuzentzeko.

– Proposamenen garapenak behar diren neurriak ezarriko ditu lurraldeko konektibitate ekologikoa mantentzen dela ziurtatzeko. Lurraldearen iragazkortasuna sustatzen duten neurriak aztertu beharko dira: zeharkako eta luzetarako drainatze-obrak egokitzea (bideen beheko pasabidea, esaterako, faunarentzako pasabideak, arrapalak, erlaitzak edo plataforma paraleloak...); era berean, bertako zuhaitz eta zuhaixkak era linealean taldekatuta ezartzea komeni den aztertuko da, inguruan dagoen landaredi naturalarekin konektatzeko.

– Kultur ondareari dagokionez, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan. Lur-mugimenduak egiten badira eta mugimendu horietan arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark. Gainera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren erantzuna kontuan izanda, kultur intereseko elementuak lehengoratzeko eskumena Bizkaiko Foru Aldundiari dagokiola jakinarazten da.

– Garatzeko planeamenduak jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen direla bermatu beharko du. Hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan, besteak beste: eragin beharreko gehieneko azalera, babestu beharreko landaredia, ibilguak alferrikako jarduketa guztietatik zaintzeko eta isuriak saihesteko beharra, ahalik eta hauts eta zarata gutxien egitea eta hondakinak kudeatzea. Lanak garbi egingo dira, eta garbiketa zorrotza egingo da amaitu eta gero. Gainera, kutsadura kontrolatzeko sistemak edukiko dituzte, makinen olioak edo erregaiak halabeharrez isurtzea saihesteko, eta hondakinen behar bezalako kudeaketa egingo da indarreko legeriari jarraikiz.

– Paisaiaren Interes Bereziko Eremuak berrikusi beharko dira. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren txostena kontuan izanda, bertan sartu behar dira Mello mendiaren (Galdames-Sopuerta) eta Ubieta edo Zipar mendiaren (Galdames, Güeñes eta Zalla) gailurrak eta mendi-lerroen goiko aldea, eta Peñalba troka Turtziozen; gainera, Sopuerta-Artzentalesko meatzaldearen paisaia-interesa zabaldu behar da (Alen ingurua), meatze-herri zaharra eta inguruko espazioak bertan sartzeko.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten ingurumenean ondorio nabarmenik izango denik, paisaiaren zehaztapenei dagokienez, Balmaseda-Zallako (Enkarterri) lurralde-plan partzialaren aldaketa dela eta.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 18a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala