Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2017ko uztailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3824

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko diru-laguntzen 2017. urteko deialdia argitaratzeko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26an egin zuen batzarrean hartutako erabakiaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen zerbitzua garatzeko diru-laguntzen 2017. urteko deialdia onartu zuen. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) apartatuan araututakoaren arabera, erakunde autonomiadun horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Azaldutakoa dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko diru-laguntzen 2017. urteko deialdia, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartua, 2017ko uztailaren 26ko batzarrean (deialdia ebazpen honi erantsi zaio).

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSÉ BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREKIN LANKIDETZAN ENPLEGU-ZENTROEN JARDUERA GARATZEKO LAGUNTZEN 2017KO DEIALDIA.

Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua zerbitzu horiek ematera behartuta dago.

Enplegurako orientazio-zerbitzuak definitzeko, esan genezake informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak direla. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.

Deialdi hau bat dator 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiako F.3 norabidean proposatutako orientazioekin (www.euskadi.eus). Norabide horrek helburutzat du lan-munduan txertatzeko laguntza-zerbitzu pertsonalizatua enplegu-politika aktiboen erdigunean kokatzea lortzea, jarduera-ildo hauen bidez:

– Laguntza pertsonalizatuak eta orientazioak eginkizun zentrala hartzea enplegu-politika aktiboen barruan.

– Orientazioaren espezializazioan aurrera egitea, pertsona eta kolektibo bakoitzaren errealitatearen eta beharren arabera pertsonalizatuz.

– Orientazioko eredu propioa diseinatzea eta martxan jartzea, zerbitzuaren kalitatean eta erabiltzaileen erantzukizunean oinarrituko dena.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, lantzea eta gauzatzea, eta bertan joan daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko.

Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erabiltzaileen autonomia sustatu nahi du, eta, horretarako, enplegu-zentroen jarduera jartzen du haien eskura. Enplegu-zentroetan, tresnak aurkituko dituzte, beren enplegu-bilaketaren prozesua beren kabuz kontsultatzeko.

Enplegu-sorrerak gora egin bazuen ere 2015-2016 erreferentzia-aldian, oraindik ere langabezia-maila handia dagoenez, pertsona-kopuru handi bat balia daiteke enplegu-zentroen jardueraz, eta, hori dela eta, beharrezkoa da prozedura bat ezartzea, erakunde batzuk hautatzeko, zerbitzu hori ematen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardungo dutenak, sare gisa.

Deialdi honen bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakundeen laguntza behar duten enplegu-zentroen jarduera zehazten da, eta, halaber, haiek finantzatzeko laguntzak ezartzen dira.

Era berean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko giza baliabideen eta baliabide materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26an egindako bileran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen jarduera garatzeko diru-laguntzen 2017. urteko deialdia onartu zuen, honako baldintza hauek kontuan hartuta:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2017. urtean deialdi honen 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeei Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan garatzekoa den enplegu-zentroen jarduerarako eman ahalko dizkien laguntzak arautzea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.892.000 eurokoak dira, horietatik 946.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 946.000 euro 2018ko konpromisozko kreditukoak.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Deialdi honen babespean, diruz lagundu ahalko dira hurrengo paragrafoan deskribatutako enplegu-zentroen jarduerak, 5. artikuluan adierazitako erakundeek egingo dituztenak, I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Eranskin horretan ezartzen da zein den lurraldeko jardun-eremua eta zenbat enplegu-zentrok jaso dezaketen diru-laguntza.

2.– Enplegu-zentroak espazio fisiko egonkorrak dira, eta, haietan, erakunde laguntzaileak enplegu bila dauden pertsonen eskura jartzen du leku bat, tresna jakin batzuk dituena, beren kasa erabil ditzaten, enplegua bilatzeko jarduerak egiteko eta helburu hori lortzeko baliabideak kontsultatzeko. Erakunde laguntzaileak orobat jartzen du pertsona horien eskura orientatzaile bat, etengabe arituko dena eskura dauden tresnak nola erabili laguntzen.

Era berean, enplegu-zentroek talde-jarduera programatuak egin beharko dituzte. Zentroko orientatzaileak egingo ditu jarduera horiek, hain zuzen. Talde-ekintzak egitean, enplegu-zentro osoa ekintza horietarako soilik erabiliko da.

3.– Deialdi honen babespean diruz laguntzen den enplegu-zentroen jarduera erakunde onuradunen langile propioen bitartez gauzatuko da, azpikontrataziorik gabe.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lanbideratzeko Zerbitzuaren berariazko baimena izan ezean, enplegu-zentroek bi talde-ekintza egin beharko dituzte hilean. Ekintzek 3 orduko iraupena izango dute gutxienez, eta norberak enplegua bilatzeko erabil ditzakeen tresnen berri emateko helburua izango dute.

5.– Enplegu-zentrorako bideratutako espazio fisikoa zerbitzu horretarako baino ez da erabiliko, eta ezin izango da bestelako jarduera batzuekin partekatu.

6.– Enplegu-zentroaren zerbitzuak jendearentzat irekita egon beharko du gutxienez 7 orduz egunean astelehenetik ostiralera bitarteko lanaldietan edo astean 35 orduz.

7.– Diruz lagundutako enplegu-zentroen jarduera urtebetekoa izango da. Denbora hori jarduera hastean hasiko da. Edozein kasutan, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo 15 egun baliodunen epean hasiko da jarduera, 8.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. artikulua.– Enplegu-zentroen hartzaileak.

1.– Enplegu-zentroen hartzaileak izan daitezke:

a) Langabeak, oro har.

b) Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.

2.– Ezinbestekoa izango da enplegu-zentroen erabiltzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egotea enplegu-eskatzaile gisa eta, administrazio-egoerari dagokionez, altan edo etenduran.

5. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren erakunde laguntzaileak.

1.– Pertsona fisiko edo juridiko publiko eta pribatuek egin dezakete, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzaile gisa, deialdi honen xede den enplegu-zentroen jarduera, eta jarduera hori egiteko arautzen diren diru-laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta 3. artikuluan definitzen diren jarduerak egokiro egiteko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak badituzte.

2.– Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeei zuzendutako enplegu-zentroen kasuan, diru-laguntzaren eskaerarekin batera memoria bat aurkeztu beharko da. Memoria horretan, zentroak izango dituen laguntza eta egokitzapen teknikoak adierazi beharko dira, desgaitasuna duten pertsonek erabili ahal izan dezaten. Laguntza tekniko horiek bermatu beharko dute hainbat mailatako entzumen- eta ikusmen-urritasuna duten pertsonek eta mugikortasun murriztua duten pertsonek zentroa erabili ahal izatea. Gizartetik baztertuta dauden edo egon daitezkeen pertsonak eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko helburua duten erakundeek soilik jaso ahal izango dituzte gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako enplegu-zentroaren jarduera garatzeko deialdi honetan aurreikusita dauden diru-laguntzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan.

3.– Enplegu-zentroan baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:

a) Eskaera aurkeztean, gutxienez 25 metro karratuko areto bat izatea, enplegu-zentro gisa erabiltzeko, irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dagoen araudia betetzen duena (20/1997 Legea, abenduaren 4koa, Irisgarritasuna Sustatzekoa, eta hura garatzeko arau teknikoak) eta alderdi hauek betetzen dituena:

– Lokalera kanpotik sartzeko irisgarritasuna.

– Barruko bideen irisgarritasuna, jarduera gauzatzera bideratutako espazioetara arte.

– Komun egokigarriak eta egokituak izatea, ekintzan parte hartuko duten pertsonek erabiltzeko.

Eskaera aurkeztean artikulu honetako baldintzak betetzen eta behar bezala egiaztatzen dituzten lokalak hartuko dira kontuan laguntzak ematerako orduan. Lokala aldatzeko eskaera behin betiko ebazpenaren ondoren soilik aurkeztu ahalko da, eta betiere deialdi honen 12. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

b) Diru-laguntzaren xede den jarduerari ekitean, giza baliabideen azpiegitura bat izatea, aukera emango duena, enplegu-zentroa irekita egongo den aldi osoan, lanaldi osoa beteko duten orientatzaileak izateko. Orientatzaileek unibertsitate-ikasketak izan beharko dituzte burututa, eta urtebetetik gorako esperientzia eta curriculum egiaztatua enplegurako orientazio-lanen arloan. Gainera, bulegotikari, Interneti eta lan-merkatuari buruzko jakintza izan beharko dute. Orientatzaileez gain, behar denean, laguntzeko administrazio-langileak ere egongo dira enplegu-zentroan. Horretaz gainera, erabiltzaileei EAEko bi hizkuntza ofizialetan arreta emateko gai izango diren langileak izateko konpromisoa hartuko du.

Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei arreta ematen espezializatuta dauden erakundeek, berriz, orientazio-materialak desgaitasun mota guztietara egokitzen adituak diren giza baliabideak izan beharko dituzte, eta zeinu-mintzaira dakiten orientazioko profesionalak izango dituzte.

Halaber, azpiegitura hau izan beharko da:

– Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra eta WIFI, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektatzeko.

– Gutxienez 4 ordenagailu enplegu-zentroan, jarduera horretarako soilik erabiltzeko. Ordenagailu bakoitzak, gutxienez, hau izan beharko du:

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako esteken zerrenda. Halaber, zerbitzua erabiltzen dutenen eskura jarriko da enplegua bilatzeari buruzko dokumentazio eguneratua.

ii) Interneten ibiltzeko eta webguneak ikusteko eta erabiltzeko aukera ematen duen softwarea.

iii) Hau guztia egiteko aukera ematen duen bulegotika-softwarea: testuak Word formatuan editatu, Excel formatuko kalkulu-orriak erabili, PowerPoint formatuko aurkezpenak ikusi eta PDF formatuko fitxategiak ikusi.

iv) Ordenagailura sartzen diren pertsonak identifikatzeko eta saioen iraupena neurtzeko aukera ematen duen softwarea.

– Gutxienez laser-inprimagailu bat izatea, enplegu-zentroko ordenagailuek soilik erabiltzeko.

– Tableta grafikoko periferiko bat edukitzea, sinadura biometrikoa jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektaturik egon behar du, haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu, eta hark komunikatuko ditu.

– Zerbitzu bat edukitzea, enplegu-bilaketari buruzko dokumentazio eguneratuarekin.

4.– I. eranskineko definizioaren arabera «Izaera partekatua izan dezaketen esparruak» direla jo daitekeen esparruetan, enplegu-zentroaren jarduera herri batean baino gehiagotan egin ahal izango da astean zehar. Kasu horretan, egoera horren berri eman beharko da eskaeran. Jarduera zer herritan eta leku fisikotan egingo den zehaztuko da, eta herri eta leku horiek 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

5.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Diru-laguntza eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, baldin eta horretara behartuta badaude, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Dena den, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, hori frogatzen duten agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

c) Erakunde eskatzaileak diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.

d) Ezingo dira deialdi honetan jasotako laguntzen onuradun izan Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatzen diren gainerako egoeretan dauden pertsonak eta erakundeak.

6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Enplegu-zentroaren jarduera garatzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 44.000 eurokoa izango da, urtebeteko aldirako, kostu hauek estaltzeko: orientatzaileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kotizazioen kostuak, eta jarduerari lotutako gainerako kostu zuzenak eta zeharkakoak.

Edonola ere, diruz lagundu daitekeen gastuaren gehieneko zenbatekoa, aurreko paragrafoak aipatzen dituen kontzeptuak direla-eta, lanaldi oso bat beteko duten orientatzaileen gastu zuzenen % 140 izango da, goian ezarritako gehieneko diru-laguntzaren mugarekin. Langileen gastu zuzenak honako hauek izango dira: enplegu-zentroaren jardueraren bitartez eskatzaileei arreta ematen dieten orientatzaileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 12 hilabeteko aldian.

2.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa urtebeteko aldiari dagokio. Diruz lagundutako enplegu-zentroaren exekuzio-epea urtebetetik beherakoa bada, gehieneko zenbatekoa txikitu egingo da, modu proportzionalean. Ondorio hauetarako, Enplegu Zentroan zerbitzua ematen duten langileen oporraldia ez da kontuan hartuko.

7. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan, Lurralde Bulegoetan eta Enplegu Bulegoetan aurkeztu beharko dira, www.lanbide.euskadi.eus web-orrian eskura egongo den eredu ofizialaren bidez. Horretaz gainera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Erakunde bakoitzak adierazi beharko du zer jarduera-esparrutan egingo duen enplegu-zentroaren jarduera.

Deialdi honen 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako erakundeek soilik eskatu ahal izango dute «erakundea – zailtasun bereziak» gisa markatutako eremuetako enplegu-zentroetako diru-laguntza.

2.– Eskaera horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakundearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia –Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere–, eta eskaera sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Azken 10 urteetan, lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren babesean Eusko Jaurlaritzak egindako deialdien esparruan edota Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2011ko eta/edo 2013ko orientazio-deialdien esparruan, enplegu-zentroko zerbitzua ematen egindako jardueraren akreditazioa, hala badagokio.

c) Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien kontratuak eta curriculum vitaea barne.

d) Kokalekuari dagokionez, informazio hau aurkeztu beharko da:

– Erakunde eskatzailearen kokalekuaren ezaugarriei buruzko deskribapen-txostena. Instalazioen argazkiak eta planoak erantsi beharko dira; horietan, behar bezala zehaztu beharko da deialdi honen xede den enplegu-zentroaren jarduera zer espaziotan gauzatuko den, espazio horiek zer tamaina duten, espazio horietara nondik sar daitekeen eta komun egokituak nolakoak diren.

– Lokalaren gaur egungo egoera, 5.3.a) apartatuan deskribatutako baldintzen arabera, irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela ziurtatzen duen agiria/txostena, teknikari eskudunak egina eta kasuan kasuko elkargo profesionalak ikus-onetsia.

e) Erakunde eskatzailearen sozietate- edo sortze-xedea egiaztatzen duen dokumentazioa. Xede horretan, gizartetik baztertuta dauden edo egon daitezkeen pertsonak eta/edo urritasunen bat duten pertsonak orientatzeko edota laneratzeko funtzioa aipatu behar da.

f) Urritasuna duten langileen portzentajea adierazten duen zinpeko adierazpena, halako langilerik badu.

g) Enplegu-agentziaren izaeraren akreditazioa. Horretarako, dagokion administrazio-ebazpena aurkeztu behar da, baldin eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak izaera hori baimendu badu.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2017ko irailaren 20an amaituko da.

4.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere webgunean argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeintzuek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak; eragindako entitateek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, 10 egun balioduneko epea izango dute, webgunean horien berri ematen den egunetik aurrera kontaturik. Halakoetan, Lanbidek berariazko ebazpena eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.

8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta publizitatea.

1.– Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.

2.– Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira diru-laguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskaerak. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:

– Presidentea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lana Aktibatzeko zuzendaria.

– Idazkaria: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lanbideratzeko Zerbitzuaren arduraduna.

– Bokalak: bi teknikari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Lanbideratzeko Zerbitzuaren arduradunak izendatuko dituena.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat egingo du. Hartan, proposatzen dituen diru-laguntzak jaso, behin-behineko pertsona onuradunak eta enplegu-zentroak adierazi, eta zenbatekoak proposatuko ditu. Horretaz gainera, zer eskaera ukatu proposatu eta ukapenaren zergatiak azalduko ditu, eta ordezkoak adieraziko. Horren guztiaren berri emango zaie pertsona interesdunei, Lanbideren webgunean argitaratuz (www.lanbide.euskadi.eus).

Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Ebazpen-proposamenak ez die proposatutako onuradunei eskubiderik emango Administrazioarekiko.

4.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio.

5.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren esanbidezko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.

6.– Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz.

Ebazpenak adieraziko du zer pertsona onuraduni esleitu zaizkien enplegu-zentroak, eta zer eskaera ukatu diren (ukapenaren zergatiak azalduta). Orobat, lurraldeko jarduera-esparru bakoitzeko, deialdiaren baldintzak bete eta ordezko izendatutako erakunde guztien zerrenda ordenatua gehituko da, deialdi honen 9. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-irizpideak aplikatu ondorengo ordenaren arabera.

7.– Edonola ere, diru-laguntza jasotzeko, beharrezkoa izango da enplegu-zentroaren jarduera hastea eta horren berri Lanbideri ematea. Lanbideri jarduera hasi dela jakinarazteko, 15 egun balioduneko epea egongo da, eta epea ebazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Epea amaitutakoan jarduera hasi dela jakinarazi ez bada, ebazpena bertan behera geratuko da baldintza hori betetzen ez duten erakundeen kasuan. Kasu horretan, dagokion lurralde-esparruan ordezkoa den erakundeari emango zaio diru-laguntza, deialdiaren ebazpenean adierazitako ordenaren arabera. Aldez aurretik, diru-laguntza ematen duen organoak horren berri emango du, Lanbideren webgunearen bidez.

Ordezko erakundeak jarduera hasi eta horren berri eman beharko dio Lanbideri, onuraduna dela jakin eta hurrengo 15 egun baliodunen barruan.

8.– Prozeduraren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

9.– Publikotasunaren printzipioa betetzearren, betiere, prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea alde batera utzi gabe, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jasotako zenbatekoak adierazita.

9. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

Honela jardungo da enplegu-zentroko jarduerari lotutako diru-laguntzaren eskaerak eta esleipena ebaluatzeko:

1.– Jardun-eremu batean erakunde bakarrak eskatu badu diru-laguntza, erakunde horri emango zaio.

2.– Erakunde batek baino gehiagok eskatu badu diru-laguntza jardun-eremu berean, era honetan esleituko da diru-laguntza:

a) Lehentasuna izango dute udal-erakundeek edo udalaz gainekoek, bai eta haien mendeko erakundeek ere, eta haien artetik udalaz gainekoek.

b) Udalaz gaindiko hainbat erakundek edo toki-administrazioen mendeko hainbatek eskatu badute diru-laguntza, lehentasuna izango du, abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren babesean, 2006-2010 aldian, eta/edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2011ko, 2013ko, 2014ko eta 2015eko deialdietan, enplegu-zentroko zerbitzua ematen ibilbide luzeagoa egin izana frogatzen duen erakundeak.

c) Eskatzaileen artean arestian adierazitako erakunderik ez badago, honako hauek izango dute lehentasuna, betiere, ordena honen arabera:

– Lanbide-heziketako zentro integratuek (EHAA, 109. zk., 2015eko ekainaren 12koa).

– Lanbide-heziketako ikastetxe publiko nahiz itunduek.

– Sindikatuek eta enpresa-elkarteek.

– Irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuek.

– Gainerako erakundeek.

Aurreko apartatuan aipatutako hainbat erakundek eskatu badute diru-laguntza, lehentasuna izango du, abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuaren eta/edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2011ko, 2013ko, 2014ko eta 2015eko deialdien babesean, enplegu-zentroko zerbitzua ematen ibilbide luzeagoa egin izana frogatzen duen erakundeak.

d) Mota bereko hainbat erakundek eskatzen badute diru-laguntza, lehentasuna izango du Enplegu Agentzia izateko baimena duenak.

e) Berdinketa apurtu ez bada, erakunde eskatzaileek plantillan dituzten desgaituen ehunekoaren arabera emango da lehentasuna.

f) Berdinketak jarraituz gero, lehentasuna izango du deialdi hau EHAAn argitaratu arte enplegu-zentroetan pertsona gehieni lagundu dien erakundeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2011. eta 2013. urteetan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzen laguntzeko egindako deialdien babesean eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2014. eta 2015. urteetan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegu-zentroen zerbitzua gauzatzen laguntzeko egindako deialdien babesean.

g) Berdinketak jarraituz gero, lehentasuna izango du deialdi hau EHAAn argitaratu arte pertsona gehieni lagundu dien erakundeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2011. eta 2013. urteetan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzen laguntzeko egindako deialdien babesean eta 2014. eta 2015. urteetan orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzen laguntzeko egindako deialdien babesean.

h) Azkenik, berdinketak jarraituz gero, lehentasuna izango du 5. artikuluan adierazitako baldintzak betetzeaz gain deialdi honetako laguntzen eskaera lehenago erregistratu duenak, betiere deialdi honen 7.4 artikuluan ezarritako epearen barruan.

3.– Eskuarki, erakunde bakoitzak enplegu-zentro baterako diru-laguntza baino ez du jasoko lurraldeko jarduera-esparru berean. Ondorio hauetarako, jarduera-esparruren batean enplegu-zentro bat baino gehiago aurreikusten bada, erakunde eskatzaileak artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako baldintzen arabera ordenatuko dira, eta, ordena horri jarraituz, enplegu-zentro bat esleituko zaio erakunde bakoitzari. Zentroren bat esleitu gabe geratuko balitz, dagokion esparruan enplegu-zentro baterako baino gehiagorako diru-laguntzak eskatu dituzten erakundeei esleituko zaie.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

1.– Lehendabizi, 2017ko ekitaldian, ebazpena argitaratu ondoren, emandako diru-laguntzaren % 50 ordainduko da. Diru-laguntzaren zati hori jasotzeko, erakunde onuradunak jarduera noiz hasiko den eta kontratatutako pertsonen identitatea zein den jakinarazi beharko du, eta Lanbidek ziurtatu beharko du pertsona horiek alta emanda daudela Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean.

Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, erakundeek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu. 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.

2.– Bigarren zatia, gainerako % 50a edo justifikazioaren ondorioz geratzen den zenbatekoa, 2018ko ekitaldian ordainduko da. Horretarako, enplegu-zentroko jarduera amaitu eta hurrengo bi hilabeteetan, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Emandako zerbitzuak, haien iraupena eta erabiltzaileei ezarritako enplegu-politika aktiboetako ekintzak zehatz-mehatz azaltzeko memoria.

b) Diruz lagundutako jarduerak egin dituzten orientatzaileen soldata-kostuei buruzko ziurtagiria, nominen eta RED sisteman eskuratutako Gizarte Segurantzako kotizazioaren dokumentuen (RLC-kotizazioen likidazioko ordainagiria eta RNT-langileen zerrenda nominala) kopia, eta nominak eta horien kotizazioak ordaindu izanaren banku-ziurtagiria.

11. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabiliz.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta kontrol ekonomikoaz eta fiskalizazioaz arduratzen diren organoen eskura edukitzea egindako eta diruz lagundutako orientazio-jardunen dokumentuak.

c) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.

e) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.

f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lagundutako finantzaketa dela aipatzea laguntza hauen komunikazio-ekintza eta material guztietan.

g) Enplegu-zentroa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde laguntzailetzat identifikatzea, Lanbidek onuradunei ematen dizkien jarraibideen arabera.

h) Erakunde onuradunaren ordezkariek edo ahalordedunek datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa sinatzea, deialdiko entitate onuradun guztiek onartu beharrekoa izango baita, hauekin bat: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, lege organiko hori garatzeko Erregelamendua (abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onartua), eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.

12. artikulua.– Lokalaren kokalekua aldatzea.

Deialdi honen behin betiko ebazpena eman ondoren onuradun gertatzen diren erakundeek diruz lagundutako jarduerak egiteko lokala aldatzeko baimena eskatu ahalko diote Lanbideren Lanbideratzeko Zerbitzuari. Horretarako, egiaztatu beharko dute badutela beste lokal bat, eskaeran aurkeztutako lokalaren, laguntzaren onuraduntzat hartzeko kontuan hartu zen lokal horrexen, baldintza berak betetzen dituena gutxienez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldeko jakinarazpena egin beharko du.

13. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak helburu bererako lortutako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten pertsonek edo erakundeek ez badute betetzen oro har Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen testu hori) ezarritako betebeharren bat edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako berandutze-interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak. Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Deialdiaren 3.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz erakunde onuradunek talde-ekintzak eskaintzeko duten betebeharrari dagokionez, betebehar hori guztiz bete gabetzat joko da gutxienez talde-ekintzen % 90 egiten ez bada, salbu eta Lanbideren Lanbideratzeko Zerbitzuak berariazko baimenik eman ez badu.

Aldiz, erakunde onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako eta aurreikusitako talde-ekintzen % 90 edo gehiago egiten badute, betebehar horren betetze-maila erabateko betetzetik modu esanguratsuan gertu dagoela joko da, eta, hortaz, talde-ekintzak egiteko jasotako diru-laguntza modu proportzionalean itzuli beharko da.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura honako hau izango da:

1.– Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta Lana Aktibatzeko zuzendariak prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

17. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduaren bidez araututa dago. Agindu horren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dira (2012-11-02ko EHAA).

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).

18. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Halaber, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharra dago: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala