Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2017ko uztailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3819

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2017rako laguntzen deialdia argitaratzen da. Lehen Aukera programa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2017rako laguntzen deialdia onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horiek horrela, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2017rako laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2017ko uztailaren 26ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onesten duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onesten duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2017RAKO LAGUNTZEN DEIALDIA. LEHEN AUKERA PROGRAMA

Enplegua suntsitzea eragin duen prozesua 2007an hasi zen, eta ondorio negatiboak izan ditu, batik bat, gazteen langabezia-tasan. Kolektibo horretan egitura-arazo bat dago eta arazo hori areagotu egin da krisiarekin. Ondorioz, biztanle gazteenei eragiten die arazo horrek, baita ekonomiaren hazkunde-ahalmenari ere epe luzean.

Krisi ekonomikoaren egoeragatik kalte handiak pairatu dituzten kolektiboetako bat osatzen dute gazteek. Hain zuzen ere, gure gizartearen erronka nagusietako bat gazteen langabezia murriztea da, eta erronka horri heldu behar diote bai erakundeek, bai arlo pribatuak. Arazo horri konponbide egokia emateko funtsezkoa da, alde batetik, zeregin horretan diharduten erakunde eta sektore guztiek babesa ematea eta haien artean koordinatzea, eta, bestetik, ekimen pribatuei laguntzea dagozkion neurriak diseinatzen, hartzen eta abian jartzen.

Ildo horri jarraituz, lanik ez duten eta hezkuntzako zein prestakuntzako jardueretan parte hartzen ez duten gazteen kolektiboarentzako neurriak hartzeko beharra dagoela egiaztatu da, gazteak lan-munduan txertatzeko eta lan-munduan kalitatezko enplegu batekin mantentzeko helburua kontuan hartuta. Kolektibo horretan dagoen heterogeneotasuna dela eta, egoera pertsonal eta prestakuntza-maila oso desberdinak daude, eta neurriek hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntza nahiz kontratazioaren eta autoenpleguaren sustapena hartu beharko dituzte aintzat.

Gazteen Enpleguaren Ekimena, lanik ez duten gazte guztientzat eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat dena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EB 1304/2013 Erregelamenduan, 2013ko abenduaren 17koan, araututa dago, eta kolektibo horretako langabeziaren egitura-arazoari aurre egiteko Europar Batasuneko ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen horretan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat da.

Enpleguaren Europako Estrategiarekin konprometitutako erakundea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; eta, erreferentzia hori oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 (http://www.euskadi.eus) antolatu du, erronka hauei aurre egiteko, besteak beste: aukera-berdintasuna, gazteen enplegua osotasunean garatzea, eta gure gazteei lanaren arloan eta garapen pertsonalean aukerak ematea. Hala, deialdi honen xedea da erraztasunak ematea, berriki beren ikasketak amaitu dituzten gaztei lan-munduan txertatzeko lehen aukera emateko, hezkuntza-bizitzatik bizitza profesionalera errazago igaro daitezen.

Horren ondorioz, titulua edo prestakuntza izanik, beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzeko egiten da deialdi hau. Lan-kontratu mugagabea edo praktikaldiko kontratua izango da, eta, horrela, gazteen enplegagarritasuna bultzatu nahi da, bai eta gazte horien laneratzea ere. Beraz, Lehen Aukera programa honen azken helburua da egungo egora ekonomikoak gogor zigortutako euskal gizartearen zati horren lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea, eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea. Gizarte-bazterkeriatzat hau jotzen da: «biztanleriaren zenbait segmentuk dagokien gizarteko bizitza sozialean, ekonomikoan eta kulturalean ez parte hartzea, ez dutelako oinarrizko eskubiderik, baliabiderik eta gaitasunik». Hori guztia Europar Batasuneko testuinguruan giltzarrizko kontzeptua da, biztanle batzuen egoerei (pobrezia, ahultasuna eta bazterkeria) heltzeko garaian.

Eurostatek 2016ko laugarren hiruhilekoari buruz emandako datuen arabera, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 14,3koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Estatistikako Institutu Nazionalak 2017ko lehen hiruhilekoan egindako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, kolektibo horrek % 23,77ko langabezia-tasa eta % 49,21eko jarduera-tasa ditu, eta EAEko jarduera-tasa orokorra, berriz, % 55,89koa da.

Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi emakumeen eta gizonen arteko aldeak eta desberdintasunak lan-merkatuan. Horrela, Estatistikako Institutu Nazionalak 2017ko hirugarren hiruhilekoari buruz emandako datuek erakusten duten bezala, emakumeen langabezia-tasa 2 puntu handiagoa da gizonena baino (% 10,81ekoa da gizonena, eta % 13,04koa emakumeena). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Deialdi honek Enpleguaren Euskal Estrategia 2020ko D.2 norabidea barnean hartzen du, eta ildo horretan jardunbide hauek aipatzen dira, gazteen enplegua berariazko helburu duten beste batzuen artean: laneko lehen esperientzia eskuratzea sustatuko duten tresnak sendotzea, ikastun-kontratuei eta praktikaldiko kontratuei lehentasuna ematea, eta bekak salbuespeneko egoeretan soilik erabiltzea.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2017ko uztailaren 26an onesten du euskal enpresetan gazteak kontratatzeko laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa), zehaztapen hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza izanik beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresetan edo 4. artikuluan aurreikusitako bestelako erakundeetan kontratatzeko oinarriak ezartzea eta horretara bideratutako laguntzak arautzea, gazte horien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortu eta haien laneratzea sendotzearen bidez.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.000.000 eurokoak dira, horietatik 2.000.000 euro Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, 1.846.154 euro 2018ko konpromiso-kreditukoak, eta 153.846 euro 2018ko ordainketa-kreditukoak.

2.– Deialdi honetako finantzaziora bideratutako baliabide ekonomikoak honela banatuko dira:

a) 3.846.154 euro lan-kontratu mugagabeak eta praktikaldiko kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik 2.000.000 euro 2017ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.846.154 euro 2018ko konpromiso-kredituari.

b) 153.846 euro 3. artikuluan ezarritako erakunde laguntzaileek lan-eskaintzak jaso, erregistratu eta kudeatzeko, 2018ko konpromiso-kredituaren kontura.

3.– Lanbiderekin elkarlanean diharduten erakunde kolaboratzaileek lan-eskaintzak biltzeagatik, erregistratzeagatik eta kudeatzeagatik erakunde horiei diru-laguntzak emateko 2018ko ebazpenentzako kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2018. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kontura egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.

4.– Deialdi honi esker diruz lagundutako lan-kontratuak, eta eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzeko jarduerak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan, edo 2014-2020ko Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Programa Operatiboaren barruan.

5.– Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu kopurua edo hura handitzetik ateratzen dena, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta, hala balitz, hori guztia argitara eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira EAEn dauden lan-zentroetako lanpostuetan jarduteko lan-kontratu mugagabeak eta gutxienez 6 hilabete irauten duten praktikaldiko kontratuak. Kontratu horiek guztiek, kontratuaren hasieran, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte eta 9. artikuluan aurreikusitako prozeduraren bidez hautatutako gazteei egin beharko zaizkie.

Kontratu horiek EHAAn deialdi hau argitaratzen den egunetik 2017ko abenduaren 10era bitartean hasi beharko dira.

2.– Deialdi honen babesean dauden diruz lagundu daitezkeen kontratuak Langileen Estatutuetako aurreikuspenetara egokitu beharko dute, baita aplika daitezkeen arauetara ere, eta kasu guztietan baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratuko lanpostuak kontratatutako pertsonaren ikasketa-mailaren edo trebakuntzaren araberakoak izan beharko dute.

b) Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo erakunde autonomo horrekin lankidetzan diharduten erakunde kolaboratzaileek kudeatu beharko dituzte enplegu-eskaintzak, eta haien identifikazio-zenbakia adieraziko da kontratuan.

c) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako datu hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den eta zenbat iraungo duen, baita zein lanpostu beteko den ere.

d) Urteko ordainketa garbiak kontratuan agertu beharko du eta ezingo dituzte izan hurrengo zenbatekotik beherako kopuruak, titulu akademikoaren arabera:

(Ikus .PDF)

e) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izango dira; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.

3.– Diruz lagundu daitezkeen kontratutzat jotzeko, lan-kontratu mugagabeek edo praktikaldiko kontratuek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen/dituen lantokiko/lantokietako langile kopuruarekin alderatuta. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horrekin enpresako langileen batezbestekoa igoko da.

4.– Honako kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duenaren ezkontide, oinordeko eta gainerako senide, bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaidetasuna artekoekin egindako kontratuak, ezta sozietate izaera juridikoa duten enpresetako administrazio-organoetakoenak edo zuzendaritzako kideenak direnekin egindakoak ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagungarriak diren jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.

5.– Era berean, diruz lagundu ahal izango da deialdiaren 4.3 eta 4.4 artikuluek araututako erakunde kolaboratzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea, prozesu horiek, azkenean, eta deialdi honen babesean, diruz lagun daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitzen badira.

Lan-eskaintzen bilketatzat jotzen da, zenbait enplegu eskaintzailerekin harremanetan jartzen den prozesuaren bidez, lanpostu bateko edo batzuetako estaldura-beharra identifikatzea eta identifikazio horretatik eskaintzen den profila duen horri dagokion kudeaketa-eskaera lortzea.

Lan-enplegu baten erregistrotzat jotzen da, eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua. Datu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen dira eta, horrela, sisteman enplegu-eskaintza berri bat sortzen da.

Lan-eskaintzen kudeaketatzat jotzen da prozesu hauek guztiak egitea:

a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita.

c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako izangaien prestasuna egiaztatzea.

d) Izangai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzeak hau esan nahi du: bete beharreko lanposturako egokitzapenari edo egokitzapen-ezari dagokionez, bidalitako izangaiari buruz enpresak zein balorazio egiten duen eta horren arrazoia zein den jakitea.

4. artikulua.– Enpresa eta erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan zehaztutako kontratu mugagabeak eta/edo praktikaldiko kontratuak egiteagatik diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte enpresa pribatuek (haien forma juridikoa edonolakoa izanda ere), banakako enpresaburuek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, baita elkarte eta fundazioek ere, baldin eta artikulu honen 5. paragrafoan ezarritako baldintza orokorrak eta honako hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.

b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.

c) Deialdi honen bidez kontratatuko den eta diru-laguntzaren eskaeraren helburua den lanpostuan enplegurik ez suntsitu izana, kontratazio berriaren aurreko urtean, eta ez suntsitzea diruz lagundutako kontratazioak iraun bitartean.

d) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskaeran berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.

e) Europako Batzordearen aurretiazko erabakiaren bidez laguntza bat legearen aurkakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi ostean ez egotea berreskuratze-agindu baten zain.

2.– Lan-kontratu mugagabeak edo praktikaldiko lan-kontratuak egiteko diru-laguntzei dagokienez, ez dira erakunde onuradun izango honako hauek: erakunde autonomoak eta elkarte publikoak, herri-administrazio baten mendeko elkarteak edo erakundeak, eta aldi baterako lanen enpresak, langileak lagatzeko enpleguetarako.

3.– Lan-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko onuradun izan daitezke jarduketa horiek egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaile direnak.

Baldintza hori betetzeko, 2015eko urtarrilaren 23ko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenean aurreikusitako prozedura jarraitu beharko da. Ebazpen horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailea izateko prozedura ezartzen da, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.

4.– Halaber, erakunde kolaboratzaile izan daitezke, deialdi honi zehazki lotutako enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko, EAEko honako erakunde hauek:

a) Unibertsitateak.

b) Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak eta itunpeko pribatuak.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaileak, 2016ko deialdiko lanerako prestakuntza eta orientazioa emateko diru-laguntzen onuradun badira.

d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapenerako agentziak eta Behargintzako zentroak.

Lehen Aukera programari lotutako eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko erakunde kolaboratzailea izateko eskaera deialdi honetako I. eranskin gisa ematen den inprimakiaren bidez bete beharko da. Eranskin hori Interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.lanbide.euskadi.eus.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2017ko irailaren 15ean amaituko da.

Eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko baimena izango duten pertsonen gehieneko kopurua, erakunde kolaboratzaile berean, 3 pertsonakoa izango da.

Erakunde kolaboratzailea eraginkorra izateko baldintza hau bete beharko da: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek ematen duten prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta prestakuntza horri onura atera beharko diote erakundeak eskatutako baimena eskuratuko duten pertsona guztiek, horretarako ezarritako egunetan. Horren aurretik, http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean prestakuntza-ekintzen tokiak eta ordutegiak argitaratuko dira, baita ekintza horietan parte hartuko duten erakundeen zerrenda ere.

Aurreko puntuan aipatutako prestakuntza-ekintza egin beharrik ez dute izango Lehen Aukera programako aurreko urteetako laguntzen deialdietan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko kolaboratzaile izan ziren zentroek, baldin eta egiaztatzen badute prestakuntza jasotako eta, ondorioz, aipatutako deialdi horretan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerak egiteko baimendutako pertsona hori/horiek enpresako plantillan daudela orain ere.

Prestakuntza-ekintzak amaitutakoan, Lanbide-Euskal Enpleguaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, adierazitako baldintzak betetzen dituzten erakundeak, deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, erakunde kolaboratzaile izan daitezen.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen enpresa eta erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla, bai diru-laguntza emateko garaian, bai ordainketak egiteko unean. Horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, egoera hori egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean egotea.

c) Erakunde eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen tratu- nahiz aukera-berdintasunaren printzipioaren araberakoak izatea.

d) Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

e) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko gainerako baldintzei dagokienez.

6.– Enpresa eta erakunde onuradunei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.

5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea, eta, horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea eta kontratua egiterakoan langabea izatea.

c) Honako multzo hauetakoren batean zehaztutako tituluren bat izatea:

– Lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo masterra (Bolonia plana)

– Unibertsitateko diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo unibertsitateko gradua (Bolonia plana).

– Lanbide Heziketa arautuko eta berariazko lanbide-heziketako goi-mailako edo erdi-mailako teknikaria. Teknikari laguntzailearen (LHI) eta teknikari espezialistaren (LH II) tituluak horien baliokideak izango dira.

– Oinarrizko lanbide-heziketa.

– Ofizialki aurrekoen baliokidetzat hartutako beste titulazio batzuk.

– Profesionaltasun-ziurtagiria.

d) Tituluarekin lotutako enpleguetan 6 hilabeteko esperientzia izatea gehienez ere.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere bulegoen edo zentro kolaboratzaileen bidez, deialdi honen 9. artikuluan araututako hautaketa-prozesua burutzerakoan, lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sistemaren datu-basean identifikatuta dauden eta aurretik Gazte Bermea Sistemara sartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen dutenei. Sistema hori urriaren 15eko 18/2014 Legeak –Hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituenak– arautzen du.

3.– Lehen Aukera programaren aurreko urteetako deialdiren batean praktiketako kontraturen bat lortu dutenek, lan-kontratu mugagaberako baino ezin izango dute parte hartu programa honetan.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren arabera zehaztuko da, era honetara:

(Ikus .PDF)

Zenbateko horiek % 10 handituko dira, praktiketako kontratuak gutxienez 12 hilabete iraunez gero.

2.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, emakumeak gutxien ordezkatuta dauden arloetan emakumeak kontratatzen badira.

Arlo horiek taula batean jasoko dira, eta taula hori Lanbideren webgune honetan jarriko da, deialdia argitaratzen den egun berean: http://www.lanbide.euskadi.eus

3.– Aipatutako diru-laguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.

4.– Era berean, deialdiaren 4.3 eta 4.4 artikuluetan aipatzen diren erakunde kolaboratzaileek honako hau jasoko dute diruz lagundutako kontratu bakoitzeko deialdi honen babesean, kasuan kasuko eskaintza bildu, erregistratu eta kudeatzearen ondorioz:

– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen erakunde kolaboratzaileak.

– 80 euro, eskaintza kudeatu duen erakunde kolaboratzaileak.

Erakundeak % 10eko gehigarri bat jasoko du deialdi honen babesean diruz lagundutako 20 kontratuko, enplegu-eskaintzak hartu, erregistratu eta/edo kudeatuko baditu.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (II. eta III. eranskinak) eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango dira: http://www.lanbide.euskadi.eus, webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan.

Horrez gain, administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

2.– Lan-kontratuak egiteagatiko diru-laguntzaren eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera sinatzen duen pertsonaren NAN/AIZaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez beste batek sinatzen badu eskaera, sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.

b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Enpresa eratu dela ziurtatzen duten eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakundea eratu dela justifikatzen duen beste edozein dokumentu.

3.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten erakunde kolaboratzaileek, diru-laguntzaren eskaerarekin batera, erregistratu eta/edo kudeatu dituzten lan-eskaintzen zerrenda bat aurkeztu beharko dute eta, deialdi honen babesean, lan-eskaintza horietako bakoitzean kontratatutako pertsonak ere agertu beharko dute.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 1. puntuan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola adieraziko du, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.

5.– Eskaerak aurkezteko epea hau izango da:

– Kontratazioa diruz laguntzeko: deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta 2017ko azaroaren 10ean amaituko da.

– Lan-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea diruz laguntzeko: 2018ko urtarrilaren 2tik otsailaren 28ra arte.

8. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.

Kontratuak egiteagatiko diru-laguntzak emateko ebazpenean, honako hauek jasoko dira: enpresa bakoitzari ematen zaion kontratazio-plana, ordaintzeko modua eta diru-laguntzaren zenbatekoa, baita diru-laguntzaren justifikazioa ere.

4.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori amaitutakoan esanbidezko ebazpena ematen ez bada diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zein enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

9. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.

1.– Hautaketa-prozesua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez egingo da.

2.– Diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, enpresak, hilabeteko epean, enplegu-eskaintzaren kudeaketa-eskaera aurkeztuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego batean edo eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaile batean.

Deialdi honen ondorioetarako, eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta/edo eskaintzak kudeatzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailetzat joko dira 4.3 eta 4.4 artikuluetan aurreikusitakoak eta horien zerrenda http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratuko da.

3.– Eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostuaren profil bakoitzeko. Eskaera inprimaki normalizatuan aurkeztuko da, IV. eranskinean ezarritako ereduarekin bat. Eskaera horretan, gutxienez, datu hauek adierazi beharko dira: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokia dagoen udalerria, lanpostuaren izena eta okupazioa, azaroaren 26ko 1591/2010 Errege Dekretuaren bidez onetsitako okupazioen sailkapen nazionalaren arabera, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena, eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.

Arlo horiek taula batean jasoko dira eta taula Lanbideren webgunean jarriko da (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdi hau argitaratzen den egun berean.

4.– Deialdi honen babesean eskaintzaren kudeaketa-eskaera bakoitza jasotzen duen bulegoak edo erakunde kolaboratzaileak erregistratuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.

5.– Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozedurak jarraituta kudeatuko dira eta lehentasuna emango zaie Gazteen Berme Sistemako datu-basean identifikatuta dauden pertsonei, 5. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako baldintzetan. Enpresara joango dira eskatutako profil profesionala eta baldintzak betetzen dituzten hautagaiak; izan ere, hautagai horien ondorengo kontratazioa lagunduko da diruz deialdi honen babesean.

6.– Diruz lagundu ahal izango dira soilik eskaintza bat kudeatu ostean izangai gisa bidalitako pertsonak, eta hiru hilabeteko epean formalizatu beharko dira kontratu horiek, laguntzak emateko ebazpena argitaratutako egunetik hasita. Nolanahi ere, ezingo da kontraturik egin 2017ko abenduaren 10etik aurrera.

7.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.

10. artikulua.– Lan-kontratua amaitzea.

1.– Funts publikoak efizientziaz erabiliko direla bermatzeko, praktikaldiko kontratuen kasuan, kontratuen gutxieneko iraupena eskatutakoa edo diruz lagundutakoa izan beharko du, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 20 hilabetekoa izango da gutxienez.

2.– Kontratazioa egin ondoren, kausa jakin batzuk direla-eta kontratua amaitzen bada (probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza) idatziz jakinarazi beharko dio enpresak Lanbideri, kontratua amaitu eta gehienez ere zazpi eguneko epean, Lanbidek azken diru-laguntza egokitu dezan kontratatutakoak benetan lan egindako aldiaren arabera.

3.– Kontratu-harremana aurreko paragrafoan aurreikusi ez den beste kausaren batengatik amaitu bada, diru-laguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4.– Enpresak beste pertsona bat/batzuk kontratatu nahi izanez gero nahitaez eskatu beharko du berriro diru-laguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, adierazitako epeen barruan baldin badago.

11. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:

a) Lehenengo, emandako diru-laguntzaren % 52 ordainduko da, aurreikusitako kontratuak formalizatu ostean, formalizazio horretatik 10 egun balioduneko epean dokumentu hauek aurkeztutakoan:

– Egindako kontratuen kopia.

– Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honetako 3.4.a artikuluan xedatutakoari jarraituz).

– Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteei dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.

Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela langilea eta plantilla handitu egin dela.

b) Bigarrenik, gainerakoa ordainduko da (% 48, edo justifikazioaren ondorioz dagokion kopurua), betiere, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatuta, 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Erakunde kolaboratzaileek ordainketa bakarrean jasoko dute diru-laguntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena eman ondoren.

12. artikulua.– Kontratuak egiteagatiko diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, kontratatu dituen pertsonen zerrenda eta kontratuen iraupena jasoko dituena.

Memoria hori aurkezteko epea:

a) Praktikaldiko kontratuen kasuan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.

b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, hasi eta urtebete igaro ondoren.

Nolanahi ere, 2018ko abenduaren 20a baino lehen aurkeztu beharko da memoria.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du praktikaldiko kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, 10.1 artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.

13. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Enplegu-eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego batean edo erakunde kolaboratzaile batean aurkeztea hilabeteko epean, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazitako egunetik aurrera.

b) Diruz lagundutako kontratuak hiru hilabeteko epean formalizatzea, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazitako egunetik aurrera. Nolanahi ere, 2017ko abenduaren 10a baino lehenago formalizatu beharko da.

c) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzea laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak bete direla.

e) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.

f) Helburu berberarekin beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gertakizun ere.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, haien jarraipena egiteko eta kontrolatzeko.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

j) 2014-2020rako Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren edo 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren esparruan, deialdi honen babesean diruz lagundutako komunikazio-, zabaltze-, edo argitalpen-material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela adieraztea.

Enpresa onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115. artikuluan adierazitako zerrenda publikoan jasoko da.

k) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:

– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautatzean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.

– Dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntza ez sexista erabili beharko dute, saihestu beharko dute emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro, eta irudi jakin bat sustatu beharko dute, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero-identitate pluralak.

l) Kontratatutako pertsonen adostasuna lortzea, haien datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura jartzeko, eskatutako diru-laguntza kudeatzeko soil-soilik, eta deialdi honen 18. artikuluan xedatutako edukiaren berri ematea kontratatuei.

2.– Era berean, praktikaldiko kontratu bat amaitzean bete beharko den betebehar espezifiko gisa, enpresak ziurtagiri bat egin behar dio langileari. Hor, honako hauek jaso behar dira, gutxienez:

– Kontratuaren iraupena.

– Betetako lanpostuak, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.

14. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako Funtsak kontrolatzeko instantziek egin ahal izango dituzte deialdi honen helburuak beteko direla bermatzeko beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-ekintzak.

Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2024ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.

15. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

16. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea lan-kontratu mugagabeetarako edo praktikaldiko kontratuetarako legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen/duten gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

5.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduaren bidez araututa dago. Agindu horren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dira (2012´-11-02ko EHAA).

Halaber, pertsona interesdunek datu horietara iristeko eskubidea baliatu ahal izango dute, baita datuok zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurkatzeko ere, legeak onartzen duen eran. Horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

19. artikulua.– Eskumenari buruzko Europako araudia.

1.– Deialdi honetan gazteak kontratatzeagatik jarritako laguntzek bat etorri beharko dute Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18an egindako 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa) ezarritako «minimis» arauarekin. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» erako laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskalen barruan.

Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.

2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala