Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2017ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3584

193/2017 DEKRETUA, uztailaren 11koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Errenterian, «Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako proiektua» burutzeko behar diren ondasun eta eskubideak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak «Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako proiektua» delakoaren obrak egiteko baimena jaso eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabili beharra adierazi zuen.

2017ko martxoaren 15ean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hamabost egunez prentsan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (58. zk.) eta 2017ko martxoaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (59. zk.). Horretaz gain, 2017ko martxoaren 15ean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Eusko Jaurlaritzari proiektu horrek eraginpean hartzen dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren deklarazioa eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin batera. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Irisgarritasuna Sustatzeko 20/1997 Legeak eta hori garatzen duen 68/2000 Dekretuak ezarritakoa bete behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2017ko uztailaren 11n egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Errenteriako bake-epaitegiaren irisgarritasunerako proiektua» egiteko behar diren ondasun eta eskubideak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hileko epean. Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira epeok.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARIA ARRIOLA LOPEZ.


Azterketa dokumentala