Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2017ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3581

72/2017 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lekeitioko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 2017 Auzolandegiak programa garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lekeitioko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 2017 Auzolandegiak programa garatzeko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 3a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 3KO 72/2017 EBAZPENARENA
HITZARMENA, 2017KO AUZOLANDEGIAK PROGRAMA GARATZEKO EUSKAL ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA LEKEITIOKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA

Vitoria-Gasteizen, 2017ko maiatzaren 2an.

BILDURIK:

Batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua.

Bestetik, Koldo Goitia Markuerkiaga jauna, Lekeitioko Udaleko alkatea.

PARTE HARTU DUTE:

Lehenak, Euskal Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa, Gobernu Batzordeak 2017ko apirilaren 11n hartutako Erabakiaz ematen zaizkion ahalmenak erabiliz.

Bigarrenak, Leketioko Udalaren izenean eta haren ordezkari gisa, 2015eko ekainaren 13an Udal Bileran hartutako Erabakiak ematen dizkion ahalmenak erabiliz.

AZALDU DUTE:

Gobernuari buruzko ekainaren 30eko 7/1981Legeak lehendakariari ematen diola sailak sortzeko eta ezabatzeko ahalmena, bai eta sailen izenak finkatzeko eta haien eskumenak banatzeko ahalmena ere. Ahalmen horiez baliatuz, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

Azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 8. artikuluaren arabera Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak dauka Gazteriaren arloko eskumena.

Euskal Administrazio Orokorreko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzak 2017ko udan Auzolandegiak programa aurrera eramateko asmoa duela 18 eta 26 urte bitarteko gazteentzat eta, auzolandegi bakoitzean, gehienez 20 plaza izango direla.

Zuzendaritza honek, aipatutako egitaraua burutu ahal izateko, komenigarria deritzola tokian tokiko udalekin lankidetza hitzarmenak izenpetzeari, programaren jarduerak aurrera ateratzeko bitarteko eta giza baliabideei dagokionez bi administrazioetako bakoitzak hartzen duen ardura zehazteko.

Era berean, Lekeitioko Udalak, auzolandegietara bideratuko diren jarduera zehatzei dagokienez, alegia, ingurumena berreskuratzeari, ondarea berreskuratzeari, adinekoen gizarte-dinamizazioari, eta abarri dagokienez dituen eskumenak erabiliz, egoki deritzo programa hau aurrera ateratzeko bere lankidetza emateari.

Eta, azaldutakoa ikusirik, bi alderdiek lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dutela, ondorengo hauek izanik errespetatu beharreko,

KLAUSULAK

Lehena.– Lekeitioko udalerrian kokaturik egon eta hirugarren adinekoentzako animazioa Uribarren Abaroa egoitzan ekintza garatuko duen auzolandegiko jarduerak burutzeko lankidetza-zerbitzuak eskainiz, gazteentzako auzolandegietarako 2017ko programa burutzeko bi administrazioen arteko elkarlanerako abiaburuak zehaztea da hitzarmen honen xedea:

Auzolandegi horretara, ondoan aipatzen den parte-hartzaile kopurua bertaratuko da jarritako denbora tarte horretan:

Txanda: 1 eta 2.

Denbora tartea: 2017ko uztailaren 17tik 31ra / 2017ko uztailaren 31tik abuztuaren 14ra.

Partaide kopurua: 20 gehienez, txanda bakoitzean.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ondoren adierazten diren zerbitzuak hartuko ditu bere gain aipaturiko auzolandegian:

● Jardueraren antolaketa orokorra.

● Auzolandegiko jardueren sustapena, parte-hartzaileen inskripzioa eta tramitazioa.

● Jardueraren ardura izango duen langileria.

● Janaria edo horren kostuak.

● Parte-hartzaile, instalazio eta bitartekoen aseguruak (istripu eta erantzukizun zibila asegurua).

● Instalazioak atontzeko materialak (ohatzeak, mahaiak, sukaldeko tresneria, eta abar).

Hirugarrena.– Lekeitioko Udalak ondoren zehazten diren zerbitzuak eskainiko ditu, auzolandegiaren jarduerak burutzen laguntzeko:

● Auzolandegian lan egin ahal izateko materialak, baita lan egiteko tokia (lursaila, edo berreskuratu beharreko ondarea...) eta instalazioak gazte parte-hartzaileen premietara egokitzeko behar diren baliabideak ere.

● Auzolandegian egin beharreko lana martxan jarri eta zuzentzeko behar diren pertsonak, betiere antolatzaileen jarraibideak errespetatuz arituko direnak.

● Parte-hartzaileei ostatu emateko instalazioak edo lursailak, betiere higiene-, osasun- eta segurtasun-baldintzak betetzen dituztenak, eta auzolandegian egingo diren jarduerei egokitutakoak.

● Garraioa lo egiteko lekutik lan egiteko tokiraino, urrun badago bata bestetik.

● Animazioari dagokionez, Euskadiko Autonomia Erkidegoan gutxienez egun baterako ekintza soziokulturalak edo aisialdiko jarduerak egiteko behar diren pertsonak eta bitartekoak jarriko ditu.

● Behar diren segurtasun-neurriak, parte-hartzaileek beren osasuna arriskuan jarri gabe lan egin dezaten.

● Ostatu hartzeko erabiliko diren instalazioak garbitzeko behar diren materialak.

● Auzolandegia hasi aurretik, udalak udalerriak eta inguruek eskaintzen dituzten kultur baliabideak eta aukerak erakutsiko dizkio auzolandegiaren zuzendaritzaz eta animazioaz arduratuko den taldeari.

● Auzolandegia bukatutakoan, bertan egindako lanen memoria aurkeztuko du, argazki eta guzti.

● Udalak Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren lankidetzarekin antolatutako auzolandegiaren berri zabaltzeko komunikazio-ekitaldirik egiteko asmorik izanez gero, Gazteria Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio deialdia egin aurretik eta, betiere, ekitaldia bera gauzatu aurretik.

● Udalak indarrean dagoen datu pertsonalen babesari eta tratamenduari buruzko legeria bete beharko du.

● Bestelako eskaintzak: orain arte esandakoaz gainera, udalak bere iritziz egoki izan litezkeen beste laguntza batzuk ere eman ahal izango ditu, betiere, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzako antolatzaile eta arduradunen baimenaz.

Laugarrena.– Hitzarmen honen indarraldia jarduera amaitu eta hiru hilera amaituko da.

Bosgarrena.– Indarraldiaz gain, honako hauek izango dira hitzarmena iraungitzeko arrazoiak:

– Bi aldeek hitzarmena iraungitzea adostea.

– Aldeetako edozeinek bere betebeharrak ez betetzea.

– Indarrean dagoen legerian ezarritako arrazoi orokorrengatik.

Seigarrena.– Indarraldia ez bestelako arrazoi bat dela-eta hitzarmena iraungitzen bada, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak jarduera bertan behera uztea komeni den erabakiko du, hala badagokio.

Zazpigarrena.– Koordinazioa errazteko eta hitzarmen honen funtzionamendua artikulatzeko, jarraipen-batzorde bat sortuko da, paritarioa, eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak eta udalerriko alkateak osatuko dute, bai eta dagozkien erakundeetako teknikariek ere, eta horiek arduratuko dira azaltzen diren interpretazio- eta betetze-arazoak ebazteaz. Ildo horretan, bi alderdiek elkarri aitortzen diote batzarrak eta informazio-trukea eskatzeko gaitasuna, hitzarmen honek arautzen dituen egitekoak gauzatu ahal izateko.

Eta, ados daudela erakusteko, honako hitzarmen honen moduko bi ale izenpetu dituzte, izenburuan adierazitako lekuan eta egunean,

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Lekeitioko Udaleko alkatea,

KOLDO GOITIA MARKUERKIAGA.


Azterketa dokumentala