Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2017ko uztailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKO LEGEBILTZARRA
3578

IRAGARKIA, instalazio eta mantentze-lanetako teknikariaren plaza bat betetzeko, Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoko karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoei buruzkoa.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2017ko uztailaren 5eko Erabakia betez, agintzen dut:

Lehenengoa.– Instalazio eta mantentze-lanetako teknikariaren plaza bat betetzeko, deialdia egitea Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoan karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesurako, 2017ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onetsi zuen Mahaiaren 2017ko maiatzaren 30eko Erabakiaren ondorioz (Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofiziala, 31.a, 2017ko ekainaren 2koa).

Bigarrena.– Instalazio eta mantentze-lanetako teknikariaren plaza bat txanda irekian betetzeko, Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoan karrerako funtzionario gisa sartzeko hautaketa-prozesuaren oinarri espezifikoak Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren 2017ko uztailaren 5eko Erabakiaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da organo horretan bertan, hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Laugarrena.– Oinarri espezifiko hauek ondorioak sortuko dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 5a.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

INSTALAZIO ETA MANTENTZE-LANETAKO TEKNIKARIAREN PLAZA BAT BETETZEKO, EUSKO LEGEBILTZARREKO GOI MAILAKO TEKNIKARIEN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIO GISA SARTZEKO HAUTAKETA-PROZESUAREN OINARRI ESPEZIFIKOAK

1.– Deialdiaren helburua.

1.1.– Deialdi honen xedea da behar diren arauak finkatzea Eusko Legebiltzarreko Goi Mailako Teknikarien Kidegoko instalazio eta mantentze-lanetako teknikariaren plaza bat, txanda irekian, oposizio-lehiaketa sistemaren bidez betetzeko.

1.2.– Deialdiko plaza.

Instalazio eta mantentze-lanetako teknikariaren plaza bat.

Atxikipena: Mantenimendu Atala.

1.3.– Legebiltzarreko Administrazioko kidegoa: Goi Mailako Teknikariak.

1.4.– Betetzeko sistema: oposizio-lehiaketa.

1.5.– Eskatzen den titulazioa: doktore, lizentziadun, ingeniari, arkitekto edo gradu titulua, edo titulazio horiek lortzeko beharrezko diren betekizunak betetzea.

1.6.– Euskarako hizkuntza-eskakizuna: 3.a derrigorrezkoa.

1.7.– Lanpostuaren eginkizun nagusiak: II. eranskinean ezarritakoak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2017ko uztailaren 17an hasiko da eta 2017ko irailaren 11n 23:59an bukatuko da.

3.– Hautaketa-prozesuaren oinarriak.

Deialdian jarraitu beharrekoak izango dira, batetik, Eusko Legebiltzarrean karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak, Mahaiak 2015eko martxoaren 17an onetsiak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 2015eko apirilaren 1eko 62. zenbakian argitaratuak, eta, bestetik, oinarri espezifiko hauek.

4.– Parte hartzeko eskakizunak, hautaketa-prozesuaren bilakaera eta plazaren esleipena

4.1.– Plazarako lehiatzaileek oinarri orokorretako 3.3 oinarrian orokorki ezartzen diren eskakizunak bete behar dituzte.

4.2.– Eskabidea, oinarri orokorretako 4. oinarrian xedatutakoaren arabera, Interneten bidez bete beharko da, Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan.

4.3.– Goi Mailako Teknikarien Kidegoarentzako tasa 20 euro dira.

Tasaren ordainketa oinarri orokorretako 4.5 oinarrian aurreikusitako eran egin ahal izango da (banka elektronikoaren bidez edo sukurtsalean) honako erakunde hauetan: Kutxabank eta Laboral Kutxa.

4.4.– Hautaketa-prozesua eta plazaren esleipena arestian aipatutako oinarri orokorretako aginduen arabera egingo dira, eta, orobat, oposizio-aldiko ariketei eta lehiaketa-aldiko ebaluazioari buruz oinarri espezifiko hauetan aurreikusitako arauen arabera.

5.– Epaimahaia.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak izendatuko ditu kalifikazio-epaimahaiko kideak, oinarri orokorretako 6. oinarrian xedatutakoaren arabera.

Nolanahi ere, hauek izango dira epaimahaiko kideak: Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide bat; legelari nagusia edo hark eskuordetzen duen pertsona; dagokion arloko burua; gaian espezialista den kanpoko aholkulari bat; Legebiltzarreko beste funtzionario bat, Langileen Batzordeak proposatuta; HAEEk izendatutako pertsona bat, eta Eusko legebiltzarreko legelari bat, idazkari-lanetan jardungo duena.

6.– Oposizio-aldiko ariketei dagozkien arauak.

Oposizio-aldia osatzen duten ariketak ezin izango dira hasi harik eta gutxienez hiru hilabete igaro arte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdia argitaratzen denetik. Lehenengo ariketaren eguna, ordua eta tokia argitara emango dira Interneten, bai Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan, bai Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan, betiere gutxienez bost egun lehenago. Argitaratu ordez, lehiatzaileei zuzenean eta modu frogagarrian jakinarazi ahal izango zaie, aurreko epe berean. Gainerako ariketak egiteko hurrengo iragarkiak jakitera emango dira lehen aipatutako Interneteko helbideetan, betiere gutxienez 48 ordu lehenago.

Ariketa guztiak izango dira derrigorrezkoak eta kanporatzaileak.

Oposizio-aldiko proba bakoitza bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emango ditu oposizio-aldiaren behin-behineko emaitzak ahalik eta lasterren, eta epe bat ezarriko du, hiru egun baliodunekoa, epaimahaiaren ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera kontatuta, egin beharreko erreklamazioak egiteko.

Lehenengo ariketa:

Izango da A gai-zerrendako (zati orokorreko) 40 galderari erantzutea, lau aukeraren artean hautatuz erantzuna. Zigortu egingo dira erantzun okerrak: erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzen baten balioaren herena deskontatuko da.

Ariketa honen balioa 12 puntu izango da. Epaimahaiak, kontuan hartuta eska daitekeen gutxieneko maila eta aurkeztu direnen ezaupideen maila, erabakiko du, betiere haien nortasuna ezagutu aurretik, zein den ariketa gainditzeko gutxieneko puntuazioa eta jakitera emango du hartutako erabakia.

Bigarren ariketa:

Izango da idatzizko azalpen bat egitea, gehienez ere bost orduz, B gai-zerrendako (zati espezifikoko) lau gairi buruz.

Zortzi gai aterako dira, zoriz. Epaimahaiak gai horietako bi aukeratuko ditu lehiatzaile guztiek gara ditzaten, eta, beste seietatik, lehiatzaileak aukeratuko ditu garatuko dituen beste biak.

Ariketa horren balioa 28 puntu izango da, eta 14 puntu lortu beharko dira gainditzeko.

Edozein gai erantzun gabe utziz gero edo edozein gaitan epaimahaiaren irizpidez 0 puntu ateraz gero, lehiatzailea kanpoan geratuko da.

Batez ere, azaldutako ezaupideak baloratuko dira, baita horiek egoki ordenatzea eta formulatzea ere.

Hirugarren ariketa:

Kasu praktiko bat edo batzuk planteatuko dira, idatziz ebatziak izan daitezen, B gai-zerrendaz (zati espezifikoaz). Ariketa honek lau ordu iraungo du gehienez ere.

Epaimahaiak honako alderdi hauek baloratuko ditu: ezaupide teknikoen maila, gaia azaltzean erakutsitako argitasuna, sintesi-gaitasuna eta ezaupide desberdinen erabilera konbinatua eta integrazioa.

Ariketa honek 40 puntu balioko du gehienez ere. Kanporatuta geratuko dira 20 puntu, gutxienez, lortzen ez dituzten lehiatzaileak.

Edozein kasu praktiko erantzun gabe utziz gero edo edozein gaitan epaimahaiaren irizpidez 0 puntu ateraz gero, lehiatzailea kanpoan geratuko da.

Euskarako proba.

Euskarako probaren helburua izango da 3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea, eta oinarri orokorretako 8.2 paragrafoaren arabera egingo da.

7.– Lehiaketa-aldiaren ebaluazioari buruzko arauak.

Lehiaketa-aldiaren ebaluazioa egingo da behin oposizio-aldiko azken ariketa burutu ondoren. Epe bat irekiko da, 10 egunekoa gutxienez, ariketak gainditutako pertsonek merituen dokumentazio justifikagarria ekar dezaten. Merituak alegatu eta egiaztatuko dira oinarri orokorretako 10. oinarriak xedatutakoaren arabera. Alegatutako merituak eduki egin beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Lehiaketa-aldiaren kalifikazioa ondorengo meritu-baremoaren arabera emandako puntuen baturak zehaztuko du:

a) Lanbide-esperientzia: 5 puntu.

Esperientzia egiaztatua A-1 administrazio-kidegoaren edo goi-mailako tituludunaren eginkizun eta lanetan, instalazio eta mantentze-lanetako teknikari gisa, oinarri espezifiko hauen II. eranskinean jasotakoaren arabera, gehienez ere 5 puntu.

Lanbide-esperientziatzat hartuko dira Eusko Legebiltzarrean, Arartekoan edo beste administrazio publiko, erakunde autonomo, zuzenbide pribatuko erakunde publiko eta sozietate publiko batzuetan egindako zerbitzuak, baldin eta lanpostuaren eginkizun eta lanetan egin badira. Atal honetan lanbide-esperientzia baloratuko da baldin eta esleitutako lanak betetzeko egokitasun berezi bat erakusten bada, II. eranskinaren arabera, hilabeteko 0,05 puntu.

Ez dira baloratuko hilabetetik beherako zatiak. Zenbaketan, lan egindako aldien batura egingo da, eta, behin batura egin ondoren, ez dira aintzat hartuko hilabetetik beherako zatiak. Horretarako, 30 egun naturaleko multzoa joko da hilabetetzat.

Ezinbestekoa izango da aritu izaniko instituzio publiko edo erakundearen ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagirian agertu beharko dira lanpostuaren izena, egindako lan zehatzak eta haietan aritutako aldia.

Nolanahi ere, Eusko Legebiltzarrean lan egiten duten lehiatzaileek ez dute ziurtagiri hori ekarri beharrik izango instituzio horretako merituei dagokienez.

b) Graduondoko prestakuntza eta titulazio ofizialak: 7 puntu.

Baloratuko dira, gehienez 7 punturaino, ondoren azaltzen den baremoaren arabera, lanpostuaren eginkizunei eta oposizioko gai-zerrenda espezifikoari lotutako titulazio ofizialak eta graduondoko prestakuntza:

● Doktorea: 7 puntu.

● Unibertsitate-masterra (ofiziala); Ingeniaritzak (Ingeniaritza Elektronikoa, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Eletronikoa, Telekomunikazioetako Ingeniaritza, Industria Ingeniaritza, beste ingeniaritza baliokideak); eta Arkitektura: 6 puntu.

● Ikertze-askitasuneko edo ikasketa aurreratuen diploma: 6 puntu.

● Berezko masterra: 5 puntu.

● Arkitekturako, ingeniaritzetako eta lanpostuaren eginkizunei eta oposizioko gai-zerrenda espezifikoko gaiei lotutako graduak, denak ere Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroan inskribatuak: 4 puntu.

● Unibertsitateko aditu/espezialistaren berezko titulua: 2 puntu.

● Doktoretza-ikastaroa (ikastaro bakoitzeko, 10 gehienera): 0,50 puntu.

Doktoretza-ikastaroak ez dira baloratuko erabili baldin badira doktore-titulua edo ikertze-askitasunekoa lortzeko edo ikasketa aurreratuen diploma lortzeko.

c) Prestakuntza- eta hobekuntza-ikasketak: puntu 1.

Baloratu egingo da prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak ematea, egitea eta gainditzea, betiere ikastaro horiek darabiltzaten gaiek zuzeneko lotura dutenean deialdi honetako lanpostuaren berezko eginkizun eta lanekin, oinarri orokorretako 10.7 oinarrian xedatutakoaren arabera. Bakar-bakarrik baloratuko dira azken 10 urteetan eman edo egindako 10 ordutik gorako iraupeneko ikastaroak, orduko 0,02 punturekin eta gehienez ere 2 punturekin; betiere puntu 1 gainditu gabe, alegatutako ikastaroko. Inoiz ere ez dira baloratuko bulegotika oinarrizko edo orokorreko ikastaroak.

d) Informatikako ezaupideak.

Informatikako ezaupideak baloratuko dira, gehienez ere 3 punturaino, ondoren azaltzen den baremoaren arabera:

● Microsoft Word aurreratua (2010): 0,5 puntu.

● Microsoft Access aurreratua (2010): 0,5 puntu.

● Microsoft Excel aurreratua (2010): 0,5 puntu.

● Internet aurreratua: 0,5 puntu.

● Outlook 2010: 0,5 puntu.

● PowerPoint 2010: 0,5 puntu.

Moduluak gainditu izana IT txartelaren ziurtagiri-sistemaren bidez egiaztatuko da.

e) Hizkuntzak: 4 puntu.

Baloratu egingo dira, ingeles, frantses eta alemaneko titulu edo ziurtagiriak, gehienez ere 4 punturekin guztira, ondorengo baremoaren arabera:

● C2 maila: 4 puntu.

● C1 maila: 3 puntu.

● B2 maila: 2 puntu.

Horretarako, titulu eta ziurtagiri hauek bakarrik hartuko dira kontuan: «Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren mailen baliokide diren titulu eta ziurtagiriak» eranskinean agertzen direnak (117/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, hizkuntza-titulu eta -ziurtagirien baliokidetasuna ezartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornitze-prozesuetarako).

8.– Azken kalifikazioa eta berdinketa-hausteko irizpideak.

8.1.– Azken kalifikazioa.

8.1.1.– Oinarri orokorretan xedatutakoaren arabera, lehiatzaile bakoitzaren azken kalifikazioa oposizio-aldian eta merituen balorazioan lortutako puntuazioen baturak zehaztuko du.

8.1.2.– Emaitza eta kalifikazio guztiak argitara emango dira Interneten, bai Eusko Legebiltzarraren www.legebiltzarra.eus helbide elektronikoan, bai Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.eus helbide elektronikoan. Kontsultak egiteko helbide horien bitartez, sartu beharko da NANaren zenbakia eta eskaeraren erreferentzia-zenbakia.

8.2.– Berdinketa hausteko irizpideak.

8.2.1.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4.a) artikulua aplikatuz, ulertuko da lehiatzaileek gaitasun bera dutela berdinketa ateratzen denean hautaketa-prozesuaren azken puntuazioan, hau da, behin proba guztiak egin eta baloratu eta dagozkion merituak batu ondoren.

8.2.2.– Berdinketa gertatuz gero, lehentasun-ordena ezarriko da ondorengo irizpideei jarraiki, bata bestearen ondotik:

1) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldian.

2) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldiko hirugarren ariketan.

3) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldiko bigarren ariketan.

4) Nork lortu duen puntuaziorik handiena oposizio-aldiko lehenengo ariketan.

5) Nork lortu duen puntuaziorik handiena lanbide-esperientziagatik.

6) Nork lortu duen puntuaziorik handiena graduondoko prestakuntzan eta titulazioetan.

7) Nork lortu duen puntuaziorik handiena irakaskuntza-jardueretan eta prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroetan.

8) Nork lortu duen puntuaziorik handiena hizkuntzetan.

I. ERANSKINA
A GAI ZERRENDA (ZATI OROKORRA)

1.– Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko printzipioak. Oinarrizko eskubide eta eginbeharrak. Estatuaren botereak. Botere legegilea, botere betearazlea eta botere judiziala. Botereen arteko harremanak.

2.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutua. Printzipio orokorrak. Estatuaren eta EAEren arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko eskumen-banaketaren alderdi orokorrak. Autonomia Estatutuaren erreforma.

3.– Lehendakaria. Estatutu pertsonala (hautaketa, izendapena, kargu-uztea eta eginkizun-gabetzea). Eskumenak eta ahalmenak. Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernua. Osaera. Eskumenak (7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzkoa).

4.– Eusko Legebiltzarra. Osaera. Legebiltzarkidearen estatutua. Talde parlamentarioak. Eusko Legebiltzarraren egoitza.

5.– Eusko Legebiltzarraren Erregelamendua. Egitura sistematikoa. Eusko Legebiltzarraren eraketa. Lehendakaritza eta Mahaia. Bozeramaileen Batzarra.

6.– Legebiltzarraren Osoko Bilkura. Legebiltzarreko batzordeak: osaera, motak eta eginkizunak. Bilkurak eta gai-zerrenda.

7.– Eusko Legebiltzarreko legegintza-prozeduraren ideia orokorra. Legegintza-ekimena. Lege-proiektuak eta lege-proposamenak. Zuzenketak. Prozedura bereziak.

8.– Jaurlaritza sustatu eta kontrolatzeko eginkizuna Eusko Legebiltzarrean. Galderak, interpelazioak, mozioak. Ikerketa-batzordeak.

9.– Eusko Legebiltzarreko zuzendaritza-organoak. Lehendakaria. Mahaia. Bozeramaileen Batzarra. Legelari nagusia. Eusko Legebiltzarraren harremanak beste organo batzuekin.

10.– Arartekoa (3/1985 Legea, otsailaren 27koa). Egitura sistematikoa, eginkizunak, hautaketa eta kargu-uztea. Jarduera-eremua. Legebiltzarrarekiko harremanak.

11.– Langileen Estatutua eta Legebiltzarreko Administrazioaren Araubide Juridikoa, 1990eko ekainaren 22koa. Egitura sistematikoa. Funtzionario motak eta kidegoak. Lanpostu-zerrenda eta aurrekontu-plantillak. Langile-hautaketa eta lanpostu-betetzea.

12.– Euskal funtzio publikoaren araubide juridikoa (6/1989 Legea, uztailaren 6koa). Xedea. Aplikazio-eremua. Funtzionario publikoen eskubide eta eginbeharrak. Diziplina-araubidea.

13.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna (4/2005 Legea, otsailaren 18koa). Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jardunaren araubide eta gida izan behar duten printzipio orokorrak. Administrazioaren araudian eta jardueran berdintasuna sustatzeko neurriak.

14.– Euskararen erabileraren hizkuntza-normalizazioa Administrazioan. Printzipio orokorrak. Hizkuntza-eskakizuna. Hizkuntza-eskakizunen derrigortasuna. Eusko Legebiltzarreko Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana.

15.– Administrazio-prozedura I (39/2015 Legea, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena). Prozedurako interesdunak: jarduteko gaitasuna eta kontzeptu hauek: interesduna, interesdunak identifikatzea eta beren sinadura administrazio-prozeduran. Administrazio publikoen jarduera: administrazio publikoen jardunerako arau orokorrak. Epemugak eta epeak: epemugen eta epeen derrigortasuna, epe-neurketa. Administrazio-egintzak: egintzen baldintzak, egitea, edukia, arrazoitzea, forma eta eraginkortasuna.

16.– Administrazio-prozedura II. Prozeduraren bermeak: interesdunaren eskubideak; prozedura hasteko moduak; prozeduraren instrukzioa eta amaiera; prozedura betearaztea, eta prozeduraren antolamendua. Administrazio-egintzen deuseztasuna eta deuseztagarritasuna, egintzen eta tramiteen bihurketa, mantentzea eta baliozkotzea. Administrazio-egintzak berrikustea: ofizioz berrikustea, egintzak errebokatzea eta hutsen zuzenketa. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak eta errekurtso-motak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa (40/2015 Legea. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa): printzipio orokorrak, egoitza elektronikoa, Interneteko ataria, administrazio publikoen identifikazio-sistemak, administrazio-jarduera automatizatua, sinadura-sistemak eta sinadura elektronikoa, dokumentuen artxibo elektronikoa.

17.– Gardentasuna eta gobernu ona (19/2013 Legea, abenduaren 9koa). Printzipio orokorrak, aplikazio-eremua, informazio publikoa eskuratzeko bidea. Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritzaren Ebazpen Orokorra, 2016ko otsailaren 9koa, gardentasunaren eta informazio publikoa eskuratzeko bidearen printzipioa Eusko Legebiltzarrean aplikatzeari buruzkoa.

18.– Datu pertsonalen babesaren oinarrizko alderdiak (Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea). Kontzeptuak, printzipioak eta eskubideak; bereziki, informazio-eskubidea datuen bilketan, sekretu-eginbeharra eta datuen komunikazioa.

19.– Erabateko kalitatea. Kudeaketako printzipio eta ereduak (Euskaliten kudeaketa aurreratuaren eredua). Bezeroaren gogobetetzea. Zerbitzu-kartak.

20.– Laneko arriskuen prebentzioa (31/1995 Legea, azaroaren 8koa). Xedea, aplikazio-eremua, eskubideak eta betebeharrak.

B GAI ZERRENDA (ZATI ESPEZIFIKOA)

1.– Eraikuntza-proiektua egitea eta ikuskatzea. Faseak eta dokumentazioa. Memoria. Baldintza-agiria. Aurrekontua. Dokumentazio grafikoa. Ikuskapenaren legezko oinarriak. Ikuskatze-bulegoak: barne-kontrola eta kanpo-kontrola. Ikuskatze-txostenean kontuan hartu beharreko alderdiak.

2.– Obren zuzendaritza. Legezko kontzeptua, eskumenak, erantzukizuna eta zuzendaritza fakultatiboaren zereginak. Birplanteamendua. Obra-ziurtagiriak. Obra-aldaketak eta proiektu eraberrituak. Prezioak berraztertzea.

3.– Obren kontrol administratiboa publikoari irekitako eraikinetan. Legezko oinarriak. Obra-kontratua. Kontratazio-espedientea. Obren garapena. Obra-harrerak eta likidazioak.

4.– Eraikin baten proiektuan islatu beharreko segurtasun-baldintzak. Obrako segurtasunaren antolaketa. Segurtasun-azterlan eta -planak. Legezko araudi aplikagarria. Gertakarien liburua.

5.– Eraikinetako instalazio termikoen erregelamendua (EITE). Instalazioek bete beharreko xede, printzipio eta helburu orokorrak. Instalazio-proiektuak eta zerbitzuan jartzeko baldintzak. Eraikinen barneko baldintzak. Barneko airearen kalitatea eta aireztapena. Zaratak eta bibrazioak.

6.– Klimatizazioa: orotariko kontuak, konfort-baldintzak eta airearen kalitate-baldintzak eraikinetan, karga termikoak, hozkailu-ekipoak, hedapen zuzenaren bidezko klimatizazioko instalazioak, instalazio zentralizatuak, energia berreskuratzeko sistemak, airearen banaketa, aire-hodiak, unitate terminalak, ur-hodien sarea. Berokuntza, berokuntza-sistemak, energia-aurreztea. Indarreko araudia.

7.– Karga termikoak erakinetan, karga termikoen kalkulua. Eraikinaren egituren bidez beroa transmititzea, infiltrazioak eta aireztapena, eguzki-faktorea, diagrama psikometrikoa, tratatutako airearen beharrezko emaria, emari-nahasketa, bypass-faktorea, bero sentikor erabilgarriaren faktorea. Indarreko araudia.

8.– Gas-erregaiak darabiltzaten galdaren gelak, diseinu-baldintzak, kokapena, eraikuntza-ezaugarriak, errekuntzarako eta aireztapenerako airea, makina-geletako segurtasun neurri gehigarriak eta segurtasun-baldintzak. Indarreko araudia.

9.– Gas-erregaiak darabiltzaten galdarak, tipologia eta horietako bakoitzaren ezaugarriak, kondentsazioaren kontrako sistema, espantsio-ontziak eta bestelako segurtasun-elementuak. Mantentze-eragiketak galdaran, ke-kutxan, erregulazio- eta kontrol-ekipoan, tenperatura-mugagailua. Gas-erregailuak, osagarriak, arrapalak instalatzea, funtzionamendua egiaztatzea, aldez aurreko kontrolak eta sugar-kontrolak, nahaste-ganbera erregulatzea eta doitzea, funtzionamendu-prozesua. Mantentze-lanak eta matxurak antzematea.

10.– Bero-ponparen bidezko klimatizazio-sistemak. VRV sistemak, inverter teknologia. Kanpo- eta barne-unitateak. VRV sistemetan erabilitako fluido hozgarriak eta haien kudeaketa. Kontsumoarekiko eta errendimenduarekiko funtzionamendua definitzen duten parametroak. Lotutako mantentze-eragiketak. Instalazio tipikoak eraikinetan.

11.– Airea eta ura trukatzeko elementuak, klimatizagailuak, sekzio motak, free-cooling, isilgailuak, berreskuragailuak, lotutako mantentze-eragiketak, iragazkiak, bateriak, haizagailuak, transmisioak. Klimatizazio-instalazioekin lotutako suaren kontrako segurtasun-elementuak: suaren kontrako uhateak, muntaketa, konexio elektrikoak, suteak detektatzeko sistemarekiko interakzioa.

12.– Eraikinen baldintza akustikoak. Isolamendu akustikoari buruzko araudia: eraikingintzako jarraibide nagusiak. Eraikuntzako elementuei eta instalazioei eskatzekoak zaizkien baldintzak. Aireko zarata eta inpaktu-zarata. Betetzea eta kontrola. Egiaztapen-saio motak in situ eta laborategian.

13.– Laneko arriskuen prebentzioa. Laneko segurtasun eta osasuneko oinarrizko kontzeptuak. Arrisku orokorrak eta horien prebentzioa, lan-arriskuen prebentzioa kudeatzeko oinarrizko elementuak. Lan-eremuen argiztapena. Ergonomia. Larrialdietako eta autobabeseko planak: simulakroak egitea.

14.– Irisgarritasun-kodea. Mugak edo mugikortasun murriztua dituzten pertsonak. Ibilbide egingarria, egokitua eta bihurgarria. Irisgarritasuna erabilera publikoko eraikinetan.

15.– Energiaren erregulazioa, mantentzea eta kudeaketa. Legebiltzarraren eraikinen ingurumen-kudeaketa: energia eta efizientzia; eraikingintzaren arloko legegintza-esparrua; energia-ikuskaritzak. Eraikin publikoen energia-efizientzia areagotzeko jarduketak. Eraikinen ziurtagiri energetikoa eta ziurtatze-tresnak.

16.– Mantentze-lanak, helburuak, mantentze integrala, zatiak. Mantentze-motak. Mantentze-lanen atalaren antolaketa. Berezko mantentze-lanak edo kontratatutakoak.

17.– Eraikinetako mantentzea kudeatzeko programak; matxuren kudeaketa, emaitzen kontrola, mantentze-lanen efizientzia, mantentze prediktiboa, zuzentzeko mantentze-lanak, mantentze integrala, mantentzeari lotutako kostuen kontrola, dokumentazioaren kontrola.

18.– Luminoteknia: argiztapenari buruzko oinarrizko kontzeptuak; argiztapen-sistemak eta mantentzea; argiztapenaren efizientzia energetikoa areagotzeko estrategiak. Argiztapena eta barruko argien instalazioak, kolorea, igorpen bidezko koloreak, islapena eta gardentasuna, islapen-faktorea, puntu zuria, argiztapenaren tipologia eta kalkulua. Argiak, argiztapen-mailak, lanparak, luminariak, errefraktoreak, islagailuak, difusoreak, instalazioen diseinua, uniformetasuna, itsutzea, iluminantzia horizontala eta bertikala.

19.– Instalazio berrien diseinua, aurretik dauden instalazioen aldaketa, lerroen kalkulua, lotutako tentsio-erortzeak, intentsitate maximo onargarria, instalazioen legalizazioa. Eraikin instituzionalei ITC-28a aplikatzea, jardunean ari diren instalazioetan kontuan hartu beharreko neurriak. Egituren, eraikinen eta zona irekien babesa.

20.– Behe-tentsioko instalazio elektrikoak. Erdi-tentsioko instalazio elektrikoen elementuak: sarrera/irteerako lineako kabinak. Transformadoreak babesteko kabinak. Ezaugarriak, eragiketa, mantentzea. Potentzia-faktorearen doikuntza.

21.– Behe-tentsioko instalazio elektrikoetako gainintentsitateen kontrako ohiko babesgailuak. Behe-tentsioko instalazio elektrikoetako zeharkako kontaktuen kontrako ohiko babesgailuak. Kaxa elektrikoak, aparamenta, etete-ahalmenak, eragiketa eta mantentzea, elementuak ordezkatzea, hautakortasuna. Lotutako babesak, diferentzialak, motak, ezaugarriak, babes magneto-termikoa, motak eta ezaugarriak, hautaketa.

22.– Eraikinetan argindarraren horniduraren jarraitutasuna bermatzeko gailuak. Ezaugarriak. Instalazio-moduak, hobetze-aukerak, mantentzea eta lotutako eragiketak.

23.– Zerbitzuko korronte alternoko motoreak: ezaugarri-plaka. Borna-plakaren konexioak. Babesak. Elikadura. Abiaduraren erregulazioa ahalbidetzen duten parametroak. Abiatze-sistemak, freno-sistemak eta biraketa-noranzkoa alderantzikatzeko sistemak hutsean eta kargapean.

24.– Legebiltzarraren jardunerako instalazioak. Biltzarretarako sistema digitalak. Egitura, biltzarrak kudeatzeko sistema osatzen duten ekipoak, parte-hartze unitatea, lehendakaritzaren unitatea, itzulpen-unitatea eta hizkuntzak banatzeko unitatea.

25.– Eraikin instituzionaletako megafonia- eta abisu-sistemak, erabilerak, arauak, zonak, maneiua, erabilera eta partikularizazioa, anplifikadoreak, sabaiko bozgorailuak, potentzia-etapak, atenuadoreak, mikrofono dinamikoak, idazmahai mikrofonikoak, zona-deskodegailuak, lotutako mantentze-eragiketak.

26.– Eraikin instituzionaletako segurtasun-sistemak. Etengabeko bistaratze- eta zaintza-pantailadun eraikin baten instalazio orokorra ezartzea.

27.– Parlamentuetako ikus-entzunezko sistemak (I). Audio- eta bideo-seinaleak. Seinale analogikoa eta digitala. Audio eta bideoaren transmisio-sistemak. Erabilitako konektoreak. Bideo-bereizmenaren eboluzioa. Banaketa. Kableatu bereiziak eta txertatutako seinaleak. SDItik analogikorako bihurgailuak, analogikotik SDIrako bihurgailuak, seinaleak eskalatzea.

28.– Parlamentuetako ikus-entzunezko sistemak (II). Prentsa-kabina, komunikabide sozialekin informazioa partekatzeko sistema. Bideoa. Audio- eta bideo-matrizeak. Hedabideekiko kontrol sistema garatzea.

29.– Parlamentuetako ikus-entzunezko sistemak (III). Bideo-grabazioa. Parlamentu bat produkzio bideografikoz hornitzeko instalazio-eredua. Grabazio-sistemak eta euskarriak, konpresioa, bideo-kodeak eta haien ezaugarriak.

30.– Parlamentuetako ikus-entzunezko sistemak (IV). Sareko ekipoa, sare lokal bat konfiguratzea, ekipo bat sarean konektatzea, prozedura, problemak konpontzea sare lokaleko konexio batean. Windowseko komandoak sareetako problemak ezagutzeko eta konpontzeko.

31.– Larrialdiak kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemak. Ebakuazio-planak, ebakuazio-bideak, irizpideak, seinaletika.

32.– Autocad. Marrazketa-eremua. Komando-leihoak. Koordenatu-sistemak. Linea motak, geruzak, blokeak, bistaratze-espazioak, kanpoko erreferentziak eta beste komando batzuk.

33.– Iturgintza-instalazioak, lotutako araudia, eraikingintzaren kode teknikoa (EKT), osasungarritasuneko oinarrizko eskakizunak, ur-hornidura, DB-HS4, eta ur-ebakuazioa, DB-HS5. Diseinua, aurretik dauden instalazioen aldaketa, jardunean ari diren instalazioetarako neurri batzuk.

34.– Suteen kontrako babesa publikoari irekitako eraikinetan. Suteen kontrako babeserako baldintzei buruzko arauak eraikinetan. Aplikazio-eremu eta -erregimena. Konpartimentazioa, ebakuazioa eta seinaleztatzea. Eraikuntzako material eta elementuek suarekiko duten portaera. Suteen kontrako babeserako instalazioak. Eraikinen irisgarritasuna eta ingurunea suteen itzalketa-zerbitzuetarako.

35.– Sua, sua itzaltzeko metodoak, su-itzalgailuak, sute-aho ekipatuak, tutu lehorra, hidranteak, ur-errezelak, sprinklerrak, erabat urpetzeko sistemak, agente gaseosoak, presiozko ekipoak, sua gas bidez itzaltzeko suteetarako babes-sistemak hautatzea, agente garbiak, ur langarreztatuak, aerosolak. Suteen kontrako babesari buruzko erregelamendua eta lotutako UNE arauak.

36.– Suteak detektatzeko sistemak, zentralak, detektagailu-ekipoen berrarmatze-konexioa, detektagailu-ekipoen egoera, aginte baten konexioa eta deskonexioa, atzerapenak, eta egiaztapenak, alarma-kontagailuak, zerbitzu-mailak.

37.– Suteetarako babes pasiboko sistemak, arauen aplikazioa. Kalkulatzeko irizpideak, babes pasibo motak, babes horien funtzionamendua, aireztatzaileak, keen kontrako errezelak, erauzgailuak, instalazioa, erabilera, mantentze-lanak, presurizazio-sistemak, osagaiak, erabilera, instalazioa, mantentzea. Mantentze-lanetako eragiketak suteen kontrako babeserako instalazioetan.

38.– Suteen aurkako babeserako instalazioei aplikagarri zaien araudia publikoari irekitako eraikinetan, EKT-sute kasuetan aplikagarri diren oinarrizko segurtasun-eskakizunak. Erabilpenerako oinarrizko segurtasun-eskakizunak.

39.– Eraikinen kudeaketa- eta eroapen-sistemak. Klimatizazio-, argiztapen- eta erauzketa-kontrola, energia-aurrezpena ordutegi-kudeaketarekin, ekipo elektrogenoa duten zirkuitu elektrikoen lastatze- eta deslastatze-konfigurazioa, energia-kontagailuak. Grafiko baten osagaiak, aldagaien irudikapena, erregistro-egoera eta -motak, alarmen maneiua, historikoen maneiua, eragiketak historikoekin, ordu-kontagailuak, eragiketa-txostenak erabiltzaileekin.

40.– Ergonomia eta osasuna bulegoan. Lanpostu bat proiektatzeko printzipio ergonomikoak. Laneko aulkia, dimentsioak, altuerak, eskakizunak. Ordenagailurako altzariak, pantailak. ISO 6385-2004.

II. ERANSKINA
INSTALAZIO ETA MANTENTZE-LANETAKO TEKNIKARIAREN POSTUAREN EGINKIZUN NAGUSIAK

• Beharrezko diren jarduerak egitea eraikinak eta instalazioak egoera ezin hobean egon daitezen, bermatuz emandako zerbitzuak betetzen dituela ezarritako kalitate-maila eta epea. Proposatutako ekintzen helburua izango da errendimenduak optimizatzea eta, beraz, kostuak murriztea, ziurtatuz indarrean diren arauak betetzen direla.

• Kontrolatu kanpoko zein etxeko agenteek ikuskapenak eta arauzko eta ohiko mantentze-lanak egiten dituztela. Behar diren konponketak egitea. Jarduera hori guztia eraikinetako instalazio orokorrei eta jarduera parlamentariorako espezifikoei dagokienez.

• Lehiaketetarako oinarri teknikoak lantzea. Proiektu teknikoak, azterketak, planak eta programak zuzentzea, txostenak eta gastu-proposamenak eginez obrei, erosketei, instalazio berriei, ekipamenduei eta kanpoko zerbitzuen kontratazioei buruz. Emaitza gainbegiratzea.

• Eusko Legebiltzarreko instalazioak gaurkotu eta hobetzeko proiektuak proposatu, ebaluatu, horiei buruz aholkua eman eta zuzendu; gauza bera lokalak erreformatzeari eta altzariz janzteari dagokionez, eta izan daitezkeen matxurei, sistemen akatsei eta abarrei aurre egiteko planei dagokienez ere.

• Ohiko eta ez ohiko jarduera parlamentarioetan kolaboratu eta laguntzea, baliabide teknikoak eskainiz horiek aurreikuspenei jarraiki gara daitezen. Behar den ekipamendua erosi edo kontratatzea eta ikus-entzunezkoen ekipamendua maneiatzeko kontrata kudeatzea.

• Lanak gainerako unitate administratiboekin koordinatzea, koordinazio-bileretara joanez eta ataleko langileei informazioa jakinaraziz.

• Laguntza ematea ataleko jardueren plangintza gertatzeko. Mantentze-, konpontze- eta egokitze-lanak ataleko kideekin partekatzea, zalantzak argituz aurreikusitako helburuak iriste aldera.

• Atalari dagokion urteko aurrekontu-proposamena egiten laguntzea.

• Agiriak kudeatzea. Planoak antolatzea dokumentuen karpetak eguneratuta izateko.

• Eta atxikita dagoen lanpostuaren eta kidegoko eginkizunak betetzeko izan daitezkeen gainerako zeregin guztiak, eta saileko buruak agintzen dizkion gainerakoak betetzea.


Azterketa dokumentala