Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2017ko uztailaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3539

192/2017 DEKRETUA, uztailaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuen Kontseiluaren izena aldatzea onartzen duena. Aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Mediku Elkargoen Kontseilua deituko da.

Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako elkargoen eta kontseilu profesionalen eta tituludun lanbideen arloan, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan ezarritakoa eragotzi gabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuen Kontseiluak estatutuak aldatzea onartzeko eskaria egin zuen, non izena aldatzea eskatzen baitu gaztelaniazko eta euskarazko izenak bateratzeko.

Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 44. artikuluak eta profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 34. artikuluak xedatzen dute kontseilu profesionalen izendapena aldatzeko dagokion sailaren eta kontseilua osatzen duten hiru elkargoen txostena beharko dela, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartu behar duela, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman behar dela argitara.

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Medikuen Elkargo Ofizialek eta Osasun Sailak aldeko txostenak aurkeztu dituzte. Horrekin batera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren txostena ere erantsi da, hura baita eskuduna elkargo eta kontseilu profesionalen arloan.

Horiek oinarritzat hartuta, aipatu kontseiluak egindako eskabidea justifikatutzat jotzen denez gero, indarrean diren legeetan zehaztutako izapideak bete ondoren, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko uztailaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuen Kontseilua, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Mediku Elkargoen Kontseilua deituko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 11.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO


Azterketa dokumentala