Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2017ko uztailaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3366

180/2017 DEKRETUA, ekainaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua aldatzeko dena.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta langile lan-kontratudunei gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbatetan aldatu izan da, eta aldaketa horietako bat ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren eskutik heldu zen; 105/2007 Dekretuak funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatu zituen, analisi funtzionalen prozesuaren ondorioz sortutakoak.

Administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.

Alde horretatik, egiten den proposamenaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko eta erakunde autonomoetako lanpostu guztietara edo batzuetara sartzeko betekizunen alderdi batzuk aldatzea, titulazioari eta lan-esperientziari dagokienez. Hurrengo puntuetan zehazten dira aldaketok:

I.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako kidego, aukera eta eskaletara edo lan-kategorietara sartzeko unibertsitate-tituluak egokitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen erakunde autonomiadunetako kidegoak eta eskalak antolatzeko otsailaren 25eko 1/2004 Legeak xedatutakoaren arabera, Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako kidegoak kidego orokorretan eta kidego berezietan sailkatzen dira, eta, azken horietan eskalak edo aukerak egon daitezke.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionario izatera iristean, parte hartzen den deialdian zehaztutako kidegoan eta, hala badagokio, eskalan edo aukeran sartuko da funtzionarioa.

Halaber, lanpostuak, beren ezaugarrien arabera, kidego eta, hala badagokio, eskala edo aukera bati edo gehiagori atxikita egon daitezke. Betiere, lanpostuen zerrenden bidez erabakiko dira atxikitze horiek.

Beraz, administrazio honetan langileak hautatzeari eta lanpostuak betetzeari dagokienez, aukera batera atxikitzeko, aukera horri dagokion titulu ofiziala izatea eskatzen da, eta, jakineko eskala batera atxikitzeko, eskala horri dagozkionetako tituluren bat izatea, aipatu otsailaren 25eko 1/2004 Legean eskatzen direnetatik.

Testuinguru horretan, eta Bolonia Planeko graduko titulazioak ezartzeko hezkuntza-sisteman gertatu diren aldaketen aurrean, kidego, aukera eta eskala desberdinetara sartzeko eskatzen diren titulazioak eguneratu behar dira; horrela, unibertsitate-sistema zaharrean oinarrituta egun eskatzen diren titulazioak ez ezik, gradu-tituluak ere kontuan izango dira.

Indarrean diren graduko unibertsitate-titulu berriak ezartzeko eta unibertsitate-sistema zaharreko tituluak indargabetzen joateko egin behar den egokitzapena da. Unibertsitate-sistema zaharreko tituluek, dena den, ondorio akademiko eta profesionalak izaten jarraituko dute, honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: EBEP Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuko xedapen iragankorretatik hirugarrena eta Unibertsitate-ikasketa ofizialak antolatzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren xedapen gehigarrietatik laugarrena.

Laburbilduz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornidura-prozesuetan, dagozkien kidego, aukera eta eskaletara sartzeko eskatzen diren tituluak honako hauek izango dira: lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa, diplomatura eta Administrazioak baliokidetzat jotzen dituen gradu-tituluak.

Halaber, langile lan-kontratudunen hautatzeari eta hornidurari dagokienez, irizpide berari jarraituko zaio lan-kategoriaren eta bete beharreko lanpostuaren arabera eskatzen diren tituluekiko.

Ondorio horietarako, baliokidetze horren aipamena egingo da lanpostuen zerrendak aldatzeko dekretu bakoitzaren eranskinetan.

II.– Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan aritzeko izan beharreko lan-esperientzia.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 13. artikuluak hau dio lanpostu-zerrenden inguruan: «Euskal Administrazio Publikoek bere barne-egiturak arrazoibideratu eta eratu, langilego-beharrak finkatu, lanpostuetan jarduteko eskatutako baldintzak zehaztu eta horietako bakoitza sailkatzeko baliabidea dituzte lanpostu-zerrendak».

Aipatu legearen 15. artikuluak zein Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere Erakunde Autonomoetako lanpostuen zerrenda arautzen duen apirilaren 12ko 78/2005 Dekretuaren 5. artikuluak jasotzen dute lanpostu-zerrenden gutxieneko edukia.

Gainera, lanpostu-zerrendetan finkatzen da, lanpostuak betetzeko betekizun bezala, titulazio-taldearen eta berariazko osagarriaren arabera zenbat urteko lan-esperientzia izan behar den.

Betekizun horrek ez die erantzuten administrazio honek lanpostuak betetzeko dituen beharrei; izan ere, batetik, ez dio balio erantsirik ematen lan-esperientzia baloratzen den prozedura barematuen bidez egiten diren langile-hautaketei, eta, bestetik, administrazio honen kanpoko langileen hautaketa zaildu dezake.

Esperientzia baloratu behar den alderdi bat bezala hartzea –eta ez zerbait galdagarri moduan– Administrazioaren aldeko zerbait da, azken finean lanpostu bat betetzeko aukerak handitu eta hautagairik onena hautatzea bermatzen baitu.

Halaber, jurisprudentzia askoren arabera, lan-esperientzia funtzio publikora sartzeko hautaketa-prozesuetan betekizun bezala eskatzeak –karrerako funtzionario izateko zein bitarteko langileak hartzeko– arazoak sortu ahalko lituzke enplegu publikora sartzeko berdintasun-printzipioari dagokionez.

Esandakoaren arabera, lanpostuak betetzean eta dagozkien eginkizunak burutzean langileen interesak zein administrazioaren interes orokorra bermatzeko, ez da egokia titulu-taldean lan-esperientzia eskatzea lanpostuan aritzeko betekizun bezala, eta, beraz, lanpostu-zerrenden eranskinetatik kendu da. Dena den, eutsi egiten zaio 511966-Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko idazkariaren eta 510268-Gizarte Gaietako Arloko arduradunaren lanpostuetan lan-esperientzia eskatzeari, araubide espezifikoan zehaztuta baitator.

III.– Ingurumen-zientzietako lizentziadun titulua Goi-mailako Teknikarien Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzeko otsailaren 25eko 1/2004 Legearen xedea aipatu administrazioaren kidegoak eta eskalak antolatzea eta arrazionalizatzea da, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legean ezarritako legezko erreserba betetzeko; lege horren 40.1 artikuluak ezartzen du legezko arau baten bidez bakarrik ahalko direla kidegoak eta eskalak sortu, aldatu edo kendu, aipatu artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

Alde horretatik, lege horretan jasotzen denez, kidego orokorrak eta bereziak daude eta azken horien barruan eskalak eta aukerak egon ahal dira.

Aipatu legearen 14. artikuluaren arabera, Goi-mailako Teknikarien Kidegoan, Osasun Publikoko Eskala sortzen da besteak beste, eta, 15.2.g) artikuluan xedatuari jarraituz, honako hauek dira eskala horretan sartzeko nahitaezko betekizun izango diren tituluak: Biologiako lizentziaduna, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako lizentziaduna, Farmaziako lizentziaduna, Medikuntzako lizentziaduna, Kimikako lizentziaduna, Albaitaritzako lizentziaduna, Biokimikako lizentziaduna, edo horiekin ofizialki homologatutako tituluak.

Seigarren Xedapen Gehigarriaren arabera, «Legeak sorturiko zenbait eskalari dagozkien funtzioak betetzeko titulazio ofizial berriak onesten badira, Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, eskala haietan sartzeko gaitzen duten titulazioen artean jarri ahalko ditu titulazio berri horiek».

2010eko abenduaren 15ean argitaratu zen azaroaren 30eko 327/2010 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen dekretua aldatzen duena. Dekretu horren bitartez Osasun eta Kontsumo Saileko lanpostu-zerrendak aldatu ziren. Dekretu horretan, Goi-mailako Teknikarien A02EU059 Kidegoa sartu da, ingurumen-zientzietako lizentziadunen aukera, zeinetara irekita egongo liratekeen 511110, 511111, 511170, 511171, 511190, 511192 eta 511271 kodeko lanpostuak, baina ingurumen-zientzietako lizentziadunaren titulua Goi-mailako Teknikarien Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan sartzeari buruzko aipamenik ez da egiten, Goi-mailako Teknikarien Kidegoa aipatu lanpostuetara sartzeko irekita dauden kidegoetako bat izanik. Beraz, aldaketa-dekretu honen bidez, eskala horretara sartzeko tituluak lanpostuen zerrendan jasotzen diren Goi-mailako Teknikarien Kidegoko aukeretarako berberak izan daitezen nahi da.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 27an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako kidego, aukera eta eskaletara edo lan-kategorietara sartzeko unibertsitate-tituluak egokitzea.

Karrerako funtzionarioentzat edo lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketa onartzea. Aldaketa hori dela eta, lanpostuen zerrendak aldatzeko dekretu bakoitzaren eranskinetan testu hau sartuko da:

«Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuen hautatze- eta hornidura-prozesuetan, dagozkien kidego, aukera eta eskaletara sartzeko eskatzen diren tituluak honako hauek izango dira: lizentzia, ingeniaritza, arkitektura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa, diplomatura eta Administrazioak baliokidetzat jotzen dituen gradu-tituluak».

Bigarren artikulua.– Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lanpostuetan aritzeko izan beharreko lan-esperientzia.

Karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketa onartzea. Aldaketa hori dela eta, lanpostuan aritzeko titulazio-taldearen eta berariazko osagarriaren arabera eskatzen den lan-esperientziaren eskakizuna kentzen da, lanpostuen zerrendak aldatzeko dekretu bakoitzaren eranskinetan jasota dagoena. Dena den, eutsi egiten zaio 511966-Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko idazkariaren eta 510268-Gizarte Gaietako Arloko arduradunaren lanpostuetan lan-esperientzia eskatzeari, araubide espezifikoan zehaztuta baitator.

Hirugarren artikulua.– Ingurumen-zientzietako lizentziadun titulua Goi-mailako Teknikarien Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan sartzea.

Onartzea Ingurumen-zientzietako lizentziadun titulua Goi-mailako Teknikarien Kidegoko Osasun Publikoko Eskalan sartzeko baliozkoen artean sartzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko ekainaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala