Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2017ko uztailaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3354

152/2017 DEKRETUA, maiatzaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetan arrisku- eta desanparo-egoeren larritasuna balioesteko Balora tresnaren eguneraketa onesten duena.

Haur edo nerabe bat arrisku- edo desanparo-egoeran badago, administrazio publikoek esku hartzeko betebeharra dute, EAEko ordenamendu juridikoan adingabeen babesaren arloan ezarritakoarekin bat, nagusiki honako lege hauetan oinarrituta: adingabeen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Legea, Kode Zibila (biak ala biak berriki onetsitako uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoan –haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzekoan– eta uztailaren 28ko 26/2015 Legean –haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzekoan– emandako idazkeraren arabera) eta otsailaren 18ko 3/2005 Legea, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babestekoa.

Adingabeen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 17.1 artikuluarekin bat, honako hau jotzen da arrisku-egoeratzat: «familia-, gizarte- edo hezkuntza-eremuko inguruabar, gabetasun edo gatazkak tarteko, adingabea bere garapen pertsonalean, familiakoan, sozialean edo hezkuntzakoan, bere ongizatean edo eskubideetan kaltetuta ateratzen denean, baina desanparo-egoeraren deklarazioaren eta legearen arabera tutoretza hartzeko oinarri izango liratekeen garrantzia, intentsitatea eta iraunkortasuna eduki gabe, hain zuzen, beharrezko egingo lukeena administrazio publiko eskudunak esku hartzea, adingabea eragiten duten zailtasunak edo egokitu ezina ezabatzeko, murrizteko edo konpentsatzeko eta babesgabetasuna eta gizarte-bazterkeria saihesteko, familia-ingurunetik banatu behar izan gabe. Horretarako, arrisku-adierazletzat joko da, besteak beste, egoera hori aitortuta duen nebaren edo arrebaren bat edukitzea, familia-egoerak nabarmen aldatu ezean. Inguruabar edo gabezia materialak egotea arrisku-adierazletzat hartuko dira, baina sekula ez dute ekarriko adingabea familia-ingurunetik bereiztea».

Bestalde, kontuan hartuta Kode Zibilaren 172.1 artikulua eta 3/2005 Legearen 56. artikulua –aurreko artikulura bidaltzen duena–, desanparo-egoera dagoela joko da «egitez hala gertatzen denean arrazoi hauetako bat tarteko: adingabeen zaintzari buruz legeek ezartzen dituzten babes-eginbeharrak ez betetzeagatik edo eginbehar horien egikaritza ezinezko nahiz desegoki izateagatik, adingabeei ez zaienean ematen nahitaezko duten laguntza moral edo materiala».

Adingabearen egoera zehatzaren arabera (arriskua edo desanparoa) eta arrisku-egoeraren larritasunaren arabera, aldatu egiten dira EAEko administrazio publikoek adingabeen babesaren arloan egin behar dituzten esku-hartzeak, 3/2005 Legearen VI. tituluan xedatutako eskumen-banaketarekin bat, lege horretako III. tituluan arrisku- edo desanparo-egoeran dauden haur eta nerabeen babeserako arlorako jasotako jardunei dagokienez.

Aurrekoarekin bat eta 3/2005 Legearen 53. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, arrisku-egoeretan, oinarrizko gizarte-zerbitzuek kasua hartu eta ikertu, baloratu eta bideratu egin beharko dute, eta, hala eginda, haurra desanparo-egoera oso larrian dagoela iruditzen bazaie, kasua haurrak eta nerabeak babesteko zerbitzu espezializatura bideratu beharko dute.

Babesgabetasun larria dagoelako zantzuak ageri diren egoeretan, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzu espezializatuek hartu beharko dute kasua, eta ikerketa eta balorazio osagarria egin, egoeraren larritasuna zehazteko. Kasua esku-hartze espezializaturik eskatzen ez duen arrisku arin edo ertaineko kasutzat jotzen denean, aldiz, oinarrizko gizarte-zerbitzura bideratuko da (3/2005 Legearen 54. artikulua).

Azkenik, 3/2005 Legeak honako hau ezartzen du 49. artikuluan: «Oinarrizko gizarte-zerbitzuek eta lurralde-zerbitzu espezializatuek, arrisku- eta desanparo-egoerak zehazte aldera, horretarakoxe ontzat emandako tresna teknikoak aplikatuko dituzte, azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eran». Hori dela eta, hau xedatzen da aipatutako azken xedapenetako lehenbizikoan: «Eusko Jaurlaritzak, foru-diputazioek eta udalek, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, oinarrizko tresna bat egin eta onartuko dute, desanparo-egoeren larritasuna zehazteko eta egoera horiek arrisku arin, ertain edo larriko egoera diren edo desanparo-egoera diren zehazteko».

Lege-mandatu hori azaroaren 8ko 230/2011 Dekretuaren bitartez gauzatu zen. Arau horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetan arrisku-egoeren larritasuna balioesteko tresna (Balora) onetsi zen, eta, halaber, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuek nahitaez erabili behar zutela ezarri zen.

Badira bost urte dekretu hori onetsi eta Balora tresna ezarri zela, eta haren aplikazioa orokortuz joan da. Denbora-tarte horren ondoren, egokitzat jo da balorazio bat egitea tresnaren ezartze-prozesua, erabilera-maila, eragina eta jarritako helburuen lorpen-maila neurtze aldera, arreta berezia jarrita alderdi horietan guztietan dauden zailtasunak edo egin beharko liratekeen hobekuntzak identifikatzeko.

Balorazio-prozesu horren ondoren, egiaztatu da ezen haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuetako teknikari arduradunek eta profesional gehienek balorazio positiboa egiten dutela Balora tresnaren erabilera orokorra dela eta. Halaber, gehiengoaren iritzia izan da tresna lagungarria dela arrisku- eta desanparo-egoeran dauden haur, nerabe eta familiei buruzko erabaki profesionalen kalitatea hobetzeko, irizpide teknikoak homogeneizatzeko eta akordio-maila altuagoak lortzeko, bai udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzu bakoitzaren barruan, bai haien artean. Horrez gain, tresna bere helburuak betetzen ari dela pentsatzen dute gehienek, eta hala balioetsi dute.

Aldi berean, haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetako profesionalekin batera jardunda, egiaztatu zen Balora tresnaren zenbait alderdik zehaztasun eta garapen handiagoa behar zutela. Horrez gain, orain arte jaso ez diren egoera edo kasu jakin batzuk aurreikusteko beharra zegoela ondorioztatu zen.

Aipatutako aurreko egoera horretaz gain, esan behar da 8/2015 Lege Organikoa eta 26/2015 Legea onetsi direla Balora tresnaren indarraldian eta haurren eta nerabeen babeserako sistema aldatzea dela bi lege horien xedea. Lege horiek berrikuspen sakona egin dute, eta aldaketa handiak ekarri dituzte Espainiako ordenamendu juridikoan xedatutako haur eta nerabeak babesteko erakunde juridikoei dagokienez, eta, aldi berean, arautze-marko bateratua ezarri dute, oinarrizko arauketarik edo arautze-garapenik gabeko zenbait gairen inguruan.

Hala, 26/2015 Legeak, bereziki, aldaketak ezarri ditu arrisku- eta desanparo-egoerei buruzko arauketan, adingabeen babesaren arloan eskumena duten erakunde publikoek egoera horien aurrean egin behar dituzten jardunetan hain zuzen ere, eta horrek eragin zuzena du Euskal Autonomia Erkidegoko adingabeen babesari buruzko ordenamendu juridikoan; batik bat, 230/2011 Dekretuaren bidez onetsitako Balora tresnak aintzatetsitako arrisku- eta desanparo-egoerak zehaztearekin, baloratzearekin eta haietan esku hartzearekin lotutako alderdietan.

Bestalde, 26/2015 Legean aldaketak egin dira adingabeen babesaren arloan erabiltzen den (oinarrizko) terminologian, eta, horrenbestez, egokia da haur eta nerabeen babeserako sistema juridikoaren markoan lege horrek erabiltzen den hizkera tekniko eta juridikoaren arabera eguneratzea Balora tresna.

Hori guztia dela eta, dekretu honen helburu nagusia tresna berri bat onartzea da, arrisku- edo desanparo-egoera noiz geratzen ari den hautemateko, eta, horrez gain, egoera horren larritasun-maila zehazteko elementuak eta adierazleak ezartzeko, horien bidez erabaki ahal izateko egoera hori arrisku arineko edo ertainekoa den edo arrisku larriko egoera edo desanparo-egoera den. Horrekin batera, tresnaren edukia egokitu nahi da, bat etor dadin haurren eta nerabeen babesaren arloan gaur egun indarrean dagoen arautze-marko berriarekin, alabaina, betiere, 230/2011 Dekretuaren bidez onartutako Balora tresnaren edukia abiapuntutzat hartuta, adostasun-maila handia lortua baitu arlo horretako profesionalen artean.

Halaber, Balora tresna berria onesteaz batera, beste helburu batzuk ere lortu nahi dira; esate baterako, tresnaren garapenean zehaztasun handiagoa izatea; xeheago esanda: arrisku-egoeratzat jotzekoak zirela aurreikusitako zenbait gertakari zehaztea, garatzea edo xehetasun handiagoz jasotzea, eta beste gertakari berri batzuk sartzea, gaur egun jasota ez dauden arren arrisku-egoeratzat har daitezkeen heinean –horrela, herritarrengan eragina duen arau orok bete beharreko segurtasun juridikoaren printzipioa sendotzen laguntzen da–; edukia eta funtsa ematea arrisku- edo desanparo-egoera dagoela zehazten duten inguruabarrei –zehaztugabeko kontzeptu juridiko gisa konfiguratuta dauden heinean egoera horietan aplikatzeko indarreko arauetan–, hartara egoeren larritasuna mailakatzeko aukera izateko eta, horren ondorioz, arrisku-egoera edo desanparo-egoera ote dagoen (eta zer mailatakoa den) zehazteko, inguruabarren balorazioa egin ondoren ateratzen den kalifikazioaren arabera. Azkenik, irizpide tekniko gehigarriak edo zehatzagoak sartu dira, Balora tresna behar bezala aplikatzeko eta interpretatzeko, irizpide faltak ez dezan ziurgabetasunik eragin Euskal Autonomia Erkidegoko haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal-mailako eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetako profesionalengan tresna aplikatzeko orduan.

Horrez guztiaz gain, Balora tresna berria onetsita, haren oinarrizko helburuetako bati eusten zaio; alegia, esku hartzeko prozesua arintzea haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko lana erraztea gizarte-zerbitzuetako profesionalei begira, eta koordinazio hobea sustatzea udal-esparruaren eta lurralde-esparruaren artean, lankidetzan arituta haur eta nerabeei eta haien familiei emandako laguntzaren kalitatea hobetzeko.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta, 2017ko maiatzaren 9an eginiko bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetan arrisku- eta desanparo-egoeren larritasuna balioesteko Balora tresnaren eguneraketa onestea.

Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetan arrisku- eta desanparo-egoeren larritasuna balioesteko Balora tresnaren eguneraketa onesten da. Dekretu honetan jasotzen da eranskin gisa haren testua, zeina nahitaez erabili beharko baitute haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuek.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Dekretu hau indarrean jartzean, indargabetu egingo da 230/2011 Dekretua, azaroaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udaleko eta lurraldeko gizarte-zerbitzuetan arrisku-egoeren larritasuna balioesteko Balora tresna onesten duena; indargabetu egingo dira, halaber, dekretu honetan xedatutakoaren aurka doazen maila bereko edo apalagoko gainerako xedapen guztiak, oro har.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko maiatzaren 9an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala