Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2017ko ekainaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
3248

EBAZPENA, 2017ko maiatzaren 24koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua aplikatzeko barne-instrukzioa onartzen duena, zeinaren bidez makineria finko eta mugikorreko meatze-makinistaren, meatze-argiketariaren eta lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindariaren kualifikazio indibidualeko txartelak nola lortu arautzen baita.

Martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak (industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituenak) arautzen du espezialitate desberdinetako profesional baimenduei kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduen ziurtagiriak emateko erregimena. Dekretu hori Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Aginduaren bidez garatu zen.

Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekreturen 1. artikuluak ezartzen duenez, erregelamenduaren arauak gutxieneko arautzat hartuko dira, eta estatutu bidezko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek garatu egin ahal izango dituzte arau horiek. Hori da Euskal Autonomia Erkidegoaren kasua, Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.2.c) artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, oinarrizko arauak betearaztea ziurtatzen baitu.

Meatze-makineria mugikorreko operadore eta gidarien oinarrizko araudia Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorraren 117. artikuluan dago jasota, bai eta 07.1.03 Instrukzio Tekniko Osagarrian (ITC) ere («aire zabaleko lanak. Zereginak gauzatzea»). Instrukzio hori Industria eta Energia Ministerioaren 1990eko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onartu zen, zeinak aipatutako erregelamenduaren VII. kapitulua garatzen baitu. Hain zuzen ere, 5.1 artikuluan ezartzen duenez, meatze-agintaritzak emandako baimena duten operadoreek eta gidariek bakarrik erabili ahal izango dute meatze-makineria mugikorra. Era berean, 04.5.04 eta 04.6.02 instrukzio tekniko osagarriek lurpeko ustiategietako ibilgailuen gidari eta makinisten araudia ezartzen dute. Energia eta Meategien 2007ko irailaren 17ko Ebazpenaren bidez, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua aplikatzeko barne-instrukzioa onartu zen, eta instrukzio horren bidez, meatzeko makinistaren (makineria finko eta mugikorrekoa) praktikaldia eta kualifikazio indibidualeko txartelak lortzea arautu zen. Ebazpen honek espezialitate gehiago hartzen ditu. Aipatutako horien araudiaz gain, meatze-argiketariaren eta lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindariaren araudiak jasotzen dira ebazpen honetan.

Goian aipatutako 863/1985 Errege Dekretuan ezartzen denez, lanbidean aritzeko baimen administratiboak langileen gaitasun fisikoaren eta egiten duten lanaren arabera berritu beharko dira. Era berean, kontuan hartzekoa da 249/2010 Errege Dekretua, martxoaren 5ekoa, energia eta meatzeen arloan zenbait erregelamendu-arau aldatzen dituena lege hauetara egokitzeko: azaroaren 23ko 17/2009 Legera (zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzkoa) eta abenduaren 22ko 25/2009 Legera (zeinak zenbait lege aldatzen baititu zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzko legera egokitzeko).

Aurreko legezko arauak eta aplikatu beharreko gainerako xedapen orokorrak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Makineria finko eta mugikorreko meatze-makinistaren, meatze-argiketariaren eta lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindariaren praktikaldia eta kualifikazio indibidualeko txartelak lortzea arautzen dituen instrukzioa onartzea. I. eranskinean jaso da instrukzioa.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Beste autonomia-erkidego batzuetan eta hango prozedura espezifikoen arabera lortu diren ebazpen honetako txartelek balioa izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan, baldin eta beste autonomia-erkidego horietan indarrean badaude.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA

Ebazpen hau indarrean sartzean dauden txartel profesionalek balioa izango dute eta ondorioak izango dituzte txartela emateko baliatu zen ziurtagiri medikoan azaltzen den datara arte. Ordezteko, lanbide-txartelaren jatorrizkoa dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztu beharko da. Dena dela, baldintzak bete beharko dituzte, eta eranskineko instrukzioan azaltzen den ziurtagiri medikoa aurkeztu beharko dute.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Instrukzio hau aplikatuko zaie bai aurkezten diren eskabide berriei eta bai ebazpen hau indarrean sartzen denetik lurralde-ordezkaritzetan izapidetzen ari diren eskabideei.

AZKEN XEDAPENA

Ematen den egunean sartuko da indarrean ebazpen hau, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 24a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.

I. ERANSKINA
MEATZE-MAKINISTAREN, MEATZE-ARGIKETARIAREN ETA LURPEKO LANETAKO ETA BARNE-MEATZARITZAKO MEATZE-ZAINDARIAREN KUALIFIKAZIO INDIBIDUALEKO TXARTELAK NOLA LORTU ARAUTZEN DUEN INSTRUKZIOA

1.– Xedea.

Instrukzio honen xedea da makineria finko eta mugikorreko meatze-makinistaren, meatze-argiketariaren eta lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindariaren erregelamenduzko kategorietan kualifikazio indibidualeko txartelak lortzeko baldintzak eta betekizunak ezartzea.

2.– Aplikazio-eremua.

Instrukzio hau aplikatzekoa izango da aire zabaleko edo lurpeko meatze-ustiategietan –bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuko meatze-araudira lotuta dauden lurpeko lanetan ere– indarrean sartzen denetik aurrera.

3.– Lanbide-kategoriak.

3.1.– Meatze-makinista.

3.1.1.– Meatze-makinistaren lanbide-kategorian honako espezialitate hauek definitzen dira, makina-mota desberdinak kontuan izanda:

– Makineria osagarria. Ekortzeko makina.

– Makineria osagarria. Makina jasotzailea.

– Makineria osagarria. Zisterna.

– Makineria osagarria. Mini zamatzailea.

– Makineria osagarria. Are-makina motorduna.

– Hondeamakina (gurpilak eta kateak).

– Dumperra.

– Pala zamatzailea (gurpilak eta kateak).

– Zulagailua (kanpokoa eta barrukoa).

– Jumbo.

– Traktorea.

– Otxabua.

– Gunitatze robota.

– Tunel-makina.

– Labakitzailea.

– Buloi-makina.

– Kamioi osagarria.

– Laguntza-instalazioak.

3.1.2.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren ebazpen bidez, aurreko paragrafoan aipatutako espezialitateen, makinen edo instalazioen katalogoa handitu ahal izango da.

3.2.– Meatze-argiketaria.

3.3.– Lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindaria.

4.– Aldez aurreko baldintzak.

4.1.– Meatze-makinista:

● Behar den prestakuntza jaso izanaren ziurtagiria aurkeztea, meatze-enpresak egina (baldin eta meatze-enpresak berak bere baliabideak erabili baditu prestakuntza emateko) edo meatze-enpresaren enkarguz prestakuntza eman duen erakundeak egina –maiatzaren 7ko ITC/1316/2008 Agindua betetzeko (urriaren 4ko ITC/2699/2011 Aginduak aldatu zuen agindu hori), zeinaren bidez onartzen baita Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorreko 02.1.02 ITC (Lanpostua betetzeko behar den prebentzio arloko prestakuntza)–, barne-makineriarako ezaugarriak eta aldizkakotasuna analogiaz kontuan hartuta, espezifikazio propiorik ez badago, kanpoko makina mota parekagarrien arabera; hau da: 2000-1-08, 2001-1-08, 2002-1-08, 2003-1-10 espezifikazio teknikoak, 5.1 eta 5.2 taldeetako epigrafeei dagokienez, bai eta 02.1.02 ITCk ezartzen dituen gainerako betekizunak.

● Meatze-makineria 18 urtetik gorako operadoreek baino ezin izango dute erabili, baldin eta behar den prestakuntza jaso badute –praktikaldi eta guzti–, makineriaren prestazioak, mantenimendua eta mugak ezagutzen badituzte eta eskumena duen meatze-agintaritzak behar bezala baimendu baditu. Langile bat praktikaldia egiteko onartu aurretik, enpresa ustiatzaileak (lantokiaren titular gisa) edo, hala badagokio, enpresa kontratistak ziurtatuko du ebazpen honek espezialitate honetarako ezartzen dituen baldintzak betetzen direla.

4.2.– Meatze-argiketaria:

● 18 urtetik gorakoa izatea.

● Behar den prestakuntza jaso izanaren ziurtagiria aurkeztea, meatze-enpresak egina (baldin eta meatze-enpresak berak bere baliabideak erabili baditu prestakuntza emateko) edo meatze-enpresaren enkarguz prestakuntza eman duen erakundeak egina –maiatzaren 7ko ITC/1316/2008 Agindua betetzeko (urriaren 4ko ITC/2699/2011 Aginduak aldatu zuen agindu hori), zeinaren bidez onartzen baita Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorreko 02.1.02 ITC (Lanpostua betetzeko behar den prebentzio arloko prestakuntza)–, 2003-1-10 Espezifikazio Teknikoak (Lanpostuak betetzeko behar den prebentzio arloko prestakuntza) jasotzen dituen ezaugarriak eta aldizkakotasuna kontuan hartuta, 5.1 (a, b eta c letrak) eta 5.2 (a, b, d, f, h letrak) taldeetan sartuak; hau da: gutxienez, 20 orduko iraupena, espezifikazio tekniko horren 3.3 artikuluarekin bat datorren programa, 5.2 h taldeko parte espezifikoa eta komuna sartuta, eta 02.1.02 ITCk ezartzen dituen gainerako betekizunak.

● Interesdunak sinatutako eta ustiategiko edo dagokion laneko zuzendari fakultatiboak izenpetutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, zeinetan berariaz jasoko den ezagutzen dituela Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorra, IX. kapituluko Instrukzio Tekniko Osagarriak (elektrizitatea) eta egingo den jarduerari lotutako lan-arriskuak.

● Honako agiri hauetakoren bat aurkeztea:

○ Lehen mailako lanbide-heziketako titulua (elektrizitate-adarra) edo gaur egungo pareko titulu akademikoa.

○ Meatze-enpresa batek edo lurpeko lanen epigrafean erregistratutako eraikuntza-enpresa batek emandako ziurtagiria, zeinetan egiaztatuko den bi urtez jarraian gutxienez lan elektroteknikoak egin dituela lurpeko lanetan.

4.3.– Lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindaria.

● 18 urtetik gorakoa izatea.

● Lehen laguntza eta sorospeneko ziurtagiria aurkeztea.

● Interesdunak sinatutako eta ustiategiko edo dagokion laneko zuzendari fakultatiboak izenpetutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, zeinetan zehatz-mehatz jasoko den ezagutzen dituela Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorra, Instrukzio Tekniko Osagarriak eta egingo den jarduerari lotutako lan-arriskuak.

● Lurpeko lanetan bost urteko esperientzia daukala egiaztatzeko enpresa-ziurtagiria aurkeztea.

● Aitortutako erakundeak egiazta ditzala, MIE SM 04.6.02 ITCren 6.6 puntua betez, honako hauek:

○ Gasak ezagutzeari, aireztatzeari eta lehergailuen maneiuari buruzko proba praktiko bat gainditu duela.

○ Leherketa-arriskudun meatzeetarako preskripzioei buruzko proba teorikoa gainditu duela, baldin eta zuzendari fakultatiboaren ziurtagiria leherketa-arriskudun lanei buruzkoa bada.

5. artikulua.– Azterketa medikoa.

5.1.– Ebazpen honetan araututako kategoria profesionalei buruzko txartelak eskatzen dituztenek, gainerako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera, honako hau aurkeztu beharko dute dagokion lurralde-ordezkaritzan: egin beharreko lanei lotutako azterketa mediko espezifikoa gainditu dutela egiaztatzen duen ziurtagiria. Horrela, bada, egin beharreko lanetarako arriskutsua izan daitekeen gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez dutenak bakarrik onartu ahal izango dira ustiategian edo lantokian.

5.2.– Aurreko puntuko betekizuna dagokion ziurtagiri edo txosten medikoaren bidez egiaztatu beharko da. Enpresak langileen osasuna zaintzeko hitzartuta daukan enpresak egin ahal izango du ziurtagiri edo txosten hori, eta, bertan, berariaz jasoko da langilea gai dela bere espezialitateko lanak egiteko –baita praktikaldian ere, meatze-makinistaren kasuan–.

6.– Meatze-makinistaren, meatze-argiketariaren eta barneko meatze-zaindariaren txartela lortzeko azterketak egiteko prozedura.

6.1.– Meatze-makinista:

6.1.1.– Praktikaldirako onartzea eta praktikaldiari buruzko informazioa eta jarraibideak: praktikaldia egiteko, II. eranskineko onarpen-agiria formalizatuta onartuko du enpresariak langilea. Irakasteko eta gainbegiratzeko besteko ezaguera eta esperientzia daukan pertsona bat izendatuko du langile bakoitzarentzat. Praktikaldirako onarpenaren eta praktikaldiaren hasieraren xedapena dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztuko da.

Langileak idatziz eta ulertzeko moduan jasoko ditu honako hauek: praktikaldian esleituko zaizkion zereginak, lantokiko arrisku orokorrei eta lanpostuaren arrisku espezifikoei buruzko informazioa, arrisku horiei aplikatzekoak zaizkien babes-neurriak, praktikaldian erabiliko diren ekipo eta makinak segurtasunez erabiltzeko behar diren jarraibide eta arau espezifikoak eta gainbegiralearen etengabeko zaintzapean bakarrik egin ahal izango dituen lanak, bai eta praktikaldian inolaz ere egin ezin dituen lanak ere.

Dokumentazio hori enpresa ustiatzailearen ordezkari batek sinatu beharko du; eta ordezkari gisa enpresako zuzendari fakultatiboak jardun ahal izango du. Era berean, behar bezala jasota gelditu beharko da langileari eman zaiola dokumentazio hori, eta Meatze-lanetan langileen segurtasuna eta osasuna babesteko ezarritako gutxieneko xedapenak onartzen dituen irailaren 5eko 1389/1997 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan aipatzen den Segurtasunari eta Osasunari buruzko Agirian sartu beharko da.

6.1.2.– Praktikaldiaren gehieneko iraupena: langilea gutxienez hilabete eta gehienez bi hilabete egon ahal izango da praktikaldian.

6.1.3.– Azterketa egiteko ziurtagiria: epe horiek igarota, ustiategiko zuzendari fakultatiboak praktikaldiaren amaieraren ziurtagiria emango du, eta eskatuko du meatze-makinistaren lanbide-txartela lortzeko azterketa egin dezala aitortutako erakundearen bidez (azterketariak baimenduen artean aukeratzen duenaren bidez). Agiri hauek aurkeztu beharko ditu: bi argazki eta gidabaimenaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bai eta gidabaimena lortzeko edo berritzeko eskatzen denaren pareko ziurtagiri medikoa ere, eta, horretaz gain, instrukzio honetako 4.1 artikuluan aipatzen den dokumentazioa.

6.1.4.– Azterketa:

Lanbide-txartela lortzeko azterketa xede horretarako aitortu den erakundearen bidez egingo da; azterketariak aukeratutakoa izango da, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak halakotzat baimenduta egon beharko da.

Bi zati izango ditu azterketak:

a) Teorikoa, segurtasun orokorreko eta makineriaren segurtasuneko barne xedapenei buruzkoa.

b) Praktikoa, bertan egitekoa.

6.1.5.– Lanbide-txartela ematea: azterketa gainditu eta erakunde aitortuak lanbide-txartela lortzeko gaitasuna ziurtatu ondoren, dagokion lurralde-ordezkaritzak txartela emango du, araudi erregulatzailearen irizpideekin bat etorriz. Baimen horrek ez du salbuesten kasuan-kasuan eskatzekoa izan daitekeen gidabaimena behar izatetik.

6.2.– Lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindaria:

● Erakunde aitortuaren ziurtagiria, proba teorikoak eta praktikoak (ebazpen honen 4.3 puntuan aipatutakoak) gainditu dituela egiaztatzen duena.

7.– Meatze-makinistaren, meatze-argiketariaren eta lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindariaren txartela berritzeko betekizunak.

7.1.– Txartelak bost urterik behin berrituko dira meatze-makinistaren (espezialitate guztietan) eta lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindariaren kategorietan, eta hiru urterik behin meatze-argiketariaren kategorian.

7.2.– Ziurtagiri medikoa, lanbide-kategoria hori betetzeko gai dela ziurtatzen duena.

8.– Lurralde-ordezkaritzek gainbegiratzea.

Meatzeen arloan eskumena duen saileko lurralde-ordezkaritzek edozein momentutan eskatu ahal izango diete enpresa edo erakunde aztertzaileei xedapen honetan aipatutako dokumentazioa, eta, era berean, bertan xedatutakoa betetzen den gainbegiratu ahal izango dute.

II. ERANSKINA
(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala