Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2017ko ekainaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3168

66/2017 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza bezala Vitoria-Gasteiz hiriaren sustapena finantzatzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmen-marko hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Vitoria-Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza bezala Vitoria-Gasteiz hiriaren sustapena finantzatzekoa. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 7a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 7KO 66/2017 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE ERKIDEEN EGOITZA DEN ALDETIK VITORIA-GASTEIZEN SUSTAPENA FINANTZATZEKOA

Vitoria-Gasteizen, 2017ko ekainaren 7an.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Iñigo Urkullu Renteria jaun txit gorena, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean.

Eta, bestetik, Gorka Urtaran Agirre jaun txit gorena, Vitoria-Gasteizko alkate-udalburua.

Bi ordezkariek gaitasun juridiko nahikoa aitortzen diote elkarri; horrenbestez, dokumentu hau sinatzen dute, ordezten dituzten erakundeen izenean, eta hau

AZALTZEN DUTE:

I.– 2013ko uztailaren 2an formalizatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren arteko Hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza den aldetik Vitoria-Gasteizen sustapena finantzatzekoa.

II.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarenak, xedatutakoari jarraiki, «Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez finkatuko da Euskal Herriko Autonomia Erkidego osorako erakundeen egoitza Autonomia Erkidegoaren lurralde barruan».

III.– Xedapen hori oinarri hartuta, maiatzaren 23ko 1/1980 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoitzari buruzkoak, Vitoria-Gasteiz izendatu zuen Eusko Legebiltzarraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuaren egoitza.

IV.– Horrenbestez, Vitoria-Gasteizko Udalak, erakunde erkideen (Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra) eta haiei lotutako gainerako erakundeen –hala nola Arartekoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren– egoitza den aldetik, gastu orokorrak eta inbertsiokoak dakartzaten jarduerak egin behar ditu hainbat arlotan: segurtasuna eta babes zibila (ekitaldi publikoak), hirigintza eta espazio publikoen mantentze-lanak, historia-ondarearen babesa eta hiriburuaren irudia hobetzea. Jarduera horiek udal-aurrekontuetako gastuaren eta inbertsioen hazkundea eragiten dute eta Udalak ezin die gastu hori benetako erabiltzaileei ordainarazi.

V.– Testuinguru horretan, egungo Jaurlaritzak, eta haren barruan Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, zeinak toki-araubidean eskumenak baititu, Lehendakariaren 24/2016 Dekretuak 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (azaroaren 26ko Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), XI. legealdi honetan Vitoria-Gasteiz sustatzen laguntzeko borondatea azaldu du, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza den aldetik. Halaber, eta osagarri gisa, XI. legegintzaldian, 2017tik 2020ra bitartean, zenbait inbertsio egiteko borondatea adierazi du Eusko Jaurlaritzak, hiriaren azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko.

VI.– Horretarako, apirilaren 7ko 2/2016 Legeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoak, 14. artikulutik 24. artikulura bitartean xedatutakoari jarraikiz, Vitoria-Gasteizko Udalaren eskumenen alorrean finantzatzen lagundu nahi dira Vitoria-Gasteizko Udalak izan ditzakeen gastu orokorrak eta inbertsiokoak, udal-aurrekontuetako I., II., VI. eta VII. kapituluei dagozkienak, baldin eta helburu hauek badituzte, oro har: hiri-inguruneari egoera ezin hobean eustea, herritarren eta hainbat arrazoigatik hiria bisitatzen duten pertsonen segurtasuna, eta zerbitzu publikoak oro har hobetzea helburu duten gastuak.

Horregatik guztiagatik, guztien interesei erreparatuz eta abagunea aintzat hartuta, baliabideen erabileran efizientzia handiagoa lortzea helburu izanik, lehen aipaturikoek Lankidetza Hitzarmena sinatzen dute, honako klausula hauetan adierazitakoaren arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xede nagusia aldeen eskubide eta betebeharrak arautuko dituen esparru juridikoa ezartzea da, azken helburua lortzeko; alegia, Vitoria-Gasteiz sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza den aldetik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Aurrekontu Orokorren bidez, helburu horretarako erabiliko duen zenbatekoarekin ordainduko dira Vitoria-Gasteizko Udalak egingo dituen udal-aurrekontuko I., II., VI. eta VII. kapituluetako gastu orokorrak eta inbertsiokoak, oro har xede hauetarako izango direnak: hiri-inguruneari egoera ezin hobean eustea, herritarren eta bisitarien segurtasuna bermatzea, azpiegiturak eta zerbitzu publikoak hobetzea, eta Vitoria-Gasteiz sustatzea erakunde erkideen egoitza gisa, maiatzaren 23ko 1/1980 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoitza izendatu baitzen.

Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.

Hitzarmen hau gauzatzeko, alde sinatzaileek honako konpromiso hauek hartzen dituzte beren gain:

1.– Eusko Jaurlaritzaren aldetik:

Eusko Jaurlaritzak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren bitartez, berrogei milioi (40.000.000) euro ordainduko ditu, guztira, 2017., 2018., 2019. eta 2020. urteetan; hau da, hamar milioi (10.000.000) euro urtean, eskema honen arabera:

– 7.500.000 euro Vitoria-Gasteiz hiria erakunde erkideen egoitza gisa sustatzeko kanonaren kontzeptuan, udalaren gastu orokorrak eta hiri-espazio publikoa birgaitzeko eta mantentzeko obrak finantzatzeko.

– 2.500.000 euro azpiegituretarako inbertsioak egiteko, arlo hauetan: mugikortasun-azpiegiturak, ingurumen-azpiegiturak, hiritar- eta kultura-ekipamenduak, merkataritza-ekipamenduak eta hiriguneak.

Horrela, Gobernuak, urtero onartzen diren aurrekontuen bitartez, urtean 10.000.000 euroko ekarpena egingo du, eskema honen eta aurrekontuko kapitulu hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Konpromiso horiek hitzarmen honi egingo zaizkion gehigarrien bidez gauzatuko dira urtero.

2017. urteari dagokion gehigarria hitzarmen honen sinaduraren bitartez onartzen da, eta beraren eranskinean jasotzen da.

2018., 2019. eta 2020. urteei dagozkien gehigarriak Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren ebazpenez onartuko dira, hitzarmen honen seigarren klausulak aurreikusitako Jarraipen Batzordearen proposamenaren ondoren. Gehigarri horietan, erakunde erkideen egoitzaren kanonaren bidez finantzatuko diren birgaikuntza-obrak eta inbertsioetarako urteko partidaren bitartez finantzatuko diren inbertsioak eta azpiegiturak jasoko dira. Edozein kasutan, Gasteizen etorkizuneko garapenean lagunduko duten proiektu adierazgarrietan parte hartzea ere jasoko da.

2.– Vitoria-Gasteizko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan xedatutako baldintzak betetzeari utzi gabe (testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen), Vitoria-Gasteizko Udalak betebehar hauek ditu:

a) Emandako ekarpen ekonomikoa laguntzaren xede diren gastuak ordaintzeko erabiltzea.

b) Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari helaraztea jarduerak gauzatzearen ondorioz egin beharreko administrazio-kudeaketarako eskatutako datu guztiak.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jardueren menpe egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura eskuratutako diru-laguntzei dagokienez. Halaber, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe egotea.

d) Gastuak justifikatzea, laugarren klausulan xedatutakoari jarraituz.

e) Seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordean aktiboki parte hartzea, eta hari jakinaraztea laguntza jasotzeko baldintzetan gerta daitekeen aldaketa oro.

f) Emandako diru-laguntzaren publizitateari eta zabalkundeari buruz zortzigarren klausulan ezarritako eginbeharrak betetzea.

g) Seigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeari eta diru-laguntza kudeatzeaz arduratuko den organoari jakinaraztea helburu bererako jasotako diru-laguntza, diru-sarrera zein baliabideak, edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatuk emandakoak aintzat hartuta.

Hirugarrena.– Vitoria-Gasteiz 2020 Proiektua garatzeko ekimenak.

Gobernua, sail eskudunen jardueraren bidez, aurrera eramango ditu Gasteiz 2020 proiektua hiriaren etorkizunaren aldeko apustu gisa garatzen laguntzen duten ekimenak, 2017-2020ko legegintzaldi honetan. Ekimen horien artean, hauek egongo dira:

– Mugikortasun-azpiegiturak (tranbia hedatzea, BRT eta bizikleta elektrikoen sistema).

– Ingurumen-azpiegiturak (Batan eta Zapardiel ibaiak, eta Zadorraren egokitzapena).

– Etxebizitza-azpiegiturak (Koronazio auzoaren berrikuntza).

– Enplegu eta gizarte-politiketako programak.

– Osasun-azpiegiturak (Txagorritxu eta Santiago ospitaleak handitzea).

– Hezkuntza-azpiegiturak (Zabalgana, Los Herran, Ekialdea eta Federico Baraibar BHIak; Aldaialde, Errekabarri, Luis Elejalde eta Angel Ganivet HLHIak eta Samaniego IPI).

– Kultura-azpiegiturak (Artium Museoa eta Santa María Katedrala).

– Garapen ekonomiko, industrial eta teknologikoko programak.

– Proiektu bereziak bultzatzea (Forondako aireportuaren sustapena; Jundiz-Foronda trenbide-lotura eta Arasur proiektua).

Gobernuak Gasteiz 2020 proiektuaren garapenarekin duen konpromisoa ekimen bakoitzaren gaineko eskumena duen sailaren aurrekontuen bitartez gauzatuko da urtero.

Laugarrena.– Ordaintzeko eta zuritzeko modua.

1.– Urte bakoitzean eman beharrekoa ordainduko da, egindako gastua diru-laguntzaren xedea betetzeko baliatu dela egiaztatu ondoren. Horretarako, faktura originalak edo haien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, edota ordaindutako zenbatekoen ziurtagiri xehatua, Udalbatzarreko idazkari nagusiak nahiz udaleko kontu-hartzaile nagusiak egina. Diru-laguntzaren ordainketa partzialak egin ahal izango dira, betiere egindako gastuak justifikatuz gero, adierazitakoari jarraituz.

2.– Urte bakoitzari dagokion zenbatekoa honela justifikatu beharko da:

a) Vitoria-Gasteiz hiria Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza gisa sustatzera bideratutako kopurua edo «kanona», udalaren gastu orokorrak finantzatzekoa, ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen.

b) Vitoria-Gasteiz hiria Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza gisa sustatzera bideratutako kopurua edo «kanona», hiri-espazio publikoa birgaitzeko obrak eta funtsezko azpiegitura publikoen mantentzeko gastuak finantzatzekoa; eta hitzarmen honen bitartez diru-laguntza jasoko duten azpiegitura eta ekipamendu publikoetako inbertsioak, hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 31 baino lehen.

Vitoria-Gasteizko Udalak Jarraipen Batzordean egindako proposamen justifikatuarekin, Hitzarmen honen ondorioz finantzatzen diren obrak eta inbertsioak gauzatzeko eta justifikatzeko luzapen bat eman ahal izango da; luzapen hori Gobernu Kontseiluak onartu beharko du betiere.

3.– Nolanahi ere, Vitoria-Gasteizko Udalak bost urtez gordeko ditu Hitzarmen honen xedea gauzatzeko gastuak egiaztatzeko agiri guztiak, eta Eusko Jaurlaritzaren esku egongo dira dokumentu horiek, egin beharreko egiaztapenak egin ditzan.

Bosgarrena.– Hitzarmena egituratzea, sustatzea eta koordinatzea.

Eusko Jaurlaritzak, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren bitartez, hauek egingo ditu:

– Hitzarmen hau egoki gauzatzeko behar diren koordinazio-mekanismoak antolatzea.

– Hitzarmen honen xedea betetzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekintza oro garatzea eta gauzatzea.

– Seigarren klausulan aurreikusten den Jarraipen Batzordearen buru izatea eta haien jarduna bultzatzea.

Seigarrena.– Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea.

1.– Emandako finantziazioaren jarraipena egingo duen Jarraipen Batzorde bat eratuko da. Batzorde horretan lau ordezkarik parte hartuko dute: Eusko Jaurlaritzaren bi ordezkari, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren bitartez, eta Vitoria-Gasteizko Udalaren bi ordezkari. Eusko Jaurlaritzak beste sail batzuetako langileei deitzeko aukera izango du, aholkulari gisa, Hitzarmen honen bidez araututako finantziazioari emandako xedea egiaztatzearekin lotuta baldin badaude.

2.– Jarraipen Batzordearen lehendakaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskuetan egongo da; hain zuzen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzako ordezkari baten eskuetan. Idazkari-lanak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzara atxikitako langileek beteko dituzte.

3.– Batzordeak berak onartzen dituen funtzionamendu-arauen arabera arautuko da klausula honetan finkaturiko Batzordea, eta arau horiek errespetatuko dituzte urriaren 26ko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, Atariko tituluaren II. kapituluko 3. zenbakian kide anitzeko organoentzat aurreikusitako oinarrizko xedapenak.

4.– Jarraipen Batzordea gaituta dago urteroko gehigarrietan aurreikusten diren inbertsio-gastu zehatzak eta dagozkien zenbatekoak aldatzeko, 2017. urteko gehigarria barne, betiere errespetatuz adostutako urteko ekarpenaren zenbatekoa eta Vitoria-Gasteiz hiria erakunde erkideen egoitza gisa sustatzeko kanonari eta azpiegiturak hobetzeko inbertsioei dagozkien zenbatekoen banaketa.

Zazpigarrena.– Konkurrentzia.

Vitoria-Gasteizko Udalak jasotako ekarpen ekonomikoa bateragarria da helburu eta xede bererako beste administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako ekarpenekin. Edonola ere, ekarpen ekonomikoen zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagundutako jardueraren guztirako kostua.

Laguntzen batura handiagoa izanez gero aipatu kostua baino, soberakin hori bateraezina dela joko da, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eman beharreko zenbatekoari kenduko zaio.

Zortzigarrena.– Publizitatea eta zabalkundea.

Vitoria-Gasteizko Udalak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen egoitza den aldetik, udalerriari buruz hedatutako informazio, komunikazio, publizitate eta zabalkunde-jarduera orotan, berariaz adieraziko da finantziazioa Eusko Jaurlaritzak eman duela, eta Eusko Jaurlaritzaren logotipo ofiziala erantsiko da, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duenak, xedatutakoari jarraituz.

Klausula hau betetzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren bidez, errekerimendua helaraziko dio Vitoria-Gasteizko Udalari, adostutakoa betetzeari ekin diezaion. Behin eta berriz hausteak (bitan baino gehiagotan hautsi bada, hala dela joko da) urte horri dagokion diru-laguntza kentzea eragin dezake.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera juridikoa eta interpretazioa.

1.– Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta herri-administrazioen arteko lankidetza-hitzarmenei aplika dakiekeen antolamendu juridikoaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena. Zehazki, urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, atariko tituluaren VI. kapituluan eta 140.2 artikuluan xedatutakoaren eta aplikatu beharreko toki-araubidearen arabera arautuko da.

2.– Hitzarmen honek berak edo hitzarmena betearazteak sortarazitako interpretazio-arazoak Jarraipen Batzordeak konponduko ditu seigarren klausulan esandakoari jarraiki, eta, hala ezin baliteke, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eskumena izango dira, uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duenak, xedatutakoaren arabera.

Hamargarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean eta xedearen amaierara arte iraungo du, lau urte gehienez ere.

Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena ez betetzea eta hutsaltzea.

Vitoria-Gasteizko Udalak jasotako funtsen aplikazioa justifikatzeko betebeharra betetzen ez badu, ekarpen ekonomikoa jasotzeko bete beharreko baldintzak, ekarpenaren helburua, ekarpen ekonomikoa emateko ezarritako baldintzak, edo oro har hitzarmen honetan ezarritako baldintzak bete gabe jasotzen badu ekarpen ekonomikoa, itzuli egin beharko ditu jasotako kopuruak gehi laguntzak ordaindu direnetik aplikatzekoak diren legezko interesak. Horretarako, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak eta betebeharrak xedatzen dituenak– ezarritako prozedura jarraituko da. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Hamabigarrena.– Emandako laguntza behar bezala erabiltzen dela egiaztatzea.

Autonomia Erkidegoak, teknikarien bitartez, diru-laguntzaren xede diren obrak behar bezala egin direla egiaztatu ahal izango du, bai obrak egiterakoan, bai amaitutakoan, eta egiaztatuko du, halaber, funtsak ongi kudeatu direla. Horretaz gain, erakunde onuradunari eskatu ahal izango dio finantzatutako jarduketak egiteari buruzko informazioa emateko.

Hamahirugarrena.– Finantzaketa-bermea.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 24.1 artikuluak ezarritakoari jarraituz, hitzarmen honetan ezarritako ekonomi konpromisoaren ordainketa betetzen ez bada, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Vitoria-Gasteizko Udalari egin ez zaizkion finantza transferentziak gauzatzeko atxikitze sistema ebatziko du.

Eta adostasuna adierazteko, hitzarmen hau izenpetzen dute parte-hartzaileek, bi aletan, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

ERANSKINA
2017KO EKITALDIKO AGENDA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDE ERKIDEEN EGOITZA DEN ALDETIK GASTEIZEN SUSTAPENA FINANTZATZEKO EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENARI DAGOKIONA

1.– Vitoria-Gasteiz hiria erakunde erkideen egoitza gisa sustatzeko kanonaren kontzeptuan 2017ko ekitaldian finantzatu beharreko gastuak eta obrak.

1.1.– Gastu orokorrak.

Diru-ekarpen hau, gehienez ere sei milioi eta bostehun mila (6.500.000) eurokoa, gastu hauek ordaintzeko erabiliko da:

– Argiteria publikoa (argindarraren kontsumoa eta konponketak).

– Bide eta azpiegitura publikoak mantentzea (kontserbazio- eta konponketa-gastua).

– Bide-garbiketa eta hiri-hondakin solidoen bilketa eta garraioa (garbiketa-zerbitzua).

– Bidaiarien hiri-garraioa (Tuvisarentzako ekarpena).

– Herritarren segurtasuna (Udaltzaingoa, pertsonaleko gastuak eta gastu arruntak.

1.2.– Hiri-espazio publikoko birgaitzeko eta mantentzeko obrak.

Gutxienez milioi bat (1.000.000) euroko kopurua, hiri-espazio publikoa birgaitzeko obrak eta funtsezko azpiegitura publikoak mantentzeko gastuak finantzatzen parte hartzera bideratuko da. Udalak gehitu ahal izango ditu era horretako jarduketak garatzeko zenbatekoak. Bereziki, honako hauen finantzazioan parte hartuko da:

(Ikus .PDF)

2.– 2017. urtean finantzatu beharreko azpiegitura eta ekipamendu publikoetako inbertsioak.

Osagarri gisa, Eusko Jaurlaritzak, gehienez ere bi milioi eta bostehun mila 2.500.000 eurokoa, beste inbertsio eta ekipamendu batuk finantzatzeko konpromisoa hartzen du, eskema eta ezaugarri hauen arabera:

(Ikus .PDF)

Jasotako ekimen eta proiektuetarako gastuaren barne-banaketa orientatzailea baino ez da, eta Gobernuaren ekarpenak proiektuetan eta ekimenetan duen behin betiko banaketa haietako bakoitzean egiaz esleitzen den aurrekontuaren araberakoa izango da.


Azterketa dokumentala