Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2017ko ekainaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3114

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita A.U. «IN.09 Garbera» eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa, Donostiako Udalak sustatua.

AURREKARIAK

2017 martxoaren 17an, Donostiako Udalak eskabidea osatu zuen A.U. «IN.09 Garbera» eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua izapidetzeko ebaluazio-prozedura estrategikoa hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko martxoaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, biak Eusko Jaurlaritzakoak.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren (biak ere Eusko Jaurlaritzakoak) txostenak eta, interesdun gisa, Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren lehendakariaren alegazio-idazkia jaso dira; espedientean daude jasota horien emaitzak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, 6.1 artikuluan aipatutako programetan eta planetan aldaketa txikiak egiteko, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko da; horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua, eta V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.

A.U. «IN.09 Garbera» eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzea (aurrerantzean, Plana) doitzen zaio abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutako «aldaketa txikien» definizioari; izan ere, planen ezaugarrietan jada hartu edo onartu diren aldaketak baitira, ez dutenak estrategien, gidalerroen eta proposamenen edo haren kronologiaren funtsezko aldaketarik eragiten, baina aurreikusitako eraginetan edo eragin-eremuan ezberdintasunak eragiten dituztenak.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen hamahirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– A.U. «IN.09 Garbera» eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da egungo partzela pribatua zabaltzea eta birmoldatzea; egungo aparkalekuan eta lehendik dagoen merkataritza-zentroari lotuta egin nahi da handitzea, hirugarren sektoreko eta merkataritzako eraikigarritasuna (25.000 m2t) eta lehendik dagoen aparkalekua areagotzeko helburuarekin (eraikigarritasun osoa 80.000 m2t arte hel daiteke). Batetik, bi solairuko eraikinentzako baimendutako gehieneko garaiera aldatu nahi da, eta 10 metrotik 12 metrora igaro, eta, bestetik, baimendu nahi da, salbuespenez, 18 metroko gehieneko garaiera erakin berriaren zati batean.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen du proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: planaren helburua da egungo partzela pribatua zabaltzea eta birmoldatzea; egungo aparkalekuan eta lehendik dagoen merkataritza-zentroari lotuta egin nahi da handitzea, hirugarren sektoreko eta merkataritzako eraikigarritasuna handitzeko helburuarekin.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Jarduketa urbanistikoa denez argi eta garbi eta ingurumen-garrantzia duten eremuetatik kanpo kokatuta dagoenez, esan daiteke ez duela eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. Efizientzia energetikoko neurriak, Eraikuntzako Kode Teknikoak ezarritakoak, aintzat hartuz diseinatzen dira eraikinak. Hori dela eta, Planaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

d) Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2) Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean berean jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obrak hasi aurretiko jarduketa gisa, landare-lurren geruza kenduko da aldatuko diren alorretan.

Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 10.2 artikulua betez.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoa babestea: era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzekin bat, ez dela aurreikusten A.U. «IN.09 Garbera» eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeak ingurumenaren gaineko eragin nabarmenik ekartzerik; ondorioz, ez da beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari eta proiektuaren sustatzaileei jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 6a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala