Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

110. zk., 2017ko ekainaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2913

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 24koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Donostiako udalerriko Txomin Enean, babes ofizialeko 130 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesuari hasiera ematen diona eta zenbait zehaztasun finkatzen dituena.

GERTAKARIAK

1.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak –Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa– babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da hori.

2.– Gipuzkoako Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2016ko irailaren 13ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du Donostiako udalerriko Txomin Eneako babes ofizialeko 130 etxebizitzaren sustapenak. Sustapen hau Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du, eta, EB3-0479/16-LC-000 da horren espediente zenbakia. Etxebizitza horietako sei, bi logelakoak, 71,63 m² eta 84,33 m² bitarteko azalerak dituztenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainerako 124 etxebizitzetatik, 36 bi logelakoak dira eta 55,97 m² eta 69,56 m² bitarteko azalerak dituzte, eta 88 hiru logelakoak dira eta 72,73 m² eta 90 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio agindu hau ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera –etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko agindua–.

2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, eta kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasuna izan.

3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak ezarrita daude Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan.

4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia hau izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.

5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du ezen pertsonek edo bizikidetza-unitateek, babes ofizialeko etxebizitzen esleipen-prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude. Baldintza hori betez gero, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan inskribatzeko eskaeran adierazitako udalerrietan zein horien eremu funtzionaletan egindako esleitze-prozeduretan parte hartu ahal izango dute, hori eragozten duen arau- edo hitzarmen-xedapenik ezean.

6.– Agindu horretan hau ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera-aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela.

7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran sartutako eskatzaile kopurua sustapeneko etxebizitza kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko baten bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31. eta 41. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42. eta 44. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.

8.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan sei kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateek ezingo dute parte hartu.

Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako udalerriko babes ofizialeko 130 etxebizitzen esleipenari hasiera ematea; udalerri hori Donostiako eskualdeko egituran dago.

Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da.

Hirugarrena.– Esleipen-prozeduran pertsona edo bizikidetza unitate hauek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Donostiako eskualdeko egiturako udalerrietako bat (Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil) izan beharko da.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean urtebeteko antzinatasunez erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, agindu hau argitaratzen den datan.

Seigarrena.– 2015. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituak edo desgaitu psikikoek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea. Genero-indarkeriaren biktima direnek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko.

Zazpigarrena.– 6 kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateek ezingo dute esleipen-prozedura honetan parte hartu.

Zortzigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, 2017ko ekainaren 19a eta uztailaren 3a bitartean (biak barne) behar den inprimakia aurkeztu beharko dute:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia 13, 20004 Donostia.

– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia 13, 5. solairua, 20004 Donostia.

Bederatzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 6, 71,63 m² eta 84,33 m² bitarteko azalerak dituztenak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude, etxebizitzak bi logelakoak dira. Etxebizitza horiek, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza-unitateen artean esleituko dira.

Etxebizitza horiek ordena honetan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko letrei lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.

Harmargarrena.– Egokitu gabeko 124 etxebizitzetatik 36 bi logelakoak dira eta 55,97 m² eta 69,56 m² bitarteko azalerak dituzte, eta 88 hiru logelakoak dira eta 72,73 m² eta 90 m² bitarteko azalerak dituzte. Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta esleituko dira etxebizitza horiek.

Hamaikagarrena.– Agindu hau argitaratu ondoren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroari jakinarazitako bizikidetza-unitateen aldaketak ez dira kontuan hartuko, egun hori baino lehen eman badira ere, indarrean dagoen araudiak ezartzen duen hau salbu: matrimonio bidez elkartuta edo Elkarketa Zibilen Erregistroan inskribatuta dauden pertsonek babes ofizialeko etxebizitza eskuratzekotan elkarrekin izan beharko duela.

Hamabigarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko 31. eta 41. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.

Etxebizitza kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta agindu horretako 42. eta 44. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira etxebizitzak.

Hamahirugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxarote-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamalaugarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 24a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala