Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2017ko ekainaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2876

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2017-2018ko aldian Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion, besteak beste: hizkuntza politika eta euskararen sustatzea.

Bestalde, apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari (aurrerantzean HPS), 13.2.h artikuluan (apirilaren 21eko EHAA, 76. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, Euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten egitekoak.

Eusko Jaurlaritzak, 2012ko uztailaren 24an egindako Kontseiluan, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (aurrerantzean ESEP) onartu zuen. Plan hori HPSk Euskararen Aholku Batzordearekin elkarlanean burutu zuen. 2013ko irailaren 11n, berriz, Eusko Legebiltzarrak berretsi zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana.

ESEPen helburu nagusia hauxe da: «Euskararen erabilera indartzea». Hori horrela, toki-erakundeek barruko jardunari begira egiteko nagusia dute: herri administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzea eta garatzea. Kanpoko jardunari begira, berriz, hiru eginbehar nagusi dituzte: euskararen jabekuntza, euskararen erabilera eta euskararen elikadura.

Bestalde, 2014ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskararen Agenda Estrategikoa onartu zuen. Euskararen Agenda Estrategikoak ere ESEP izan du oinarri, baita «Eta hemendik aurrera zer?» dokumentuak ere. Deialdi hau Euskararen Agenda Estrategikoak ezarritako helburuekin lerratzen da, elebitasun orekatu eta aukera berdintasunera gerturatzeko baliabideak jarriz lehentasunezko esparru jakinetan: familia bidezko transmisioan, begirale eta entrenatzaileen prestakuntzan, etorkinengana hurbiltzean eta euskarazko jardunaren erakargarritasunean eta prestigioan.

Halaber, HPSk bere egiten du Euskararen Aholku Batzordeak 2016ko maiatzaren 11ko Osoko Bilkuran onartutako «Eta hemendik aurrera zer?» aipatutako dokumentua, aurrez Euskara 21 batzorde-atalean eztabaidatu, osatu eta onartu zena.

Jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak deialdi hau egin du, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) garatzeko diru-laguntzak emateko. Deialdi honen helburua 2017-2018ko aldirako ESEP plana finantzatzea da.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetan 2017-2018ko aldian ESEP garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea eta deia egitea.

2.– Agindu honen bidez ezarritako diru-laguntzetarako kopurua 2.771.000 eurokoa da.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honek araututako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak eta, euren xedeen artean hizkuntza-normalizazioa izanez gero, toki-erakundeen mendeko edo haiei lotutako zuzenbide publikoko erakundeak; era berean, onuradun izan daitezke xede horrekin lankidetza-hitzarmen bidez elkartutako toki-erakundeak.

Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira euskara zerbitzua lurralde historiko batean baino gehiagotan eskaintzen duten toki-erakundeak.

2.– Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako pertsona juridikoak: zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekua dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik bereizkeria egitearren zigortua dena, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

4.– Eskatzailea udalaz gaindiko toki-erakundea izanez gero, eskaerak zehaztu behar du zein udalek parte hartzen duten jardueretan.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari buruzko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, eskatzaileak ezinbestekoa izango du lanpostu-zerrendan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezarrita izatea, betiere V. plangintzaldiari dagokion indizea betez. Era berean, erakunde bakoitzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu eta gauzatu beharko du.

6.– Erakunde eskatzaileak berdintasun plana eta programa onartua eta indarrean izan behar du (Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 15.3 artikuluan xedatua).

7.– Eskatzailea toki-erakundeen mendeko edo toki-erakunderen bati lotutako zuzenbide publikoko erakundea izanez gero, artikulu honen 3. eta 5. idatzi-zatietan adierazitako betekizunak toki-erakunde bakoitzak ere betetzen dituela frogatu behar du.

8.– Bukatzeko, agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea.

3. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

Honako deialdi honen kudeaketa Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariari dagokio.

4. artikulua.– Izapidetzea.

1.– Interesdunek prozeduraren izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko bide elektronikoa erabili beharko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraituz.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2017/esep/eu/

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea, epeak, denbora-barrutia eta dokumentazioa.

1.– Laguntza deialdi honek 2017-2018ko aldian burutuko diren planak baino ez ditu hartuko kontuan, eta aurreikusitako jarduerak aldi horretan gauzatuko dira.

2.– Eskabideak bide elektronikotik egin beharko dira, agindu honen 4. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Eskaera elektronikoaren izapideak honako gunearen bitartez egingo dira:

http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskaerak eta haiei lotutako dokumentazioa.

5.– Eskabidea honako dokumentuekin batera aurkeztu beharko da:

Eskatzaile guztiek aurkeztu beharrekoa:

a) 2017-2018ko aldirako plana eta aurreikusi den aurrekontua bertan jasotzen diren jarduerak garatzeko («Planaren aurreikuspena» inprimakia).

b) Planak jarduera sorta batez osatuko dira, eta jarduera horiek egoki betetako fitxetan jasoko dira («Jarduera fitxa» inprimakia). Jarduera bakoitzeko fitxa bat bete behar da, eta ez da onartuko jarduera bat baino gehiago jasotzen duenik. Fitxa bakoitzak bi urtetarako jarduera jaso beharko du (2017-2018).

«Planaren aurreikuspena» eta «Jarduera fitxa» inprimakietan zehaztutako aurrekontu-kopuruek bat etorri behar dute. Kasuren batean bat etorriko ez balira, «Jarduera fitxa»n jasotako kopuruak izango dira kontuan hartuko direnak.

Planean sartzen diren jarduerak diruz laguntzeko modukoak izango dira, agindu honen 8. artikuluari jarraiki.

c) Euskara sustatzeko 2017rako onartu den aurrekontua (edo, hori ez badago, luzatutako aurrekontua), behar bezala desglosatua ESEPeko esparruak kontuan hartuta, 10.1.a artikuluan ezarritakoaren arabera. Idazkari kontu-hartzaileak edo kontu-hartzaileak egiaztatu behar du.

Kasuan-kasuan aurkeztu beharrekoa:

d) Jardueretan parte hartzen duten udalerrien zerrenda. Soilik mankomunitate edo kuadrillen kasuan («Udalerriak» inprimakia).

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileak dituen betebeharren egiaztapena.

1.– Erakunde eskatzaileak espresuki baimendu dezake emandako datu edo dokumentuak organo kudeatzaileak lor edo egiazta ditzan, Herri Administrazioari dagokion egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenari kalterik egin gabe.

2.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez, ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira eskaera normalizatuan:

– Eskatzaileak beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik diru-laguntza, laguntza, sarrera edo beste baliabide batzuk jaso dituen ala ez (betebehar hau «Jarduera fitxa» izeneko fitxan egiaztatu behar da, diru-sarreren atalean).

– Eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.1 bis artikuluan ezarritakoa aplikatuz, eskabide normalizatuan ondorengo inguruabarrak egiaztatuko dira:

– Eskatzailea prest dagoela HPSko balorazio batzordeari behar duen informazioa emateko, dokumentazioaren inguruan sortutako zalantzak argitze aldera.

– Eskatzaileak EBPN/ESEPen plan estrategikoa onartuta, indarrean eta HPSra bidalia duela. Jadanik onarturik dagoen EBPN/ESEP plan estrategikoa 2017an amaitzen bada, 2018rako nahitaez ESEPen plan estrategikoa onartuko duela 19.1 artikuluan ezartzen den bigarren ordainketa zuritzeko epea amaitu aurretik.

– Eskatzaileak jardueretarako gastuaren aurreikuspena betetzerakoan lanpostu-zerrendako pertsonalaren gastuari dagokion zenbatekoa kendu egin duela.

– Eskatzaileak 2013-2017 aldirako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartua, indarrean eta HPSra bidalia duela. Halaber, 2018a amaitu aurretik, 2018-2022 aldirako plana onartzeko konpromisoa adierazten duela.

– Eskatzaileak, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, lanpostu-zerrendan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezarri dituela, betiere derrigorrezko indizea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana betez.

– Eskatzaileak berdintasun plana eta programa onartua eta indarrean duela (Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 15.3 artikuluan xedatua).

– Horrez gain, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta, laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen direla.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumentuetako bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar (10) egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Bide elektronikoak erabiltzeko betebeharra izanik, subjekturen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez aurkez dezala eskatuko diote administrazio publikoek interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat, hau da, bide elektronikoz aurkeztu deneko eguna.

8. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak ondorengoak dira:

1.1.– Euskararen erabilera bultzatzeko, aisiako eta kiroletako begirale eta entrenatzaileei euskara erabiltzeko estrategiak irakasteko jarduerak egitea, bai eta horiekin lotutako prestakuntza-materialak ere.

1.2.– Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten jarduerak egitea.

1.3.– Euskara eta haren mundua etorkinengana hurbiltzea helburu duten jarduerak egitea.

1.4.– Haur eta gaztetxoekin ahozkotasuna lantzeko programak garatzea.

1.5.– Mintzapraktika lantzea helburu duten jarduerak egitea.

1.6.– Merkataritza eta ostalaritzan euskararen erabilera areagotzea helburu duten jarduerak egitea.

1.7.– «Euskarak 365 egun: hizkuntza ohiturak eta gizarte aktibazioa Euskal Herrian eta elkarrekin lantzeko proposamen berria» garatzea. Egitasmoaren edukia Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren webgunean eskuragarri egongo da.

1.8.– Aisia- eta kirol-jardunean haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzea helburu duten jarduerak egitea. Horien artetik, ondoren zehatuko diren jarduerak, egoera soziolinguistikoaren* arabera lagunduko dira:

1.8.1. Ludotekak, gaztetxokoak, udaleku irekiak eta gisakoak antolatzea.

1.8.2. Jai-giroko jarduerak: euskararen egunak, euskal asteak, kantu-afariak, inauteriak, gazte egunak, urteburuko egun seinalatuetako jaiak (Santa Ageda, San Joan...) eta gisakoak.

1.8.3. Opor eta jai egunetako jolas parkeak.

* Egoera soziolinguistikoa modu honetan hartuko da kontuan: euskaldun portzentajea % 30etik beherakoa den toki-erakundeen kasuan, jardueraren aurrekontuaren % 50 izango da kalkuluetako abiapuntua. Euskaldunen portzentajea % 80tik gorakoa den toki-erakundeen kasuan, jardueraren aurrekontuaren % 10 izango da kalkuluetako abiapuntua. Euskaldunen portzentajea % 30 eta % 80 bitartekoa bada, abiapuntua proportzionalki kalkulatuko da.

2.– Nolanahi ere, honako jarduera hauek ez dute laguntza-mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:

2.1.– Eusko Jaurlaritzaren gainerako deialdietan laguntzen direnak (hedabideak, IKTak, enpresen euskara planak, Nolega programaren barnean laguntzen direnak...).

2.2.– Hiztunen artean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin zuzeneko loturarik ez duten jarduerak.

2.3.– Honako jarduera hauek:

a) Arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko jarduerak eta diru-laguntzak, salbu eta Aginduaren 8.1.6 artikuluan aipatzen direnak.

b) Bekak, ikerketa-lanak, kale-neurketak eta gisakoak.

c) Corpusaren jasoketarekin zerikusia duten jarduerak: toponimia, tokiko euskalkia, esaera zaharrak eta gisakoak.

d) Toki-erakundearen erabilera planari dagozkion jarduerak.

e) Irakurketa sustatzeko jarduerak. Ipuin- eta, oro har, literatur lehiaketak.

f) Euskalduntze-alfabetatzeari dagozkion diru-laguntzak, bekak eta kanpainak (transmisioari, etorkinei eta merkatariei dagozkienak izan ezik).

g) Hedabideei diru-laguntzak, harpidetzak eta gisakoak.

h) IKTen sorkuntza eta lokalizazioa.

i) Aisia- eta kirol-jardunean heldu eta adinekoen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzea helburu duten jarduerak egitea.

j) Euskararen erabilera sustatzeko egiten diren sentsibilizazio eta motibazio kanpaina orokorrak. (Salbu aipaturiko «Euskarak: 365 egun» egitasmoa, eta guraso, etorkin, gazte, eta merkatariei egindakoak).

2.4.– Sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen edonolako jarduerak Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 3.1.c artikuluan xedatutakoaren arabera.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Laguntza-proposamena lantzeko berariaz eratutako balorazio batzordeak, eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako prozedura hau beteko du:

1.1.– Aurrekontuari eta diru-eskabideari dagokienez:

a) Eskabidean aurkeztutako aurrekontua eta egindako diru-eskabidea hartuko ditu abiapuntutzat.

b) 8. artikuluan finkatutakoaren haritik, laguntza-deialdi honekin bat ez datozen gastuak alde batera utziko ditu.

c) Aurreko eragiketaren ondorioz, diru-laguntza kalkulatzeko garaian aurrekontu araztua hartuko da oinarri.

d) Aurrekontua arazten den bakoitzean, erakunde eskatzaileak egindako diru-eskabidea egokituko da, betiere, aurrekontua egokitu den maila berean.

1.2.– Puntuei dagokienez:

a) Esleipen-prozedurari ekin aurretik, balorazio-fasera igarotako jarduerak baloratuko dira, agindu honen 10. artikuluan finkatutako irizpideen arabera.

b) Puntu horiek zehaztuko dute araztutako aurrekontuaren estalpen-indizea. Estalpen-indize hori balorazio batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero.

2.– Toki-erakunde bakoitzari esleitu beharreko laguntzaren kopurua zehazteko garaian, 11. artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.

3.– Esleipenak egingo dira balorazioan 40 puntutik gora lortu dutenen artean.

Toki-erakundeei egokitzen zaien zenbatekoen batura, puntuazioa kontuan hartuta, deialdiaren diru-zuzkidura baino handiagoa bada, jaso beharreko diru-laguntza kopurua hainbanatu egingo da, proportzioan, deialdiaren aurrekontu baliabideetara egokitzeko.

10. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzei buruzko zenbatekoa esleitu, finkatu eta ebazpen-proposamena egiteko, balorazio batzordeak puntuazioa honela banatuko du:

a) Euskara sustatzeko aurrekontu araztua biztanleko (65 puntu).

Datua kalkulatzeko euskara sustatzeko 2017rako onartu den aurrekontua (edo, hala badagokio, luzatutako aurrekontua) erabiliko da.

Euskara sustatzeko aurrekontuaren barruan sartu beharko dira, besteak beste: euskara sustatzeko langileriaren gastuak, kanpoko kontratazioak barne, eta euskaltegiei egiten zaien ekarpena.

Mankomunitate eta kuadrillen kasuan, aurrekontua biztanleko kalkulatzeko garaian, erakundeak berak aurkeztutako aurrekontuari gehituko zaio deialdi honetara aurkeztu ez diren udalek 2017an euskara sustatzeko bideratu duten aurrekontua.

Puntuazioaren banaketa:

– Aurrekontua, biztanleko, 5 euro-tik beherakoa: 25 puntu.

– Aurrekontua, biztanleko, 50 euro-tik gorakoa: 65 puntu.

– Aurrekontua, biztanleko, 5-50 euro bitartekoa: proportzionalki.

b) Bikain ziurtagiria (15 puntu).

c) «Euskarak 365 egun» egitasmoarekin lotutako jarduerak: (15 puntu). Toki-erakundeak berari dagokion eremuan «Euskarak 365 egun» egitasmoa garatzeko abian jarritako jarduerak sarituko dira, beti ere deialdiak laguntzen dituen jardueren baitakoak badira. Toki-erakunde bakoitzak zeintzuk diren adierazi beharko ditu, aipa egitasmoarekin duten lotura zertan diren azalduz. Balorazio batzordeak baztertu ditzake, arrazoi nahikorik ez dagoela irizten badio.

– 5.000 biztanle baino gutxiagoko toki-erakundeetan, jarduera bakarra edo gehiago: 15 puntu.

– 5.000 biztanle baino gehiagoko toki-erakundeetan, jarduera bakarra: 10 puntu. Jarduera bat baino gehiago: 15 puntu.

d) Eskabidea eta fitxak ondo beteta egotea (5 puntu).

– Eskabidea eta fitxak ondo beteta: 5 puntu.

– Ondo bete gabe: 0 puntu.

e) 5.000 biztanle baino gutxiagoko toki-erakunde euskaldunenetan (euskaldunak % 80tik gorakoetan) eta ez-euskaldunetan (euskaldunak % 30etik beherakoetan) puntuazio gehigarria banatuko da:

– Euskaldun kopurua % 0-29: 20 puntu gehiago.

– Euskaldun kopurua % 80-100: 20 puntu gehiago.

Dena den, zenbateko osoa gehienez 100 puntukoa izango da.

Horrezaz gain, beste bi irizpide hauek aplikatuko dira toki-erakundeen ezaugarri berezien arabera:

f) Eskaria egiten duten dentsitate gutxiko mankomunitateei edo kuadrillei (km2ko 120 biztanle baino gutxiago dituztenei) 12.000 euroko diru-laguntza gehigarria emango zaie, betiere gainfinantzaketa ez badago. Kopuru hori a), b), c) , d) eta e) ataletan zehaztutako irizpideen arabera emandakoari gehituko zaio.

g) ESEP garatzeko asmoz deialdira aurkezten diren toki-erakunde guztiek gutxienik 1.000 euroko diru-laguntza izango dute, baldin toki-erakundeari onartutako jardueren aurrekontu guztien batura 2.500 eurotik gorakoa bada eta aurrekontu horiei dagozkien jarduerek 40 puntutik gora lortu badute balorazioan. Kontuan hartu beharko da, dena den, 15. artikuluko 2. puntuan adierazten dena. Baldintza horiek bete ezean, diru-laguntza eskabidea bazterrean geratuko da.

2.– Biztanleen kopuruaren gaineko datuak, euskaldunen portzentajeenak eta azaleraren hedaduraren gainekoak Eustaten honako txosten hauetatik hartuko dira, hurrenez hurren: «Euskal AEko biztanleria jaiotze-urteari jarraiki, Lurralde Historiko eta sexuaren arabera. 2016», «Euskal AEko 2 urteko eta gehiagoko biztanleria, lurralde-eremuaren eta euskara-maila orokorraren arabera. 2011» eta «Euskal AEko egitura orokorra eta organikoa eta lurzoruaren kalifikazioa lurralde-eremuaren arabera (Ha). 2015».

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak ez du inoiz ere toki-erakundeak berak jarduera aurrera eramateko erabilitako diru-kopurua baino kopuru handiagoa emango, 10.1 artikuluko f) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik.

2.– Toki-erakunde onuradunari gehienez ere aurkeztutako aurrekontuaren % 40ko diru-laguntza emango zaio, 10.1 artikuluko f) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik. Horrezaz gain, toki-erakunde bakoitzari agindutako guztirako diru-kopuruak ezingo du 120.000 euroko muga gainditu.

3.– Gehienezko muga horren azpian tarteko gehienezko mugak ezarriko dira, kasuan kasuko biztanleria kontuan izanda. Muga horiek hauek izango dira: < 5.000 biztanle (20.000 euro); < 10.000 biztanle (35.000 euro); < 20.000 biztanle (50.000 euro); < 30.000 biztanle (65.000 euro); < 40.000 biztanle (80.000 euro); < 50.000 (95.000) eta = 50.000 biztanle (120.000 euro).

Edozein kasutan ere, emandako laguntzak ez du jardueraren gastu osoa gaindituko.

4.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna: deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berbererako eman ditzaketenekin bateragarriak dira, betiere gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Gainfinantzaketa badago, diru-laguntzatik onuradunari dagokion kopurua kendu egingo zaio lagundutako jardueraren kostu araztu osoari egokitu arte.

12. artikulua.– Balorazio batzordea.

1.– Eskabideak aztertu eta baloratzeko ondorengo mahaikideez osatutako balorazio batzordea eratuko da:

a) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, Joseba Lozano Santos, balorazio batzordearen buru izango dena.

b) Euskara Sustatzeko zuzendaria, Estibaliz Alkorta Barragan, balorazio batzordearen buruordea izango dena.

c) Euskal Udalen Elkartearen (Eudel) ordezkaria, Josu Lartategi. Beraren ordezkoa: Mónica Martínez Mosquera.

d) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako hizkuntza plangintzaren arduraduna, Jose Inazio Mosteiro Robredo. Beraren ordezkoa: Sonia Isasi Zubieta.

e) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikaria, Veronica Muñoz Campos. Beraren ordezkoa: Amaia Aranaga Libano. Idazkari lanetan arituko da, iritzia emateko ahalmenarekin, baina bozkatzeko eskubiderik gabe.

2.– Balorazio batzordeak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideetan oinarrituz, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

3.– Balorazio batzordearen osaeran errespetatu egingo da 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, eta 40/2015 Legeak (23. eta 24. artikuluak), urriaren 1ak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarenak, parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

Halaber, balorazio batzordea osatzeari dagokionez, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, 3.7 eta 23 artikuluetan dioena kontuan hartuz, kideetako batek, gutxienez, berdintasunari buruzko prestakuntza izango du, eta izendatutako kideek EAEko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasuna izango dute.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpena emango du agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko die, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 6 hilabeteko epean.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, erakunde onuradunak eta esleitutako zenbatekoak zeintzuk izan diren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, herritar orok jakin dezan.

3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezarritako ondorioetarako.

4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, aukera izango du ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.

Ebazpena jakinarazten den egunean hasi eta ondorengo hamar (10) egun baliodunetako epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat hartuko da.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunak betebehar hauek ditu:

1.– Onuradunak bestelako erakunde publiko zein pribatuei eskatutako diru-laguntzen egoeran edota zenbatekoan gertatutako edozein aldaketaren berri eman behar dio Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzari.

2.– Toki-erakunde onuradunek proiektuen edo jardueren aurrekontuan % 40ko ekarpena egin behar dute gutxienez, 10.1 artikuluko f) atalean aipatzen diren toki-erakundeen kasuan izan ezik.

3.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman behar dute.

4.– Diru-laguntza erabili behar dute eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzetarako.

5.– Eskabide-orrian aurkeztutako jarduera bere osotasunean gauzatu behar dute.

6.– Indarrean dauden lege-eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.

7.– Laguntzagai diren jarduerek errespetatu behar dituzte giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak. Ondorioz, jarduera horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beraien duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik jaso ere.

8.– Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna, eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.

9.– Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.

10.– Eusko Jaurlaritzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 16. artikuluan esandakoaren arabera.

11.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenen erregistro telematikora sartu eta berari dagozkion eragiketak egin behar ditu.

12.– Onuradunek, 38/2003 Legearen 14. artikuluan jasotakoak ere bete beharko dituzte.

16. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren aipamena.

Toki-erakunde onuradunek agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, ikus-entzunezkoetan edo elektronikoetan, adierazi behar dute Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua erabili behar dute, deialdi honen baitan lagundu dituen jarduera edo egitasmo guztietan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

b) Honako agindu honen 15. eta 16. artikuluetan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.

c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

d) Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

2.– Lehen ezarritako ez-betetzeak gertatzen badira, edo Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo agindu honetan ezarritakoak betetzen ez badira, diru-laguntzaren onuradunak itzuli beharko du berari eman eta berak hartutako diru-laguntza, bai eta aplikatu behar diren lege-korrituak ere. Balizko horietan jokatuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera; izan ere, dekretu horrek araupetzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra, eta haien kudeaketan esku hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen ditu.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa honela egingo da:

1.– Zenbateko osoaren % 25 ordainketa bakarrean egingo da, ebazpena jakinarazi eta hamar (10) egun balioduneko epea amaitzen denetik bi (2) hilabeteko epean. Dena den, hamar (10) egun balioduneko epe hori heldu baino lehen HPSk onarpen-agiria jasotzen badu, ordainketa bideratzen hasi ahalko da.

2.– Zenbateko osoaren % 50 ordainketa bakarrean egingo da, diru-laguntzaren justifikazioa jaso eta ontzat hartu ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa egiteko justifikazioa 2018ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztuko da.

a) Erakunde onuradunen ordezkariak ziurtagiri bat bidali beharko du, diru-laguntzetara aurkeztutako planaren 2017ko abenduaren 31 arteko betetze-maila adieraziz («Planaren tarteko betetze-maila» inprimakia).

b) Horrez gain, erakunde onuradunak ondorengo informazioa helarazi beharko du HPSra bigarren justifikazioarekin batera: euskaltegi pribatu homologatuei emandako diru-laguntzak, euskaltegi bakoitzari zenbat diru eman dion adieraziz; zein euskara ikasteko banatutako diru-laguntzak, onuradunen izen-abizenak eta bakoitzari esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziz (Justifikazioen aurreko urteetako datuak, 2017koak alegia).

3.– Zenbateko osoaren gainerako % 25a ordainketa bakarrean egingo da, diru-laguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat hartu ondoren, hilabeteko epean. Hirugarren ordainketa egiteko justifikazioa 2019ko apirilaren 15a baino lehen aurkeztuko da. Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) 2017-2018 planaren amaierako betetze-maila adierazten duen ziurtagiria (Planaren amaierako betetze-maila inprimakia), ziurtatze-ahalmena duen organoak sinatua: entitate onuraduneko ordezkariak.

b) Ziurtagiri batek adieraziko du 2017-2018 planean diruz lagundutako jarduera bakoitza gauzatzeko erabilitako diru-kopurua zenbatekoa izan den, 2018ko abenduaren 31rainoko gastu osoa justifikatuz. Ziurtatze-ahalmena duen organoak sinatuko du: entitate onuraduneko kontu-hartzaileak edo idazkari kontu-hartzaileak. Era berean, xede berbererako jasotako bestelako diru-laguntzak adierazi behar dira, baldin eta aurretik adierazi ez badira, eskatzaileak eskabidea aurkezterakoan haren eragina ezagutzen ez zuelako («Justifikazio fitxa» inprimakia).

c) Materiala sortzen denean (katalogoak, kartelak, agiri grafikoak, etab.), sortzen den materialaren ale bana bidali behar da, euskarri elektronikoan edo paperean. Horrez gain, «Justifikazio-Materiala» inprimakia bete behar da.

d) Indarrean dagoen plan estrategikoa osoko bilkurak edo eskumena duen organoak onartu duela adierazten duen agiria, baldin HPSren esku ez badago.

e) Toki-erakunde onuradunek 2018-2022ko aldirako onartu duten Erakundean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu izanaren agiria aurkeztu behar dute, baldin eta HPSren esku ez badago.

f) Horrez gain, erakunde onuradunak ondorengo informazioa helarazi beharko du HPSra hirugarren justifikazioarekin batera: euskaltegi pribatu homologatuei emandako diru-laguntzak, euskaltegi bakoitzari zenbat diru eman dion adieraziz; zein euskara ikasteko banatutako diru-laguntzak, onuradunen izen-abizenak eta bakoitzari esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziz (Justifikazioen aurreko urteetako datuak, 2018koak alegia).

4.– Justifikazioak aurkezteko bide elektronikoaren helbidea: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

19. artikulua.– Jarraipen batzordea.

Beraren zeregin nagusia izango da justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertu eta ontzat hartzea, bai eta azterketa horren ondorioz bideratutako ordainketa osoa edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egitea. Honako hauek osatuko dute jarraipen batzordea:

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, batzordearen buru.

– Herri administrazioetan hizkuntza plangintzaren arduradunak.

– Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzako teknikariak. Azken honek idazkari lanak egingo ditu.

Jarraipen batzordea osaerari dagokionez, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, 3.7 eta 23. artikuluetan xedatutakoa kontuan hartuz, kideetako batek, gutxienez, berdintasunari buruzko prestakuntza izango du, eta izendatutako kideek EAEko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun izan behar dute.

20. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta likidazio-ebazpena.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokituko da.

2.– Honako agindu honen pentzudan emandako diru-laguntzaren onuradunak eman eta eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli behar ditu, honako kasu hauetako bat gertatuz gero: diru-laguntza horretarako eskatu eta eman zeneko zertarakoetarako ez erabiltzea, diru-laguntzaren jatorri izan zen ekintzarako ez erabiltzea, horietarako eskatu zeneko helburu jakinetan erabili dela ez justifikatzea edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusia Antolatzeko Arauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuenaren) 50.2 artikuluan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea. Aurreko hori abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da, non EAEren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen baitu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen baititu.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

1. artikuluan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu ahal izango da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailean beste programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa gertatuz gero, haren berri Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten eman beharko da, laguntzak ebatzi baino lehen.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eman dituzun eta zure eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «AYUDAS Y SUBVEN. PLANES DE EUSKERA» izeneko fitxategian sartu direla. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra, eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan sortzeko arauan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, baduzu Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Zerbitzuen Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Herri Administrazioak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak, eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Toki-erakundeek bidalitako dokumentazioaren inguruan sor litezkeen zalantzak argitze aldera, HPSk informazio gehigarria eskatu ahal izango du.

Ebazteko eskumena daukan organoak uste badu ez daukala eskabide bat ebazteko behar duen informazio guztia, beharrezko informazio gehigarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek araututako diru-laguntzek ez dituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluaren 1. puntuan ezarritako baldintza guztiak, eta horregatik ez da beharrezkoa Europar Batzordeari komunikatzea/jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 30a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala