Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2017ko ekainaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
2698

AGINDUA, 2017ko maiatzaren 15ekoa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kontratazio-mahaien osaketa zehazten duena.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bidez (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua) Eusko Jaurlaritzako sailetan egindako berregituraketaren ondorioz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kontratazio-organoari edo -organoei laguntzen dieten kontratazio-mahaia edo -mahaiak berreratu behar dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzen duen uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen du prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dutela, eta mahai horren eskumena eskaintzen balorazioa egitea izango dela.

Era berean, uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 8. artikulu horrek ezartzen duenez, kontratazio-mahaiko kideak behin betiko izendatzen badira edo mahaiari kontratu anitzetarako eginkizunak esleitzen bazaizkio, kontratazioaren alorrean eskumena duen sailburuaren eta erakundea atxikita dagoen saileko sailburuaren baterako agindu bidez eratuko da kontratazio-mahaia, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, honako hau

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kontratazio-organoak, prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratazio-mahai baten laguntza izango du. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu horrek, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Lehendakaria: Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketaren Zerbitzuko arduradunak eta Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuko arduradunak, batak zein besteak, lehendakari-funtzioa beteko dute, eta elkarren ordezko izango dira plaza hutsen kasuetan eta absentzia- eta gaixotasun-kasuetan edo bestelakoetan.

b) Batzordekideak:

Kontratazio-eskatzailearen ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua. Organo horren aholkularitza teknikoaren ardura izango du.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoari atxikitako kontu-hartzaile bat, haren titularrak izendatua.

Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, haren titularrak izendatua, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuak (informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen Dekretua) xedatutako kasuetan. Ondasun eta zerbitzu informatikoen eta telematikoen kontratazioari dagozkion espedienteetan jardungo du.

c) Idazkaria-batzordekide aholkulari juridikoa: Zuzenbidean lizentziatutako pertsona bat, kontratazio-organoak Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitako langileen artean izendatu beharrekoa. Kontratazio-organoaren aholkulari juridikoa izango da, eta kontratazio-mahaiaren idazkaria, hitzarekin eta botoarekin.

2. artikulua.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari atxikitako Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kontratazio-organoak, prozedura irekietan, mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratazio-mahai baten laguntza izango du. Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubideari buruzko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 9. artikuluko eginkizunak beteko ditu, eta honako kide hauek izango ditu:

a) Lehendakaria: Kontsumobideko Zerbitzu Orokorretako Unitateko arduraduna; plaza hutsen kasuan eta absentzia- eta gaixotasun-kasuetan unitate-arduradun batek edo Erakunde Autonomoko teknikari batek ordezkatuko du.

b) Batzordekideak:

Kontratazio-eskatzailearen ordezkari bat, kontratazio-organoak izendatua. Organo horren aholkularitza teknikoaren ardura izango du.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoari atxikitako kontu-hartzaile bat, haren titularrak izendatua.

Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, haren titularrak izendatua, otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuak (informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen Dekretua) xedatutako kasuetan. Ondasun eta zerbitzu informatikoen eta telematikoen kontratazioari dagozkion espedienteetan jardungo du.

c) Idazkaria - batzordekide aholkulari juridikoa: Zuzenbidean lizentziatutako pertsona bat, kontratazio-organoak Erakunde Autonomoari atxikitako langileen artean izendatu beharrekoa. Kontratazio-organoaren aholkulari juridikoa izango da, eta kontratazio-mahaiaren idazkaria, hitzarekin eta botoarekin.

3. artikulua.– Aukeran, eta kontratazio-organoak eskatuta, aurreko 1. eta 2. artikuluetan eratutako kontratazio-mahaietako parte izan ahalko da Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, haren titularrak proposatua eta kontratazio-organoak izendatua.

4. artikulua.– Kontratu bakoitzaren administrazio-baldintza berezien agirietan jasoko da kontratazio-mahai bakoitzaren osaera eta haren kideen nortasuna, eta dagokion kontratazio-organoaren kontratatzaile-profilean argitaratuko da.

5. artikulua.– Aurreko xedapenen arabera osatutako kontratazio-mahaiek, halaber, eskumena izango dute esleitzeko prozeduretan esku hartzeko, baldin eta, kide anitzeko horrelako organoek esku-hartzea nahitaezkoa ez den arren, dagokion kontratazio-organoak horrela erabakitzen badu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agindu hau indarrean sartzean, indargabeturik geratuko dira xedapen hauek:

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2014ko uztailaren 16ko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko kontratazio-mahaia sortzekoa Turismo eta Merkataritza Saileko jarduketa-arloetan.

Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren 2013ko ekainaren 18ko Agindua, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua erakunde autonomoaren kontratazio-mahaia sortzekoa.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 15a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.


Azterketa dokumentala