Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2017ko maiatzaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2554

EBAZPENA, 2017ko apirilaren 12koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez honako honen onura publikoa deklaratzen baita, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiten baita: Alzarrate-Orozko izeneko (1. zirkuitua) 13,2 kV-ko linea elektrikoaren eta horren adarren zuhaitzik gabeko babes-eremua handitzea Arakaldo, Arrankudiaga eta Orozkoko udal-mugarteetan (Bizkaiko Lurralde Historikoan) eta Laudio eta Amurrioko udal-mugarteetan (Arabako Lurralde Historikoan).

Erreferentzia: L 8183 (48-AT-H-2015-21)

18095 (01-AT-H-2015-02)

AURREKARIAK

1.– 2015eko maiatzaren 8an eta 2015eko maiatzaren 20an, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak honako honen onura publikoaren deklarazioa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua eskatu zituen Bizkaiko eta Arabako ordezkaritzetan, hurrenez hurren: Alzarrate-Orozko izeneko (1. zirkuitua) 13,2 kV-ko linea elektrikoaren eta horren adarren aldaketa Arakaldo, Arrankudiaga eta Orozkoko udal-mugarteetan (Bizkaiko Lurralde Historikoan) eta Laudio eta Amurrioko udal-mugarteetan (Arabako Lurralde Historikoan). Horretarako, hauek erantsi zituen: proiektu teknikoa, Roger Puertas Martínez industria-ingeniari teknikoak sinatua, ingurumen-inpaktuaren oinarrizko azterlana eta aldeko egiaztatze-txostena, Applus Norcontrol S.L.U. enpresak egina.

2.– Jendaurrean ikusgai jarri dira delako proiektua eta aipatutako eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua (2002ko abenduaren 23ko EHAA), energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua (2013ko abenduaren 27ko BOE); 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak (1954ko abenduaren 17ko BOE) eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua (1957ko ekainaren 20ko BOE); Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikulua (2008-01-26ko BOE), eta Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea (1998-03-27ko EHAA).

3.– Ondorio horietarako, informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia honako hauetan argitaratu zen: Laudioko udaleko ediktu-taulan, 2015eko ekainaren 4tik uztailaren 6ra; Arakaldoko udalean, 2015eko ekainaren 9tik uztailaren 6ra; eta Orozkoko udalean, 2015eko ekainaren 10etik 16ra. Horrez gain, 2015eko ekainaren 4an, Arrankudiagako udalera bidali zen, ediktu-taulan jar zezan. Halaber, EHAAn argitaratu zen 2015eko ekainaren 4an; BAOn, 2015eko ekainaren 11n; ALHAOn, 2015eko uztailaren 17an; «Diario Noticias de Álava» egunkarian, 2015eko maiatzaren 30ean; eta «Deia» egunkarian, 2015eko ekainaren 12an.

4.– Jendaurreko informazioaren izapidea betetzearekin batera, aldi berean, separatak bidali zitzaizkien eraginpeko udalei –Laudio, Amurrio, Arakaldo, Orozko eta Arrankudiaga–, Arabako Foru Aldundiari, Bizkaiko Foru Aldundiari, URA Uraren Euskal Agentziari, Sustapen Ministerioari, Vasco-Aragonesa autobideari eta ADIFi, baldintza teknikoak bidal zitzaten eta, behar izanez gero, txostena behar bestetan eska zezaten. Horrenbestez, euren baldintzak bidali zituzten Arabako Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak eta Ingurumen Sailak, Laudioko Udalak, URA Uraren Euskal Agentziak eta Sustapen Ministerioak. Baldintza horiek Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresara bidali ziren, eta baldintzekin ados zegoela adierazi zuen.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Erregelamendu-izapideak bete dira espedientean, arau hauetan ezarritakoaren arabera: Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legea; abenduaren 1eko 1995/2000 Errege Dekretua, Instalazio elektrikoen garraioa, banaketa, merkaturatzea, horniketa eta energia elektrikoaren instalazioen baimen-prozedurak arautzen dituena; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legea; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; Energiaren eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpena, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituena; horri buruz Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak eman dituen jarraibideak, 2013ko ekainaren 19koak; 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duena (1998ko martxoaren 27ko EHAA); eta horiekin bat datorren gainerako legedia.

2.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan emandako ahalmenak baliatuta –dekretu hori indarrean dago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrarekin bat etorriz–, hau

EBAZTEN DU:

Bat.– Honako honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua: Alzarrate-Orozko izeneko (1. zirkuitua) 13,2 kV-ko linea elektrikoaren eta horren adarren zuhaitzik gabeko babes-eremuaren handitzea, aipatutako dokumentazioaren arabera.

Bi.– Alzarrate-Orozko izeneko (1. zirkuitua) 13,2 kV-ko linea elektrikoa eta horren adarrak egokitzeko ondorioetarako, instalazioaren onura publikoa deklaratzea, Arakaldo, Arrankudiaga eta Orozkoko udal-mugarteetan (Bizkaiko Lurralde Historikoan) eta Laudio eta Amurrioko udal-mugarteetan (Arabako Lurralde Historikoan), zuhaitzik gabeko babes-eremu bat izateko, egun dagoena baino handiagoa.

Horren ondorioz, 25,46 hektareako zuhaitz-mozketa egin behar da Alzarrate-Orozko izeneko (1. zirkuitua) 13,2 kV-ko gaur egungo aireko linean eta horren adarretan, guztira 41,8 kilometroan. Horietatik, 23,556 km igarotzen dira zuhaitz-eremuetatik.

Honako hau da trazadura:

(Ikus .PDF)

Sektore elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazio horrek berekin dakar eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideez jabetu beharra, eta okupazioa lehenbailehen egin beharra. Deklarazioak, halaber, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak dakartza, bai eta 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioak ere.

Ebazpen hau bi dekretu hauen arabera eman da: abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; eta baldintza orokor hauetan:

1.– Onartutako proiektuaren eta lehen aipatu diren aurkeztutako agirien arabera egin beharko dira lanak; sustatzailearen espedientean artxibatuko dira ingurumen-zaintzako programaren emaitzak, bi urtean gutxienez, zerbitzuan jarri zenetik.

2.– Egikaritzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen hau jakinarazten den egunetik aurrera.

3.– Obrak bukatzen direnean, horren berri emango die instalazioen titularrak sail honek Araban eta Bizkaian dituen lurralde-ordezkaritzei.

4.– Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak errespetatuz ematen da ebazpen hau; eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Halaber, hirugarrenen eskubideak aparte utzi gabe ematen da, eta jabetza-eskubideari eutsiz.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 12a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala