Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2017ko maiatzaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2312

50/2017 EBAZPENA, apirilaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, sinatu beharreko hitzarmen-eredua argitaratzea xedatzen duena.

Gobernu Kontseiluak, 2017ko apirilaren 4an egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren eredua onartu zuen. Hitzarmenaren helburua da informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri ematea, eta haren zabalkundea egitearren, hau

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmenaren testu-eredua, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko. Testu hori eranskinean dago.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 12a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 12KO 50/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UDALEKIN SINATU BEHARREKOA, INFORMAZIOAREN, ADMINISTRAZIOAREN ETA KUDEAKETA ELEKTRONIKOAREN ESPARRUAN ZERBITZUAK ELKARRI EMATEKO

_______(e)n, 2017ko _________aren __(e)(a)n

BILDUTA:

Alde batetik, Josu Iñaki Erkoreka Gervasio, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari gisa, esleituta dauzkan eskumen hauek baliatuta: lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren bidez agindutakoak (dekretu horren arabera sortu, ezabatu eta aldatu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak, baita haien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ere); apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 18. artikuluaren arabera dagozkionak (Herri Administrazio eta Justizia Saila zenaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuena); eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan adierazitakoekin eta indarreko legediak esleitzen dizkion gainerako guztiekin bat.

Bestetik,............... toki-ordezkaria, toki-entitate horren ordezkari gisa, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean ezarritakoa aplikatuta, eta toki-araubideari buruzko indarreko xedapenen testu bateginean (apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartua) eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean esleitutako eskumenak erabilita.

Bi alderdiek elkarri aitortzen diote administrazioarteko lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko gaitasun nahikoa dutela. Horretaz gain, Gobernu Kontseiluak 1996ko urtarrilaren 9an hartutako erabakian ezarritako baldintzak ere betetzen direnez (erabaki horretan dago zehaztuta zer-nolako hitzarmenak baimendu behar dituen Gobernu Kontseiluak), hau

ADIERAZTEN DUTE:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta........... toki-entitateak, besteak beste, betebehar hauek dituzte: herritarrei kalitateko zerbitzuak esleitzea, baliabide publikoak eraginkortasunez esleitzen eta erabiltzen saiatzea eta administrazio-izapideak sinplifikatzea. Horretaz gain, beste administrazio publiko batzuekin batera, helburu partekatuak lortzeko jarduten dutenean, parte-hartzearen, objektibotasunaren, gardentasunaren eta lankidetzaren printzipioak bete behar dituzte. Kasu zehatz honetan, EAEko Administrazioaren eta Tokiko Administrazioaren arteko elkarlana ezartzen da. Hala izan behar duela agintzen da lege hauetan: Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea (1. eta 4. artikuluak) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea (3. eta 140. artikuluak). Horretarako, 140.2 artikuluak ezartzen duenez, tokiko administrazioarekiko harremanak tokiko araubidearen oinarrizko legeen bitartez arautuko dira, III. tituluan araututa ez dauden gaietan.

Helburu horiek lortuko badira, ezinbestekoa da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 144.1.e artikuluan zehazten den administrazio publikoen arteko lankidetza sendotzea, lankidetza-hitzarmenen alderdi sinatzaileek beren gain hartzen dituzten baldintzak eta konpromisoak ere kontuan hartuta, lege beraren 144.2 artikuluaren arabera. Zehatz-mehatz, informazioa elkarri trukatzeko sistemak eraiki behar dira, administrazio-prozeduran dokumentuak edo datuak ekarri behar ez izateko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan –Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea– ezarrita dagoenarekin bat etorrita.

2.– Horretarako, beharrezkoa da administrazio elektronikoaren garapenean azkar eta eraginkortasunez aurrera egitea, honako bi lege hauek benetan betetzeko: urriaren 1eko 40/2015 Legea (administrazio publikoen araubide juridikoari eta funtzionamenduari dagokienez) eta urriaren 1eko 39/2015 Legea (14. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio publiko guztiak behartuta daude harreman elektronikoak ezartzera edo ezartzen laguntzera). Hori dela eta, ezinbestekoa da administrazio guztien eskura jarritako zerbitzu elektroniko batzuk lehenbailehen edukitzea, legez ezarritako betebeharra benetan betetzea lortu ahal izateko.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera, datuak eta dokumentuak ez emateko eskubidea baliatzen laguntzeko, Administrazioak gainerako administrazio publikoekin hitzarmenak egitea sustatuko du, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 155. artikuluan ezarritakoarekin bat. Erregelamendu horretako 68. artikuluan ezarrita dago hitzarmen horietan zenbait prozedura ezarriko direla, organo lagatzaileek ziurta dezaten ea aipatutako eskubidea erabili den, sarbide-eskaeren xede izan diren datu edo dokumentuei dagokienez.

Era berean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateek estatu- eta foru-administrazioekin izenpetutako hitzarmenen bidez formalizatutako zerbitzuetan eta geroago erabakitzen direnetan parte har dezaten, beharrezkoa da mekanismo egoki bat jartzea, aipatutako toki-entitateek aipatutako hitzarmenak erraz balia ditzaten, baina, edonola ere, zerbitzu bakoitzean erabiltzaileari ezarritako betebeharrak beti beteko direla bermatzen duen prozedura baten bidez.

3.– 2017ko martxoaren 24an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Estatuko Administrazio Orokorrak beste lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko, eta lankidetza-hitzarmen horrek 2010eko urriaren 18ko hitzarmena ordeztuko du.

4.– Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 141.1.c) artikuluak xedatzen du gainerako administrazioei behar duten informazioa eman behar dietela beren eskumenak baliatuz egiten duten jarduerari buruz, edo herritarrek arloren bati buruzko informazio osoa eskuratu ahal izateko behar duten informazioa.

Ondorio horietarako, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 142.a) artikuluak ezartzen duenaren arabera, hauek dira administrazio publikoen elkarlan-betebeharretik eratortzen diren betebeharrak: eskabidea jaso duen entitatea publikoak edo entitateak dituen informazio, datu, agiri edo frogabideak ematea, baldin eta administrazio eskatzaileak halakoak eduki behar baditu bere eskumenak baliatzeko; administrazio-informazioko sistema integratuak sortu eta mantentzea, lurralde nazional osoan administrazio-jardueraren esparru batzuei eta besteei buruzko datu eguneratu, oso eta iraunkorrak edukitzeko; laguntza-betebeharra beste administrazio batzuek beren eskumenak hobeto baliatzeko egindako eskariei arreta egiteko, bereziki administrazio horien jarduera beren lurralde-eremutik kanpo hedatzen bada.

Sinatzaileek datu jakin batzuk behar izaten dituzte beren egitekoak burutzeko eta esleituta dauzkaten eskumenak erabiltzeko. Beraz, administrazio publikoen arteko harremanetan elkarri laguntzeak nagusi izan behar duela kontuan hartuta eta beraien jardunean eta harremanetan baliabide publikoak eraginkortasunez esleitzeko eta erabiltzeko printzipioa eta herritarrei zerbitzu eraginkorra eman beharraren printzipioa aplikatuta, alderdiek uste dute beren arteko datu-trukea arautu behar dutela. Trukean baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliko dira, eta, administrazio publikoek dauzkaten datuak direnez, herritarrei dagozkien bermeak eta eskubideak errespetatu beharko dira.

5.– Horregatik, bi alderdiek uste dute zerbitzuak linean ematea sustatu behar dela, zerbitzuen, izapideen, prozeduren eta informazioaren elkarreragingarritasuna handitzeko.

Horren harira, sinatzaileek, beren eskumenen eremuetan, beharrezkotzat jo dute Administrazioaren jabetzako sistemen eta aplikazioen arteko koordinazioa sustatzea. Sistemen eta aplikazioen berrerabilera ezin handiagoa izango da, administrazioen eta interes publikoaren premiak, hobekuntzak edo eguneratzeak gauzatzeko helburua ezarrita. Horretarako, sistemak eta aplikazioak alderdien eskura jarriko dira.

Erabiliko den elkarreragingarritasunerako sisteman, paperezko ziurtapenen edo ziurtagirien ordez, datuak trukatzeko plataformak edo horretarako prestatu diren beste sistema elektroniko batzuk baliatuko dira. Hori horrela, administrazio publikoen sareak elkarrekin konektatuta egongo dira, bertako informatika-mekanismoak bateragarriak izango dira, eta administrazio publikoen sareetako transmisio telematikoa gauzatuko da. Horrelako komunikazio-sare batean informazio-sistemak elkarrekin konektatuta egongo dira, administrazioen arteko informazioa eta zerbitzuak trukatzeko aukera egongo da, eta interesdunek datuak erabili ahal izango dituzte (datuok erabilgarri badaude), beren eskumenen arloko izapideak, prozedurak eta jarduketak gauzatzeko. Horrek guztiak bat etorri behar du bere araudi arautzaileekin eta abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan –Datu Pertsonalen Babesari buruzko Legea da, hain zuzen ere– eta lege hori garatzeko araudietan ezarritakoarekin; betiere segurtasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna ezin hobeto bermatuta. Alde horretatik, kontuan hartu behar da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 158.1 artikuluan ezarritakoa; zehatz-mehatz, administrazio publikoek aplikazioen aurkibide eguneratuak edukiko dituztela, libreki berrerabiltzeko, Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean xedatuta dagoenaren arabera. Aurkibide horiek elkarreragingarriak izan beharko dute, Estatuaren Administrazio Orokorraren aurkibide orokorrarekin bateragarritasun informatikoa eta konexioa bermatzeko.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarrita dago herritarrek eskubidea daukatela edozein administraziok eginiko dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, araudi arautzaile aplikagarriak eskatzen ez dituen datuak edo dokumentuak edo interesdunak edozein administraziori jada eman dizkion datuak edo dokumentuak ez emateko.

6.– Alderdiek elkarreragingarritasunerako sistema ezarri nahi dute; eta sistema horren bidez elkarri trukatuko dioten informazioa, sistemako euskarriak eta aplikazioak seguru, zainduta eta ondo araututa egongo dira. Administrazio publikoek horiek guztiak kontuan hartu beharko dituzte, erabaki teknologikoak hartzen dituztenean.

Helburu horiek eraginkortasun handiagoz lortzeko, eta administrazio publikoen arteko lankidetza- eta koordinazio-printzipioei jarraituta, erabaki hau bereziki baliagarria da bi administrazio sinatzaileentzat.

Horregatik guztiagatik, alderdiek administrazioen arteko lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea eta helburua.

Hitzarmen honen xedea da baldintza eta irizpide orokorrak finkatzea: alde batetik, sinatzaileek ematen dituzten zerbitzu elektronikoen aprobetxamendu komuna egin dezaten; eta, bestetik, informazioa elkarri truka diezaioten.

Horren ondorioa da zerbitzu jakin batzuk erabilgarri egotea, eta alderdietako bakoitzak emandako zerbitzuetarako sarbidea eta haien erabilera komuna erraztea. Zerbitzu horiek hitzarmen honetan eta hitzarmeneko hiru eranskinetan adierazi bezala emango dira.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 155.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, datu hauek baino ez dira eskuragarri izango: gainerako administrazioek beren eskumeneko prozedurak eta jarduerak dagozkien arauen arabera izapidetzeko eta ebazteko interesdunei eskatzen dizkietenak, horien araudi arautzailean ezarritakoarekin bat etorrita.

Hauxe da hitzarmenaren xede nagusia: edozein administraziok egin dituen dokumentuak, jatorrizko dokumentuak, araudi arautzaile aplikagarriek eskatzen ez dituzten datuak edo dokumentuak edo lehendik beste administrazio bati eman zaizkionak ez emateko eskubidea egikaritzea, zeinaren onarpen-presuntzioa izango den, prozeduran kontrakotasun espresua adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua adierazi beharra dagoela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan jasotako baldintzetan.

Hitzarmen honen xedea ere bada mekanismo bat ezartzea, III. eranskina beteta, toki-entitate sinatzailea erraz atxiki dakion administrazio elektronikoaren esparruko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Estatuko Administrazio Orokorrarekin 2017ko martxoaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenari. Hitzarmen horrek ordezkatuko du 2010eko urriaren 18ko aurreko hitzarmena, Lehendakaritza Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artekoa, administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri ematekoa.

Azkenik, hitzarmenaren xedea ere bada hitzarmena indarrean dagoen bitartean sortzen diren administrazio elektronikoaren funtzionalitate eta zerbitzu berriak, haren xedearekin erlazioa dutenak, baliatzea alderdi sinatzaileek, etorkizunean horri eranskin berriak gehitzen dizkion prozeduraren bidez; nolanahi ere, prozedura horrek bermatuko du bai haren edukiari bai zerbitzu bakoitzean erabiltzailearentzat ezarritako betebeharren betetze-mailari buruzko erabakiak egon badaudela.

Hitzarmena sinatuta, hau lortu nahi du: kudeaketa publikoa eraginkorragoa izatea, baliabide eta zerbitzu publikoak batera eta errazago erabiltzea, erabilera publikoko jarduerak egiten laguntzea, aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzko legeak betetzen laguntzea eta administrazioko bikoiztasunak ezabatzea. Horretan, artikulu hauek bete beharko dira: urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.3 artikulua; Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua, Toki-administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen lehenengo artikuluan jasotako idazkeraren arabera; eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikulua.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta ......... toki-entitateak hitzarmen honetako bi eranskinetan zerrendatzen diren eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion zerbitzuen funtzionalitateak baliatu ahal izango dituzte. Eranskinak honako hauek dira:

● I. eranskina. Datu-transferentzia.

● II. eranskina. Jakinarazpenen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

Halaber, Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko 2017ko martxoaren 24ko lankidetza-hitzarmen berrian sinatzaileek ematen dituzten administrazio elektronikoaren oinarrizko irtenbide teknologikoak baliatu ahal izango dituzte, hamabigarren klausulan eta III. eranskinean xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Informazio-trukearen arduradunak.

1.– Administrazio lagatzaile bakoitzak erabakiko du zer protokolo eta baldintza bete behar diren datuak trukatzeko eskaintzen diren zerbitzuetan sarbidea izateko. Datuak trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna hau da:

● ......... toki-entitatean: administrazio elektronikoaren eskumena duen organoa.

● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: administrazio elektronikoaren eskumena duen zuzendaritza.

2.– Datuen lagapena hartzen duen administrazio bakoitzak datuetara sarbidea izateko baldintzak beteko ditu, eta baimendutako administrazio-izapide eta -prozeduren esparruan lagatzaileak emandako informazioa eskuratu nahi duten pertsonen eta organoen sarbidea kudeatuko du. Hau da datuak bitartekotza bidez trukatzeko eskabideak koordinatu, izapidetu eta kontuan izateko organo arduraduna:

● ......... toki-entitatean: administrazio elektronikoaren eskumena duen organoa.

● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan: administrazio elektronikoaren eskumena duen zuzendaritza.

Laugarrena.– Baldintza teknikoak eta funtzionalak.

Datuen bitartekotza-protokoloen Elkarreragingarritasun Arau Teknikoan jasotako baldintzak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2012ko uztailaren 26koa) hitzarmen hau aplikatuz egiten den datuen truke bitartekotuari aplikatuko zaizkio.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordea.

Jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordea eratuko da, hitzarmen honetan eta eranskinetan alderdi sinatzaileek hartu dituzten konpromisoen kudeaketa, jarraipena eta kontrola egiteko. Honako kide hauek izango ditu: ......... toki-entitateak izendatutako bi kide eta Eusko Jaurlaritzak izendatutako beste bi.

Jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horretaz gain, aparteko bilkura egingo du alderdietako batek eskatzen duen bakoitzean.

Jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak ebatziko ditu hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sortutako arazoak, bai eta alderdi sinatzaileei hitzarmenaren edozein aldaketa proposatzea ere.

Horretan, kontuan hartu beharko da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 c) letran ezarritakoa: sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak betetzen ez baditu, hitzarmena azkendu ahal izango da.

Gainera, jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak aldaketa teknikoak ezarri ahal izango ditu, betiere hitzarmenaren funtsa aldatzen ez badute.

Seigarrena.– Subjektu bakoitzak egin behar dituen jarduketak eta araubide ekonomikoa.

Lankidetza-hitzarmen honek ez du sortzen sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik. Hala ere, alderdiek inbertsioak egin beharko dituzte beren instalazioetan, hitzarmen hau sinatutakoan, beren gain hartu dituzten betebeharrak eta, zehazki, alderdi sinatzaile bakoitzak egin behar dituenak betetzeko, baldin eta egingarriak badira.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea. Hala eta guztiz ere, sinatzaile guztiak ados jarrita, hitzarmena azkendu ahal izango dute.

Hitzarmenaren formalizazioa eta azkentzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, .........ko lurralde historikoko aldizkari ofizialean eta .........ko/go udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea egokitzat jotzen dituzten aldaketak egiteko. Hitzarmenaren edukia aldatu aurretik, alderdi sinatzaileek aho batez onartu beharko dute.

Klausulak berrikusten badira, alderdiek sinatutako eranskin batean jaso beharko dira aldaketok, eta eranskina hitzarmenari erantsiko zaio.

Halaber, eranskin-prozedura horren bidez, alderdiek adostu ahal izango dute hitzarmenak indarra duen bitartean sortzen diren eta haren xedearekin erlazioa duten administrazio elektronikoaren funtzionalitate eta zerbitzu berriei buruzko lehenengo klausulan ezarritako eranskinak gehitzea, baina horrek ez du ekarriko hitzarmen honen klausulak berrikustea.

Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.

Honako hauek dira hitzarmen honen manu arautzaileak: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura bitartekoak; Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikulua eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 100. artikulua, Tokiko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak tokiko zerbitzu publikoetan edo guztiontzako intereseko gaietan elkarrekin adosten duten lankidetza ekonomiko, tekniko eta administratiboa arautzeko lankidetza-hitzarmenei dagokienez.

Hamargarrena.– Gatazkak konpontzea.

Hitzarmen hau sinatu duten alderdiek konpromisoa hartu dute hura betetzean sortzen diren gorabeherak elkarrekin ados jarrita konpontzeko, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Hitzarmenaren garapenean eta betearazpenean alderdien artean auziren bat sortzen bada, eta bosgarren klausulan aipatutako jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko batzordeak konpondu ezin badu, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa jarri ahal izango da, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorrita.

Hamaikagarrena.– Komunikazioa.

Alderdiek konpromisoa hartzen dute hitzarmenaren beste sinatzailea ere aipatzeko, bakarka zein batera Hitzarmenaren gaiaz egiten dituzten komunikazio-egintza guztietan.

Hamabigarrena.– Toki-entitatea atxikitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Estatuaren Administrazio Orokorraren arteko 2017ko martxoaren 24ko hitzarmenari.

Klausula honen bidez, mekanismo bat ezartzen da hitzarmen hau sinatu duen toki-entitatea atxiki dakion administrazio elektronikoaren esparruko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko Estatuko Administrazio Orokorrarekin 2017ko martxoaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenari, aplikagarriak diren alderdi guztietan, eta hitzarmen horren lehenengo klausulan (2) ezarritakoari jarraituta. Horretarako, toki-ordezkariak atxikitze-eskaeraren protokoloa sinatu beharko du eta, haren bidez, konpromisoa hartuko du soluzio teknologikoak eskuratzeko eta erabiltzeko betebeharrak betetzeko, hitzarmenean zehaztutakoaren arabera. Horretaz gain, bere gain hartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko erabiltzaileei ezarritako betebeharrak ere, bere eskumenen arloan, III. eranskineko inprimakiarekin bat.

Hitzarmen hau Estatuko Administrazio Orokorrari jakinaraziko zaio.

Azaldutako guztia frogatzeko, alderdiek hitzarmenaren bi (2) ale sinatu dituzte ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

(Ikus .PDF)
HITZARMENARI ERANTSITAKO AKORDIOAK

I. eranskina: Datu-transferentzia.

II. eranskina: Jakinarazpen eta komunikazio elektronikoen zerbitzua.

III. eranskina: Lankidetza-hitzarmenari atxikitzeko protokoloa, administrazio elektronikoaren esparruko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko, estatuko administrazio orokorrarekin 2017ko martxoaren 24an sinatua.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala