Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2017ko maiatzaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2255

AGINDUA, 2017KO apirilaren 12koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bitartez baimentzen baita babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak modu globalean betetzea, etxebizitza transferentziak eginez, Portugaleteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren baitan.

Aztertu da Portugaleteko Udalak egindako baimen-eskaera, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko bizitegi erabilerako hirigintza eraikigarritasunari buruzko legezko aurreikuspena konpentsatzekoa. Izan ere, zenbait eremutan murriztutako estandarra beste eremu zehatz batzuetan sartutakoarekin osatzen da.

GERTAKARIAK

Portugaleteko Udalak aurkeztutako eskaera-orriari sarrera-erregistroa egin zitzaion 2017ko apirilaren 11n. Horren bidez, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan aurreikusitako baimena eskatu zen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren baitan, babes publikoko etxebizitzen estandarra transferitzeko hainbat eremuen artean.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Portugaleteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren 3. Aldaketa Zehatzaren espedienteak Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso du 2016ko ekainaren 9an ospatutako 3/2016ko bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 80.4 artikuluan, eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 11.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskaerak babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru estandarraren konpentsazioa planteatzen du udalerriaren baitan. Bizitegirako hiri-lurzoruan estandarrak babes publikoko araubide bati atxikitako etxebizitzentzat legeak ezarritako gutxienekoa 32.311 m²t da. Babes ofizialeko etxebizitzentzat, berriz, gutxienekoa 16.155,50 m²t da; eta gainerakoa, 32.311 m²t-ra artekoa, araubide tasatuko babes ofizialeko etxebizitzentzat. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, 32.588,50 m²t dira babes ofizialeko etxebizitzentzat eta 12.325 m²t etxebizitza tasatuentzat.

3.– Lurzoru urbanizagarri sektorizatuari dagokionean, ezarritako gutxieneko estandarrak 35.403,26 m²t dira babes publikoko araubide bati atxikitako etxebizitzen eraikigarritasunerako. Babes ofizialeko etxebizitzentzat, berriz, gutxienekoa 25.962,39 m²t da, eta gainerakoa, 35.403,26 m²t-ra artekoa, araubide tasatuko babes ofizialeko etxebizitzentzat. Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako zehazki 25.962,39 m²t-koa izatea aurreikusten dira, eta 9.440,87 m²t etxebizitza tasatuen eraikigarritasunerako.

4.– 2/2006 Legearen 80.6 artikuluaren arabera, ezinbestekoa izango da transferentzia hori baimentzeko transferentziaren xede diren eremuetako etxebizitza libreen arteko balioen aldearekiko proportziozkoa den babes publikoko etxebizitzen aldez aurreko edo aldi bereko egikaritzea bermatzea.

5.– Neurri hori ez da aplikatzen lehen formulazioko edo planeamendu orokorraren erabateko berrikuspen espedienteetan, hala baitago xedatuta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 14.4 artikuluan.

Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, baita Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak emandako aldeko txostena ere aztertuta, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, aipatutako Legearen 80.4 artikuluan eta aipatutako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako transferentzia baimentzea, Portugaleteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean.

Bigarrena.– Baimen hori Portugaleteko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren testuari, espedientea bete izanaren justifikazioa eransteari baldintzatua geratuko da, 2/2006 Legearen 80. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango behin betiko onarpena, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak betetzeari dagokionez, eskumena duten esparruren batean (hartzaileak edo igorleak) aldaketarik eragiten duten beste baldintza batzuekin ematen bada.

Laugarrena.– Portugaleteko Udalari agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa espresuki erabaki edo bere ustezko gaitzespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 12a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala