Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2017ko maiatzaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2166

AGINDUA, 2017ko martxoaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena; honen bidez, unibertsitateaz kanpoko ikasketak –heziketa-zikloak izan ezik– ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei dei egiten zaie hezkuntzaren bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuak egin ditzaten, 2017-2018 ikasturtean.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartutako Heziberri 2020 Planaren helburua argia da: Europako esparruan hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horrek «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa» biltzen du, hezkuntza-eredu pedagogikoaren gidalerro nagusiak xedatzen dituena hain zuzen. Paradigma-aldaketa esanguratsua dator, izan ere konpetentzietan oinarritutako hezkuntza du ardatz proiektu horrek. Konpetentzien araberako pedagogian, jakintzez, egiten jakiteaz eta izaten jakiteaz ikasitakoa transferitu, artikulatu eta konbinatu egiten da, egoera funtzional konplexuak konpontzeko.

Horrezkero, ikasleen irteera-profil orokorra, Oinarrizko Hezkuntzaren helburua, oinarrizko konpetentziak lortuz iristen da. Oinarrizko konpetentzien artean batzuk orokorrak edo zeharkakoak dira, arazoak ebazteko edo bizitzako hainbat egoerei aurre egiteko baliagarriak direnak. Beste konpetentzia batzuk espezifikoak dira, diziplina bati edo batzuei dagozkienak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak zera dio: Oinarrizko Hezkuntzak gizakien ahalmenak osorik garatu behar ditu eta bizitza osoan zehar behar diren oinarrizko konpetentziak eskuratzea, errealizazio eta garapen pertsonalerako, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta enplegua lortzeko. Eta ikasleek Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako lortu behar dituzten oinarrizko konpetentziak dira ikasleen irteera-profil orokorra, hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzen jakin dezaten. Irteera-profil hori lortze aldera, euskal hezkuntza-sistemako irakasleek konpetentzien profil egokia eduki behar dute, ezin hobeto ekin ahal izateko beren egitekoei. Zentzu horretan, ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten ahalbidetzeko beharrezkoa den profil konpetentziala erdiesten laguntzea da irakasleen prestakuntzaren helburua. Hori dela eta, hezkuntza-eskumenak dituen sailaren prestakuntza-ekintzek honako ezaugarri hauek izango dituzte, besteak beste: bikaintasuna sustatuko dute, hezkuntza berriztatzeko proiektuen bidez eta langileen arteko lankidetza bultzatuko dute (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).

Testuinguru horretan, aipaturiko 236/2015 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriari jarraikiz, Hezkuntza Sailak EAEko hezkuntza-sistema Hobetzeko Plana onartu du. Plan horrek jasoko ditu euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak eta garrantzi berezia izango dute bertan konpetentzien araberako eredua aplikatuz Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek. Hobekuntza Plan horrek aurreikusten duen lerro estrategikoetako bat «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza» da. Lehentasunezko lerroa izango da, halaber, Prest_Gara Plana, helburu duena unibertsitateaz kanpoko irakasleei etengabeko prestakuntza ematea 2014-2017ko aldian. Nazioarteko ikerketak bat datoz honekin: hezkuntza hobetu nahi duen edozein aldaketa, aldaketa horren agente nagusiak baldintzatzen du, hots, irakasleek, irakaskuntza-kalitatearen hobekuntzak hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza baldintzatzen duelako.

Zuzentasun eta bikaintasun hori lortzeko, etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetu behar da ikastetxeko heziketa-lana eta ikasketa. Hezkuntza-komunitate osoa, bai ikastetxea zein irakasleak eta gainerako langileak, baita familiak ere, funtsezkoak dira irakatsi eta ikasteko prozesuan, eta parte aktiboa hartu behar dute etengabe hobetzeko prozesuan.

Horregatik, proposatzen da prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, eragin nabaria izan dezaten, eta hasierako egoera aldatzen dela ikus dadin. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta -esperientziek eragin handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitie, eta antolaketa aldatzeko bidea izan daitezke. Horregatik, ikastetxeak proiektuak aurkeztera gonbidatzen ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntzaren bidetik eramateko, eragin positibo bat sortuz ikastetxearen ohiko dinamikan. Era berean, lan-praktika egokiak partekatzera gonbidatzen ditu, bai ikastetxean bertan, bai beste ikastetxeekin, eta, hartara, inter pares prestakuntzaren balioa azpimarratzera.

Horregatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotzen diren xedapenetan ezarritakoarekin bat eginez, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra arautzen duten printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. izenburuan jasotako xedapenekin bat eginez ere (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eremuan diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartzen du testu bategin hori), eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoko 2016rako aurrekontu orokorrak, 2017ra ere luzatu direnak, onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta oro har ezar daitezkeen gainerako xedapenekin bat eginez, aurrekontuko diru-hornidura nahikoa dagoenez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da diru-laguntzak ematea 2017-2018 ikasturtean zehar hezkuntza-sistemaren bikaintasuneranzko bidean jarraian zehaztuko den prestakuntza motaren bat egiten duten unibertsitateaz kanpoko edozein maila eta motatako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei –heziketa-zikloak soilik ematen dituztenei izan ezik–:

– Berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak.

– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

– «Partekatuz ikasi» esperientziak.

2. artikulua.– Onuradunak.

Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren unibertsitateaz kanpoko edozein irakaskuntza-maila edo mota emateko baimena badute, heziketa-zikloak soilik ematen dituztenak izan ezik.

3. artikulua.– Deialdiaren hornidura ekonomikoak eta diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Helburu hori lortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura, guztira 550.000 euro bideratuko dira.

2.– Hornidura hori honela banakatuta geratzen da, diruz lagun daitezkeen proiektu-modalitateen eta lurralde historikoen arabera:

a) 104.000 euro berrikuntza-proiektu integraletarako (16.000 euro Arabarako, 50.000 euro Bizkairako eta 38.000 euro Gipuzkoarako), bai eta 15.000 euro curriculuma aberasteko proiektuetarako.

b) 362.000 euro hezkuntza-berrikuntzarako prestakuntza-proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 60.000 Araban, 170.000 euro Bizkaian eta 132.000 euro Gipuzkoan.

c) 69.000 euro «Partekatuz ikasi» esperientzien zentro tutoreetarako.

3.– Lehiaketa bidezko prozeduraren bidez esleituko da lurralde historiko bakoitzeko eta diruz hornitu daitekeen proiektu-mota bakoitzeko zenbatekoa. Aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, lehentasunak finkatzeko, eta, horretarako, I. eranskineko balorazio-baremoa hartuko da kontuan. Honako hauek soilik hornituko dira diruz, betiere, agindu honek ezartzen duen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta: 14. artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntu-kopurua lortzen dutenen artean puntu gehien eskuratzen dituztenak. Balorazio-fasean lortzen duten puntu-kopuruari jarraituz hornituko dira diruz, goitik behera, onuradunen gehieneko muga bete arte edo, dagokionean, dagokion prozedurari esleitutako diru-kopurua agortu arte. Berdinketarik badago, honako hauek izango dute lehentasuna: 2016-2017 ikasturtean deialdi honen babespean finantzaketa ekonomikorik lortu ez zuten ikastetxeen proiektuek. Haien artean ere berdinketarik badago, honako hauek izango dute lehentasuna: ikasle bekadunen ehunekorik handiena duten ikastetxeek.

4.– Ebazpenen xede izango dira, lehenik eta behin, berrikuntza-proiektu integralei dagozkien prozedurak. Proiekturen batean esleitutako diru-hornidura agortuko ez balitz, bai eskatzen diren betekizunak betetzen dituen proiektu integral nahikorik ez dagoelako, bai emandako kopuruak ezarrita dagoen gehienekoa baino txikiagoak direlako, berrikuntzarako prestakuntza-proiektuei dagokien diru-hornidurara gehituko litzateke sobera geratu den kopurua, lurralde berean. Bigarrenik, curriculuma aberasteko proiektuen prozedurak ebatziko dira. Aurreko prozeduran bezalaxe, esleitutako diru-hornidura agortuko ez balitz, bai, curriculuma aberasteko arloan, eskatzen diren betekizunak betetzen dituen proiektu nahikorik ez dagoelako, bai emandako kopuruak ezarrita dagoen gehienekoa baino txikiagoak direlako, berrikuntzarako prestakuntza-proiektuei dagokien diru-hornidurara gehituko litzateke sobera geratu den kopurua. Hirugarrenik, praktika onen esperientziei dagokien prozedura ebatziko da. Soberakinik geratuko balitz «Partekatuz ikasi» esperientzien prozeduraren ebazpena egin ostean, kopuru hori proportzionalki gehituko litzateke lurralde bakoitzari berrikuntzarako prestakuntza-proiektuak egiteko esleitu zaion diru-hornidurara. Azkenik, berrikuntzarako prestakuntza-proiektuei dagozkien prozedurak ebatziko dira. Berrikuntzarako prestakuntza-proiektuei dagozkien prozeduretako bat ebatzi ondoren soberakinik gertatuko balitz, hiru lurraldeei esleitutako diru-hornidurara gehituko litzateke kopuru hori, proportzionalki.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak proiektu mota bakarrerako finantzaketa eskuratuko du deialdi honen kontura (berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak), eta, dagokionean, «Partekatuz ikasi» esperientzia baterako finantzaketa ere eskuratuko du. Nolanahi ere, 1. artikuluan jasotako modalitate bakoitzerako eskabidea aurkez daiteke. Kasu horretan, honela jardungo da:

– Ikastetxe batek proiektu mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta bi proiektuen edukia bera bada, aukeraketa-prozeduretatik kanpo geratuko dira biak.

– Ikastetxe batek proiektu mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta bi proiektuen edukia ezberdina bada, berrikuntza-proiektu integrala balioetsiko da lehenik, eta, dirurik ematen bazaio, curriculuma aberasteko proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua ez dira sartuko balorazio-fasean, eta dagokion esleipen-prozeduratik kanpo geratuko dira.

2.– Zer proiektu finantzatzeko ematen den dirua, hura garatzeko eta gauzatzeko zuzeneko gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru-zuzkidura; nahi izanez gero, gastu guztiak ordaintzeko, hala nola hizlariak kontratatzekoak eta proiektuan parte hartzen duten irakasleek haren barruko jarduerak egitekoak. Prestakuntza-jardueraren gastu gisara hartu ahal dira honako hauek: prestakuntza-jardueraren kostua –prestakuntza ematen duen erakundearen aurrekontuaren arabera–; prestakuntzarako material bibliografiko lagungarria, eta hizlariaren lekualdatze-dietak edo ostatu- edo jan-edanetarako gastuak, prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak. «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokienez, ordea, aukera izango da diru-zuzkidura esperientzia batean parte hartzen duten ikastetxeen arteko joan-etorrietako gastuak ordaintzeko; izan ere, «Partekatuz ikasi» modalitaterako diru-laguntzaren xedea ikastetxe tutorearen gastuak ordaintzea da.

3.– Proiektuari lotuta dauden eta diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko da diruz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, gehieneko hauekin:

– 3.000 euro gehienez berrikuntza-proiektu integraletarako eta curriculumak aberasteko proiektuentzat.

– 2.000 euro gehienez 2016-2017 ikasturtean diruz lagundu ziren berrikuntza-proiektu integralen bigarren urterako.

– 1.000 euro gehienez 2015-2016 eta 2016-2017 ikasturteetan diruz hornitu ziren berrikuntza-proiektu integralen hirugarren urterako.

– 2.000 euro gehienez hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako.

– 1.500 euro «Partekatuz ikasi» esperientzien zentro tutoreetarako, tutoretzapeko zentro bakoitzeko.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2017ko irailaren 1etik 2018ko ekainaren 30era bitartean egin beharko dira. Azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa % 50ekoa izango da.

5. artikulua.– Baztertzeak.

Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, bai eta honako hauek ere:

a) «Eleaniztasunerantz» eleaniztasuna bultzatzeko lerroaren ildoko berrikuntza-proiektu integralak, curriculumak aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, lerro hori beste deialdi batzuen barruan dagoelako.

b) Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien integrazioa sustatzen duen «Sare_Hezkuntza Gelan» lehentasunezko lerroaren ildoko berrikuntza-proiektu integralak, curriculumak aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, lerro hori beste deialdi batzuen barruan baitago.

c) Ikastetxe batek aurkezten dituen berrikuntza-proiektu integralak curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta haien edukia bera bada.

d) Irakasleentzako jarduerak bakarrik garatzen dituzten eta irakaskuntza-lanaren ondorio diren berrikuntza-proiektu integralak curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta ikastetxeko ohiko jardunaren parte badira eta ez irakatsi eta ikasteko prozesuena.

e) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

f) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta aurkezten dituzten ikastetxeek horrelako proiektuak egiteko zuzkidurarik eskuratu bazuten aurreko bi ikasturteetan (2015-2016 eta 2016-2017) eta proiektua berria ez bada edo aurreko ikasturtean landutako gaiak garatzen ez baditu.

g) «Partekatuz ikasi» esperientzietan parte hartzeko eskaerak, baldin eta ikastetxeak ez baditu haiek aurrera eramateko hiru pertsona gutxienez.

h) «Partekatuz ikasi» esperientzietan parte hartzeko eskaerak, baldin eta ikastetxeek esperientzia berean parte hartzeko dirua eskuratu bazuten aurreko bi ikasturteetan (2015-2016 eta 2016-2017).

6. artikulua.– Berrikuntzarako Proiektu Integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak.

1.– Deialdi honetan, berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak honela ulertuko ditugu:

a) Ikastetxeak bultzatu nahi duen hezkuntza-ereduaz sakon hausnartzeko proiektuak dira hezkuntza berriztatzeko proiektu integralak, eta aldatu nahi den hezkuntza-jardueraren zeharkako alderdi nagusiei ekitea dute helburu. Garrantzitsuak izateagatik, ikasturte bat baino gehiago behar dute horrelako gaiek, baita hezkuntza-komunitatearen akordioa ere. Heziberri 2020 Planaren esparruan, berrikuntza-proiektu integralek prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta zentroaren hezkuntza-ereduaren gainean hausnartzeko aukera ematen diete ikastetxeei, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan beharrezko hobekuntzak sartzeko, gaitasunetan oinarritutako ikuspegitik. Bi ikasturte iraungo dute gutxienez, eta hiru gehienez. Proiektuaren epea bukatutakoan, ikastetxeak beste ikastetxeei aurkeztu ahal izango die haien esperientzia «Partekatuz ikasi» modalitatearen bidez, ikastetxe tutore gisa.

b) Curriculuma aberasteko proiektuak dira ikasgelan metodologia aktiboak ezartzea, eta maila goreneko gaitasunak izan edo ez, ikasle guztien gaitasun bikainak edo berariazko talentuak antzemateko, artatzeko eta aberasteko jarduera-programak garatzea helburu duten horiek, ikasleengan ikasteko eta lorpen pertsonala eta kolektiboa izateko motibazioa pizteko. Proiektuak eskolaz kanpoko jarduerak egiteko aukera ere jaso ahal izango du, baldin eta egiten diren jardueren % 25 baino gehiago ez badira.

Curriculuma aberasteko proiektuak hiru ikasturtetan egingo dira. Lehenengoan, irakasleek prestakuntza jasoko dute curriculuma aberasteari, gaitasun bikainei eta askotariko adimenei buruz eta ikastetxean ikaste-prozesuetan behar desberdinak dituzten ikasleei antzematen ikasiko dute. Bigarren urtean, proiektuak ikasleenganako arreta eta ikasgelan curriculuma aberasten lagunduko duten metodologia aktiboen garapena izango ditu ardatz. Hirugarren urtean, proiektuaren baliozkotzea eta emaitzen ebaluazioa egingo dira, proiektuan ezarritako adierazleen arabera. Proiektuaren epea bukatutakoan, ikastetxeak beste ikastetxeei aurkeztu ahal izango die haien esperientzia «Partekatuz ikasi» modalitatearen bidez, ikastetxe tutore gisa.

2.– Ikastetxeko hezkuntza-proiektua eta hobekuntza-plana izango dute erreferentetzat hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek –ebaluazio diagnostikoaren ondorio da ikastetxeko hobekuntza-plana–, eta Hezkuntza Sailak finkatutako oinarrizko gaitasun eta/edo ildo nagusi bati edo gehiagori helduko diote. Ikastetxeak proiektu integralaren datu teknikoak eta aurrekontua bete beharko ditu http://www.proiektuak.net estekan horretarako prestatu den aplikazio informatikoan, ikastetxeko hobekuntza-plana ere txertatuz.

3.– Nola hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek hala curriculuma aberasteko proiektuek honako atalak izan beharko dituzte:

– Diagnostikoa.

– Helburu estrategikoak.

– Helburu orokorrak.

– Hartzaileak.

– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

– Aurrekontua.

– Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.

– Proiektua ebaluatzeko irizpideak, eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.

4.– 2016-2017 eta/edo 2015-2016 ikasturtean berrikuntza-proiektu integral bat egiteko diru-laguntza eskuratu zuten ikastetxeek, 2017-2018 ikasturtean ere finantzaketa lortu nahi badute, aurreko paragrafoan aipatutako atalak adieraziko dituzte proiektua luzatzeko eskabidean, proiektuaren bigarren edo hirugarren urteari dagokionez.

5.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralean eta curriculuma aberasteko proiektuek sartuta egon behar du klaustro osoak. Proiektu bakoitzak gutxienez 45 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.

6.– Nahiz eta proiektu mota honen iraupena, hezkuntza-mailan, ikasturte bati dagokiona baino luzeagoa izan, eskatutako diru-laguntza 2017-2018 ikasturterako bakarrik izango da. Beraz, hurrengo ikasturteetan proiektuak abiarazteko laguntza ekonomikorik beharko balitz, hori egiten diren urteroko deialdietan eskatu beharko da.

7. artikulua.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.

1.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuen helburua da ikastetxean garatzen den hezkuntza-jardueraren arloren batean ekitea, ikasturte bakar baten barruan. Heziberri 2020 Planaren esparruan, hezkuntza-berrikuntzarako prestakuntza-proiektuek ikastetxeei zeharkako gaitasunak lortzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete eta ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukitik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko aukera eskaintzen diete.

2.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek kontuan izango dute ikastetxearen hobekuntza globala, eta, hortaz, honako hauek izango dituzte erreferentzia nagusitzat: batetik, ebaluazio diagnostikotik sortzen den hobekuntza-plana eta, bestetik, Hezkuntza Sailak finkatutako ildo nagusiak. Gainera, arreta berezia jarriko dute irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta oinarrizko gaitasunen garapenean. Gutxienez hezkuntza-etapa batean aplikatuko da eta hango irakasleek parte hartu beharko dute. Ikastetxeak hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontua bete beharko ditu http://www.proiektuak.net estekan horretarako prestatu den aplikazio informatikoan, ikastetxeko hobekuntza-plana ere txertatuz.

Honako atal hauek sartu behar dira barruan:

– Diagnostikoa.

– Helburu estrategikoak.

– Helburu orokorrak.

– Hartzaileak.

– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.

– Aurrekontua.

– Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.

– Proiektua ebaluatzeko irizpideak, eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.

3.– Ez da eskaerarik onartuko baldin eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak ez badira 2014-2015, 2015-2016 edo 2016-2017 ikasturteko deialdian ikastetxe berek aurkeztutako proiektuen errepikapena besterik.

4.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eragiten dien irakasleen % 80 inplikatu behar da gutxienez, eta kontuan hartuko dira proiektuko ataza bakoitzean parte hartzen duten lagunak. Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.

8. artikulua.– «Partekatuz ikasi» esperientziak.

1.– Irakasleak bikaintasunerako prestatzeko modu bat dira: ikastetxe batek laguntza eta orientabidea eska diezaioke ikastetxe «tutore» bati, bikaintzat jotzen diren eta eredugarriak diren praktika pedagogikoen berri izateko eta haiek gauzatzeko lehenengo pausoak emateko. Ikastetxeak interesatzen zaizkion esperientzia edo esperientziak bete beharko ditu, lehentasun-ordenan, http://www.proiektuak.net estekan horretarako prestatu den aplikazio informatikoan, eta «Partekatuz Ikasi» esperientzian parte hartzeko zer motibazio dituen ere adieraziko du. Ikastetxeko hobekuntza-plana ere txertatu behar du.

2.– Ez da eskabiderik onartuko baldin eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak 2014-2015, 2015-2016 edo 2016-2017 deialdian ikastetxeek berek aurkeztutako proiektuen errepikapen soila badira.

3.– Deialdi honen II. eranskinean datoz ikastetxe eskatzaileen eskura dauden «Partekatuz ikasi» esperientziak eta erreferentziazko ikastetxeak. Eskabidean, ikastetxe bakoitzak adieraziko du zer «Partekatuz ikasi» esperientziatan parte hartu nahi duen; gehienez, hiru adieraziko ditu, eta bere lehentasunaren arabera ordenatuko ditu. «Partekatuz ikasi» esperientzia eskatzeko, ezinbestekoa da zentro eskatzaileak eta zentro tutorea itunpeko ikastetxe pribatuen elkarte edo federazio berekoak izatea. Ez da onartuko II. eranskina ez dauden jardueretarako eskaerarik.

4.– «Partekatuz ikasi» esperientzia baterako eskabideak gehiegizkoak badira ikastetxe «tutoreen» ahalmenerako, honako hauek izango dute lehentasuna, ikastetxe gehiagok izan dezaten metodologien berri: lehenik, aurrez esperientziarekin zerikusirik izan ez duten eta erreferentziazko ikastetxeekin edo prestakuntza-sareekin lotutako prestakuntza-saio eta mintegietan parte hartu ez duten ikastetxeek; Horren harira, txostena eskatuko zaio ikastetxe eskatzaileari dagokion elkarteari edo federazioari. Bigarrenik, 2017-2018 ikasturteko deialdian berrikuntzarako prestakuntza-proiektu bat egiteko finantzaketarik lortzen ez dutenek; eta, hirugarrenik, ikasle bekadunen ehunekorik handiena duten ikastetxeek. Ikastetxeek ez badute eskuratzen lehenengo adierazten duten esperientzian parte hartzeko finantzaketarik, bigarren adierazten duten esperientzian parte hartzeko diru-zuzkidura esleitzeko prozeduran parte hartuko dute, eta, ez badute eskuratzen bigarren adierazten duten esperientzian parte hartzeko finantzaketarik, hirugarren adierazten duten esperientzian parte hartzeko diru-zuzkidura esleitzeko prozeduran.

5.– «Partekatuz ikasi» esperientziek barnean hartuko dituzte garatzeko beharrezkoak dituzten prestakuntza- eta/edo berrikuntza-jarduera guztiak: bisitaldiak (hiru gutxienez ikastetxe eskatzailera, eta bat ikastetxe «tutorera»), batzarrak, ikasgelarako sarrera, materialen eskuratzea, prestakuntza-saioak... Akordio batean, «Partekatuz ikasi» esperientzia gauzatzeko lan-egitasmoa adostu eta sinatuko dute ikastetxe eskatzaileak eta «tutoreak», III. eranskineko ereduari jarraiki. Zentro eskatzaileak egoki ikusten badu, Berritzeguneko erreferentziazko aholkularia bisitetan egotea edo «Partekatuz ikasi» esparruan egiten diren bileretara edo saioetara joatea eskatu ahal izango du.

6.– Edukiaren arabera, departamentu batek, arlo batek, hezkuntza-etapa batek edo klaustro osoak edo haren zati batek parte hartu ahalko dute «Partekatuz ikasi» esperientzietan. «Partekatuz ikasi» esperientzia bakoitzak 15 ordu izango ditu gutxienez garatzeko eta gauzatzeko.

7.– «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokienez, ikastetxe eskatzaileak dagokion itundutako ikastetxeen elkartearen edo federazioaren txostena erantsiko du, honako hauek bilduko dituena: ikastetxe bakoitzak esperientziaren edukian egindako bidea, parte hartzen ari den proiektuen zerrenda eta parte-hartzearen egokitasunari buruzko balorazio bat, aurreko gaiak aintzat hartuz.

9. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 11. artikuluan xedatuarekin bat, eta euren proiektuaren edo «Partekatuz ikasi» parte hartzeko eskabidearen edukia 6., 7. eta 8. artikuluetara doitu.

2.– Gainera, ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:

● Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan azaldutako egoeraren batean daudenak.

● Diru-laguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.

Hori dela eta, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

4.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

5.– Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:

– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.

– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan jasotako egoeraren batean.

– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak ezagutzen duela proiektua eta onartu egin duela.

– Proiektuaren datuak bete dituela http://www.proiektuak.net-en

10. artikulua.– Proiektua aurrera eramateko laguntzak.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak proiektu integrala, curriculuma aberasteko proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua martxan jartzen direla zaindu behar du; eta ikasketa-burutzak koordinatu behar du garapen guztia, edo, bestela, irakasle bat jarri behar du koordinatzaile moduan. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak egokitu ahal ditu proiektuetan egiten duten lanera, hala eskola-orduen kopurua nola horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

3.– Proiektu integral bat, curriculuma aberasteko proiektu bat edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza proiektu bat onartuta duten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat izango dute gutxienez Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz. Gainera, curriculuma aberasteko proiektu bat onartuta duten ikastetxeetako irakasleek lehentasuna izango dute Berritzegune Nagusiak esparru horretan antolatzen duen prestakuntzan parte hartzeko.

11. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira euskadi.net-en, https://www.euskadi.net, egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoen bidez,hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean biharamunetik kontatzen hasita. Ikastetxe bakoitzak eskaera bat aurkeztu ahalko du, hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektuaren modalitate bakoitzeko. Modalitate bererako eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, horiek guztiak gaitzetsiak izango dira.

2.– Eskaera-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2017/bikaintasunerantz/y22-izapide/es. Interesa duten ikastetxeek 1. artikuluan jasotako hiru modalitateetako edozein jasotzen duen eskabidea aurkeztu ahalko dute.

3.– Zentro eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones-en bidez egin beharko dira.

4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, eskabidea egin duen ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio.

12. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaritza kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak.

13. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

Ebaluazio-batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, gizon eta emakumeen parte-hartze orekatuarekin, gutxienez kideen % 40 sexu bakoitzekoak direlarik, eta hauek osatuko dute batzorde hori:

– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu.

– Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzen arduradunek edo haiek izendatutako ordezkariek.

– Berritzeguneko zuzendari batek, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuta.

– Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuko teknikari batek, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.

14. artikulua.– Eskabideak hautatzea.

1.– Proiektuak aukeratzeko, I. eranskinean eskaerak baloratzeko finkatzen den baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

2.– Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahalko dizkio laguntza-zerbitzuei.

3.– Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dizkio. Onartzeko proposatzen diren berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eta «Partekatuz ikasi» esperientziak adieraziko ditu proposamenean, baita bakoitzari ematea proposatzen duen zenbatekoa ere. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean emango du deialdiari buruzko ebazpena.

2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaizkie interesa duten ikastetxeei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.

3.– Epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluaren ondorioetarako.

4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntza-sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi, eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

16. artikulua.– Ziurtagiriak.

Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta gauzatzeko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jasotzen duen bakoitzean, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio proiektu mota bakoitzerako ezarritako orduak: 45 ordu, proiektu integral bat edo curriculuma aberasteko proiektu bat bada; 30 ordu, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu bat bada, eta 15 ordu, «Partekatuz ikasi» esperientzia bat bada. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, irakasle bakoitzak gehienez ere 90 orduren ziurtagiria jaso ahal izango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

17. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.

Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako beste edozein laguntzarekin, nahiz iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak.

18. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen berariazko betebeharrak.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoetatik, eta, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluko 3. eta 4. atalekin bat eginez, finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egiteko neurriak hartzeari buruzkoa barne hartuta:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Proiektua Ikastetxeko Urteko Planean sartzea.

c) Zertarako ematen den diru-laguntza, horretarako erabiltzea; hau da, onartutako berrikuntza-proiektu integral, curriculuma aberasteko proiektua, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua edo «Partekatuz ikasi» esperientzia eta bertako jarduerak egiteko erabiltzea.

d) Tokiko Berritzegunearekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin kolaboratzea proiektuaren eta/edo esperientziaren «Partekatuz ikasi» aholkularitza, ebaluazio, jarraipen eta kudeaketa lanetan.

e) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako dirua dela eta.

f) Proiektua eta/edo esperientzia «Partekatuz ikasi» gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea.

g) Berrikuntza-proiektu integralak edo curriculuma aberasteko proiektuak egiteko dirua esleitzen zaien ikastetxeei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin eta EHUrekin elkarlanean arituko dira, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntzeko (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako ikasleak onartzea, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterreko praktiketako ikasleak ere).

19. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 67; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, berariazko ukapenik egon ezean.

b) Bigarren igorpena 2018an egingo da, hurrengo paragrafoan aurreikusitako baldintzen arabera emandako diru-laguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.

2.– 2018ko ekainaren 15a baino lehen, proiektuaren garapenari eta haren ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko dute zentro onuradunek http://www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunean.

Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

Justifikazio-kontuan jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Diru-laguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbiderapenen berri ere eman beharko da.

3.– Hezkuntza Sailak justifikazio-kontuan aipatutako gastuen frogagiriak bidaltzeko eskatuko die proiektu integralak edo curriculuma aberasteko proiektuak aurkeztu dituzten hiru zentro onuraduni (bat lurralde bakoitzeko) eta berrikuntzarako prestakuntza-proiektua aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (bi Arabakoak, hiru Bizkaikoak eta beste hiru Gipuzkoakoak), diru-laguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatuz gero, jakinarazi egin behar da eta diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere diru-laguntzaren onuradun izateko arauan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuak txikiagoak badira emandako diru-laguntzaren zenbatekoa baino, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

21. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du bikaintasuneranzko aukeratutako prestakuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten horiek Irakaslegoaren Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.

2.– Baldin eta ikasturtean zehar gorabeheraren bat gertatzen bada hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetako edozeinen garapenean, eskualdeko Berritzeguneko zuzendaritzak Lurralde-burutzari jakinarazi eta egoki irizten dion txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, Zuzendaritza horrek deialdi hau egoki betetzeko bidezko neurriak hartu ahal izan ditzan.

3.– «Partekatuz ikasi» esperientzietan «tutorearena» egiten duten ikastetxeek esperientzien bilakaerari buruzko txosten bat egingo dute ikasturte bukaeran, eta ikastetxe bakoitzak izandako parte-hartzea ebaluatuko dute. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari helaraziko diote txostena, 2018ko ekainaren 15a baino lehen.

4.– Hezkuntzako Ikuskaritzak ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu onartuak; proiektu horiek ikastetxeko urteko planean jaso behar dira, eta, hala ez bada, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.

22. artikulua.– Ez betetzearen araubidea.

1.– Laguntzen entitate onuradunak beti egongo dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura egindako laguntza publikoak jasotzeagatik ezarritako arau-hausteen araubidearen mende, eta, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikulua ezarriz, esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra edukiko dute, ezar daitezkeen legezko interesez gain, atzerapenena barne hartuta, honelakoetan:

a) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluko 1. atalean edo Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan diru-laguntzak itzultzeko jasotzen diren arrazoiren batean egoteagatik.

b) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.

c) Ez gauzatzea diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera.

d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.

e) Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo emakida-ebazpenean ezarritakoak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Prestakuntza eta Berrikuntza Proiektuak» izeneko fitxategian sartuko dira, 19. zenbakiaz, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan aurreikusi ez den guztian, prozedura-arloari dagokionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ezarriko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKAERAK EBALUATZEKO BAREMOA
(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
«PARTEKATUZ IKASI» ESPERIENTZIAK
(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA
«PARTEKATUZ IKASI» ESPERIENTZIETAN PARTE HARTZEKO AKORDIOA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala