Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2017ko apirilaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2137

AGINDUA, 2017ko apirilaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baitira Ulibarri programak itunpeko ikastetxeentzat 2017-2018 ikasturtean izango dituen gehieneko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Ondoko eragile hauek bat egiten dute Ulibarri programan: Hezkuntza Administrazioak, ikastetxeek eta EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko zein itunpekoetako hizkuntza normalkuntzako proiektuen garapenean diharduten eragileek.

Aipatu Dekretuaren 5.2.b) artikuluak zera dio: Ulibarri programan dauden itunpeko ikastetxeek diru-laguntza jasoko dutela Hizkuntza Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaltzeko.

Bestalde, Dekretuaren 12. artikuluaren lehen pasarteak dio programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindu baten bidez ezarriko direla.

Deialdi honen prozeduran aplikagarri izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. titulua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

Hortaz, Ulibarri programak eta 2017-2018 ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzat prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira agindu bidez.

Horren guztiaren haritik, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta diru-baliabideak.

1.– Deialdi honen xedea da Ulibarri programak itunpeko ikastetxeentzat 2017-2018 ikasturtean izango dituen gehienezko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehaztea.

2.– Ekitaldi ekonomiko honetan, Ulibarri programan ari diren itunpeko ikastetxeei diru-laguntzak esleitzeko ondoko zenbatekoak erabiliko ditu gehienez Hezkuntza Sailak:

a) Ikastetxe berriak sartzeko: 50.000,00 euro.

b) Lehendik daudenen jarraipenerako: 950.000,00 euro.

Itunpeko ikastetxe berrien sarrerarako jarritako diruetatik geldi daitekeen soberakina lehendik programa barruan dauden itunpeko ikastetxeen beharrei erantzuteko erabili ahal izango da, kopuru osoa ikastetxe guztien artean hainbanatuta, esleitutako ordu kopuruaren arabera, azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorraren 22. artikuluari jarraikiz.

2. artikulua.– Ordainketa.

Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da. Lehen zatia, laguntzaren % 20, ikasturtearen hasieran ordainduko da; bigarrena, berriz, gainerako % 80a, ikasturte amaieran, egindakoa ebaluatutakoan.

3. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaritzak kudeatuko du agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko prozedura.

4. artikulua.– Izapidetze Elektronikoa.

1.– Itunpeko ikastetxeek modu elektronikoan egingo dituzte eskabidea eta eskabideari lotutako prozedura guztiak, laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena eman eta justifikazioa egin arte; betiere, kontuan hartuta Administrazio Elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua eta Informatika eta Telekomunikazioko Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Erabakia (E-Administrazioarentzat –Platea– Plataforma teknologikoa onartu zuena).

2.– Eskabideak egiteko, balioesteko, nola bidali jakiteko eta gainontzeko xehetasunak ezagutzeko, ikastetxeak gune elektroniko hauetako batera jo behar du:

Ikastetxe berriak:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/ulibarri_berri/y22-izapide/eu

Dagoeneko programan dauden ikastetxeak:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/ulibarri_jarrai/y22-izapide/eu

3.– Eskabidea egin ondoreneko jarraibidea gune honen bitartez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

5. artikulua.– Eskabideak.

1.– Ulibarri programan sartu edo jarraitu nahi duten ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

2.– Ikastetxe berriak: 2017-2018 ikasturterako Ulibarri programara bildu nahi duen ikastetxeak dokumentu hauek aurkeztu behar ditu eskabidearekin batera:

a) Ikastetxearen hizkuntza normalkuntzako proiektua. Proiektua www.ulibarri.euskadi.eus gunean bete badu, bete izanaren aitorpena besterik ez du egingo.

b) Proiektuak ikastetxearen ordezkotza-organo gorenaren onespena duela adierazten duen froga-agiria.

c) Hizkuntza normalkuntzako proiektua burutu artean ikastetxeak egin duen ibilbidea zehazten duen oroitidazkia.

d) Proiektua burutzeko aholkularitza teknikoa izan duten ikastetxeek dagokien aholku-elkarteak sinatutako irizpen-txostena erantsi beharko dute. Aholkularitza hori gabe osatu diren proiektuak Hezkuntza Saileko teknikariek aztertuko dituzte.

Eskabideak nola bete behar diren jakin nahi izanez gero, honako helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/ulibarri_berri/y22-izapide/eu

3.– Ulibarri Programan dauden ikastetxeak: 2017-2018 ikasturtean Ulibarri programan jarraitu nahi duten ikastetxeek horretarako eskabidea egin beharko dute helbide honetan aurkezten diren arauen arabera: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/ulibarri_jarrai/y22-izapide/eu

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun baliodunen epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango du eragina.

Aurrekoa galarazi gabe, organo kudeatzaileak oharrak bidali ahal izango dizkiete interesdunei, SMS edo posta elektronikoaren bitartez, egindako jakinarazpenen berri emateko. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik.

7. artikulua.– Onuradunak eta eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxeak izan daitezke laguntza hauen onuradun, betiere, baldintza hauek betetzen badituzte:

1.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Laguntzen eskatzaileek betebehar horiek egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar duenean, baimena eskatu beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

Halaber, eta hala badagokio, egunean izan beharko dituzte diru-laguntzak itzultzeko ordainketak, arauz ezarritako moduan.

Aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketak ezarritakoa betetzeko, ikastetxeak, eskabidean bertan, doakion erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez, ondoko hauek egiaztatuko ditu:

Beste edozein administraziori, erakunde publikori edo pribaturi helburu bererako eskatutako edo haiengandik jasotako diru-laguntzen, laguntzen, sarreren edo baliabideen berri eman duela.

Ez duela legezko debekurik diru-laguntza edo laguntza publikorik lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean.

Eskabidean agertzen diren datuak eta gainontzeko dokumentazioa egiazkoak direla, eta laguntza hauek eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituela.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek onuradunari antzeko beste diru-laguntzaren bat eman badiote eta diru-laguntza hori itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, nahitaezkoa izango da prozesu hori amaitzea erakunde onuradunari diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Erakunde eskatzaileak ezin du diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratibo edo penalik izan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritako zehapenak barne.

8. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak itzuli beharko dituzte onuradunek, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura betez.

9. artikulua.– Eskatzaileek egin beharrekoak.

1.– Ulibarri programan dauden ikastetxeek, sartu berriek zein lehendik daudenek, 2017ko irailaren 1etik 30era bitartean, 2017-2018 Ikasturteko Plana eskegi behar izango dute egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

2.– Era berean, 2018ko apirilaren 9tik maiatzaren 8ra bitartean 2017-2018 ikasturteko bukaerako memoria eskegi behar izango dute egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

3.– Orobat, 2017-18 ikasturtean, ikastetxe guztiek diagnosia eta hurrengo lau urteetarako proiektua egin behar dute. Proiektu berria aurkezteko epea 2018ko apirilaren 9tik maiatzaren 8ra bitartekoa izango da.

4.– Halaber, eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorraren 14. artikuluan eta 323/2003 Dekretuan ezarritako gainerako betebeharrak ere bete behar dituzte, eta jasotako diru-laguntzaren zabalkundea egin behar dute, aipatutako 38/2003 Legearen 18. artikuluaren 4. paragrafoa betez.

10. artikulua.– Sarbide berrietarako balorazio-irizpideak.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, aholku-emaileek irizpena eman beharko dute proiektu berrien gainean. Horren ondoren, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako Balioespen Batzordeak irizpen horiek aztertu eta bateratuko ditu, eta dagokion taula helaraziko dio Jarraipen Batzordeari.

Taula horrek ondoko irizpideak erabiliz sailkatuko ditu izangaiak:

1.– Normalkuntza-proiektua bera. Gehienez, 0,60 puntu.

a) Ikastetxearen errealitatera egokitutako proiektua da. Diagnostiko sakonean oinarritzen da. Eragin-esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta, osatzeko, behar besteko adostasuna bermatzen duten erabakiak hartzeko prozesu bat erabili da.

b) Ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin-esparru gehienak aintzakotzat hartzen baditu ere, gabeziak antzematen dira, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun-arazoak ekar ditzake epe luzera (0,40).

c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezia larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu (0,20).

2.– Proiektuaren garapenaren egoera. Gehienez, 0,3 puntu.

a) Behin diagnostikoa burututa eta proiektua egin eta adostuta, urteko normalkuntza-plana ezarria du ikastetxeak dagoeneko. Normalkuntza Batzordea eta teknikaria izendatuta ditu eta euren funtzioak erabat operatiboak dira. Diseinatutako jarduera normaltasunez ari da gauzatzen (0,30).

b) Ikastetxeak diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa egoki burutu baditu ere, proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago (0,20).

c) Ikastetxeak diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa burutu baditu ere, fase hau ezin dugu amaitutzat eman; dokumentu horiei osatu, berrikusi eta konpondu beharra sumatzen zaie oraindik (0,10).

3.– Proiektuak eraginpean dituen ikasleak. Gehienez, 0,10 puntu.

Horretarako, ikastetxearen gela-kopurua 0,001 zenbakiaz biderkatuko da. 100 gela edo gehiago dituzten ikastetxeak gehienezko puntuazioarekin sailkatuko dira hortaz.

4.– Aurreko hiru irizpideetan izandako puntuazioaren batura, gutxienez 0,41 puntukoa izan beharko da Ikastetxea Ulibarri programan onartua izateko.

5.– Puntuazioan bat datozen ikastetxeen kasuan, ikasle-kopuruak finduko du hirugarren balorazio irizpidea. Laugarren dezimal moduan ezarriko da hori, ikastetxeen hurrenkera txikienetik handienera. Gela- eta ikasle-kopurua sailaren estatistika ofizialean erabaki-proposamena egiteko unean dauden azken matrikula-datuetan oinarrituko da.

Balioespen Batzordeak igorritako datuetan oinarrituz, dagokion puntuazioa esleituko dio Jarraipen Batzordeak eskabide bakoitzari eta, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen-proposamenak egingo ditu.

Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak.

11. artikulua.– Dedikazio-orduak finkatzeko baremazioa.

323/2003 Dekretuaren V. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera, ikastetxe bakoitzari dagokion ordu dedikazioa finkatuko da. Horretarako bi izaera desberdin aztertuko dira:

– Dagoeneko Ulibarri programan dauden ikastetxeak.

– Agindu honetara bilduz, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeak.

Programan dauden ikastetxeen kasuan, ordu-esleipenerako, ondoko lau irizpide eta zehazten diren ponderazioak hartuko dira kontuan:

a) Gela-kopurua. Tarteak: 1-9 = 10p., 10-19 = 20p., 20 edo gehiago = 30 p.

b) Etapa-kopurua. Tarteak: 1 = 5p., 2 = 10p., 3 = 15p., 4 = 20 p.

c) Gune soziolinguistikoa. Tarteak: 1 = 10p., 2 = 8p., 3 = 6p., 4 = 4p., 5 = 2p.

d) Presentzia edota erabilera, alde erlatiboa (Branka). 40 puntuetatik, hona hemen erabiliko diren tramoak:1 = 0; 2 = 11; 3 = 21; 4 = 31.

– Tartearen balioa (0, 11, 21 edo 31) + (Euskararen agerpena eta ezagutza / 10).

Eta lortutako puntuazioaren arabera egingo da ordu-esleipena:

3 liberazio-ordu 0-29,99 puntu duten ikastetxeentzat.

6 liberazio-ordu 30-59,99 puntu duten ikastetxeentzat.

9 liberazio-ordu 60-100 puntu duten ikastetxeentzat.

Agindu honetara bilduz, dagokion ebazpenaren bidez, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeei, ikastetxearen neurrian oinarritutako ordu dedikazioa esleituko zaie. Horretarako ondoko tarteak erabiliko dira:

3 liberazio-ordu 1-8 gela arteko ikastetxeentzat.

6 liberazio-ordu 9-19 gela arteko ikastetxeentzat.

9 liberazio-ordu 20 gelatik gorako ikastetxeentzat.

12. artikulua.– Ebazpena.

323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian, Hezkuntzako sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, agindu honi dagokion ebazpena hartu eta EHAAn jakinaraziko du sei hilabeteko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsia dela ulertuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko apirilaren 25a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala