Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2017ko apirilaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1966

80/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak, sortu, ezabatu eta aldatzeko, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Osasun Sailari honako egiteko eta jardun-arlo hauek dagozkio:

a) Osasun-plangintza eta -antolamendua.

b) Osasun publikoa eta elikadura-higienea.

c) Zaintza epidemiologikoa.

d) Farmazia-antolamendua.

e) Droga-mendekotasunak.

f) Sailari atxikita dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak zuzentzea, legeek eta erregelamenduek ezartzen dutenaren arabera.

g) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

Halaber, aipatu dekretuaren arabera Osasun Sailari atxikitzen zaizkio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoa eta Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa (BIOEF) sektore publikoko fundazioa.

Agindutako egitekoak betetzeko proposatzen den egitura sailari atxikitako baliabideen antolaketa soila baino zerbait gehiago da. Alde horretatik, abiapuntutzat hartuta pertsonak direla osasun-politika guztien ardatza, egiturak, legealdi honetarako diseinatutako lerro estrategikoekin bat etorrita, orientazio berri bat hartzen du, unibertsaltasuna, kalitatea eta jasangarritasuna euskal osasun-sistemaren nortasun-ezaugarriak bezala finkatzeko helburuarekin.

Proposatzen den antolamenduak, berrikuntza modura, bi sailburuordetza ezartzen ditu sailari esleitutako egitekoak garatzeko. Batetik, Osasun Sailburuordetza, hein handi batean osagarri sanitario espezifikoa izango duena; bere jarduna honako eremuetara bideratuko du: osasun publikoa, zaintza epidemiologikoa, osasun-plangintza eta -antolamendua, eta berrikuntza eta ikerketa sanitarioak; jardun horretan, kalitate handieneko osasun-arreta emateko eredu orotarikoaren eta autonomia-erkidego osorako erreferente eta espezializazio handiko eredu baten arteko oreka eta bizikidetza bilatu nahi da. Era berean, arreta sozio-sanitarioaren lerro estrategikoak definitu eta kudeatzeko eta Euskadiko osasun-sisteman herritarren partaidetza sustatzeko erakunde arteko eta sail arteko lankidetza bultzatzeko behar diren jarduketak garatuko ditu Osasun Sailburuordetzak.

Bestalde, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzak bere gain hartuko ditu, berdintasun-politikak eta euskararen erabilera ezarri eta garatzeaz gain, aurrekontu-araubideari eta osasun-zerbitzuen eta prestazioen finantzaketari lotutako jarduerak, zerbitzu eta prestazio sanitarioak eta farmazeutikoak bermatzeak eta kontratatzeak dakartzan erronkei ekiteko.

Era berean, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzak bere gain hartzen ditu farmazia-alorreko eskumenak, errezeta elektronikoaren ezarpena ondo finkatutakoan haren erabilera bultzatzeko; errezeta horrekin, euskal herritarrek autonomia-erkidegotik kanpora ere automatikoki lortu ahalko dituzte hartzeko agindutako sendagaiak.

Uste da proposatzen den antolamendua egokia dela egiteko hauek gauzatzeko:

a) Euskadiko osasun-sistema publikoan hobekuntzak sartzea eta osasun-alorreko desberdintasunei aurre egitea.

b) Garrantzia ematea osasuna sustatzeari eta prebenitzeari, diziplina anitzeko ikuspena emanda, eta bizimodu eta ohitura osasungarrietan oinarritzen diren plan espezifikoak martxan jartzea.

c) Zahartzeari, gaixotasun kronikoei eta mendekotasunari arreta hobea emateko neurriak ezarri eta garatzea, lehen mailako atentzioko eta ospitaleko asistentzia bateratuz eta plan espezifikoak garatuz.

d) Osasun-sistemaren jasangarritasuna eta modernizazioa sustatzea, honako estrategiak garatuz: sendagaien erabilera arrazionala, pazienteen segurtasuna, eraldaketa digitala, errezeta elektronikoa kanpoan erabiltzeko aukera eta abar.

e) Osasun-alorrean Ikertzeko eta Berritzeko Estrategian aurreikusitako jarduketak garatzea, bereziki berrikuntzaren kudeaketa-eredu bat ezarrita eta ikerketa sanitarioko erakundeen jarduera sustatuta.

Ondorioz, Osasuneko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA

1. artikulua.– Egitekoak eta jardun-arloak.

Osasun Sailari dagozkio Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuko 12. artikuluan zehazten diren egitekoak eta jardun-arloak (24/2016 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).

2. artikulua.– Osasun Sailaren egitura orokorra.

1.– Osasun Sailak, aurreko artikuluan adierazitako eskumenak gauzatzeko, honako organo hauek izango ditu:

A) Organo zentralak:

a) Osasuneko sailburua.

a.1.– Osasuneko sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.

b) Osasun Sailburuordetza.

b.1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

b.2.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

b.3.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritza.

c) Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetza.

c.1.– Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza.

c.2.– Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritza.

c.3.– Farmazia Zuzendaritza.

B) Lurralde-organoak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-ordezkaritzak.

2.– Erakunde hauek Osasun Sailaren mende edo berari atxikita daude, legez dagokienaren arabera:

a) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeaz sortua.

b) Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa, 2002ko uztailaren 16ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez sortua.

c) Euren estatutuen arabera Osasun Sailaren mende dauden beste erakunde batzuk.

3.– Halaber, Osasun Sailari atxikita daude kide anitzeko organo hauek:

a) Euskadiko Sanitate Kontseilua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun-barrutietako kontseiluak, ekainaren 22ko 260/1999 Dekretuaz sortuak.

b) Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua, apirilaren 5eko 69/2011 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

c) Adikzioen Erakundearteko Koordinazio Batzordea eta Adikzioen Euskal Batzordea, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak sortuak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Elikaduraren Higiene eta Segurtasun Kontseilua, maiatzaren 2ko 79/2001 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

e) Osasun Publizitatea Kontrolatzeko Batzordea, osasun-publizitatea arautzen duen urriaren 15eko 550/1991 Dekretuaren arabera sortua.

f) Lanbide Sanitarioen Etengabeko Prestakuntzako Euskal Kontseilua, abuztuaren 31ko 319/1999 Dekretuaz sortua.

g) Agiri Klinikoak Baloratzeko, Aukeratzeko eta Garbitzeko Batzordea (AKBAGABA), martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuaz sortua (38/2012 Dekretua, historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzkoa).

h) Ospitale Altaren Xehetasunen Gutxieneko Oinarrizko Bildumaren ezarketarako Jarraipen Batzordea, azaroaren 3ko 303/1992 Dekretuaz sortua.

i) Sorospenerako Etika Batzordeak Akreditatzeko Batzordea (Etika Batzorde horiek otsailaren 7ko 143/1995 Dekretuaren bidez arautu ziren).

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Ikerketa Klinikoetarako Batzorde Etikoa, urtarrilaren 11ko 3/2005 Dekretuaz sortua.

k) Euskadiko Bioetika Batzordea, irailaren 11ko 139/2007 Dekretuaz sortua.

l) Edateko Uraren Kontrol Sanitarioko batzorde iraunkorrak, lurralde historikoetakoak, uztailaren 16ko 178/2002 Dekretuan xedatutakoak.

m) Larrialdietako Osasun Garraioaren Sarea Aztertzeko eta Arrazoibideratzeko Batzordea, uztailaren 11ko 173/1983 Dekretuaren arabera sortua.

n) Minbiziari buruzko Informazio Sistemaren Koordinazio Batzordea, Minbiziari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko Informazio Sistemaren martxoaren 29ko 66/2011 Dekretuaz sortua.

ñ) Eta, oro har, beste aholku kontseiluak, sailburuaren agindu baten bidez sortuak, Osasun Sailari atxikitako Aholku Batzordeen araubideari buruzko maiatzaren 24ko 121/2005 Dekretuaren garapenean.

3. artikulua.– Zuzendaritza Kontseilua.

1.– Zuzendaritza Kontseiluak laguntza emango dio Osasuneko sailburuari sailaren politikaren ikuskapena eta segimendua egiten, jardueren plangintza orokorra prestatzen, eta haren esku uzten diren beste gai guztietan.

2.– Zuzendaritza Kontseilua honela dago osatua, sailburua buru duela, betiere: Osasun Saileko sailburuordeak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusia eta Sailburuaren Kabineteko zuzendaria.

3.– Halaber, sailburuak zehaztutako beste pertsona batzuek ere hartuko dute parte Zuzendaritza Kontseiluan, landu behar diren gaien arabera.

II. KAPITULUA
OSASUNEKO SAILBURUA

4. artikulua.– Osasuneko sailburua.

1.– Osasun Saileko sailburuari dagokio Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan ezarritako eskumenak erabiltzea, baita Osasun Sailari dagozkion jardun-arloen eta egitekoen eremuan indarrean dagoen legediak esleitzen dizkionak ere.

2.– Saileko organo goren gisa, Osasuneko sailburuari dagokio sailari atxikitako erakunde publiko, erakunde autonomo eta gainerako organoak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.

3.– Halaber, sailburuari dagozkio honako egiteko hauek ere:

a) Sailari 500.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematea, hargatik eragotzi gabe Gobernu Kontseiluaren eskumenak.

b) Izendapen libreko lanpostuak betetzea, aurretiaz deialdi publikoa eginda, baita behin-behineko langileak izendatzea ere.

c) Sailaren barruko organoen arteko eskudantzia-gatazkak ebaztea, eta bere planteamendua egitea beste sailei dagokienez.

d) Ondare-erantzukizuneko espedienteak ebaztea, hargatik eragotzi gabe Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutuen 5.3 artikuluan xedatutakoa.

e) Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurri ablatorioak hartzea, betiere, zehapenak ez badira.

III. KAPITULUA
OSASUN SAILEKO SAILBURUORDETZAK ETA ZUZENDARITZAK.

5. artikulua.– Osasun Saileko sailburuordetzak.

1.– Osasun Sailak honako sailburuordetza hauek ditu:

a) Osasun Sailburuordetza.

b) Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetza.

2.– Oro har, sailburuordeek honako egiteko hauek izango dituzte:

a) Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

b) Sailburuordetzak zuzendaritza bakoitzarentzat dituen kudeaketa publikoko politikak definitzea.

c) Eragin soziala aztertzea eta sailburuordetzaren zuzendaritzen helburuen beharrezko aldaketak edo garapenak zehaztea.

d) Sailburuordetzako eta sailburuordetzaren mende dauden zuzendaritzetako organo eta jarduera guztiak koordinatu, bultzatu, programatu eta gainbegiratzea; horretarako, mendeko zerbitzuen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zirkularrak, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak onartuko ditu.

e) Erakundeen arteko eta sailen arteko lankidetza sailburuordetzaren erantzukizunpekoak diren jardun-arloetan.

f) Jardun-proposamenak landu eta formulatzea, eta sailburuari behar duen laguntza teknikoa ematea bere esku utzi diren egitekoetan.

g) Enpresekin, erakundeekin eta korporazioekin akordioak edo hitzarmenak izenpetzea, kasuan kasuko eskumena beste organo bati esleitu ez bazaio.

h) Sailburuordetzaren beharrak adieraztea, aurrekontu-aurreproiektua egiteko.

i) Sailburuordetzako zuzendariek emandako ebazpenen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea, baita, hala dagokionean, organo periferikoek emandakoen aurka jarritakoak ere, baldin eta hierarkikoki euren gainetik badago.

j) Osasun Sailaren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren artean informazioa trukatzeko mekanismoak ezarri eta bultzatzea, bere esku utzi diren egitekoetan.

k) Saileko hizkuntza-normalizazioaren ardura bere gain hartzea, eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, Gobernuak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoan xedatutakoari jarraikiz.

l) Zehapen-ahalmena erabiltzea bere eskumen-eremuan oso astun bezala tipifikatuta dauden faltei dagokienean, indarreko legediari jarraituz, betiere beste organo bati espresuki esleitu ez bazaio egiteko hori.

6. artikulua.– Osasun Sailaren zuzendaritzak.

Zuzendaritza bakoitzean zuzendari bat egongo da, zuzendaritzaren ardura izango duena. Oro har, honako egiteko hauek izango ditu:

a) Kudeaketa publikoko politikak garatzea beren jardun-arloetan, eta horretarako planak eta programak ezartzea.

b) Bere jardun-arloei esleitutako xedeak hedatzea, jarduerak, erantzukizunak eta kontrol-mekanismoak ziurtatuz, eta horiek betetzeko behar diren aldaketak ezartzea.

c) Beren jardun-arloen antolamendu operatiboa ezartzea, eta barruko lan-sistemak zehaztea.

d) Jardueren aldiberekotasuna dela eta, saileko zein oro har administrazioko beste zuzendaritza batzuekin izan behar diren harremanak bultzatu eta mantentzea.

e) Hizkuntza Politikako Sailburuordetzarekin elkarlanean, Euskara Normalizatzeko Planean ezarritako helburuak definitzea berari dagokion eskumenaren alorrean eta horiek lortzeko ekimen zehatzak garatu eta ebaluatzea.

f) Bere jarduera-eremu materialean ezartzen diren laguntzak kudeatzea.

g) Errekurtsoak ebaztea indarreko legerian aurreikusten diren kasuetan.

h) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dien beste edozein egiteko, edo, orokorrean, Eusko Jaurlaritzako zuzendariei esleitzen zaizkienak.

IV. KAPITULUA
OSASUNEKO SAILBURUAREN KABINETEKO ZUZENDARITZA

7. artikulua.– Osasuneko sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza.

Sailburuaren Kabinetearen Zuzendaritzari egiteko hauek dagozkio:

a) Sailburuari laguntzea dituen egitekoak gauzatzen.

b) Zuzendaritzaren helburuak programatu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

c) Bere Zuzendaritzari atxikita dauden langileen antolaketa, segimendua eta zuzendaritza, baita lan-sistemak antolatzea ere.

d) Sailaren komunikazio-politika koordinatzea, baita sailak komunikabide sozialekin, informazio-agentziekin, eta, oro har, prentsarekin dituen harremanak ere.

e) Sailburuaren agendaren plangintza eta segimendua.

f) Legebiltzarrarekiko, Arartekoarekiko eta beste erakunde batzuekiko harremanak bideratzea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkion eskumenak.

g) Sailak Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldeen arteko Batzordearekin izaten dituen harremanak bideratzea.

h) Sailak Europar Batasuneko Erakundeekiko harremanetan izan behar duen partaidetza bideratzea, hargatik eragotzi gabe Lehendakaritzari dagozkion eskumenak.

i) Sailaren egintza publikoak eta ofizialak antolatzea.

j) Sailaren argitalpen- eta publizitate-jarduera zuzendu eta koordinatzea, hargatik eragotzi gabe Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkion eskumenak.

k) Osasun-arloan herritarrek beren eskubideen eta betebeharren inguruan dituzten iradokizunak, kexak eta erreklamazioak kudeatzea.

l) Informazioaren argitaratze aktiboa, informazio publikoa eskuragarri izateko eskubidea baliatuz egindako eskaerei emandako erantzunak eta sailaren datu publikoen zabalkundea koordinatzea eta horien jarraipena egitea, gardentasun-politikarekiko koherentziaz, betiere.

V. KAPITULUA
OSASUN SAILBURUORDETZA

8. artikulua.– Osasun Sailburuordetza.

1.– 5. artikuluan ezarritako egitekoez gain, Osasun sailburuordetzari dagozkio honako jardun-arlo hauen zuzendaritza eta koordinazioa:

a) Euskadiko Osasun Planaren zuzendaritza, koordinazioa, gauzatzea eta ebaluazioa.

b) Erakundeen arteko eta sailen arteko lankidetza alor sozio-sanitarioan.

c) Erakunde sanitario publikoak gobernatzeko etika eta zuzentasuna sustatu eta ezartzera bideratutako lanen gidaritza.

d) Osasun-alorrean ikerketa eta berrikuntza sustatzea.

e) Euskadiko osasun-sistemako kalitate-politikak eta pazienteen segurtasun-politikak.

f) Bikaintasun klinikoa eta teknologia sanitarioen ebaluazioa.

2.– Halaber, Osasuneko sailburuordeari dagozkio, bere eskumen-alorrean, honako egitekoak:

a) Jarduera sanitarioaren eta osasun publikoaren ebaluaziorako eta kontrolerako informazio sanitario egokiaren aginte-koadroa zehaztea, eta osasun-behategi bat konfiguratzeko behar diren informazio-sistemak garatzea.

b) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak izapidetzen dituen zehapen-prozedurak ebaztea, laneko osasunaren jardun-eremuan eginiko arau-hauste sanitarioei dagokienez.

c) Vitoria-Gasteizko Erizaintzako Eskolak burutzen duen jarduera babestea.

d) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkion egitekoak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuordeei oro har dagozkien egiteko orokorrak betetzea.

9. artikulua.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

1.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, 6. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Euskadiko Osasun Planeko osasun-helburuen proposamenak lantzea, baita horiek betearazteko estrategienak ere, segimendua egiteko adierazleak eta betetze-mailei buruzko ebaluazio-txostenak prestatzea, hargatik eragotzi gabe dekretu honek arlo horiei dagokienez beste organo batzuei esleitutako egitekoak.

b) Osasuna babesteko politikak garatu, gauzatu eta ebaluatzea, batez ere ingurumen, elikadura eta uren arloko segurtasun eta osasunarekin zerikusia daukaten programa guztiak, arrisku fisiko, kimiko zein biologikoei dagokienez.

c) Osasunaren eta horren determinatzaileen zainketa eta analisi epidemiologikoa, baita gaixotasunek populazio-taldeetan daukaten eraginari eta banaketari dagokienez ere.

d) Gaixotasunak prebenitzea eta osasunaren sustatzea, dela programa bertikalak diseinatuz edo gauzatuz, dela helburu horietara zuzenduriko asistentzia-zerbitzuetan hainbat jarduera sartuz.

e) Gaitasun pertsonalen garapenerako informazioa eta heziketa sanitarioa ematera bideratutako planak eta programak garatzea, bizitzako etapa desberdinei eta gaixotasun kronikoei aurre egiteko ezinbestekoak direnak.

f) Ingurune lagungarriak sortzen eta osasun publikoan eta gizabanakoen osasunean izan daitezkeen eragin kaltegarriak arintzen laguntzeko baldintza sozialak, ingurunekoak eta ekonomikoak sortzera zuzendutako ekintzak sustatzea.

g) Ekintza komunitarioa indartzea –komunitateek partaidetza aktiboa izanda beren osasun-beharrei erantzuteko prozesu komunitarioak diseinatzen, martxan jartzen eta ebaluatzen–, osasunaren determinatzaileen eta bizitza-kalitatearen gaineko eragin eta kontrol handiago bat lortzeko.

h) Banakoen eta kolektiboen osasuna sustatzea –osasunerako aktiboen eredua sartuz osasun publikoan, pertsonen eta komunitateen sendotasunak, talentuak eta gaitasunak aprobetxatzeko–, eta jarduketak koordinatzea Osasun Eskola eta Paziente Biziaren esparruan.

i) Osasun-alorrean ekitatea sustatzea, arrisku edo kalteberatasun handiko taldeei zuzendutako jarduketak garatuz.

j) Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak gauzatzea errazteko jarduketak kudeatu eta koordinatzea.

k) Sailaren jarduerak koordinatzea, hartutako giza immunoeskasiaren birusa eta transmisio sexualeko beste infekzio batzuk prebenitzeko.

l) Agintari sanitario gisa, indarreko legedian xedatzen diren administrazio-eskumenak erabiltzea, hauek guztiak gauzatu ahal izateko: kontrol sanitarioa eta erregistroa, arriskuen ebaluazioa eta esku-hartze publikoa elikadura-higienean eta -segurtasunean, edateko uren kalitatean, ingurumenaren osasungarritasunean, bioziden arloan, hondakin sanitarioen kudeaketan, eta osasun publikoaren babesarekin zerikusia duten gainerako jardueretan.

m) Laneko segurtasunaren arloko jarduera-programa prestatzea, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak gauzatu dezan.

n) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Laneko Osasunaren Unitatearen koordinazio funtzionala.

ñ) Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak lan-arriskuen mapa egiterakoan jarraitu behar dituen gidalerroak zehaztea.

o) Zuzendaritzaren jardun-arloei dagozkien gaietan baimen administratibo-sanitarioak ebaztea, hargatik eragotzi gabe lurralde-ordezkaritzei dagozkien eskudantziak.

p) Jarduketa sanitarioak koordinatzea, osasun publikoaren eremuko alerta-egoera ororen aurrean.

q) Zuzendaritzaren arloetan, establezimenduak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurri ablatorioak hartzea, betiere zehapenak ez badira.

r) Droga-mendekotasunen alorrean euskal politika integrala definitzea eta eremu horretako jardunen sailen arteko eta erakundeen arteko bultzada gauzatzea, tartean sartuta dauden gainerako sektore-eremuekin lankidetzan.

s) Familiaren, komunitatearen, hezkuntzaren edo lanaren eremuan droga-mendekotasunak eta portaera-adikzioak prebenitzeko programak eta ekimenak bultzatu eta mantentzea.

t) Gizarte-erakundeek, hedabideek eta, oro har, herritarrek droga-mendekotasunen arloko prebentzioan, laguntzan eta gizarteratzean parte har dezaten bultzatzea.

u) Foru- eta toki-erakundeei aholkularitza ematea adikzio-gaietan.

v) Honako erregistro hauek planifikatu, kudeatu, ebaluatu eta garatzea: Sortzetiko Anomalien Erregistroa, Nahitaez Adierazi beharreko Gaixotasunen Erregistroa, Minbiziaren Erregistroa eta Zaintza Mikrobiologikoaren Erregistroa.

w) Ikuskatu eta zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumen-eremuan, eta arin edo astun gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzak Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

3.– Zuzendaritzak, bere egitekoak gauzatzeko eta artikulu honen 1. atalean ezarritako lurralde-jarduerak koordinatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren laguntza izango du.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari honako egiteko hauek dagozkio:

a) Artikulu honen 1. atalean ezarritako egitekoei dagokienez lurralde-ordezkaritzei esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatu eta gainbegiratzea.

b) Zuzendaritzarenak eta lurralde-ordezkaritzenak diren egitekoei buruzko prozesuak koordinatu eta kudeatzea.

4.– Osasun publikoko laborategiei dagokienez, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu:

a) Osasun publikoko laborategiei esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatu eta ikuskatzea.

b) Laborategietan kalitatea segurtatzeko sistemak eta kalitate analitikoaren segurtasuna estandarizatzea.

c) Berrikusketaren plangintza eta, hala badagokio, babes-programei erantzuteko behar diren teknika analitikoak ezartzea.

d) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren, beste sail eta erakunde batzuen, eta beste kanpo-eragile batzuen erantzun analitikoa planifikatu, koordinatu eta kudeatzea.

10. artikulua.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

1.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, 6. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Osasun-plangintza eta -zonakatzea egitea, beharren mapa –azpiegitura sanitarioak barne– landu eta etengabe eguneratuz.

b) Zerbitzu, zentro eta establezimendu sanitario publiko zein pribatuen antolamendu teknikoa, ikuskapena, erregistroa eta homologazioa.

c) Kanpo Desfibriladore Automatikoen Erregistroa kudeatu eta garatzea, leku egokietan jar daitezen sustatzea, eta oinarrizko bizi-euskarriari eta desfibriladore automatikoen erabilerari buruzko prestakuntza bultzatzea.

d) Administrazio sanitarioari dagokion antolamendu tekniko eta profesionala, aseguru libreko erakundeek, mutualitateek, erakunde laguntzaileek, laneko arriskuen prebentzioko zerbitzuek eta beste hainbat zentro sanitariok ematen dituzten zerbitzuen arloan.

e) Baimen administratibo-sanitarioak ebaztea Zuzendaritzaren jardun-arloei eragiten dieten gaietan, baldin eta dekretu honek sailaren lurralde-ordezkaritzei esleitutakoak ez badira. Zehazki, honako hauentzako baimenak izango dira: ospitale edo barneratze-zentro gisa sailkatutako zentro sanitarioak, zentro polibalente gisa sailkatutakoak, laguntza bidezko giza ugalketarako, haurdunaldiaren borondatezko eteterako eta kirurgia handi anbulatoriorako kontsulta eta zentro espezializatuak, biobankoak eta ikerketa biomedikoko ikerketa-zentroak, eta, oro har, legezko alderdi espezifikoak eta bereiziak dituztenak; baita lan-istripu eta gaixotasun profesionaletako mutualitateetako zentro eta zerbitzu asistentzialak eta gizarte segurantzako erakunde laguntzaileak ere.

f) Asistentzia-planak lantzea, euskal osasun-sisteman pixkanaka ezarri ahal izateko, betiere saileko beste zuzendaritza batzuekin koordinatuta.

g) Euskadiko osasun-sistemaren lanbide-plangintza egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko oraingo zein etorkizuneko osasun-sistemak beharko dituen lanbide guztien baliagarritasun egokia lortzeko helburuarekin.

h) Osasun Profesionalen Euskal Erregistroa kudeatu, zaindu eta garatzea.

i) Asistentzia sanitarioaren kalitate, segurtasun eta berrikuntzara bideraturiko lanbide-eskumenak zehaztu eta garatzea, lanbide sanitarioen antolakuntzaren esparruan.

j) Egiaztapen teknikoak eta profesionalak ematea.

k) Osasun-publizitatea kontrolatzea.

l) Zerbitzu sanitarioetara ebidentzia zientifikoa, berrikuntza eta asistentzia- eta antolakuntza-jardunik onenak ekartzea, erakunde profesionalen, elkarte zientifikoen eta profesional adituen partaidetza sustatuz.

m) Prestazio sanitarioen zorroari eta herritarren osasun-beharrei erantzuteko behar diren baliabideei buruzko gidalerroak eta irizpide estrategikoak proposatzea.

n) Eraginkortasun- segurtasun-, efizientzia, irisgarritasun- eta ekitate-baldintzetan ez oinarrizko zorroan ez zorro osagarrian ez dauden prozedura eta osasun-teknologiei buruzko txostenak ebaluatu eta lantzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan ezartzeko beharrezkoak direnak, baita oinarrizko zorroetan edo zorro osagarrietan barne hartutako zerbitzuentzat jada aurreikusitako prozedura eta osasun-teknologietan aldaketak ere, pazienteen segurtasunean edo zerbitzu horren efizientzian funtsezko aldaketa ekar badezake.

ñ) Koordinazio Batzorde Iraunkorrari laguntzea –baliabide teknikoekin eta giza baliabideekin– Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari buruzko apirilaren 5eko 69/2011 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako egitekoak garatzen, baita Euskal Autonomia Erkidegoko eremu sozio-sanitarioan jarduerak garatzen laguntzea ere.

o) Osasunaren arloko irakaskuntza eta prestakuntza zuzendu, planifikatu, koordinatu eta kudeatzea.

p) Erregistro, informazio eta estatistika sanitarioko sistema ofizialki ezarriak planifikatu, kudeatu, ebaluatu eta optimizatzea, esaterako honako hauek: hilkortasun-erregistroa, ospitaleko alten erregistroa, haurdunaldiaren borondatezko etetearen erregistroa, toxikomanien informazio-sistema, eta Euskal Autonomia Erkidegoko gaixotasun arraroen erregistroa.

q) Euskal osasun-sistemako eragileei erabakiak hartzen lagunduko dieten azterketak egitea, osasunaren biztanleria-ikuspegitik.

r) Segurtasun-planak osasun-zentroetan ezartzearen, eta kalterik gabeko segurtasun-gertaerak jakinarazteko sistemen kudeaketaren segimendua eta ebaluazioa egitea, Euskadiko osasun-zentro eta -zerbitzuetan osasun-laguntza jasotzen duten pazienteen segurtasun-neurriei buruzko maiatzaren 17ko 78/2016 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

s) Osasun-alorreko emaitzak ebaluatzea, eta osasun-sistemako azterketak, txostenak eta estatistikak lantzea. Ereduak eta sistemak proposatuko dira, euskal osasun-sistemako eragile profesionalek, kudeatzaileek, finantzatzaileek eta erregulatzaileek emaitzak ezagutu eta etengabeko hobekuntzarako erabil ditzaten.

t) Zuzendaritzaren eremuetan zentroak, zerbitzuak edo establezimenduak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurri ablatorioak hartzeari buruzko proposamenak formulatzea, betiere, zehapenak ez badira.

u) Administrazioko kontrol-jarduerak antolatzea, neurrira egindako produktu sanitarioen fabrikazioarekin lotutako jarduerei dagokienez.

v) Erradiodiagnostikoko, erradioterapiako eta medikuntza nuklearreko instalazioetako kalitate-irizpideak betetzen direla zaintzea.

w) Zerbitzu, zentro eta establezimendu sanitarioen eremuetan, pazientearen zaintzarako eta segurtasunerako jarraibideak antolatu eta kontrolatzea.

x) Osasun-eskumenen eremuan kalitate eta bikaintasun klinikoaren planak eta programak planifikatu, sustatu, ezarri eta ebaluatzea, eta jardun klinikoaren gidak eta jardunbide egokiaren kodeak lantzea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzarekin koordinatuta.

y) Prozesu eta teknologia sanitarioen ebaluazioa eta kontu-ikuskapena kudeatzea.

z) Ikuskatzeko eta zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta arin edo astun gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzak Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

3.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari atxikitzen zaio Osasun Saileko Estatistikarako Organo Berezia, azaroaren 28ko 238/2000 Dekretuan arautua.

11. artikulua.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritza.

1.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, 6. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Osasunaren arloko ikerketa- eta berrikuntza-politika programatzea, eta horren lehentasunak zehaztea.

b) Ikerketa eta berrikuntza sanitarioaren alorrean estrategiak landu eta gauzatzea, eta horri segimendua egiteko helburuak eta adierazleak ezartzea.

c) I+G+B-ko jarduera garatzeko gidalerroak eta irizpide orokorrak ezartzea, eta erabakiak hartzen laguntzeko balioko duten planak edo txostenak lantzea ikerketa eta berrikuntza sanitarioaren alorrean.

d) I+G+B arloan, Osasun Sailaren jarduerak zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.

e) Osasun-alorrean I+G+B gaietan zeharkako politiken garapena sustatu eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin lankidetzan aritzea.

f) Osasun-alorrean I+G+B gaietan nazioarteko ekimenetan parte-hartzeari bultzada ematea.

g) Osasun-alorrean I+G+B gaietan ardurak dituzten organismoekin eta erakundeekin lankidetza-akordioak proposatzea.

h) Euskadiko osasun-sistemaren ikerketa-egitura diseinatzea.

i) Osasun-eremuan berrikuntzako ikerketa-azpiegiturak antolatu eta koordinatzea.

j) Ikerketa eta berrikuntza sanitarioa zuzendu, kontrolatu eta koordinatzea, barne hartuta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeak, ikerketa sanitarioko institutuak eta ikerketa eta berrikuntza sanitarioari lotutako beste egitura batzuk.

k) Euskadiko osasun-sisteman ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak modu integralean kudeatzeko irizpideak formulatzea.

l) Osasun-alorrean kultura ikertzailea eta langile ikertzaileen prestakuntza eta gaikuntza sustatzea.

m) Euskadiko osasun-sisteman I+G+B proiektuak gauzatzeari bultzada ematea.

n) Osasun Sailak zehaztutako helburu estrategikoak lortzera bideratuta dauden osasun-zerbitzuetako berrikuntza-esperientziak sustatu eta ebaluatzea, eta translazioa erraztea.

ñ) Gidalerroak ezartzea, produktuak, prozesuak eta zerbitzuak garatzeko ikerketa- eta berrikuntza-jardueraren transferentzia eta emaitzen ustiaketa bultzatzeko.

o) I+G+B-ko jarduerei buruzko estatistikak eta datu-erregistroak sustatu eta proposatzea.

p) Saileko dokumentazio-eremua eta liburutegi espezializatuak zuzendu, antolatu eta kudeatzea, literatura zientifikoaren hedapena errazteko eta osasuneko profesionalei osasun-alorreko informazio bibliografiko espezializatua eta kalitatezkoa emateko, hargatik eragotzi gabe Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkion eskudantziak.

2.– Bere egitekoak garatzeko, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren laguntza izango du, fundazioaren esku utzi diren egitekoetan.

3.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzarekin koordinatuta jardungo du.

VI. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO ETA FINANTZAKETA SANITARIOKO SAILBURUORDETZA.

12. artikulua.– Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetza.

1.– 5. artikuluan ezarritako egitekoez gain, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzari dagokio honako jardun-arlo hauen zuzendaritza eta koordinazioa:

a) Osasun Saileko eskumen-alorreko aholkularitza juridikoa eta arauzko proiektuak lantzea.

b) Sailari atxikitako giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzea.

c) Sailaren ekonomia eta aurrekontuak kudeatzea.

d) Ondore ekonomikoak dituen xedapenak eta ekintzak ikuskatzea, Sailaren gastua baimenduz 500.000 eurorainoko zenbatekoa duten espedienteetan.

e) Euskara sustatzea politika publikoetan eta oro har Sailak garatzen dituen jardunetan.

f) Berdintasun-politikak sustatu eta bultzatzea.

g) Zerbitzu-zorroko prestazio sanitarioak kontratatzea helburu duten larrialdi-espedienteak onartzea.

h) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin kontratu-programa hitzartzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren kontratu-programak hitzartzea ere.

i) Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legetik eratorritako egitekoak betetzeko eta sendagaien eta produktu sanitarioen alorrean Estatuko oinarrizko legeria betearazteko gauzatu behar diren administrazio-jarduerak.

j) Euskadiko osasun-sisteman herritarren parte-hartzea sustatzeko lanen gidaritza.

2.– Halaber, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeari dagokio osasun-prestazioen alorrean berariazko kontratazio-organo gisa aritzea, prestazioak osasun-arlo bati baino gehiagori zuzentzen zaizkienean. Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzari dagokio kontratazio horiek izapidetzea.

13. artikulua.– Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza.

1.– Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, 6. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Lege-aurreproiektuen eta izaera orokorreko xedapenen lanketa zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, Osasun Sailari edo horren mendeko nahiz horri atxikitako edo loturiko erakundeei dagozkien gaietan.

b) Azterketak eta txosten juridikoak lantzea, Osasun Sailari eragiten dioten gaietan.

c) Gobernu Kontseiluan landu behar diren gaiak koordinatu eta izapidetzea, eta argitaratu beharreko xedapen edo egintza administratiboak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein aldizkari ofizialetan argitaratzea.

d) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Administrazio Kontseiluan landu behar diren gaiak koordinatu eta izapidetzea.

e) Ebazpen-proposamenak eta txostenak lantzea, saileko organoen ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoei dagokienez.

f) Txostenak, eta, hala badagokio, ebazpen-proposamenak egitea, bide judizialera jo aurreko erreklamazioei dagokienez.

g) Ofiziozko berrikuspen-prozeduretako ebazpen-proposamenak izapidetzea.

h) Administrazioarekiko auzibidera jo aurretik eta Konstituzio Auzitegiko eta Arbitraje Batzordeko prozedurak abiatu aurretik beste administrazio publiko batzuek egindako errekerimenduei buruzko ebazpen-proposamenak prestatzea, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiarekin lankidetzan.

i) Sailari atxikitako fundazio, elkarte eta gainerako erakundeen administrazio-segimendua egitea.

j) Sailari eta horren menpeko nahiz horri atxikitako edo loturiko erakundeei eragiten dieten prozedura judizialen segimendua egitea, eta haien ordezkaritzan eta defentsa judizial zein estrajudizialean kooperatzea, beharrezkoak diren gaikuntzak egin ostean, betiere.

k) Sailaren jarduera dela-eta sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta horien instrukzioa egitea.

l) Sailaren ekonomia eta aurrekontuak kudeatzea, eta dagozkion informazio- ebaluazio- eta jarraipen-sistemak ezartzea. Bere egitekoa izango da, baita ere, saileko aurrekontu-aurreproiektua prestatzeko sarreren eta gastuen egoera koordinatu eta lantzea.

m) Sailari atxikitako langileen buruzagitza eta kudeaketa gauzatzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 10. artikuluak ezartzen dituen eskumenak erabiliz, eta, betiere, dekretu honen 4. artikuluan xedatzen den salbuespenarekin.

n) Saileko organoek langile-premiei buruz egiten dituzten aurreikuspenak ebaluatzea, eta proposamenak egitea plantillak dimentsionatzeko, antolatzeko, eta lanpostu-zerrendak egiteko.

ñ) Langileen prestakuntza eta hobekuntzarako plan eta programak sustatzea, IVAPekin lankidetzan.

o) Saileko langileei jakinaraztea beraiei buruz edozein organok bidaltzen dituen edozein motako akordio, arau eta zirkularrak, eta horiek guztiak betetzen direla egiaztatzea.

p) Giza baliabideen eta lan-sistema eta -metodoen antolaketa eta arrazionalizaziorako proposamenak lantzea.

q) Teknologia berriak ezartzeko eta aprobetxatzeko proposamenak lantzea.

r) Osasun Sailari sistema informatikoen arloan dagokion kudeaketa administratiboa zuzendu eta koordinatzea, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearekiko harreman-tresnen harpidetza eta segimendua barne hartuta.

s) Sailaren eremuan informazioaren teknologia berriak eta administrazio-prozesuen digitalizazioa sustatu eta garatzea, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzaren beste sail batzuei dagozkien eskumenak.

t) Sailaren eremuan izaera pertsonaleko datuen babesa koordinatzea.

u) Sailaren eremuan honako jarduera hauek zuzentzea: sailaren unitateek gauzatzen dituztenak, lanpostuen banaketa fisikoarekin eta ekipamenduarekin, eta erreforma- zein hobekuntza-lanekin lotura dutenak. Halaber, sailaren guneen barne-araubidea zaintzea, eta sailari atxikitako ondarea eta ekipamendua administratu eta kontserbatzea.

v) Erregistro Orokorreko eta Artxibategiko bulegoak antolatu eta zuzentzea.

w) Sailaren Laneko Segurtasun eta Osasunerako Unitatearen jarduerak zuzendu eta antolatzea, hargatik eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuari dagozkion eskudantziak.

x) Hizkuntza-normalizazioa zuzendu eta koordinatzea, bai eta euskararen sustapena ere politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein arlotan.

y) Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean xedatutako neurriak betearaztea bultzatu eta koordinatzea, eta horretarako lankidetzan aritzea saileko zuzendaritza eta arloekin eta sailari atxikitako erakunde autonomoekin, entitateekin eta organoekin.

z) Zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta arin edo astun gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

2.– Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariari dagozkio sailaren kontratazio-organo izateak berekin dakartzan egiteko guztiak, hargatik eragotzi gabe dekretu honek saileko beste organo batzuei arlo honetan eta berariazko kontratazio-organo gisa esleitzen dizkien eskumenak.

Halaber, arlo publikoan kontratuak gauzatzeko arauetan ezarritakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide propio edo zerbitzu teknikotzat hartzen diren entitateekin prestazioak hitzartzeko negozio juridikoak egin ahal izango ditu.

3.– Artikulu honetan esleitzen zaizkion egitekoak era egokian bete ahal izateko, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzak koordinatuko ditu funtzionalki Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren zerbitzu juridikoak.

14. artikulua.– Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritza.

1.– Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, 6. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Aseguramendu sanitario publikoaren alorreko estrategia definitzea, baita osasun-txartel indibidualaren zehaztapenak definitu eta kudeatzea ere, aseguramendu publikoaren egiaztagiri gisa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aseguramendu sanitario publikoaren erregistro nagusia kudeatzea, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera (114/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa).

c) Zerbitzu sanitarioen arloko erosketa-estrategia definitzea, eta asistentzia-eskaintzaren efikazia eta eraginkortasuna lortzea, betiere, mugatzat hartuz dauden baliabide ekonomikoak eta herritarren osasun-premiak. Nolanahi ere, ez dira hargatik eragotziko dekretu honetan beste organo batzuei esleitu zaizkien egitekoak.

d) Gidalerro eta irizpide nagusiak lantzea zerbitzu sanitarioen kontratazioa egiteko, definizio estrategikoaren arabera. Horretarako, irizpide bereiziak proposatuko ditu, helburu eta baliabide ekonomikoak esleitzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioetako erakundeei –programa-kontratuen bitartez– eta beste agente sanitario batzuei –kontratazio-ereduen bitartez–, eta erosketa-plan orokorrak ere ezarriko ditu, hala eskatzen duten prestazioei dagokienez.

e) Kontratazio sanitarioari ezar dakiokeen prezioen oinarrizko politika proposatzea.

f) Zerbitzu sanitarioen kontratazio publikoa gauzatu eta ebaluatzea, Osasun Sailaren eskumen-eremuan eta Saileko gainerako organoekiko koordinazio estuan.

g) Zerbitzu-zorroa eta prestazio sanitario osagarria onartzeko irizpideak ezartzea eta proposamenak formulatzea.

h) Paziente desplazatuak, autonomia-erkidego mugakideetako pazienteak eta mugaz bestaldeko pazienteak kudeatzeko irizpideak lantzea.

i) Zerbitzu sozialetan erantzukizuna daukaten erakunde eta instituzioekiko lankidetza-akordioak bultzatu eta proposatzea, herritarrentzako balioaren bilaketara bideraturiko kontratazio integratuko ereduen definizioaren esparruan.

j) Osasun-zentroak eta zerbitzuak aldez aurretik homologatzea, osasun-zerbitzuak ituntzeko oinarriak ezartzen dituen apirilaren 8ko 77/1997 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

k) Osasun Sailaren eskumen-eremuan, Ezintasun Iragankorraren kudeaketari dagokion egitekoa zuzendu, bultzatu, koordinatu eta ebaluatzea, eta euskal osasun-sistema publikoaren erreferente izatea, prestazio horren kontrolean inplikatutako gainerako erakundeekin koordinatuta (Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta Lan Istripu eta Gaixotasun Profesionaletako Mutualitateak).

l) Prestazio sanitarioei dagokienez, ikuskaritzak barne hartzen dituen egitekoak koordinatzea eta irizpideak ezartzea, Saileko beste organo eskudun batzuekin koordinaturik.

m) Jardun-protokoloak prestatu eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin koordinatzea, prozedura kirurgikoetara, kontsultetara eta proba osagarrietara sarrera izateko ezarritako gehienezko epeak betetzen direla bermatzeko.

n) Asistentzia sanitarioa dela-eta sortutako gastuen itzulketaren eta aurretiko baimenen inguruan homogeneoki interpretatu eta aplikatzeko irizpideak ezartzea.

ñ) 25.000 eurotik gorako gastuak itzultzeko eskabideak ebaztea.

o) Bide judizialera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, aurreko atalean aipatzen diren gaien ingurukoak.

p) Euskal Autonomia Erkidegoko Material Ortoprotesikoaren Katalogo Orokorra prestatzea, homogeneoki interpretatzeko eta aplikatzeko irizpideak ezartzea prestazio ortoprotesikoaren arloan, eta sektorearekin lankidetza-hitzarmenak egiteko proposamenak lantzea.

q) Salbuespenezko material ortoprotesikoari buruzko espedienteak eta 10.000 eurotik gorakoak ebaztea.

r) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren ondare-erantzukizuneko espedienteen peritu-txostenak lantzea.

s) Euskadiko osasun-sistemari atxikitako baliabide sanitarioen kudeaketa hobetzera bideraturiko azterketak eta jarduera-proposamenak lantzea.

t) Zerbitzu sanitarioei dagokienez, Euskadiko osasun-sistema publikoaren erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak betetzen direla zaintzeko mekanismoak aztertzea, horien erregulazio-proposamena egitea eta antolatzea.

u) Aurretiazko Borondateen Euskal Erregistroa kudeatzea, eta herritarrek adierazitako aurretiazko borondateak euren historia klinikoan sartzeko prozesuen erantzule izatea, baita bizitza-prozesuaren amaieran dauden pertsonei laguntzen dieten pertsonal medikoek aurretiazko borondate horiek kontsultatu ahal izatea –zuzenean historia kliniko informatizatutik– bermatzeko jarduera zehatzak ere.

v) Osasun-sistema publikoko herritar, erabiltzaile eta pazienteen iritzi-azterketak planifikatu eta gauzatzea eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea.

w) Euskadiko osasun-sisteman herritarren parte-hartzea sustatzea eta hirugarren sektore sanitarioko elkarteak koordinatu eta horiekin hitz egitea.

x) Ikuskatzeko eta zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumen-eremuan, eta arin edo astun gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzak Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

3.– Egiteko horiek gauzatzeko eta lurralde-jarduketak koordinatzeko, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendariordetzaren laguntza izango du zuzendaritzak.

Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendariordetzari honako egiteko hauek dagozkio:

a) Zuzendaritzaren eskumenekoak diren gaietan, lurralde-ordezkaritzei esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak koordinatu eta ikuskatzea.

b) Zuzendaritzarenak eta lurralde-ordezkaritzenak diren egitekoei buruzko prozesuak koordinatu eta kudeatzea.

15. artikulua.– Farmazia Zuzendaritza.

1.– Farmazia Zuzendaritzak egiteko hauek izango ditu, 6. artikuluan ezarritakoez gain:

a) Arreta farmazeutikoko zerbitzuen eta establezimenduen, eta albaitaritzako sendagaiak banatzeko eta emateko zerbitzuen eta establezimenduen antolaketarekin zerikusia duten administrazio-jarduerak gauzatzea.

b) Farmazia-produktuei buruzko legedia betearaztearekin zerikusia duten administrazio-jarduerak gauzatzea.

c) Politika farmazeutikoaren gidalerroak definitu eta ezartzea Euskadiko osasun-sistemaren eremuan.

d) Zuzendaritzaren jardun-arloei dagozkien gaietan baimen administratibo-sanitarioak ebaztea, hargatik eragotzi gabe lurralde-ordezkaritzei dagozkien eskudantziak.

e) Medikamentuen Informazioko Euskal Zentroa (CEVIME) zuzentzea.

f) Prestazio farmazeutikoak –mediku-errezetak zein ospitaleko farmazia-gastuak– direla-eta egindako gastuaren segimendua burutzea.

g) Sendagaien ezagutza kudeatzeko jarduerak eta ekimenak integratu eta sustatzea, Sendagaien Informazio eta Ebaluazio Batzordeen Sarearen funtzionamendua koordinatuz, zeinaren egitekoa baita sendagaien ebaluazio-txostenak eta sendagaiak modu egokian erabiltzeko gomendio espezifikoak egitea, ebidentziaren, eraginkortasunaren eta efizientziaren irizpideei jarraituz.

h) Praktika klinikoan sendagaiek eragindako osasun-emaitzak ebaluatzeko gidalerroak lantzea, eraginkortasuna zein efizientzia aintzat hartuta.

i) Sendagaien posizionatze terapeutikoari buruzko txostenak egitea, sendagai edo indikazio berriak modu selektiboan funts publikoekin finantzatzeko eta, hala badagokio, Sendagaien Prezioen Ministerio arteko Batzordeak prezioak ezartzeko oinarri bezala.

j) Sendagaiei buruzko hezkuntza sanitarioko programak –jendeari, oro har, zuzendutakoak– lantzea.

k) Zaintza farmakologikoarekin eta produktu sanitarioen zainketarekin zerikusia duten jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

l) Sendagaien eta produktu sanitarioen ikerketa klinikoarekin edo antzeko esku-hartzeekin zerikusia duten jarduerak gauzatu eta koordinatzea, baita sendagai eta produktu sanitarioen ikerketaren arloko legedia betearaztearekin zerikusia duten administrazio-jarduerak ere, hargatik eragotzi gabe Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari dagozkion egitekoak.

m) Sendagaien, produktu sanitarioen eta dietoterapikoen zentzuzko erabilera sustatzea.

n) Prestazio farmazeutiko eta dietoterapikoaren kalitate- eta eraginkortasun-adierazleak landu eta ebaluatzea, hornitzaile sanitarioekin izango diren harremanetarako, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoarekin –programa-kontratuen bidez– izango diren harremanetarako, batez ere.

ñ) Prestazio eta laguntza farmazeutikoaren arloan, farmazia-bulegoekin hitzarmenak eta akordioak egitea eta horiek kudeatzea.

o) Sendagaiak, dietoterapikoak eta efektu eta osagarriak preskribatzeko eta banatzeko informazio-sistemak garatu eta kudeatzea. Errezeta elektronikoaren ezarpena sustatu eta gidatuko du, baita preskripzioen oniritziaren aplikazioa ere, finantzaketa-irizpideak landuta.

p) Farmakoekonomiaren arloko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

q) Osasun Saila ordezkatzea honako erakunde hauetan: Posizionatze Terapeutikoa gainerako autonomia-erkidegoekin Koordinatzeko Taldean, Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentzian, Osasun, Gizarte Gai eta Berdintasun Ministerioan, eta Medikamentu eta Produktu Sanitarioen Espainiako Agentziaren Ikuskapen Batzorde Teknikoan.

r) Antolamendu farmazeutikoaren arloan, establezimenduak ixteko edo horien funtzionamendua eteteko neurri ablatorioak hartzeari buruzko proposamenak formulatzea, zehapenak ez badira, Euskal Autonomi Elkarteko Ordenazio Farmazeutikorako ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 44. artikuluan xedatzen denaren arabera.

s) Ikuskatzeko eta zehatzeko ahalmena erabiltzea bere eskumeneko eremuan, eta arin edo astun gisa tipifikatuta dauden zehapenak ezartzea, aplika daitekeen legediaren arabera.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gaietan, Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzak Farmazia Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.

VII. KAPITULUA
ORGANO PERIFERIKOAK

16. artikulua.– Osasun Sailaren Lurralde Ordezkaritzak.

1.– Lurralde Ordezkaritzak Osasun Sailaren organo periferikoak dira, eta horien jardun-eremua Autonomia Erkidegoko Osasun Barruti bakoitzari dagokio.

2.– Lurralde-ordezkaritza bakoitzak buru edo ordezkari bat izango du, zeina Osasun Sailak lurralde historikoan izango duen ordezkari gorena izango baita.

Osasun Sailburuordetzaren mende egongo da hierarkikoki, eta, funtzionalki, berriz, Osasun Saileko zuzendarien mende egongo da, betiere, gaiaren arabera.

Lurralde-ordezkariak kontratazio-organo espezifiko gisa jardungo du, eta, zerbitzu-zorroko zerbitzu sanitarioen prestazioa kontratatzeari dagokionez, kontratazio-organo gisa dagozkion egitekoak gauzatuko ditu zerbitzu horiek berari dagokion Osasun Barrutira zuzendutakoak badira, Sailak ezartzen dituen gidalerro eta irizpideekin bat etorriz.

Halaber, lurralde-ordezkariari dagokio bere lurralde-eremuan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zerbitzu sanitarioko erakundeekin programa-kontratuak izenpetzea.

Lurralde-ordezkaritzetako titularrek eskumena izango dute euren eremuan egin beharreko funtzionamendu-gastuak baimendu eta kontratatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuak arautzen dituen funts aurreratuen indarreko araubidearen baitan eta araubide hura garatzeko arautegiaren eremuan, hargatik eragotzi gabe Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzako eta Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzako titularrei ematen zaizkien ahalmenak.

3.– Artikulu honetan xedatzen diren egitekoak burutzeko, lurralde-ordezkaritzak honako jardun-arlo hauetan egituratzen dira:

a) Zerbitzu Orokorren Arloa.

b) Antolamendu eta Kontratazio Sanitarioaren Arloa.

c) Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arloa.

4.– Zerbitzu Orokorren Arloari honako egiteko hauek dagozkio:

a) Ordezkaritzako langileak administratu eta zuzentzea, organo eskudunek ezarritako arauen arabera, eta Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzarekin koordinatuta.

b) Ordezkaritzaren jarduerak programatu, bultzatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea, jasotako jarraibideen arabera.

c) Ordezkaritzaren aurrekontua administratu eta kudeatzea, organo eskudunek ezarritako arauei jarraikiz.

d) Ordezkaritzari dagozkion gaietan aholkuak ematea eta txosten juridikoak eta irizpenak prestatzea, Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzarekin koordinatuta.

e) Ordezkaritzaren sistema informatikoak administratzea eta kudeatzea.

f) Erregistro orokorra, dagokion lurralde-ordezkaritzari atxikitako erregistro laguntzaileak eta herritarrentzako arreta-zerbitzuak antolatu, zuzendu eta kudeatzea.

g) Arau-hauste sanitarioak direla-eta aurretiazko jarduerak burutzea eta zehapen-espedienteen hasiera proposatzea, eta zehaztea nortzuk arduratuko diren horien instrukzioaz, eta, behar izanez gero, idazkaritzaz. Behin organo eskudunek espedienteei hasiera ematen dietenean, beraiei dagokie espedienteok instruitu eta izapidetzea harik eta ebazpen-proposamena egiten den arte, eta, behar izanez gero, behar diren neurri prebentibo edo kautelazkoak proposatuko dituzte, establezimenduak ixtea eta horien jarduera etetea barne.

5.– Antolamendu eta Kontratazio Sanitarioaren Arloak honako egiteko hauek izango ditu:

a) Asistentzia-planak lantzea Osasun Barrutiaren eremuan, organo eskudunak zerbitzu sanitarioak kontratatzeko onarturiko ildo estrategikoak eta irizpide orokorrak oinarritzat hartuta.

b) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko zerbitzu sanitarioetako erakundeekin egiten diren programa-kontratuak izapidetu, horien gaineko intzidentziak ebatzi, segimendua egin eta ebaluatzea, sailean ezartzen diren gidalerro eta irizpideei jarraikiz.

c) Lankidetza-akordioak ezartzea arreta sozio-sanitariorako zerbitzu sozialetan erantzukizuna daukaten osasun barrutiko erakunde eta instituzioekin, eta akordio horien ondoriozko lan operatiboak gauzatzea, baita horiek ebaluatzea ere.

d) Lurralde-ordezkaritzek ebatzi beharreko osasun-zerbitzuak kontratatzeko espedienteak izapidetu, jarraitu eta ebaluatzea, eta maila goragoko espedienteen segimendua eta ebaluazioa egitea, kontratazio-organoak ezarritako moduan.

e) Osasun-zerbitzuen estalduraz, erabileraz eta erabiltzaileen sarreraz behar diren azterketak egitea, dagokion osasun-barrutian; jendea zenbateraino dagoen gustura jakiteko informazioa biltzea eta osasun-zerbitzu publikoetan nahiz itunduetan jaso diren kexa eta erreklamazioen berri izatea.

f) Aseguramendu sanitario publikoaren erregimenean dauden altak eta bajak izapidetu eta ebaztea, 114/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera (114/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa).

g) Aldi baterako ezintasuneko prozesuen ikuskapen, kontrol eta segimendu sanitarioa egitea.

h) Errezetei oniritzia emateko eskabideak ebaztea, baldin eta oniritzia eskatzen duten errezetak badira.

i) Aurretiazko baimen-espedienteak izapidetu eta ebaztea.

j) Asistentzia sanitarioko gastuen itzulketen eskabideak izapidetzea, eta 25.000 eurorainoko zenbatekoa duten eskabideak ebaztea. Halaber, bide judizialera jo aurreko erreklamazioak ebaztea dagokio, atal honetan aurreikusitako ebazpenei dagokienez.

k) Administrazio-prozedura hauek kudeatu eta ebaztea: Euskadiko osasun-sistemaren kontura larriak ez diren eta programatuta dauden prozedura kirurgikoak egiteko gehieneko epeen araudia aplikatzearen ondoriozkoak, eta 230/2012 Dekretuaren ondoriozkoak (230/2012 Dekretua, kardiologiako eta onkologiako kontsultetarako eta proba osagarri ez-urgenteetarako sarbidea izateko epe gehienekoak ezartzen dizkiona Euskadiko Osasun Sistemari).

l) Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen ikuskapena, kontrola, segimendua eta ebaluazioa egitea.

m) Baimen administratibo-sanitarioko prozedurak ebaztea honako hauentzat: barneratze gabeko asistentziaren hornitzaile gisa sailkaturiko zentro sanitarioentzat (dekretu honetan espresuki beste organo batzuei esleitu zaizkienak salbu), erakunde ez-sanitarioren batean integratuta dauden zerbitzu sanitarioentzat, eta optika, ortopedia eta audioprotesietako establezimendu sanitarioentzat.

n) Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari atxikitakoen artean sartzen ez diren establezimendu zein zentro sanitarioak eta zentro polibalenteak baimentzea eta ixtea.

ñ) Farmaziako programak eta jarduerak burutu eta ebaluatzea, eta arreta farmazeutikoko zerbitzu eta establezimenduak ikuskatzea, Farmazia Zuzendaritzarekin koordinatuta.

o) Prestazio ortoprotesikoari eta farmazeutikoari dagozkien espedienteak izapidetu eta ebaztea.

p) Euskadiko osasun-sisteman bigarren iritzi medikoa izateko eskubidea erregulatzen duen araudiaren aplikaziotik eratorritako administrazio-prozedurak kudeatu eta ebaztea.

q) Eta, oro har, jardun-arlo horretan agintzen zaizkion gainerako egitekoak.

6.– Lurralde-ordezkaritza bakoitzak Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde bat izango du, zeina Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren mende egongo baita funtzionalki, eta lurralde-ordezkaritzaren egituran sartuko baita, honako egiteko hauek gauzatzeko:

a) Osasun Publikoaren eta Adikzioen gaineko programak eta jarduerak gauzatzea. Horretarako, beharrezkoak diren jarduera materialak gauzatuko ditu, ikuskapen eta kontrol sanitarioari dagokionez.

b) Osasun Planerako helburu-proposamenak formulatzea, baita hori gauzatzeko estrategiak eta segimendurako adierazleak ere, eta ebaluazio-txostenak lantzea Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari aurkezteko.

c) Osasun Publikoko Eskualdeak koordinatzea.

d) Elikagaien Erregistro Orokor Sanitarioan inskribatu beharrik ez daukaten elikadura-establezimendu, -jarduera eta -industrien baimen administratibo-sanitarioak ebaztea.

e) Osasun Publikoaren eta Adikzioen gaineko espedienteen berri ematea, eskabideak jasotzea eta izapidetzea.

f) Eta, oro har, Osasun Publikoaren eta Adikzioen arloan agintzen zaizkion gainerako egitekoak.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezkapenen araubidea.

Dekretu honek aipatzen dituen organoetako titularrak ez badaude edo gaixorik badaude, edo haien karguak hutsik badaude, edo abstenitzeko edo errefusatzeko adierazpena egin bada, ordezkapenak honako arau hauei jarraituz ebatziko dira:

a) Osasun Sailburuordetzako eta Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko Sailburuordetzako titularrak ordezkatzea organo horren mendeko zuzendaritzetako titularrei dagokie, dekretu honen 2.1 artikuluan agertzen diren hurrenkeran.

b) Hurrenkeran justu aurretik dagoen zuzendariak ordezkatuko ditu zuzendariak, eta hurrenkeran lehenengo dagoen zuzendaria, berriz, sailburuordetza horretako titularrak ordezkatuko du.

c) Sailburuaren Kabineteko Zuzendaritza Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzak ordezkatuko du.

d) Lurralde-ordezkariak dagokien osasun barrutiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordeek ordezkatuko dituzte.

LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren espedienteak.

Arloa dela-eta eskumena duten organoek ebatziko dituzte dekretu hau indarrean jartzen denean izapidetzen ari diren espedienteak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntza eta asistentzia emateko organoa.

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen 73. artikuluan aurreikusten da Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan dagozkion eginkizunak gauzatzen laguntzeko eta asistentzia emateko organoa; organo hori eratu eta erregelamendu-konfigurazioa ematen zaion bitartean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak honako egitekoak hartuko ditu bere gain:

a) Adikzioen Erakunde arteko Batzordeari laguntza teknikoa ematea, eta hartutako erabakiak martxan jartzea.

b) Adikzioetatik eratorritako arazoak direla-eta sortutako beharrak balioestea.

c) Adikzioen Behatokiaren zuzendaritza.

d) Laguntza teknikoa ematea Adikzioen Euskal Batzordeari.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planaren proposamena prestatzea, zeinak, Osasun Planari lotuta, hartuko baititu Planari esleitutako programak eta baliabide-aurreikuspenak eta segimendua eta ebaluazioa egiteko adierazleak.

f) Eusko Jaurlaritzako sailen jardunak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planari jarraituz.

g) Alerta Goiztiarreko Sistema sustatu eta koordinatzea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioen Planean ezarritakoa betetzeari buruzko urteko txostena egitea; gainera, azken ebaluazioaren txosten bat egin beharko du planaren indarraldia amaitu ondoren.

i) Aipatu 1/2016 Legearen ondorioz sortutako konpromisoei aurre egiteko behar diren aurrekontuei eta kredituei buruzko proposamena lantzea.

j) Adikzioen alorrean publizitate debekatua erabiltzea ekiditeko behar diren jarduerak gauzatzea, auziak bide judizialera jo aurretik ebaztea sustatuz.

k) Eta, oro har, jarduera-ekimenak formulatzea, bereziki, Eusko Jaurlaritzari, Adikzioen Erakunde arteko Batzordeari eta Adikzioen Euskal Batzordeari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da apirilaren 9ko 195/2013 Dekretua, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana