Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2017ko apirilaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1961

71/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko den Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berria eman da, eta egitura horren arabera antolatu eta esleitu dira eskumenak, legegintzaldi honetan Jaurlaritzaren Programa osatzen duten programa-konpromiso guztiak ahalik eta eraginkortasun handienez burutzeko.

Aipatutako dekretuaren 2. artikuluan ezartzen duenez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila Eusko Jaurlaritzaren organigramako parte oso da, eta haren 6. artikuluan xedatzen diren egitekoak eta arloak izango ditu; eta azken xedapenetatik lehenengoan eskatzen zaio saila egituratzeko araudi organikoak egiteko, bertan zehaztutako antolaketa-irizpideez eta aurreikuspenez ohartzeko.

Sailak lau sailburuordetza ditu: Erakunde Harremanak, Araubide Juridikoa, Funtzio Publikoa eta Administrazioa eta Zerbitzu Orokorrak; eta, era berean, sailburuordetza hauek zuzendaritzaka antolatuta daude, bakoitzaren berariazko arloen arabera.

Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza instituzioen arteko, Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanez eta komunikazioez arduratzen da. Halaber, bereak dira Jaurlaritzaren Idazkaritzaren egitekoak eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagozkionak. Berari dagozkio halaber, Toki Administrazioaren arloan legeek eta araudiek Jaurlaritzari esleitzen dizkioten administrazio-egitekoak, batez ere, toki araubidearen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren eskumeneko gaien txostena egin eta horiek ebaztea. Azkenik, araubide orokorreko elkarteen, fundazioen eta elkargo profesionalen alorrean, berari dagozkio babeslaritza, erregistro eta korporazio arloko egitekoak. Horrez gain, sailburuordetza honi dagokio berrikuntza publikoa sustatu, zuzendu eta koordinatzea, bai eta bereziki, Administrazio eta gobernu elektronikoak, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta akzio publikoan gobernu ona eta politika publikoen ebaluazioa ere, Euskal Gobernantza Publikoaren ereduaren esparruan. Era berean, herritarrei arreta zentralizatua, kanal askotarikoa eta kalitatezkoa emateko euskarri diren proiektuak kudeatu eta gauzatzea ere badagokio. Azkenik, euskal administrazio publikoen antolaketa eta prozeduraren araubidea ere berari dagokio.

Araubide Juridikoaren Sailburuordetza Administrazioaren zentro aholku-emaile gorena da, eta bertan kokatzen da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Zentrala, zeinak judizioan Jaurlaritza ordezkatzen eta defendatzen duen. Egiteko hauek dagozkio: barne-araudia kontrolatzea; lege garapenaren alorrean jardutea, Euskal Zuzenbide Zibila zaindu, egokitu eta garatzea barne; autonomiaren garapen-politika eta, horretarako, sailen jarduna koordinatzea; eta Euskadiko Autonomia Estatutua defendatzea. Gainera, berari atxikiko zaio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioen kide anitzeko organo aholku-emaile gorena.

Funtzio Publikoko Sailburuordetzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan giza baliabideen politika planifikatu, zuzendu eta koordinatzea, kalitatezko eta garapen etengabean dauden zerbitzu publikoetatik eratorritako beharrizanei erantzuteko. Horretarako, langileen arloko politika prestatu, zuzendu eta gauzatuko du, eta araubide juridikoaz eta ordainsari-erregimenaz arduratuko da, eta, oro har, ohiko langileen arloko kudeaketaz. Hauek ere badagozkio: prestakuntza arloko jarraibideak lantzea, langile lan-kontratukoen eta funtzionarioen ordezkariekin harremana eta negoziazioa, eta arriskuei aurre hartzeko zerbitzuen eta lan-baldintzak hobetzeko izaera sozialeko bestelako zerbitzuak kudeatzea. Azkenik, langileen eta zerbitzuen arloko Ikuskaritza Nagusia ere dagokio.

Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza honako hauetaz arduratuko da: Administrazioaren eraikin eta egoitzei buruzko politikaz; normalizazio- eta homologazio-egitekoez; hainbat sailetako eraikin eta zerbitzuen kudeaketaz; artxibo-sistemaz; eta argitalpenaz. Halaber, Autonomia Erkidegoko Administrazioak informazio-sistemen, telefoniaren, sareen azpiegitura eta zerbitzuen edo telekomunikazioen arloan dituen eskumenen ondorioz sortutako araubide orokorrak zuzentzea eta ikuskatzea ere organo horri dagokio.

Azkenik, sailburuaren mende daude zuzenean, alde batetik, Zerbitzu Zuzendaritza, saileko gainerako organoei laguntzeko organo gisa eratzen dena saileko arlo guztiei dagozkien gaietan; eta bestetik, Kabineteko eta Komunikazioko Zuzendaritza, laguntza zuzena emango diona bere karguaren arabera dituen egitekoak betetzeko.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, lehendakariak onartu ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ANTOLAKETA OROKORRA

1. artikulua.– Egitekoak, jardun-eremuak eta eskumenak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko den Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6. artikuluan zehazten diren egitekoak eta jardun-arloak dagozkio Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari, baita hurrengo artikulu hauetan xedatutako eskumenak ere.

2. artikulua.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura orokorra.

1.– Aurreko artikuluan aipatu diren eskumenak betetzeko, honako organo hauek izango ditu Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak:

1.1.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua:

a) Zerbitzu Zuzendaritza.

b) Kabineteko eta Komunikazioko Zuzendaritza.

1.2.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza:

a) Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

b) Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

c) Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

1.3.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetza:

a) Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza.

b) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

c) Auzibide Zuzendaritza.

1.4.– Funtzio Publikoko Sailburuordetza:

a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

b) Lan Harremanen Zuzendaritza.

1.5.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza.

a) Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritza.

b) Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

2.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikita edo lotuta daude, beren sortze-arauetan ezartzen den moduan, honako organo hauek:

a) Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 48.2 artikulukoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 6tik 8rako artikuluetan araututa dagoena.

b) Fundazioen Euskal Kontseilua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 61. artikulukoa.

c) Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen eta haren Antolamenduaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduaren bidez arautua –2000ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez argitaratua–.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako lanpostuen Balorazio Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Erakunde Autonomoetako Lanpostuen Balorazio Batzordea sortzeko apirilaren 12ko 80/2005 Dekretuaren bidez sortua eta arautua.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan zerbitzuak egin zituzten langileen eskubide profesional eta pasiboak aplikatzeko Batzordea, maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzako Dekretuaren bidez arautua, Euskal Herriko Autonomia-Administrazioan bere zerbitzuak egin zituen langileriaren lanbide eta gozamen-eskubideei buruzko Eraberritutako Idazkera onartzekoa, eta irailaren 19ko 193/1983 Dekretuaren bidez garatua, Euskal Herriko Autonomia-Elkarteari zerbitzu egindako lanarien lanbide eta gozamen-eskubideak betebidera daitezen sortutako Batzordearen osakerari buruzkoa.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioko Dokumentazioaren Baloraziorako, Aukeraketarako eta Dokumentaziora Jotzeko Batzordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuaren bidez sortua.

g) Koordinazio Juridikoaren Batzordea, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 16. artikulukoa.

h) Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen Lehenengo Xedapen Gehigarriaren bidez sortua, eta zeinaren estatutuak urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez onartu ziren.

i) Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 83. artikuluaren bidez sortua.

j) Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren bidez sortua.

k) Berdintasunerako Batzorde Iraunkorra, Gobernu Kontseiluak 2016ko irailaren 6an egindako bilkuran onartutako eta Erakunde Harremanetarako sailburuordearen irailaren 6ko 13/2016 Ebazpenaren bitartez argitaratutako Administrazio Orokorreko eta haren Erakunde Autonomoetako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren bidez sortua.

l) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa atxikitzen zaio, Administrazioaren egitura hierarkikoan integratu gabe, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridiko nagusiak mendean dituen organoari, Euskal Autonomia Erkidegoko Aholku Batzorde Juridikoari buruzko azaroaren 24ko 9/2004 Legean xedatu bezala, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aholku Batzorde Juridikoaren antolaketa- eta funtzionamendu-araudia onartzeko irailaren 12ko 167/2006 Dekretuan xedatu bezala.

3.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari ondorengo administrazioko erakunde autonomoa eta sozietate publikoak daude atxikita:

a) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE/IVAP) administrazio-erakunde autonomoa, Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Lege-Jaurpideari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legean ezarritako moduan.

b) Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea / Sociedad Informática del Gobierno Vasco, S.A. (EJIE).

c) Itelazpi, S.A.

4.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua buru dela, Zuzendaritza Kontseilua ere egongo da, sailaren politika orokorra planifikatu eta koordinatzen laguntzeko. Kontseiluaren parte izango dira sailburuordeak, Zerbitzu zuzendaria, Kabineteko eta Komunikazioko zuzendaria eta, landu beharreko gaiaren arabera, bileran parte hartzeko sailburuak deitzen dituen saileko beste goi-kargudunak edo pertsonak.

II. KAPITULUA
SAILBURUA ETA SAILEKO GOI-KARGUAK

3. artikulua.– Sailburua.

1.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagozkion egitekoak dira Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan aipatzen diren eskumenak eta sailak bere gain hartzen dituen indarrean dauden xedapenek bere egiteko eta jardun-arloetan ematen dizkioten guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko den Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6. artikuluak xedatzen duenaren ondorioz.

2.– Honako hauek ere badagozkio Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari:

a) Sailaren organo eta jarduera guztiak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

b) Izendapen askeko lanpostuak betetzea –aurretik deialdi publikoa eginez–, eta behin-behineko langileak izendatzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan izendatutako diru-laguntzak ematea, sailaren jardun-arloan.

d) Saileko organoen arteko esleipen-gatazkak, eta beste sailekiko bere planteamendua ebaztea.

e) Ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak ebaztea.

f) Indarreko araudiak sailari esleitzen dizkion eskumenak betetzea honako arlo hauetan: funtzio publikoa, ondarea, ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketa, eta, oro har, dekretu honen 1. artikuluan aipatutako gaiekin lotutakoak, baldin eta dekretu horrek haren egitura organikoa osatzen duten beste organo batzuei egozten ez badizkie.

g) Saileko organoek ematen dituzten egintzak eta xedapenak ofizioz berrikusteko eta kaltegarri deklaratzeko prozedurak hasi eta ebaztea.

3.– Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen Estatutuak onartzeko den urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren eranskineko 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua izango da Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko lehendakaria.

4. artikulua.– Sailburuordeak.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko sailburuordeei, sailburuaren artezko eta hierarkiazko mendetasunez, honako egiteko hauek dagozkie, oro har:

a) Saila ordezkatzea, haren titularrak eskuordetuta.

b) Sailburuordetzako eta haren mende dauden zuzendaritzetako organo guztiak eta jarduera guztiak koordinatu, sustatu, programatu eta gainbegiratzea; halaber, mendeko zerbitzuen eta organoen antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko zirkularrak, jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea.

c) Jardun-politikak eta xedapen-proiektuak prestatzea eta sailburuari proposatzea; halaber, aginduta dauzkan egitekoen eremuan, hari laguntza ematea.

d) Sailburuordetzaren mende dauden zerbitzuetako proiektuak proposatzea, behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak definituz, aurrekontuen aurreproiektua prestatu ahal izateko.

e) Sailburuordetzari atxikita dauden zuzendaritza-zentroen eta erakundeen funtzionamendua ikuskatu eta kontrolatzea.

f) Sailburuordetzaren mendeko organoek emandako ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka jarritako errekurtsoak ebaztea.

g) Saileko hizkuntza normalizazioaren ardura bere gain hartzea eta beraren eskumeneko alorretan zerbitzu- eta lan-hizkuntzan euskararen erabilera sustatzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoari jarraikiz.

h) Zehapen-ahalmena erabiltzea bere eskumen-eremuan, eta, indarreko legediari jarraituz, oso larritzat jotzen diren faltei dagokienez, betiere beste organo bati espresuki esleitu ez bazaio egiteko hori.

i) Indarreko ordenamendu juridikoak espresuki esleitzen dizkien eskumen guztiak, eta, oro har, sailburuordeei izendatutakoak izateagatik guztientzat izan daitezkeenak.

5. artikulua.– Zuzendariak.

Zuzendariek dagokien sailburuordearen zuzeneko eta hierarkiazko mendetasuna izango dute, Zerbitzu zuzendaria zein Kabineteko eta Komunikazioko zuzendaria izan ezik, horiek sailburuaren mende baitaude, eta eskumen hauek izango dituzte, oro har:

a) Sailburuaren eta sailburuordeen erabakiak gauzatzea eta eskuordetzen zaizkien eskumenak betetzea.

b) Saila ordezkatzea, sailburuak eskuordetuta.

c) Zuzendaritzaren jardunak programatu, bultzatu, gidatu, koordinatu eta kontrolatzea.

d) Espedienteen erregistroak eta artxiboak eta dagokion zuzendaritzako barne-zerbitzuak eta lan-sistemak antolatzea, organo eskudunek ezarritako arauekin bat eginik, eta hargatik eragotzi gabe Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumen orokorrak.

e) Goi-organoei proposamenak egitea, beren eskumeneko gaietan.

f) Xedapen arauemaileen proiektuen, Gobernu Kontseiluaren erabaki-proposamenen edo sailaren ekimenez sinatzeko hitzarmenen azterketa egitea, eta, hala behar bada, txosten tekniko-juridikoa ere bai.

g) Errekurtsoak ebaztea, indarreko araudian agindutako kasuetan.

h) Zuzendaritza bakoitzaren arloetako estatistika-datuei buruz bidezkoa den informazioa helaraztea Zerbitzu Zuzendaritzari.

i) Bere zuzendaritzari esleitutako arloetan, Interneten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak izan beharreko presentzia-ereduari dagokionez, sailari esleitutako egitekoak.

j) Beren eskumenaren eremuan zehapen-ahalmena erabiltzea, indarreko legeriari jarraikiz, arintzat eta larritzat jotako faltei dagokienez.

k) Indarreko ordenamendu juridikoak espresuki ematen dizkien gainerako egitekoak, eta, oro har, Jaurlaritzako zuzendariei dagozkienak.

l) Zerbitzu Zuzendaritzaren gidaritzapean eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, indarrean dagoen Euskara Normalizatzeko Planeko helburuak definitu berari dagokion alorrean eta horiek lortzeko ekimenak garatu eta ebaluatu bere Zuzendaritzako arduradunekin batera euskararen kudeaketa integratua eginez.

m) Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak ezartzea eta horien jarraipena egitea Zuzendaritzako jardun-eremuetan, besteak beste: itzulpen-irizpideak, langileen etengabeko prestakuntza orokorra, izendapen ofizialak eta sailak antolatutako jendaurreko ekitaldiak. Halaber, hala dagokionean, diru-laguntza deialdietan hizkuntza irizpideak txertatzeko proposamenak egitea.

III. KAPITULUA
ZERBITZU ZUZENDARITZA ETA KABINETEKO ETA KOMUNIKAZIOKO ZUZENDARITZA

6. artikulua.– Zerbitzu Zuzendaritza.

1.– Zerbitzu Zuzendaritzari, dekretu honen 5. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Sailburuari sailaren estrategiei eta funtzionamenduari buruzko ikuspegi bateratua ematea, baliabideak esleitu eta programak ebaluatzeko garaian, perspektiba orokor batetik, erabakitzeko aukerak emanez.

b) Sailari atxikitako giza baliabideak kudeatzea, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak gai horri buruz esleitzen dizkion eskumenak baliatuz.

c) Langileen prestakuntza-planak eta -programak koordinatu eta kudeatzea.

d) Sailaren kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontukoa egitea, dagozkion informazio-sistemak, ebaluazio jarraituko sistemak eta jarraipen-sistemak ezarriz eta mantenduz.

e) Sailari dagozkion gaietan, aholkularitza juridikoaren eginkizunak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoaren arabera, saileko Aholkularitza Juridikoa Zuzendaritza honi atxikita baitago. Halaber, saileko Aholkularitza Juridikoak izapidetuko ditu sailburuak ebatzi beharreko saileko organoek ematen dituzten egintzak eta xedapenak ofizioz berrikusteko eta kaltegarri deklaratzeko prozedurak.

f) Sailari dagozkion gaietan, irizpen teknikoak prestatzea eta, oro har, laguntza juridikoa ematea, saileko organoek hala proposatzen dutenean, eta, halaber, eskatzen zaion laguntza ematea xedapen orokorrak prestatzeko eta administrazio-egintzak emateko prozeduretan.

g) Sailburuak ebatziko dituen ondare-erantzukizuneko espedienteak hasi eta izapidetzea.

h) Kontratuen arloko informazioa ematea, espedienteak izapidetzea eta errekurtso arruntak eta gorabeherak ebaztea.

i) Sailarenak diren eta Gobernu Kontseiluak eta Jaurlaritzako eskuordeko batzordeek landu beharreko gaiak bidaltzeko izapideak egitea.

j) Aldizkari ofizialetan argitaratu beharreko gaiak izapidetzea.

k) Sailari dagozkion informatika-zerbitzuen segimendua egitea eta, behar izanez gero, zerbitzuok kudeatzea; halaber, datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzen ari dela ziurtatzea.

l) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, gainerako zuzendaritzek hizkuntza-normalizazioan egiten duten lana koordinatzea eta dinamizatzea, hala nola euskararen sustapena ere egitea politika publikoetan eta sailak kudeatzen duen beste edozein arlotan.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuaren 10. artikuluan sailari argitalpenaren arloan esleitutako egitekoak betetzea.

n) Informazio- eta telekomunikazio-sistemen arloan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkion egitekoak, informazio eta telekomunikazio sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

o) Sailaren estatistika-lanak bultzatu, proposatu eta gauzatzea.

p) Herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko sailaren zerbitzuen funtzionamendu onena ziurtatzea (harrerako 2. eta 3. mailak), baita herritarrei harrera egiteko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuarekin harremanak behar bezala artikulatzea ere, bere eskumenen eremuko arloetan solaskide operatiboak badaudela ziurtatuz.

q) Zerbitzu zuzendariak ebatziko dituen sailak daukan informazio publikoa eskuratzeko eskaerei buruzko espedienteak hasi eta izapidetzea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legeak arautzen duenari jarraituz.

2.– Zerbitzu Zuzendaritzari atxikitzen zaio Saileko Estatistika Organo Espezifikoa, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortzeko eta haren antolaketa eta egitekoak ezartzeko otsailaren 16ko 50/2010 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

3.– Zerbitzu zuzendaria sailaren kontratazio-organoa da, dekretu honen 19.2 artikuluan aurreikusitako eremuen kontratazio publikoetan izan ezik.

4.– Era berean saileko gastuak baimentzea dagokio, dekretu honen 19.2 artikuluan aurreikusita dauden eremuetako kontratazio publikoei dagozkienak izan ezik, hargatik Gobernu Kontseiluaren eskumenak eragotzi gabe. Kreditu transferentzien izapidetzea ere bere eskumenekoa da.

5.– Zerbitzu zuzendariak izango du eskumena entitate bati prestazio jakin bat egitea eskatzeko egindako negozio juridikoak izenpetzeko, baldin eta, zerbitzu publikoko kontratazioa arautzeko araudian ezarritakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bitarteko propioaren eta zerbitzu teknikoaren izaera esleitua badu.

7. artikulua.– Kabineteko eta Komunikazioko Zuzendaritza.

1.– Sailburuak, bere egitekoak burutzeko, kabinete baten laguntza izango du, zuzendaritzaren maila organikokoa, eta hark, dekretu honen 5. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Sailari emandako eskumenak betetzeko beharrezko laguntza eta aholkularitza ematea sailburuari, eta, halaber, eskumen horiei buruzko jardun-irizpideak eta -planak ezartzeko beharrezko direnak.

b) Saileko sailburuordetzen arteko koordinazio egokia zaintzea, eta, halaber, eta sailak Eusko Legebiltzarrarekin eta Arartekoarekin dituen harremanak bideratzea, organo eskudunen bidez.

c) Sailaren programa eta jarduna gauzatzeko eta betetzeko arloek burutu beharreko jarduerak planifikatu, programatu eta ebaluatzeko teknikak eta metodoak proposatzea. Horretarako, sailburuari dagozkion jarraipen- eta koordinazio-egitekoak errazteko beharrezko laguntza eta agiriak eskatu ahal izango ditu arloka.

d) Sailaren plan estrategikoak eta plan horiei dagozkien jarraipen-txostenak prestatzen laguntzea, saileko sailburuordetzekin koordinatuta.

e) Sailaren egitekoetan eragina duten gaien inguruko informazio egokia bildu, aztertu eta aurkeztea. Horretarako gaiarekin zerikusia duten saileko beste organo eskudunekin batera lan egingo du.

f) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak gauzatzearren, saileko zuzendaritzen eta Administrazio Instituzionaleko erakundeen eta hari atxikitako organoen lana zaintzea.

g) Europar Batasunaren erakundeen inguruan sailari dagozkion jardueren jarraipena egitea.

2.– Komunikazioaren arloan, ondoren zerrendatzen diren eskumenak beteko ditu:

a) Sailburuaren ekitaldi publiko eta ofizialak baita haren bidaia instituzionalak ere antolatzea.

b) Sailburuaren agenda publikoa planifikatzea eta horren jarraipena egitea.

c) Komunikabideekiko informazio-, prentsa- eta publizitate-harremanak planifikatu, ezarri eta horietaz arduratzea.

d) Sailaren komunikazio-politika definitu, zuzendu eta koordinatzea, sailaren jarduerak, erabakiak eta politikak modu egokian zabaldu eta jendarteratu diren bermatzeko, bai informazio eta prentsa kanaletatik bai iragarki-kanaletatik ere.

e) Sailaren jarduera publikoen informazio- eta publizitate-estaldura egokia bermatzea.

IV. KAPITULUA
ERAKUNDE HARREMANETARAKO SAILBURUORDETZA

8. artikulua.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetza.

1.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari, dekretu honen 4. artikuluan oro har ematen zaizkion egitekoez gain, honako hauek ere badagozkio:

a) Gobernu Kontseiluaren lanak eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluaren babesean sortzen diren eskuordeko batzordeen lanak antolatzea.

b) Jaurlaritzak Legebiltzarrean hartutako konpromisoak zenbateraino betetzen diren zaintzea, sailekin lankidetzan.

c) Lehendakariari Legebiltzarrarekiko eta Arartekoarekiko harremanetan laguntzea, Jaurlaritza Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordearen aurrean ordezkatuz, hala dagokionean.

d) Araubide orokorreko elkarteen, fundazioen eta elkargo profesionalen arloan Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion araubide orokorrari, babesletzari eta erregistroari buruzko egitekoak betetzea.

e) Toki Administrazioaren arloko jardunak ikuskatu eta aztertzea.

f) Berrikuntza publikoari buruzko lanak sustatu, zuzendu eta garatzea.

g) Administrazioen arteko jarduna sustatzea Administrazioa modernizatzeko.

h) Euskal administrazio publikoen antolaketaren eta prozeduraren araubidea, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzarekin lankidetzan.

i) Herritarrei informazioa eman eta harrera egiteko mekanismo, tresna eta zerbitzu zentralizatua eta kanal anitzekoa bultzatu eta gauzatzea.

j) Jaurlaritzaren politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa diseinatu eta aplikatzea.

2.– Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzaren mendean honako zuzendaritza hauek egongo dira:

a) Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritza.

b) Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

c) Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

9. artikulua.– Jaurlaritzaren Idazkaritzarako eta Legebiltzarrarekiko Harremanenetarako Zuzendaritza.

1.– Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan zehaztutako egitekoez gain, Gobernu Kontseiluaren eta Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 22. artikuluaren babesean sortzen diren eskuordeko batzordeei dagokienez, beste hauek ere izango ditu:

a) Bileretako gai-zerrenda prestatu eta banatzea, eta erabakitzeko aztertu beharreko gaiak ezagutzeko behar diren agiriak, aurrekariak eta datuak.

b) Akordioak izapidetzeko eta, hala behar bada, balioztatzeko beharrezko eskakizun juridikoak, finantzarioak eta formalak betetzen direla zaintzea, hala behar denean, nahitaezko txostenak eskuratuz.

c) Jaurlaritzak gaiak izapidetzeko onartutako arauak eta jarraibideak eta legegintza-teknikarako onartutako gidalerroak betetzen direla zaintzea.

d) Hartutako erabakien aktak prestatu eta zaintzea, eta erabakiok betetzen direla zaintzea.

e) Hartutako erabakiak egiaztatzea, eta ezagutzeko, deliberatzeko eta onartzeko aipatutako organoei aurkezten zaizkien gaiei buruzko testuen kopia autentifikatuak egitea.

f) Bileretan aurkeztu behar diren agiriak normalizatzeko jarraibideak proposatzea.

2.– Eusko Legebiltzarrarekiko harremanetarako arloan, jarraian zehazten diren egitekoak beteko ditu:

a) Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko harreman- eta komunikazio-organo gisa jardutea.

b) Legebiltzarreko fasean legegintza-programa nola betetzen den aztertzea, horren jarraipena egin eta koordinatzea.

c) Eusko Legebiltzarrean aurkezten diren lege-proposamenak, legez besteko proposamenak eta mozioak aintzat hartu edo ez erabaki behar duenerako, Eusko Jaurlaritzaren irizpideak lantzeko azterlanak, dokumentazio-lanak eta prestaketa-lanak egitea.

d) Administrazioan eskumena duten organoei, Eusko Legebiltzarrari aurkezten zaizkion ekimenekin eta galdera eta interpelazioekin zerikusia duen informazioa eskatzea, eta informazio hori aztertzea, sailentzako txostenak egiteko eta haiei laguntza emateko.

e) Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari ezartzen dizkion konpromisoen jarraipena egitea.

f) Eusko Legebiltzarraren jardueraren berri ematea, oro har, Eusko Jaurlaritzari.

3.– Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzaren eta Arartekoaren arteko harreman- eta komunikazio-organo gisa jarduten du.

4.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari dagokionez, haren araudiak ezartzen dizkion egitekoak betetzen ditu.

5.– Zuzendaritza honen eskumena da euskal administrazio publikoen agintariek atzerrian eragina izan behar duten agirietan ezarri beharreko sinadura zinezkotzea, zinezkotze bakarrari edo bukaerako oharrari buruzko Hagako araudi aplikagarriarekin bat etorriz, betiere eginkizun hori ez bazaie beste organo batzuei esleitu.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten erakundeek euren artean edo beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatuen artean egiten dituzten edozein eratako hitzarmenen eta akordioen erregistroa ere badagokio.

7.– Zuzendaritza honi atxikitzen zaio diru berezietarako diren kredituetako funtsak erabiltzeko aukera duten agintarien ondare-ondasunen eta -eskubideen Erregistroa.

10. artikulua.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritza.

1.– Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan zehaztutako egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Toki-araubideko arauak koordinatu eta prestatzea.

b) Toki-eginkizunen eta -zerbitzuen inguruko informazioa, azterketa eta aholkularitza ematea.

c) Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen diren toki-araubideko gaiak aztertzea, horiei buruzko aholkuak eta irizpena eman eta ebaztea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen eta erakunde autonomoen eta foru- eta toki-administrazioaren arteko lankidetza- eta harreman-politika sustatu eta zaintzea.

e) Toki-erakundeak elkartu eta garatzeko formula organiko eta funtzionalak sustatzea.

f) Euskadiko Udal Kontseiluko idazkaria izatea, Euskadiko Udal Kontseilua sortzeko uztailaren 28ko 326/1994 Dekretuaren bidez sortua.

g) Toki-administrazioari buruzko erregistro-tresnak kudeatzea.

h) Autonomia Erkidego honen eskumeneko elkarteen araubide orokorra, horretarako sortutako Erregistroa eta Onura Publikoko Elkarteen Babeslaritza eramatea.

i) Elkarteen lurralde bulegoak koordinatu, zuzendu eta gainbegiratzea.

j) Autonomia Erkidegoaren eskumeneko fundazioen araubide orokorra, eta horretarako sortutako Erregistroa eta Fundazioen Babeslaritza eramatea.

k) Elkargo profesionalekin lotutako egiteko instituzional, orokor eta korporatiboak, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean xedatutakoaren arabera, hargatik eragotzi gabe elkargo horiek beren sektore-eremuan sailekin izan ditzaketen harremanak.

2.– Elkarteen Erregistroaren lurralde bulegoak lurralde historiko bakoitzeko hiriburuetan daude, eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren lurralde-zerbitzu deszentralizatuak dira.

11. artikulua.– Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza.

1.– Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Zerbitzu publikoak berritzeko eta horien kalitatea hobetzeko, sailen arteko planak prestatu, koordinatu eta bultzatzea, eta administrazio publikoetan administrazio elektronikoa ezartzea, dela administrazio-prozeduretan, dela gai publikoen kudeaketan.

b) Antolaketaren eta prozeduraren arloko xedapen orokorren proiektuak, ekimenak eta arau-gidalerroak prestatu eta proposatzea, horiek sinplifikatzea eta horien kalitatea eta gizarterako eraginkortasuna hobetzea bilatuz.

c) Erakunde instituzionalen barne-egituraketaren, antolaketaren eta sorreraren arloko sailaren jarduerak, eta erakunde horiek ezartzen dituzten xedapen orokorrak aztertu eta ebaluatzea; eta, halaber, administrazioko sail eta erakundeei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea antolaketaren eta prozeduren arloan.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren Herri Administrazio osorako diren telematika-izapideetarako zerbitzuak aitortu eta kudeatzea, besteak beste, agiri-erregistroa, telematika-jakinarazpena edo paper-egiaztagiriak baztertzea xede duten datuen truke automatikorako baimenak.

e) Zerbitzuen berrikuntzako eta kalitatearen hobekuntzako ereduak eta lantresnak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea, eta gobernantza-sistemak ezartzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernantza Publikoa ezartzea politika publikoak definitu, koordinatu eta gauzatzean, eta, horretarako, zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko eta berritzeko tresnak eta ereduak diseinatu eta garatzea, politika publikoak ebaluatzea eta gobernamendu onerako sistemak sartzea.

g) Herritarren zerbitzu publikoetarako eta informaziorako sarbidea erraztuko duten prozesuak ezarri eta kudeatzea, bai eta herritarren parte-hartzea erraztea ere.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak Interneten duen presentzia-eredua zuzendu, antolatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

i) Administrazioek eta sektore publikoko organismoek landutako eta zaindutako informazioa jendearen eskueran jartzea, informazioa berrerabiltzeko, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea aplikatuta.

j) Intraneta diseinatu, garatu eta kudeatzea, talde-lana, ezagutza partekatua eta antolamendu-ikaskuntzarako tresna izan dadin.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren dokumentu elektronikoen kudeaketa-politika definitu eta eguneratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan ezarritako Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusiaren eginkizunen kalterik gabe.

2.– Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari buruzko irailaren 13ko 128/2016 Dekretuaren 2.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria izango da organo horren batzordeburua.

V. KAPITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOAREN SAILBURUORDETZA

12. artikulua.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetza.

1.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetzak, dekretu honen 4. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eta Instituzionalari laguntza juridikoa ematea, eta epaiketetan ordezkatu eta defendatzea, bai eta sortze-legean hala jasoa duten erakunde publikoei, Euskal Autonomia Erkidegoaren herri administrazio, merkataritza-sozietate, fundazio publiko, partzuergo eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten gainerako erakundeei ere, baldin eta horretarako hitzarmena sinatzen badute.

Laguntza juridikoa emateko eginkizunak beteko ditu, betiere kalterik egin gabe Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioetako kide anitzeko kontsulta-organo gorena izanik, bere jardun-eremuan esleituta dauzkan eginkizun bereziei.

Aurrekoa guztia, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia sailburuordetza honi atxikita dagoela kontuan hartuta.

b) Euskal administrazio publikoen antolaketa eta prozeduraren araubide juridikoaren arloko egitekoak prestatu eta garatzea, eta, azken kasu horretan, Administrazioa arrazionalizatzeko, hobetzeko eta eguneratzeko emandako gidalerroetara egokitzeari uko egin gabe.

c) Estatuarekin eta beste lurralde-erakunde batzuekin autogobernuaren eta garapen autonomikoaren arloan izan beharreko harremanen politika zuzendu, koordinatu eta betetzea, horretarako dauden bitariko organoetan parte hartuz.

d) Autonomia Erkidegoaren eskumenei dagozkien zerbitzuen eskualdatzeak artikulatzeko politika zuzendu, koordinatu eta gauzatzea, bai Estatuarekiko eskualdatzeei dagokienean, bai lurralde historikoekiko eskualdatzeei dagokienean.

e) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-esparrua erabat betetzeko eta autogobernuan sakontzeko ahalbidetzen duten mekanismoak, ereduak eta tresnak analizatu eta aztertzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen antolaketa errazteko eta hobetzeko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

2.– Eskualdaketen balioespen ekonomikoari dagokionez, Araubide Juridikoaren Sailburuordetza Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunekin arituko da elkarlanean.

3.– Azaroaren 24ko 9/2004 Legean eta haren antolakuntza- eta jarduera-araudian ezarritako moduan, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitzen zaio, baina haren egitura organikoan sartu gabe, beraren aholkulari-lana autonomia hierarkiko eta funtzional osoarekin burutuko baitu.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzako titularrak edukiko du aholkularitza-organo goren horren lehendakaritza.

4.– Ordezkaritzako, defentsarako eta jakinarazpenetarako lurralde bulegoak Araubide Juridikoaren Sailburuordetzatik deszentralizatutako lurralde zerbitzu gisa eratuko dira.

5.– Sailburuordetza honi Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea atxikitzen zaio, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen bidez sortua eta urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez Estatutuak onartuta dituena.

6.– Honako zuzendaritza hauek Araubide Juridikoko Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza.

b) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

c) Auzibide Zuzendaritza.

13. artikulua.– Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritza.

Estatutuaren Garapenerako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Autonomiaren garapena sustatu eta analizatzea, ordenamenduko eskumenen azterketa juridikoa eginez.

b) Txostenak, ekimenak, eskakizunak eta judizio aurreko beharrezko jarduketak egitea, baita Jaurlaritzaren interesak ordezkatu eta defendatzea ere konstituzio-jurisdikzioaren eta Arbitraje Batzordearen aurrean, betiere Auzibide Zuzendaritzarekin elkarlanean, dekretu honen 14. artikuluarekin bat etorriz.

c) Estatuarekiko eta beste lurralde-erakunde batzuekiko eskumen-eskualdaketen politikari buruz aholku ematea eta politika hori gauzatzea.

d) Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean eta Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanetarako Legearen lehenengo xedapen iragankorrean eskumenen eskualdaketetarako aurreikusitako bitariko batzordeetan idazkaritza-lanak egitea.

e) Jaurlaritzaren eta Estatuko Administrazioaren artean eskumenen inguruko gatazkak saihesteko beharrezkoak diren informazio-trukeak eta lankidetza-jarduerak egitea.

f) Estatuko Administrazioarekin, foru administrazioekin edo toki-administrazioekin sor litezkeen gatazkak aztertzea eta Jaurlaritzari aholku ematea.

14. artikulua.– Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

1.– Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Sailek eta erakunde autonomoek hala eskatzen dutenean, haien eskumenekoak diren arazoei buruzko irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

b) Beste erakunde instituzional batzuek hala eskatzen dutenean, haien intereserako gaietan irizpenak edo txosten juridikoak lantzea.

c) Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari ez dagozkion lege-aurreproiektuen eta eduki arauemailea duten erregelamendu-xedapeneko proiektuen legezkotasunaren barne-kontrola, eta Gobernu Kontseiluak agintzen dizkion beste gai batzuk.

d) Defentsa jurisdikzionala egiteko ardura duten organoentzako txostenak lantzea eta aholku juridikoak ematea, zuzendaritza horrek landutako xedapenak aurkaratuz gero.

e) Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearen eremuan beharrezko den arau oro prestatu eta garatzea, bai eta euskal administrazio publikoen egiturapen eta sailkapen instituzionalerako lanabesak eta ereduak prestatu eta proposatzea ere, Administrazioaren berrikuntzaren eta kalitate-hobekuntzaren eremuan emandako artezpideetara egokitzeko; hori guztia funtzio publikoaren, Administrazioaren berrikuntza eta hobekuntzaren arloko organo eskudunekin lankidetzan.

f) Euskal Zuzenbide Zibila zaindu, aldatu eta garatzera bideratutako jarduerak landu eta prestatzea.

2.– Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendaria izango da aholkularitza-organo goren horren lehendakariordea.

3.– Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen Estatutuak onartzeko den urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren eranskineko 11.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako zuzendaria izango da Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen idazkari nagusia.

15. artikulua.– Auzibide Zuzendaritza.

Auzibide Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkaritzako eta defentsako beharrezko aurre-ekintzak egitea, eta ekintza horiek gidatu eta koordinatzea.

b) Judizio-ekintzak hasarazteari buruz aholkuak ematea, txostenak lantzea eta jardunak koordinatzea.

c) Administrazioaren jarduna zuzentzeko neurriak proposatzea, ahalik eta errekurtso edo erreklamazio gutxien jar daitezen.

d) Epaiak betearazteak, prozesuen gastuetarako dirua biltzeak edo kostuak ordaintzeak sor ditzaketen administrazio-ekintzak koordinatzea.

e) Epaiek antolamendu juridikoaren eta, oro har, judizio-prozeduren ondorioen gain izan dezaketen eragina aztertzea.

f) Oro har, judizioan defentsa eta ordezkapenaren arloan dagozkion gainerako berariazko jarduketak, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko den ekainaren 2ko 7/2016 Legearekin eta hura garatzeko araudiarekin bat etorriz.

VI. KAPITULUA
FUNTZIO PUBLIKOKO SAILBURUORDETZA

16. artikulua.– Funtzio Publikoko Sailburuordetza.

1.– Funtzio Publikoko Sailburuordetzari, dekretu honen 4. artikuluan oro har esleitzen zaizkion egitekoez gain, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari funtzio publikoaren, langileen araubide juridikoaren nahiz ordainsarien araubidearen eta negoziazio kolektiboaren arloan.

2.– Sailburuordeak eskumen hauek izango ditu:

a) Giza baliabideekin lotutako politikaren planifikazioa eta betearazpena zuzendu eta koordinatzea, baliabide horiek gizartearen premiei eta eskaerei egokitzeko egin beharreko jarduerak proposatuz, eta bai Administrazioa egituratzen duten unitateak arrazionalizatu eta ordenatzea ere.

b) Ogasunaren arloan eskumena duen sailarekin batera, aurrekontu-plantilletako aurreproiektua lantzea.

c) Efektiboak arrazionalizatzeko eta berresleitzeko planak prestatu eta proposatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatu eta proposatzea, bai eta solaskidetza-, koordinazio-, eta, beharrezkoa bada, erabaki-egitekoak bermatzeko irizpideak zehaztea eta lanabesak diseinatzea ere.

e) Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatzea funtzionarioen eta lan-kontratuko langileen ordezkariekin burutu behar duen negoziazioan eta beste administrazio batzuetako funtzio publikoan agintea duten beste organo batzuen aurrean.

f) Langileen ohiko kudeaketan sailetarako eta erakunde autonomoetarako aplikazio-irizpide komunak ezartzea, Eusko Jaurlaritzak arlo honetarako onartzen duen politika orokorra betez.

g) Laneko osasun- eta segurtasun-arloetan Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen aplikazio komuneko prebentzio-politikako irizpideak ezartzea sail eta erakunde autonomoetarako.

h) Ikuskaritza orokorra, zerbitzuei eta langileei dagokienez, Funtzio Publikoaren arrazionaltasuna eta eraginkortasuna bermatu ahal izateko.

i) Bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren bai horren sektore publikoaren langileen ordainsari-sistema kudeatzeko irizpide orokorrak ezartzea, baita dagozkien gizarte aurreikuspeneko sistemenak ere.

3.– Honako zuzendaritza hauek Funtzio Publikoko Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

b) Lan Harremanen Zuzendaritza.

17. artikulua.– Funtzio Publikoko Zuzendaritza.

Funtzio Publikoko Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gidalerroen arabera, giza baliabideen politika garatu, kontrolatu eta gauzatuko du, eta dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 6. artikuluan aipatutako egitekoak betetzea, dekretu honetan beste organo batzuei berariaz esleitutakoak salbu.

b) Giza baliabideen kudeaketa-politika planifikatzea, eta hautaketa, prestakuntza, ebaluazioa eta karrerako lanabesak diseinatzea, lanpostuen analisiaren bitartez eta lan-tresnon eraginkortasuna eta efikazia begiztatzeko beharrezko azterketak eginda.

c) Saileko eta sailen arteko jarduna eta proiektuak landu, koordinatu eta ebaluatzea barne-egituraketaren eta langileen antolaketaren arloan, bat datozen lanpostuen zerrenden bidez. Ondoriozko lanpostuak baloratzea, Eusko Jaurlaritzak ezarritako giza baliabideen politikako jarraibideekin bat etorriz.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomoak lanpostuez modu egokian hornitzeko behar diren lanabesak kudeatzea.

e) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, Ertzaintzan, unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetan eta Segurtasun Administrazioko laguntza-zerbitzuetan sartzeko hautaproben deialdietako oinarri-arauei buruzko informazioa ematea, aginduz. Horrelakoetan, espresuki eman beharko da informazioa hautaprobako alderdi teknikoei eta metodologikoei buruz; eta, horretarako, deialdia egiten duenak, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen laguntza eska dezake.

f) Funtzio publikoaren arloko irizpenak lantzea, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta haren erakunde autonomoek hala eskatutakoan.

g) Langileen prestakuntza-politika diseinatu eta gauzatzea.

h) Pertsonalaren Erregistroko Zerbitzuaren bitartez, Kargu publikoen katalogoa eta horien bateraezintasun araubidea kudeatzea baita Jardueren eta Ondare Ondasunen eta Eskubideen Erregistroa eramateko ardura hartzea ere, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritakoari jarraituz

i) Langileei eragiten dieten administrazio- eta lan-arloko gorabeherak izapidetzeko eta ebazteko jarraibideak ematea, bai eta gorabehera horiek ebaztea ere, baldin eta Administrazio Orokorreko sailei edo haien erakunde autonomoei espresuki egotzita ez badaude.

j) Biziarteko pentsioa aitortzeko espedienteak izapidetu eta ebaztea, kargu publikodunen betebeharrei eta eskubideei buruzko azaroaren 15eko 156/2016 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

k) Funtzio Publikoaren gaiari buruzkoak diren Gobernu Kontseiluaren akordioen txosten tekniko eta/edo juridikoak prestatzea.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileen ordainsari-sistema kudeatzea baita dagozkien gizarte aurreikuspeneko sistemenak ere.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Langileen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea.

18. artikulua.– Lan Harremanen Zuzendaritza.

Lan Harremanen Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Funtzio Publikoko Sailburuordetzari laguntzea Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren eremuko negoziazio kolektiboaren edukiak eta mugak prestatu eta proposatzen.

b) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren ordezkari izatea sindikatuekin eta langileen beste ordezkapen-organo batzuekin egiten diren elkarrizketetan eta negoziazioetan.

c) Langileen ordezkariekin lortutako edo izenpetutako akordio edo hitzarmenen ondorioz sortutako organo edo lantaldeetan sailaren ordezkari izatea, baldin eta akordioan espresuki beste organo bati egotzi ez bazaio egiteko hori.

d) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko langileen ordezkariekin lortu edo izenpetu beharreko akordio edo hitzarmenen berri ematea, izenpetu baino lehen eta derrigorrean.

e) Sailei, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei eta elkarte publikoei laguntza ematea, eta parte hartu, hala badagokio, langileen ordezkariekin egin beharreko negoziazioetan.

f) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen ordezkariekin izenpetutako akordio eta hitzarmenen indarraldiari eta aplikazioari buruz sortzen diren administrazio- eta lan-arloko gorabeheren berri ematea eta horiek ebaztea, eta aplikazio komuneko jarraibideak ezartzea.

g) Langileen asistentzia kontrolatzeko aplikazio-irizpide komunak ezartzea, eta aplikazio informatikoa administratzea.

h) Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Instituzionalak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde edo sistemetan duen parte-hartzea kudeatu eta koordinatzea, bazkide edo ekarpen-egile gisa esku hartzen badu.

i) Langileei gizarte-laguntzak ematea eta laguntzok kudeatzea, eta izapidetu eta ebatzi behar duten sailek eta erakunde autonomoek jarraitu beharreko gidalerroak ezartzea, indarreko legeen arabera.

j) Lan-harremanekin, lan-baldintzekin eta giza baliabideak antolatzearekin eta zerbitzu publikoen kalitate handiko eredu batera egokitzearekin zerikusia duen guztiaren segimendua eta ebaluazioa egitea.

k) Funtzio Publikoko Sailburuordetzak Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen eremuan hartutako laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko aplikazio-irizpide komunak betearaztea.

l) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko kultura egokia sustatzea, bai eta prebentzio- eta zuzenketa-neurriak diseinatzea ere, eta organo eskudunek betearaz ditzatela bultzatzea, koordinazio-irizpideak ezarrita, beharrezkoa balitz.

m) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen Prebentzio Zerbitzua kudeatzea.

n) Eskubide Pasiboen Batzordearen euskarri administratiboa izatea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan bere zerbitzuak egin zituen langileriaren lanbide eta gozamen-eskubideei buruzko Eraberritutako Idazkera onartzezko den maiatzaren 13ko 1/1986 Legegintzako Dekretuan aurreikusitako prestazio ekonomikoak emateko espedienteen eta proposamenaren izapidetze kudeatzea.

VII. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZU OROKORRETAKO SAILBURUORDETZA

19. artikulua.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza.

1.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzak beteko ditu arlo hauetan Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkion eskumenak: sailen arteko zerbitzuak; artxiboak eta argitaratze-jarduna; eta informazio- eta telekomunikazio-sistema korporatiboak; dekretu honen 4. artikuluan zehaztutako egitekoak ere badagozkio sailburuordeari.

2.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeak kontratazioko organoari dagozkion ahalmenak beteko ditu, baita gastuak baimendu ere, ondorengo arloetan sustatzen diren kontratazio publikoetan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren Kontratazioaren araubidea ezartzeko den uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren I. tituluko III. kapituluko 1. atalean araututako higiezinen kudeaketa bateratua.

b) Informazio eta telekomunikazio sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren 6. artikuluan jasotako egitekoak.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak, apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuak arautzen duena, hain zuzen.

d) Administrazioko Parke Higikorraren kudeaketa, uztailaren 27ko 300/1999 Dekretuari jarraituz, honen 2. eta 3. artikuluek zehazten duten eremuan.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sistema, uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuak ezartzen dituen antolamenduari eta funtzionamenduari jarraituz.

3.– Honako zuzendaritza hauek Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzaren mende egongo dira:

a) Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritza.

b) Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

20. artikulua.– Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritza.

Informatika eta Telekomunikazioetako Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan adierazitakoez gain, egiteko hauek izango ditu:

a) Informazio eta telekomunikazio sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan beren beregi Ogasun eta Herri Administrazio Sailari izendatutakoak, horren 7. artikuluan aurreikusitakoa salbu.

b) Irratia eta telebista hedatzeko zerbitzu eroaleen kudeaketari dagozkionak, bai eta haren euskarri diren azpiegiturak administratzeari eta ustiatzeari dagozkien ahalmenak ere.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak Interneten duen presentziaren ereduari buruzko ekainaren 8ko 108/2004 Dekretuaren 32. artikuluan berariaz esleitutakoak.

d) Informazioaren Gizartea sustatzea Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen eta herritarren artean, beren beregi telekomunikazioetako azpiegiturekin lotutakoa, bai eta Jaurlaritzak onartzen dituen kasuan kasuko planetan ezartzen direnak ere.

e) Irrati-maiztasunen espektroarekin eta haren gainean euskarria duten zerbitzuekin lotutakoak.

f) Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren zerbitzuen informatizazioko eta digitalizazioko interes estrategikoko proiektu komunak gauzatzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek egin dezaten Interneteko domeinu-izenen erreserbaren kudeaketa, Ondare eta Kontratazioko Zuzendaritzari dagozkion eskumenei uko egin gabe.

21. artikulua.– Baliabide Orokorren Zuzendaritza.

Baliabide Orokorren Zuzendaritzak, dekretu honen 5. artikuluan aipatzen diren egitekoez gain, honako hauek ere izango ditu:

a) Hornikuntzen, lanen eta zerbitzuen normalizazioa eta/edo homologazioa proposatzea, baita hornikuntzen, lanen eta zerbitzuen kontratazioaren zentralizazioa ala deszentralizazioa ere.

b) Kudeaketa bateratutako higiezinetan egin beharreko lanei dagokienez:

1) Obren planek eta haien garapen-programek bete beharreko arauak finkatzea kudeaketa bateratutako higiezinetan, diseinuari eta kalitateari dagokionez, bai eta higiezinon erabilera-estandarrak, azalerak eta erosotasun-baldintzak ezartzea ere.

2) Dagozkion proiektuak idaztea, kontratuak prestatzeko administrazio-jarduerak gauzatzea, lanen burutzapena zuzentzea eta beharrezko jarduerak egitea ziurtagiriak ordaintzeko eta lanak ordaintzeko eta eskuratu eta kitatzeko.

3) Kontratazio-organoak behar dituen laguntza teknikoko eta materialeko egiteko guztiak betetzea.

4) Zerbitzu espezifiko gisa jardutea proiektuen ikuskapena, ikuskapen teknikoa eta kalitate-kontrola eta ziurtagirien jarraipena egiteko, kontratazio-arloko indarreko araudian xedatutakoaren arabera.

c) Kudeaketa bateratutako higiezinak eta bertako instalazioak mantentzea; energiaren eta eraikin horien komunikazio-sistemak kudeatzea; halaber, oinarri-arau teknikoak eta eskaintzei buruzko ikerketak lantzea, mantentze horiek kontratatu behar badira, baita horiek gauzatu, ordaindu, eskuratu eta likidatzeari dagozkienak ere.

d) Ondasunak eta zerbitzuak erostea eta eskuratzea, kudeaketa bateratutako higiezinetarako badira.

e) Kudeaketa bateratutako higiezinetan oinplano-espazioen banaketa, eta areto komunen eta antzeko beste instalazio batzuen erabilera antolatzea eta kudeatzea, bai eta instalazioen segurtasunari buruzko alderdiak kudeatzea ere.

f) Biltegi zentralizatuak kudeatzea.

g) Kudeaketa bateratutako higiezinetan sortutako hondakinen bilketa eta tratamendua planifikatzea eta kudeatzea.

h) Argitalpen Zerbitzu Nagusia zuzentzea eta argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko 67/1998 Dekretuan sailari argitalpen arloan esleitutako egitekoak betetzea, horren 10. artikuluan aipatutakoak izan ezik.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Artxibo Sistemaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko uztailaren 22ko 174/2003 Dekretuan esleitutako artxibo-sistemaren gaineko egitekoak betetzea, bai eta dokumentazio orokorreko zerbitzua eskaintzea ere.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren liburutegi-sistema planifikatu, zuzendu eta gainbegiratzea, eta liburutegien kudeaketarako informatika-programa ezartzea, bai eta Liburutegi Nagusiaren zerbitzuak ematea ere.

k) Honako zerbitzu hauek era zentralizatuan kudeatzea: posta, mezularitza, eskutitzen frankeoa, egunkariak erostea, erreprografia, inprenta eta antzeko zerbitzuak.

l) Administrazioko Ibilgailuen Ataleko zerbitzuak eta ibilgailuak antolatzea, kudeatzea eta administratzea.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ordezkapenen erregimena.

Bete gabe, absentzia edo gaixotasuna dela kausa, saileko sailburuordetzetako edo zuzendaritzetako titularraren bat, horiei esleitutako eskumenak, betiere egoera hori gertatu aurretik ardurok esleitu ez badira, honela beteko dira:

a) Sailburuordetzei esleitutako eskumenak sailburuordetza horietako zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera.

b) Zuzendaritzei esleitutako eskumenak sailburuordetza bereko zuzendariek beteko dituzte, egiturako hurrenkeraren arabera, hau da, zuzendariaren gain-gainean dagoenak ordezkatuko du zuzendaria, eta lehenengoarena sailburuordetzako pertsona titularrak beteko du; eta, halakorik ezin bada, hierarkikoki zuzenean gain-gainean dagoenak, hurrengo atalean adierazitakoa izan ezik.

c) Zerbitzu Zuzendaritzari esleitutako eskumenak Kabineteko eta Komunikazioko zuzendariak beteko ditu, eta alderantziz.

d) Aurreko arauak nahikoa ez diren kasuetan, administrazio-organoaren eskumenak gain-gainetik dagoen administrazio-organoak erabakitzen duenak beteko ditu.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa.

Zerbitzu Zuzendaritzak administrazio-laguntza eta -babesa emango dizkio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari, honek hala eskatuz gero, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 14. artikuluak hainbat arlotan (langileak, kontratazioa, bitarteko material eta informatikoak eskuratzea eta kudeaketa ekonomiko eta aurrekontukoa) esleitzen dizkion eskumenez baliatzeko, betiere, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 13.2 artikuluan xedatutako bermea betetzeko, eta batzorde horren antolamenduaren eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duen irailaren 12ko 167/2006 Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat etorriz.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Herri Administrazio eta Justizia Sailari egindako arau-aipamenak.

Justiziaren eta herri administrazioaren arloan indarrean dagoen araudiak lehengo Herri Administrazio eta Justizia Sailari egiten dizkion aipamenak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari egiten zaizkiola ulertuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko den Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak sail horri esleitutako egitekoak eta jardun-eremuei dagokienez, eta dekretu honetan sailari esleitzen zaizkion eskumenei dagokienez.

Bereziki, eta lehen esandako dekretu horren 6.1.m) artikuluak eta lehenengo xedapen gehigarriak egiten dioten elkarteen araubide orokorraren esleipenarekin bat etorriz, Elkarteen Errolda Nagusiaren adskripzioari, onura publikoko aitorpenaren proposamenari edo horren babeslaritzaren egitekoei buruz indarrean dagoen araudiak lehengo Herri Administrazio eta Justizia Sailari egiten dizkion igorpenak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari egiten zaizkiola ulertuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Aribidean dauden espedienteak izapidetzea.

Izapidetzen ari diren espedienteak, dekretu honetan ezarri diren organoek izapidetuko eta ebatziko dituzte, kasuan kasuko gaiaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen da dekretu honetan adierazitakoaren aurka doan beste edozein xedapen ere, maila berekoa zein baxuagokoa izan, eta bereziki ondorengo hauek:

a) Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, horren VII. kapitulua, «Justizia Sailburuordetza», izan ezik.

b) Ogasun eta Finantza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 192/2013 Dekretuaren IV. kapituluko, «Sailburuordetzak», 1. ataleko, «Administrazio eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetza», 9., 10. eta 12. artikuluak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Dekretua garatzeko eta betearazteko baimena.

Baimena ematen zaio Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko eta zuzendaritzaren mailara heltzen ez diren unitate organikoak bateratu, sortu edo desagerrarazteko, baldin eta horrek gastuak areagotzen ez baditu.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala