Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

63. zk., 2017ko martxoaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1658

AGINDUA, 2017ko martxoaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, 2017-2018 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko eskabideak aurkezteko egutegi komuna ezartzen da; era berean, jarraibideak onartzen dira ikasleok onartzeko eta hezkuntza-maila horretan irakaskuntza ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publiko eta itunduetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 9. artikuluak xedatzen du hezkuntza-etapa bakoitzeko ikastetxe guztietan prozedura bera erabiliko dela ikasleak onartzeko, eta prozedura hori urtero arautuko dela hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailburuak emandako aginduen bitartez.

Agindu horietan ezarriko dira eskabideak aurkezteko epeak eta, halaber, eskabide horiei buruzko erabakiak hartzeko epeak. Dekretuak ezarritakoari jarraituz, agindu horietan xedatuko da interesdunek, hala behar izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazioa, onartze-prozeduran kontuan hartzekoak egiaztatu ahal izateko.

Hori dela eta, egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira jakiteko 2017-2018 ikasturtean nola jokatu Batxilergoko ikasleak onartzeko orduan Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoez eusten diren ikastetxeetan. Era berean, eta horren ondorioz, prozedura bat ezarri beharko da ikasleak hezkuntza-maila horretan irakaskuntza ofizialak ematen dituzten ikastetxe guztietan matrikulatzeko. Hori guztia dela-eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau 2017-2018 ikasturtean aplikatu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan Batxilergoko ikasleak onartzeko prozesuan. Era berean, hezkuntza-maila horretako ikasleak matrikulatzeko prozesuan ere aplikatuko da.

2. artikulua.– Onartzeko eta matrikulatzeko egutegia.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan eta itunpeko pribatuetan, honako hau da Batxilergoa egiteko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko egutegia:

a) Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko: maiatzaren 2tik 12ra, biak barne.

b) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 1a.

c) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: ekainaren 6a arte, egun hori barne.

d) Eskabideari uko egiteko: ekainaren 6a arte, egun hori barne.

e) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: ekainaren 9a.

f) Lehenengo aukeran eskatutako ikastetxean onartu gabe gelditu diren ikasleei beste ikastetxe batean plaza bat esleitzeko: ekainaren 16a.

g) Matrikula egiteko aldi arrunta: ekainaren 20tik uztailaren 6ra, biak barne.

h) Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzeko epea: uztailaren 10a arte, egun hori barne.

Prozesuan onartutako ikasleek eta prozesu horretan parte hartu behar ez dutenek (maila errepikatzen dutenek edota 1. mailatik 2. mailara pasatzen diren ikasleek) egutegian zehaztutako egunetan egin beharko dute matrikula. Bestela, esleitutako plazari uko egin diotela ulertuko da.

3. artikulua.– Estatistika-datuen balioztatzea.

Ikastetxe guztiek, uztailaren 7tik 12ra, biak barne, Batxilergoko matrikulako aldi arrunteko estatistika-datuak balioztatu beharko dituzte, Hezkuntza Sailak horretarako diseinatu duen informatika-aplikazioan.

Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko Estatistika Unitateek adierazi epean, matrikulazioari buruzko behin betiko estatistika-datuak balioztatu beharko dituzte aipatutako aplikazio informatikoan.

4. artikulua.– Ikasleen datuen gordetzea.

Halaber, Batxilergoa ematen duten ikastetxe guztiek ikasleen eskabide- eta matrikulazio-datuak gorde beharko dituzte, Hezkuntza Sailak diseinatu duen dagokion aplikazio informatikoan. Hona horretarako egutegia:

a) Aurkeztutako eskaera guztietako datuak gordetzeko: 2017ko maiatzaren 19a arte, egun hori barne.

b) Baremazioa egitea beharrezkoa den ikastetxe eta kurtsoetan aurkeztutako eskaera guztietako baremazio-datuak gordetzeko: 2017ko maiatzaren 26a arte, egun hori barne.

c) Aldi arruntean matrikulatu diren ikasle guztien (ikasle berrien, maila errepikatzen dutenen eta maila batetik bestera pasatzen diren ikasleen) matrikula-datuak gordetzeko: 2017ko uztailaren 7a arte, egun hori barne.

5. artikulua.– Epez kanpoko matrikulazioa.

Matrikula egiteko aldi arrunta bukatu eta gero leku librerik balego, 2017ko irailaren 30eko 24:00ak arte ikasleak matrikulatu ahal izango dituzte ikastetxeek, ikasleek hala eskatu eta eskatzen diren baldintza akademikoak betetzen badituzte. Hala ere, epeak, betiere, hezkuntza-itunak edo diru-laguntzak baimentzeko araudian xedatutakoak izango dira.

Ikastetxeek, epez kanpoko matrikulazioak egiten badituzte, berehala sartu beharko dituzte ikasleen datuak eta matrikularen berrestea dagokion informatika-aplikazioan.

Aipatutako eguna pasatu ondoren, ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoko ikasle berririk matrikulatu, Ikastetxeen Zuzendaritzaren baimenik gabe.

6. artikulua.– Datuak gordetzeko prozesuaren amaiera.

2017ko irailaren 30ean erabat amaituta egongo da Batxilergoko ikasle guztien datuak grabatzeko eta matrikulak berresteko prozesua.

7. artikulua.– Euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea.

1.– Agindu honen ondorioz, ikasleek, gurasoek eta tutoreek herri administrazioarekin dituzten harremanetan, euskara zein gaztelania erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

2.– Onarpena Bermatzeko Batzordeetako partaideek euren jardunean euskara eta gaztelania erabili ahal izango dute. Era berean, gai zerrendetan, aktetan, ziurtagirietan eta testu idatzietan oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen erabilera bermatuko da.

8. artikulua.– Datu pertsonalen babestea.

Ikasleak onartzeko prozedura hau izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak «Ikasleak onartzea» izeneko fitxategi batean sartuko dira, prozedura hau kudeatzeko eta prozesu horren garapenaren berri emateko –prozeduran parte hartzen duten guztiek baimena ematen baitute datuok tratatu eta argitaratzeko–, betiere lege hauek diotena beteta: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalen Babestekoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa.

Fitxategi horren arduraduna Ikastetxeen Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, eskatzaileek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste herri-erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

9. artikulua.– Jarraibideak onartzea.

Batxilergoko ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozedurari buruzko jarraibideak eta dagokion prozedura informatikoari buruzko jarraibide osagarriak onartzen dira. Agindu honen I. eta II. eranskinetan azaltzen dira jarraibideok.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Batxilergoa ematen duten itundu gabeko ikastetxe pribatu guztiek sartu beharko dituzte, dagokion informatika-aplikazioan, ikastetxean matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datu horiek sartzeko epea 2017ko irailaren 30ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Ikastetxeen zuzendariari agindu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 9a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN 2017-2018 IKASTURTEAN IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA ITUNPEKO IKASTETXE PRIBATUETAN BATXILERGOKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURARI BURUZKO JARRAIBIDEAK

Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.

2017-2018 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta itunduetan Batxilergoa egin nahi duten ikasleak martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak xedatutakoaren arabera onartuko dira; kontuan hartuko da, halaber, Hezkuntzako sailburuak emandako Agindua, eskabideak aurkezteko eta onartzeko epeak zehaztu eta 2017-2018 ikasturterako ikasle horiek onartzeko jarraibide hauek onartzen dituena.

Bigarrena.– Onartze-prozesuaren Berme Batzordeak.

1.– Ikasleak Onartzen direla Bermatzeko egun diren lurralde-batzordeek beren egitekoak betetzen jarraituko dute irailaren 8ra arte; izan ere, egun horretan berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko beste batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo -maila horietako funtzioak.

2.– Aurreko atalean zehaztutako Berme Batzorde guztiak honela osatuko dira:

a) Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.

b) Etapa edo etapetako ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

c) Etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.

d) Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat.

e) Lau guraso, bi ikastetxe publikoetakoak eta beste bi itunpeko ikastetxeetakoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoreetakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako bi ikastetxetako Eskola Kontseiluko bi guraso izendatuko dituzte kontseilu horietako gurasoek.

f) Lau irakasle, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.

3.– Onartze-prozesuko berme-batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:

a) Ikasleen onartze-prozesua ikuskatzea, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatzea, hezkuntzako ikuskaritzaren egitekoak eta eskumenak errespetatuz.

b) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehazteko lanetan.

c) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak eman ikasleak zein ikastetxetan eskolatu erabakitzeko, ikasle horiek eskatutako lehenengo ikastetxean plazarik lortzen ez badute. Erabaki hori hartzeko, hutsik geratutako plazei erreparatuko zaie, eta, posible bada, eskatzaileek egindako hurrengo aukerak errespetatu behar dira.

d) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea, ikasleren batek eskaera bat baino gehiago egiten badu eta eskatzaileek aurkeztutako agiriak faltsuak direla frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

4.– Ikasleak Onartzea Bermatzeko Batzordeak eratzeko, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udal-elkarteei, gurasoen elkarteei eta irakasleen sindikatuei beren ordezkariak izenda ditzatela batzorde horretarako. Organizazio horiek hamar eguneko epean jakinarazi beharko dituzte beren ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte hartzerik gabe.

5.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, Hezkuntza Administrazioak Onarpena Bermatzeko Batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte batzorde horietako kide izango diren ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako zuzendariak hautatzeko. Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.

Hirugarrena.– Eragin-eremuak.

1.– Batxilergoko ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehaztuko dituzte hezkuntzako lurralde-ordezkariek; hala, bizileku guztiak sartuko dira gutxienez ikastetxeren baten eragin-eremuan. Mugapen hori egiteko, Onarpena Bermatzeko Batzordeek aztertu beharko dute gaia lehendabizi, eta eragindako ikastetxeei eta udalei entzun beharko zaie; horrez gain, kontuan izan beharko da ikastetxe bakoitzak baimenduta duen edukiera eta haren ingurunean eskolatzeko adinean dagoen biztanleria.

2.– Eragin-eremuak eta horien mugak zehaztuko dira ikastetxean ematen den Batxilergo-modalitate bakoitzerako eta hizkuntza-eredu bakoitzerako. Eragin-eremuen mapak edota xehetasunak jendearentzat eskuragarri egongo dira dagozkien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

3.– Hezkuntzako ordezkariek jarraibide honetan xedatutakoa ezartzeko, udalbatzei laguntza eskatzeko ahalmena dute, eta horiek eskatutako laguntza eman behar dute.

4.– Lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak finka ditzake Hezkuntza sailburuordeak, baldin eta hori egitea komeni bada, ikastetxeren batean ematen diren ikasketa bereziei edo eman daitezkeen salbuespenezko egoerei erreparatuta.

Laugarrena.– Batxilergo mota eta hizkuntza-eredu eskainiak.

Ikastetxe publikoetan hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dira Hezkuntza Sailak 2017-2018 ikasturtean emateko baimena eman dituen batxilergo motak.

Ikastetxe pribatu itunduek zehaztuko dituzte hizkuntza-eredu bakoitzean eskainiko dituzten batxilergo motak, betiere, azken horiek Hezkuntza Sailak baimenduak badira. Ikastetxe pribatu itundu batean Batxilergoko taldeak eskaintze hutsak ez dakar taldeon ituntze-bermea.

Bosgarrena.– Ikasleentzako plazak zehaztea.

1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek herri-ikastetxeei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen kurtso eta hizkuntza-eredu bakoitzean, bai eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen, gehienez ere, horietako bakoitzean.

2.– Itunpeko ikastetxe pribatuek kurtso eta hizkuntza-eredu bakoitzean sor ditzaketen taldeen kopurua eta horietan matrikulatu ditzaketen ikasleen gehienezko kopurua zehazteko, ikasketak eta eskola-plazak baimentzeko aginduek eta ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-itunek araututakoari erreparatu beharko zaio.

Seigarrena.– Plazak gordetzea.

1.– Hezkuntza-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan modu orekatuan banatu eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman txertatzeko baldintza egokiak sortzeko, Hezkuntzako lurralde-ordezkariek xedatu ahal izango dituzte zenbat plaza gorde beharko diren ikasle horiek eskolatzeko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Ikastetxeek izen-emateen eta matrikulazioen epea amaitu arte gorde beharko dituzte plaza horiek, maila, modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek eskaerak egiteko epea hasi baino lehen jakinaraziko dizkiete erabaki horiek ikastetxeei.

Zazpigarrena.– 2016-2017 ikasturtean ikastetxe berean matrikulatutako ikasleak edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuak.

1.– Ez da onarpen-eskaerarik egin behar izango Batxilergoko ikasleak ikastetxe, modalitate eta hizkuntza eredu berean jarraitzen duenean. Halere, baldin eta ikaslea Batxilergoko ikastetxe bateko modalitate eta hizkuntza eredu jakin batzuetan matrikulatuta badago eta hurrengo ikasturtean ikastetxe horretan jarraitu nahi badu, baina beste modalitate edota hizkuntza eredu batean, dagokion eskaera egin beharko du eta onarpen-prozesuan parte hartu, beste ikastetxe batzuetatik datozenekin batera.

2.– 2016-2017 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitutako ikasleek ikastetxe eta hizkuntza eredu berean egin ahal izango dituzte Batxilergo ikasketak, onartzeko eskaera aurkeztu gabe, Arte Batxilergokoak salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailan eredu batean eskolatutako ikasleek, ikastetxe horretan Batxilergoan ez badago eredu hori, badute matrikulatzerik Batxilergoko 1. mailan euren ikastetxean izandako ereduetan, eta ez dute egin behar horretarako eskatzen den onarpen-eskabiderik, Arte Batxilergoan matrikula egin nahi dutenek salbu.

3.– Ikastetxeek gorde beharko dute maila, hizkuntza-eredu eta Batxilergoko modalitate bakoitzean, aurreko bi paragrafoetan aipatu ikasleen eskubideak bermatzeko egoki deritzoten plazen kopurua.

4.– Batxilergoko ikastetxe baten onartze-prozesuetan, lehentasuna izango dute 2016-2017 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastetxe horri atxikitako batean egin duten ikasleek. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira, Arte Batxilergorako salbu, aparteko ezaugarriak baitituzte ikasketa horiek. Lehentasun hori izateko, beharrezkoa da, betiere, ikasleak ikastetxe horretan plaza eskatzea bere lehen aukera gisa.

5.– Musika eta dantzako ikasketa arautuak eta batxilergoko ikasketak batera ikasten dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza Sailak zehaztutako Batxilergoko ikastetxeetan. Beraz, ikasle horiek atxiki gabeko ikastetxeetatik datozenen aurretik egongo dira. Berdin jokatuko da errendimendu handiko kirol-programak egiten dituzten ikasleekin. Atal honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat aurreko atalean jasotzen diren eskubideak bete behar dira.

6.– Aurreko bi paragrafoetan jasotako lehentasun-eskubideak erabiltzeko, ezinbestekoa izango da ikasleek berariaz adieraztea beren eskaeretan atxikitako ikastetxean onartuak izatea dela haien lehenengo aukera.

Zortzigarrena.– Onartze-prozesuari buruzko informazioa.

Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio hau ikusi ahal izango da:

a) Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.

b) Ikastetxearen eragin-eremua eta eremu horren mugak.

c) Eskabideak egiteko epea.

d) Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartuta eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak eta erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.

e) Ikastetxeen eskola-kontseiluak eta ordezkaritza-organo gorenak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak, baremoaren azken atalean aplikatzeko. Horretarako, iragarki-taulan jarriko da aplikazio informatikoan sartutako dokumentua, puntuazio horiek emateko irizpideak zehaztuta dituela.

f) Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.

Bederatzigarrena.– Onarpen-eskabideak.

1.– Epetik kanpo ez da eskabiderik onartuko. Ikastetxeek epe barruan egindako matrikula-eskaera guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte eta, hala behar bada, barematu.

2.– Eskaera egitean edo, bestela ere, eskaerak egiteko ezarrita dagoen epearen barruan aurkeztuko dira barematzekoak diren egoerak egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak. Eskaerak onartzeko epea itxi ondoren ezin izango da beste dokumenturik aurkeztu.

3.– Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleek ikastetxeari jakinarazi beharko diote egoera hori, dagozkien plazak gordetzeko eta beharrezkoa izan dezaketen laguntza berezia emateko.

4.– Atal edo azpiatal batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da atal edo azpiatal hori. Horrek ez du eskaera baliogabetzen, ez eta gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.

5.– Eskatzaileen baremaziorako ziurtagirien kopiak aurkezten badira, jatorrizko agiriekin egiaztatu behar dira.

6.– Pertsona bakoitzak eskaera bakarra egin dezake 2017ko maiatzaren 2 eta 12 bitartean, biak barne. Ikastetxe batean edo gehiagotan eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioa, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epe barruan aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.

Eskabidea bi bide hauetakoren bat erabiliz bete beharko da:

– On-line, maiatzaren 11ko 24ak arte, Hezkuntza Sailak horretarako prestatzen duen aplikazio informatikoaren bidez.

– Lehen aukera moduan hautatutako ikastetxeko idazkaritzan. Bertan sartuko dira eskatzaileek eskabidean jarritako datuak.

Eskaera ikastetxe aukeratuan egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Eskaera on-line egiten badu, pertsona interesdunak, eskabidearekin batera, eskatutako dokumentuak aurkeztuko ditu, eskaneatuta. Eskabidea bete ondoren, sartutako datuak eta dokumentuak berrestea edo konfirmatzea eskatuko du programak. Ondoren, alta emango dio eskabideari, eta frogagiri bat emango du, eskabidean jasotako datu guztiekin.

Lehenengo aukera moduan ikastetxeak eskaintzen ez duen hizkuntza-eredu bat eskatzen denean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak aztertu egingo du maila eta eredu horretan taldea eratzeko aukerarik dagoen ala ez ikastetxean bertan edo zonaldean; horretarako, nahikoa eskaera izan behar dira eta plangintzak horretarako bidea eman behar du. Edonola ere, kasu horretan, eskatzaileak onartzeko prozesuan parte hartuko du, baina ikastetxeak gainerako ereduetako plazak esleitzeko duen prozesuan.

Hasierako esleitzean ez dira kontuan hartuko eskabidea aurkeztu denaz bestelako ikastetxeei buruzko eskaerak.

Ekainaren 6ra arte eskabideari uko egin ahal izango zaio. Uko egiteko idazkia eskatzaileak berak egin beharko du, eskabidea aurkeztu zen ikastetxe berean aurkeztu beharko du, eta eskatutako aukera guztiei eragingo die. Ikastetxeak idazki hori artxibatuko du, bere egunean aurkeztutako eskabidearekin batera.

Hamargarrena.– Ikastetxe batean aurkeztutako eskabidea berrestea eta grabatzea.

Eskatzaileak eskabidea ikastetxe batean aurkezten badu, behin eskabideko datu guztiak sartu eta dagokion dokumentazioa egiaztatu eta gero, ikastetxeak inprimaki bat erakutsiko dio eskatzaileari, zeinean ageriko diren eskatzailearen datu pertsonalak, eskaera gauzatuak, baremaziorako alegatu inguruabarrak eta agiri aurkeztuak.

Eskatzaileak datu jasoak aztertuko ditu eta, datuak zuzen direla baderitzo, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak zigilua jarriko du inprimaki sinatuan eta aurretiaz sartu dituen datuak grabatuko ditu. Aurreko inprimakia izango da, behin sinatua eta zigilua jarrita, eskatzaileak egin eskaeren frogagiri eta egiaztagiri.

Hamaikagarrena.– Eskabideko datuak aldatzea.

Eskatzaileek 2017ko maiatzaren 12ra arte izango dute –egun hori barne– datu grabatuetakoren bat aldatzea edo zuzentzea eskatzeko. Egun horretatik aurrera ez da onartuko aldaketarik edo zuzenketarik.

Eskaera on-line egin bazuen, behin eskabideari alta emanda, eta hautatutako ikastetxeak eskabidea hartu arte, eskatzaileak aukera izango du grabatutako datuak aldatu edo zuzentzeko, informatika -aplikazio berberaren bitartez.

Eskaera ikastetxe aukeratuan egin bazuen edo on-line egin bazuen baina hautatutako ikastetxeak eskabidea hartu badu, eskabidea aldatu nahi duen eskatzaileak ikastetxe horretan eskatu behar ditu aldaketak.

Aldaketak gauzatzeko, eskatzaileak nahitaez aurkeztu beharko du eskaera egitean eman zitzaion jatorrizko inprimaki sinatu eta zigilatua. Behin zuzenketa egokiak gauzaturik, inprimaki berria emango zaio eskatzaileari. Egin beharreko zuzenketak egin eta gero, beste datu-orri bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; gero, zaharra apurtu, eta azkenean ikastetxeak datu berriak baliozkotu egingo ditu.

Eskabideko datu berriak grabatzean ez da sekula aldatuko datuak estreinakoz grabatu ziren unean eskatzaileari ausaz esleitu zitzaion ordena-zenbakia.

Hamabigarrena.– Baremazioa.

1.– Kurtso, modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskabide-kopurua plaza-kopuruaren berdina edo txikiagoa bada, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.

2.– Osterantzean, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo ikastetxe itunduen titularrak, eskola-kontseiluaren ikuskapenarekin, eskaerak barematuko ditu, hurrengo atalean agertzen den baremoaren arabera, eta jarraibide hauetan zehaztutako aplikazio-arauek adierazi bezala. Eskabide bakoitzaren atal eta azpiatal guztiak barematu behar dira.

3.– Batxilergoan onartzeko baremoa honako hau da:

A) Familia unitatearen urteko errenta (azpiataletako puntuak metagarriak dira, atalari dagokion gehieneko puntuazioa lortu arte):

– 2015eko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 9.080,40 euro baino gutxiago bada: 1,5 puntu.

– 2015eko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria aipatutako kopurua baino gehiago bada: 0 puntu

– Halaber, aurreko kasu guztietan, eskatzaileaz gain duen adin txikiko seme/alaba bakoitzagatik: 0,25 puntu.

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 3 puntu.

B) Bizilekuaren gertutasuna (azpiataletako puntuak ez dira metagarriak):

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 5 puntu.

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean egoteagatik: 2 puntu.

– Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen udalerri berean egoteagatik (baina ez eragin-eremuan, ez eta mugakideetan ere): puntu 1.

– Aitaren, amaren, legezko tutorearen edota ikaslearen beraren lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 2 puntu (puntuazio hau bateraezina da ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik eskuratu daitezken puntuekin).

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 5 puntu.

C) Ikastetxean lan egin edo ikasten duten familiartekoak izatea (azpiataletako puntuak ez dira metagarriak):

– Anaia-arreba bat edo gehiago eskatutako ikastetxean edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuta egoteagatik: 9 puntu.

– Aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik: 7 puntu.

– Atal honetako gehieneko puntuazioa: 9 puntu.

D) Beste irizpideak (azpiataletako puntuak metagarriak dira):

– Maila orokorreko familia ugarikoa izateagatik: puntu 1.

– Maila bereziko familia ugarikoa izateagatik: 1,5 puntu.

– Minusbaliotasunagatik (azpiatal honetako gehieneko puntuazioa: 2 puntu).

Ikasle eskatzailearena: 2 puntu.

Aitarena, amarena, legezko tutorearena edota anaia-arreba batena: puntu 1.

– Familia-unitateko kide bat eskatutako ikastetxeko kide kooperatibista izateagatik: puntu 1

– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako irizpideak; aurretik azaldutako irizpideetako bat/batzuk izan daitezke, eta betiere irizpide publikoak, objektiboak eta jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak ez direnak: 2 puntu (gehienez). Irizpide horiek ezagutzera emango dira eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen.

Era berean, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du aplikazio informatikoan 2017ko apirilaren 28ko 24:00ak baino lehen. Dokumentu horretan zehaztuko ditu puntuazioa emateko irizpideak. Hala, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eduki ahal izango dute eskura. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da zentroko iragarki-oholean. Idatzati honetan ezarritakoa betetzen ez duten zentroek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: zentroko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena

Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren 21. artikuluak xedatutako irizpideak aplikatuko dira berdinketak apurtzeko. Artikulu horrek xedatzen duenaren arabera, baremazioan gertatutako berdinketak apurtzeko azken irizpidea zozketa publiko bat egitea izango da, hezkuntzaren alorrean eskumena duen sailak berariaz ezarritako moduan.

Xedapen hori betetzeko, eskaera grabatzen den unean, aplikazio informatikoak ordena zenbakia esleituko dio ausaz eskaerari. Zenbaki aipatua osoa izango da, 1 eta 99999 bitartekoa. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko, betiere berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau.

Hamahirugarrena.– Familia-unitatearen errenta eta seme-alaben kopuruaren eragina barematzeko arauak.

1.– Ikasleak onartzeko Dekretuko eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2015eko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, zerga-oinarriak ez du 9.080,40 euroko muga gainditu beharko. 2015eko lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Ondorioz, puntu horiek lortu nahi izanez gero, eskatzaileek baimena eman beharko diote Hezkuntza Administrazioari datu horiek Foru Ogasunean egiazta ditzan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo errenta-aitorpena aurkeztu duten eskatzaileen kasuan, familia-unitatearen diru-sarrerak puntuatzeko eskubidea izateko, familia-unitateko kide guztiek aurkeztu beharko dute 2015eko errenta-aitorpenaren kopia edo, behar izanez gero, baterako aitorpenarena. Indarrean dagoen zerga-araudia dela eta urte horretan familiako kideren batek errenta-aitorpena egin ez badu, Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du adierazteko ez duela errenta-aitorpena egin.

3.– Jarraibide honetako aurreko ataletan adierazitakoaren ondorioetarako, familia-unitateak izango dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan izaera horrekin araututakoak. Ezkontzak desegiten badira, ezkontideak banantzen edo dibortziatzen edo izatezko bikoteen bizikidetza eteten bada, erabaki judizial irmoz edo hitzarmen arautzaile baten bidez, baremoa aplikatuko zaie ikaslearen zaintza duen pertsonaren errentei. Berdin jokatuko da tutoretza judiziala, familia-harrera edo antzeko babes-neurriak aplikatu behar badira eta adingabeko ikaslearen zaintza ez badago gurasoen esku. Ikaslearen zaintza herri-administrazioren baten esku balego, puntuazio handiena emango da atal honetan.

Gehigarri modura, familia-unitatetzat hartuko da onartzeko eskaera egiten duen adingabea eta familia-liburuan azaltzen diren gurasoak, baldin eta hitzarmen arauemailearen bidez egiaztatzen bada, adingabearen jagoletzaren erantzukizun banandu bat dagoela.

4.– Familia-liburuaren kopien bidez kreditatuko da neba-arreben kopurua, eta, horien artean, adingabekoak soilik konputatuko dira.

Hamalaugarrena.– Bizilekuaren gertutasuna edota ikasle, guraso edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasuna barematzeko arauak.

1.– Atal honi dagokion puntuazioa lau azpiataletako bati soilik emango zaio. Eskatzaileek azpiatal horietako bat aukeratu beharko dute puntuak lortzeko.

2.– Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adingabea bada, eta legez emantzipatua ez badago, ulertuko da ikaslea eta aita, ama edota legezko tutorea bizi diren etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, ikaslearen eta guraso edota tutoreen errolda-agiria aurkeztuko da familiaren bizilekua egiaztatzeko.

Ikaslearen guraso izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen tutore izatea egiaztatzeko epaiaren kopia edota dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da.

Eskabidea aurkezteko unean ikaslea adinez nagusia bada edota legez emantzipatua badago, ulertuko da ikaslea bizi den etxea dela familiaren bizilekua. Kasu horretan, familiaren bizilekua egiaztatzeko, dagokion udalak emandako ikaslearen errolda-agiria aurkeztuko da eta, emantzipatua bada, horren ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar du.

3.– Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak errolda-ziurtagirian ageri den bizilekuari esleituko zaizkio, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu –jarraian adieraziko dena aplikatuta– puntu horiek ez direla eman behar.

Errolda-ziurtagiriak, aurkako frogarik ezean, bizilekuaren presuntzio balioa du. Badira froga-elementuak presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta egiazko bizilekua eta errolda-ziurtagirian adierazitakoa bat ez datozela ondorioztatzera eraman diezaguketen bestelako dokumentu publiko edo pribatuak.

Errolda-ziurtagirian agertzen den bizilekuan benetan bizi dela egiaztatzeko froga-elementu osagarriak aurkezteko eskatzen badu hezkuntza-administrazioak, eskatzaileak egokitzat jotzen dituenak aurkeztu beharko ditu adierazitakoa egiaztatzeko.

Eskakizuna jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, nahikoa arrazoi izango da aipatutako puntuak ez esleitzeko, betiere eskakizunaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak berariazko ebazpena emango du eskabidean adierazitako bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak ezin direla esleitu adierazteko.

Ebazpen horrek zein zio konkretutan oinarritzen den adieraziko du eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.

4.– Ikaslearen, gurasoen edota legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, eskabidea aurkeztean eskatzaileak egoera hori kontuan hartzea aukeratu dezake, bizilekuaren gertutasuna kontuan hartu ordez.

Kasu horretan, lantokia egiaztatzeko, besteren kontura ari diren langileak badira, enpresaren titularrak edo langileen arduradunak sinatutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Agiri horrek adierazi behar du ikasleak edo haren amak, haren aitak edo haren tutoreak enpresa horretan lan egiten duela.

Jarduera norberaren kontura bada, jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu behar da lantokia egiaztatzeko. Indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda egotea legezko betekizuna ez bada, dagokion Udalak emandako irekitze-baimenaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

5.– Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da.

Zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

6.– Ikaslearen, gurasoaren edo tutorearen lantokia eragin-eremuaren eremu mugakide batean egotea ez da inolaz ere balioetsiko.

7.– Eskatzailearen, haren aitaren, amaren edota legezko tutorearen lantokiaren gertutasunagatik lortutako puntuak bateraezinak dira bizilekuaren gertutasunagatik lortzen diren puntuekin; eta, halaber, bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edota legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik lortzen diren puntuekin.

8.– Eragin-eremuan egoteagatik jadanik aipatutako egoerei dagokien punturik lortu ez baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek puntu bat lortuko dute atal honetan.

Hamabosgarrena.– Eskatutako ikastetxean lan egiten duten edo ikasten duten familiartekoak izatea barematzeko arauak.

1.– Atal honetako puntuazioa haren baitan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean. Zazpi puntu haren aita, ama edo lege-tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten duelako. Bi egoerak batera ematen badira ere, bakarrarengatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu. Atal honetako puntuazioa jaso ahal izateko, kontuan hartuko da bakar-bakarrik Hezkuntza Sailak araututako ikasleak onartzeko prozedurari jarraituz, mailaren batean neba-arrebak matrikulatuta izatea.

2.– Atal honi dagokion puntuazioa emateko, beharrezkoa da aipatutako egoera horietako bat ikaslearen onarpen-eskabidea aurkezten den ikasturtean gertatzea, hau da, 2016-2017 ikasturtean.

3.– Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

4.– Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak ere anaia-arrebatzat hartuko dira.

5.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

6.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da

Hamaseigarrena.– Ikaslearen edota haren aitaren, amaren, legezko tutorearen edo anaia-arreba baten minusbaliotasuna barematzeko arauak.

1.– Minusbaliotasuna ikasleak berak badu, bi puntu emango zaizkio, eta aurretik aipatutako familiarteko batek badu, puntu bat.

2.– Atal honi dagozkion puntuak emateko, aipatutako pertsona horietako batek % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna izan behar du. Minusbaliotasuna bi pertsonak edo gehiagok badute ere, puntuak horietako bategatik bakarrik emango dira; beraz, gehienez, 2 puntu lortuko dira atal honetan, minusbaliotasuna ikasleak berak badu, eta puntu bat, minusbaliotasuna aipatutako familiarteko batek badu.

3.– Minusbaliotasuna egiaztatzeko, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuek edo estatuko antzeko beste organo eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar da. Minusbaliotasunaren aitorpen legala adierazi behar du ziurtagiri horrek eta minusbaliotasun gradua % 33koa edo gehiagokoa dela jakinarazi.

4.– Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorea izatea epaiaren kopiaren edota dagokion ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da.

5.– Atal honi dagokion puntuazioa ematerakoan, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harrera egoeran dauden adingabeak.

6.– Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzeko garaian, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

7.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

Hamazazpigarrena.– Familia ugaria izatea barematzeko arauak.

Familia ugaria dela egiaztatzeko, estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako agiri ofiziala aurkeztu behar da.

Hemezortzigarrena.– Ordezkaritza Organo Gorenak edota eskola-kontseiluak nahierara erabakitako egoerak barematzeko arauak.

1.– Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenak eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluek ezar dezakete, hala nahi izanez gero, irizpide bat –edo gehiago– eskatzaileei puntu osagarriak emateko. Puntuazio osagarri horretan, gehienez ere, bi puntu emango dira.

2.– Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio gehigarri hori emateko. Ikastetxeko organo eskudunak onartuko ditu irizpide horiek, eta eskaerak aurkezteko epea hasi aurretik jakinaraziko.

Era berean, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du aplikazio informatikoan 2017ko apirilaren 28ko 24:00ak baino lehen. Dokumentu horretan zehaztuko ditu puntuazioa emateko irizpideak. Hala, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eduki ahal izango dute eskura. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da zentroko iragarki-oholean.

3.– Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Hainbat arrazoirengatik ematen badira, puntuak banatzeko bi aukera daude: guztira eman daitezkeen puntuak arrazoi horien artean banatu edo, arrazoi horietako bat betetzen denean, puntu guztiak eman.

4.– Puntu osagarriak emateko irizpideak desberdinak izan daitezke maila edo hezkuntza-etapa bakoitzean.

5.– Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da. Baina kontuan hartu behar da atal honetan gehienez ere bi puntu osagarri eman daitezkeela.

6.– Atal honetarako hartutako irizpideen artean ezin dira inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak diren irizpideak. Era berean, ezingo da punturik eman, horretarako berariaz deitutako proba edo azterketen emaitzak aintzat hartuta.

7.– Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta ikastetxe itunduetako eskola-kontseiluei dagokie zehaztea zein agiri aurkeztu behar diren atal honetan aintzat hartuko diren irizpideak betetzen direla ziurtatzeko.

8.– Instrukzio edo jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten zentroek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: zentroko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.

Hemeretzigarrena.– Errentako datuak egiaztatzea.

Ikastetxeek eskabideak barematu behar badituzte, aurkeztutako datuak egiaztatu beharko dituzte. Harik eta datuak egiaztatu eta emaitzak lortu arte, honela jokatuko dute:

1.– Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, kontuan hartuko dira egiaztatzeko baimena eman duten lagunen puntuazioak. Dena den, datuak egiaztatu eta gero, puntuazioak aldatu ahal izango dira, onartu eta baztertutakoen zerrendak prestatzeko.

2.– Datuak egiaztatu eta horien emaitzak jaso eta gero, eta errenta baloratzeko, ontzat emango dira Ogasunak egiaztatutako datuak.

3.– Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu eta gero jasotzen badira, ikastetxeak egoera hori hartu beharko du kontuan, behin betiko zerrendak egiteko. Egiaztapenen emaitzak onartutako ikasleen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren jasoko balira, ikastetxeak horren berri eman beharko dio Ordezkaritzari.

Hogeigarrena.– Onartu diren eta ez diren ikasleen zerrendak.

Onarturiko eta ez onarturiko ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendak dagozkien ikastetxeetan jarrita egongo dira, agindu honen 2. artikuluan xedatutako egunetan. Eskaeren baremazioa egitea beharrezkoa izan den kasuetan, zerrenda horiek zehaztu behar dute eskatzaile bakoitzak baremoaren atal eta azpiatal bakoitzean lortutako puntuazioa. Onartuak izan ez diren pertsonekin itxarote-zerrenda osatuko da, badaezpada plazarik libre geratu badira, horiek osatzeko.

Hogeita batgarrena.– Erreklamazioak.

Onartutako eta onartu gabeko ikasleen behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenan edota eskola-kontseiluan aurkeztuta, Agindu honetan xedatutako epeetan.

Ikastetxeak eskatzaileek aurkeztu erreklamazioak jaso beharko ditu dagokion aplikazio informatikoan. Jarraian, ikastetxeak erreklamazio aurkeztuaren kopia bat inprimatuko du, sinatuko du eta kexa aurkeztu duen pertsonari entregatuko, inprimaki hori izango delarik erreklamazio aurkeztuaren egiaztagiria.

Behin betiko zerrenderen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza-Ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariak aurkeztutako errekurtsoak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak eska ditzake.

Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren erabakia ikaslea egoki eskolatu ahal izateko epean jakinaraziko da. Erabaki horrek administrazio-bidea agortzen du.

Hogeita bigarrena.– Matrikula formalizatzeko epeak.

Ikastetxe batean onartuen behin betiko zerrendan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak ikastetxe horretan plaza esleitu dien pertsonen zerrendan ageri direnek nahiz prozesuan parte hartu beharrik gabe plaza gorderik zeukatenek (hots, ikastetxean matrikulaturik egon eta maila errepikatuko dutenek nahiz DBHko 4. mailatik Batxilergoko 1. mailara edo Batxilergoko 1. mailatik 2. mailara pasako diren ikasleek) matrikula formalizatu beharko dute ohiko matrikulatze-epean, hau da, 2017ko ekainaren 20tik uztailaren 6ra bitartean, biak barne, halaxe xedatu baita agindu honetako 2. artikuluan.

Plaza edukitzeko eskubidea duen pertsona batek ez badu matrikula formalizatzen epe ezarrian, galduko ditu hari esleitu edo harentzat gordetako plazaren gaineko eskubide guztiak.

Ikastetxeek egiaztatzen badute hasiera batean aurreikusi baino plaza huts gehiago dituztela (azkenean beharrezkoa zen baino plaza gehiago gorde izanagatik), ohiko epean matrikula ditzakete, baita ere, pertsona onartuen zerrendan ageri ez diren ikasleak, kontuan izanik ikastetxeak 2017ko uztailaren 6ra arte bermatu behar duela arau honetako lehenengo paragrafoan aipatu pertsonek matrikulazioan lehentasuna edukitzeko duten eskubidea.

Era berean, ikastetxeek aukera izango dute, behin ohiko matrikulazio-epea amaiturik plaza hutsak geratzen badira, 2017ko irailaren 30era arte hala eskatzen duten eta kasuan kasu eskatu baldintza akademikoak betetzen dituzten pertsonak matrikulatzeko, plaza huts guztiak bete arte.

Onartuen zerrendan ez dauden pertsonak matrikulatzeari dagokionez, ikastetxeek plaza huts horiek eskaini beharko dizkiete, lehenik, itxarote-zerrendan ageri diren pertsonei, zerrendako hurrenkera ordenan.

2017ko urriaren 1etik aurrera, ikastetxeek ezin izango dute Batxilergoan inor libreki matrikulatu. Egun horretatik aurrera pertsonaren batek Batxilergoan matrikulatu nahi badu, baimena eskatu beharko dio dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzari. Eskaera zuzenean egin dezake Ordezkaritzan bertan edo, bestela ere, matrikula egin nahi duen ikastetxearen bidez.

Soilik behar bezala justifikaturiko salbuespenezko kasuetan emango du Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzak 2017ko urriaren 1etik aurrera Batxilergoan matrikulatzeko baimena. Ikastetxeek ezin izango dituzte pertsona horiek matrikulatu Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aurretiaz baimenik eman ez badu.

Hogeita hirugarrena.– Matrikula baieztatzea.

Ikasle baten matrikula egin ondoren, ikastetxeak aplikazio informatikoak osatuko duen agiria inprimatu eta ikasleari emango dio. Inprimaki hori, behin zigilaturik, behin-behineko matrikula gauzatuaren egiaztagiri izango da.

Hala ere, ikaslearen behin betiko matrikula egongo da modalitate edo hizkuntza-eredu horretako taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen gutxieneko kopurua lortzearen mende. Era berean, hasieran aukeratu dituen aukerako ikasgaietan (ardatzekoetan ala berariazkoetan) matrikulatu ahal izateko, lortu beharko da ikasgai jakin bakoitzeko taldea osatzeko beharrezkoa den ikasle kopuru minimoa.

Ikasgairen batean ez bada lortu taldea osatzeko beharrezkoa den ikasleen kopuru minimoa, ikastetxeak ikasgai aipatua aukeratu duten pertsonekin hitz egin beharko du hasierako haien hautua aldatzeko. Ikastetxeak ikasleari eman beharko zaio behin betiko matrikularen egiaztagiri berria.

Hogeita laugarrena.– Matrikula ezeztatzea.

Eskolatzeko aurreikusitako urteak ez agortzeko, matrikula ezabatzeko eskatu ahal izango diote ikasleek ikasten duten ikastetxeko zuzendariari, egoera hauetakoren bat gertatzen denean: ikasketak normaltasunez egitea eragozten duten gaixotasun, lanpostu edo pertsona- edo familia-izaerako obligazioak izatea.

Eskabide horiek egiteko epea 2017ko apirilaren 28an bukatuko da. Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeko zuzendariari egingo zaizkio eskaerak eta aurkeztu beharreko egiaztagiri guztiak erantsi beharko zaizkio.

Ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxe publiko edo pribatuko zuzendariak ebatziko du eskabidea, eta bakar-bakarrik onartuko du arestian adierazitako egoeraren bat gertatzen denean.

Ebazpenaren berri jasoko da ikaslearen dokumentazio ofizialean. Ikastetxe pribatuen kasuan, ebazpen horren berri emango zaio ikastetxea atxikita dagoen ikastetxe publikoko zuzendariari.

II. ERANSKINA
2017-2018 IKASTURTEAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IKASTETXE PUBLIKO NAHIZ PRIBATU ITUNDUETAN EGUNEKO IKASKETA-ERREGIMENEKO AURREZ AURREKO IKASKUNTZAKO BATXILERGOKO IKASLEAK ONARTZEKO ETA MATRIKULATZEKO PROZEDURA INFORMATIKOARI BURUZKO ARAU OSAGARRIAK

Lehenengoa.– Prozedura informatikoaren derrigorrezkotasuna.

Agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Hezkuntza Sailak horretarako espresuki diseinatu duen prozedura informatiko zehatzaren bidez gauzatu beharra dago 2017-2018 ikasturterako eguneko ikasketa-erregimeneko aurrez aurreko ikaskuntzako Batxilergoko ikasleen harrera.

2017-2018 ikasturtean ikasketa horiek emango dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiak derrigorturik daude hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera, betiere, argibide hauetan eta indarrean diren gainerako arauetan ezarri baldintzatan.

IKASTETXE, IKASTURTE, BATXILERGO MOTA ETA HIZKUNTZA-EREDU BAKOITZEAN IZANGO DIREN PLAZEN ESKAINTZAREN DEFINIZIOA

Bigarrena.– Eskaintzaren datu orokorrak sartzea.

Hezkuntza administrazioak 2017ko apirilaren 28ko 24:00ak baino lehen sartuko ditu aplikazio informatikoan ikastetxe publiko nahiz pribatu itunduen eskaintzari buruzko datuak, eta zehaztuko du Batxilergoko maila bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean ikastetxeak eskaintzen dituen batxilergo motak, baita maila bakoitzean eskainiko diren taldeen guztizko kopurua.

Aukera izango da hasiera batean sartu diren datuak aldatzeko 2017ko maiatzaren 19ko 24:00ak arte. Ikastetxe publikoei buruzko datuak hezkuntza administrazioak soilik alda ditzake. Ikastetxe pribatu itunduei buruzko datuak ikastetxeek alda ditzakete, ondoko arau hauek kontuan izanik:

a) Ikastetxeek ezin izango dute eskaini, inola ere ez, emateko baimenik ez duten batxilergo motarik.

b) Bazter utzita ikastetxeek eskaintzea erabaki duten talde kopuru osoa, soilik itunduko da dagozkion arauetan ezarririko talde kopurua.

Hirugarrena.– Eskaintzaren banaketa, batxilergo moten eta hizkuntza-ereduen arabera.

Talde kopuru maximoak zehaztuko du ikastetxe bakoitzaren hasierako plazen kopuru maximoa ikasturte bakoitzerako. Ikastetxe publikoetan 30 plaza izango ditu talde bakoitzak, eta ikastetxe pribatu itunduetan 35.

Ikastetxe publiko edo pribatu itundu bakoitzari dagokio ezartzea eta aplikazio informatikoan sartzea ikasturte bakoitzerako plazen guztizko kopuruaren banaketa, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzaren araberakoa. Horretarako, kontuan izan beharko du aipatu batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean den eskaera.

Laugarrena.– Plazak gordetzea maila, mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean.

Behin maila bakoitzeko plazen guztizko kopurua banaturik, ikastetxe bakoitzari dagokio aurreikustea eta aplikazio informatikoan sartzea batxilergo mota bakoitzean eta hizkuntza-eredu bakoitzean gorde behar diren plazen kopurua ondoko talde hauentzako:

a) Ikasle errepikatzaileak: Batxilergoko 1. eta 2. mailan egun matrikulaturik dauden eta hizkuntza-eredu eta modalitate berean ikastetxean maila errepikatuko dutela aurreikusten den ikasleak.

b) Ikastetxeko ikasleak, aurreko mailatik datozenak:

– Egun ikastetxean DBHko 4. mailan matrikulaturik dauden eta ikastetxean bertan Batxilergoko 1. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak, arte-batxilergoan izan ezik, gainerako beste guztietan (martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko 5.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, bermatuko da ikasleek ikastetxean jarraitzea ikastetxean ematen diren ikasketak amaitu arte, arte-batxilergoaren kasuan izan ezik).

– Egun ikastetxean Batxilergoko 1. mailan matrikulaturik dauden eta hizkuntza-eredu eta modalitate berean ikastetxean Batxilergoko 2. maila egingo dutela aurreikusten den ikasleak.

Halaber, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxe publiko eta ikastetxe pribatu itundu guztiek gorde beharko dituzte, izena aurrez emateko eta matrikulatzeko epea amaitu arte, hezkuntzako laguntza-behar bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko Hezkuntzako lurralde ordezkariak zehaztu plaza kopurua.

Hezkuntza administrazioari dagokio aplikazio informatikoan sartzea ikastetxe, ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean arrazoi horregatik gorde behar diren plazen kopurua.

Aplikazio informatikoan sartu beharko dira, 2017ko maiatzaren 19ko 24:00ak baino lehen, mota eta hizkuntza-ereduen araberako eskaintzaren banaketari buruzko eta mota nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean plaza gordeei buruzko datuak.

Bosgarrena.– Eskaintzaren behin betiko egituraketa.

Ikastetxe bakoitzean ikasturte, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaintzen diren plazak kalkulatzeko, eragiketa hau egin beharra dago: kendu behar zaio ikastetxeak modalitate eta hizkuntza-eredu bakoitzean eskaini plazei plaza gordeen kopurua (plaza gordeak dira: ikasle errepikatzaileentzako plazak + aurreko mailako ikasleentzako plazak + hezkuntzako laguntza-behar bereziak dituzten ikasleentzako plazak).

Seigarrena.– Plazen eskaintza berrestea.

2017ko maiatzaren 19ko 24:00ak baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek amaiera eman beharko diote eskaintzari nahiz plazak gordetzeari buruzko datuak sartzeari.

2017ko maiatzaren 26ko 24:00ak baino lehen, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Ikastetxeen Lurralde Buruzagitzek berrikusi beharko dituzte haien Lurralde Historikoko ikastetxeek sartu dituzten datu guztiak, eta zuzendu beharko dituzte ikastetxeak baimendua duenarekin bat ez datozen datuak. Zuzenketarik eginez gero, ikastetxe erasana jakinaren gainean jarri beharko dute.

IRAKASGAIEN BLOKEAK DEFINITZEA

Zazpigarrena.– Ikastetxeek zenbait irakasgaien bloke definitzeko aukera.

Nahi duten ikastetxeek aplikazio informatikoan zehaztu ditzakete ikasgai zehatzez osatutako irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago. Zehaztapen hori guztiz aukerakoa izango da ikastetxeentzat, eta hizpide dugun zehaztapenaren xede bakarra izango da ikastetxeari erraztea ikasle bakoitzak egingo dituen irakasgaiei buruzko datuak sartzea.

Horrela, datu horiek sartzen badira pertsona baten eskabidean edo azken horren matrikula formalizatzean, nahikoa izango da irakasgaien bloke aukeratua zehaztearekin bloke horretako ikasgai guztiak automatikoki jasotzeko, eta, ondorioz, ez da beharrezkoa izango horiek banan-banan zehaztea.

Irakasgaien blokeak definitu nahi dituzten ikastetxeek aplikazio informatikoan sartu beharko dituzte blokeok 2017ko uztailaren 6ak baino lehen.

SARTZEKO ESKAERAK

Zortzigarrena.– Sartzeko eskabideak aurkeztea.

Eskaera ikastetxe batean egiten badu, pertsona interesdunak aurkeztu beharko du bere NAN edo identifikazio-agiria eta datu eskatu guztiak eman. Datuok aplikazio informatikoan sartuko dituzte ikastetxe horretako langileek. Horrez gain, ikastetxe aukeratuan entregatu beharko ditu kasuan kasu egoki diren agiri guztiak.

Bederatzigarrena.– Pertsona eskatzailea bilatzea aplikazioaren datu-basean.

Datuak sartzea errazte aldera, eskabideko datuak sartzen dituzten ikastetxeko langileek egiaztatu beharko dute pertsona eskatzailea aplikazio informatikoko datu-basean dagoen. Horretarako, pertsona hori bilatu beharko dute haren daturik bereizgarrienak oinarri harturik: NAN, izena, abizenak, jaioteguna eta sexua.

Behin datuak sarturik, aplikazio informatikoak ekarriko du datu sartuekin bat datorren pertsonaren edo pertsonen zerrenda. Zerrendan ageri bada eskatzailearen izena, hura aukeratuko dute, eta ez da beharrezkoa izango datu-basean jasota dauden pertsona horren datuak berriz sartzea.

Hala ez bada, hots, bilaketa egin eta aplikazio informatikoak ez badakar emaitzarik edo ekarri dituenak ez badagozkio pertsona eskatzaileari, erregistro berria zabaldu beharko da datu-basean ageri ez den eskatzaile horrentzat, eta haren datu guztiak sartu.

Hamargarrena.– Eskabideko datuak sartzea.

Eskatzaileak edo bere eskaera jasotzen duen ikastetxeak aplikazio informatikoan sartu beharreko ditu, nahitaez, ondoko datu hauek:

a) Eskatzailearen datu pertsonalak.

b) Eskatzaileak egiten dituen eskaera guztiak, lehentasun hurrenkeran.

c) Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.

d) Eskatzaileak aurkeztu agiriak.

Hamaikagarrena.– Eskatzailearen datu pertsonalak.

Ondoko datu hauek sartu beharko dira:

– Eskatzailearen NAN edo, eskatzaileak espainiar nazionalitatea ez badu, dagokion identifikazio-agiriaren zenbakia.

– Eskatzailearen izena eta bi abizen. Eskatzailearen nazionalitatea ez bada espainiarra eta bigarren abizenik ez badu, inguruabar hori jaso beharko da.

– Eskatzailearen sexua, jaioteguna, sorterria, helbidea eta telefono zenbakia.

– Eskatzailea eskabidea egin duen unean eskolatua dagoen ikastetxea, maila eta ikasturtea.

– Eskatzaileak hezkuntzako behar bereziren bat badu, inguruabar hori jasoko da.

– Eskatzailea adinez txikia bada, jasoko dira gutxienez pertsona arduradun baten datuak (aitarenak, amarenak edo legezko tutorearenak).

Hamabigarrena.– Pertsona eskatzailearen eskaerak, lehentasun hurrenkeran.

Lehendabizi, aplikazio informatikoan sartu behar dira eskatzaileak ikasi nahi duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).

Ondoren, eskatzaileak egin ditzake, gehienez ere, 8 eskaera, eta lehentasun hurrenkeran zenbakiak jarriko dizkie. Eskaera bakoitzean zehaztu beharko dira ikastetxea, ikasturtea, batxilergo mota eta hizkuntza-eredua. 2016-2017 ikasturtean batxilergoa ikasten ari direnek plaza eskatu ahal izango dute hurrengo ikasturtera pasatzeko edo egun ikasten ari diren maila errepikatzeko.

Aurreko elementuetakoren batekin (ikastetxearekin, batxilergo motarekin edo hizkuntza-ereduarekin) bat ez datorren eskaera egiteko, eskaera berria egin beharra dago.

Sartu beharko dira, lehenik, eskabidea aurkeztu den ikastetxeari buruzko eskaera guztiak. Plaza hasiera batean esleitzeko, eskaera horiek hartuko dira kontuan, ez besterik.

Ondoren, eskatzaileak egin ditzake beste ikastetxe batzuetarako eskaerak. Eskaera aurkeztu denaz bestelako ikastetxe baterako eskaera sartu ondoren ezin izango da atzera sartu hasiera batean aukeratu ikastetxeari buruzko eskaerarik, lehenengo ikastetxearekin lotura duten eskaera guztiak lehenengo sartu behar baitira beti.

Hamahirugarrena.– Ikasgaiak aukeratzea.

Hala nahi duten ikastetxeek sar ditzakete, eskatzaileak egiten dituen eskaeretatik lehenengoan, eskatzaileak egin nahi dituen aukerako ikasgaiei (ardatzekoei eta berariazkoei) buruzko datuak. Aplikazio informatikoan irakasgaien bloke bat edo bat baino gehiago aurretiaz definitu dituzten ikastetxeetan, irakasgaien bloke aipatuak erabil daitezke ikasgai aukeratuak sartzeko.

Ikastetxeentzat guztiz borondatezkoa izango da datu aipatuak sartzea, egintza horren helburu bakarra izango delarik ikastetxeak aurretiaz edukitzea ikasle bakoitzak lehentasunez egin nahi dituen ikasgaiei buruzko informazioa. Datu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko plazak esleitzeko prozesuan.

Eskatzaileak eskaera egiteko unean aukeratu dituen ikasgaiek ez dute eraginik izango azken buruan matrikulatuko dituen ikasgaien gain, ikasgaiak aukeratu behar baititu matrikula formalizatzeko unean.

Hamalaugarrena.– Eskatzaileak alegatu inguruabarrak, eskabidea barematzeko orduan kontuan har bitez.

Aplikazio informatikoan ondoko datu hauek sartu beharko dira:

a) Baremoko A atalari buruzko datuak:

– Eskatzaileak alegatzen badu 2015. urteko errentaren aitorpenaren zerga-oinarri orokorrak ez dituela gainditzen 9.080,40 euroak, ezaugarri hori jasoko da. Errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztu bada, eskatzaileak hezkuntza administrazioari baimena emango dio baieztapen horren egiazkotasuna egiazta dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunetan. Horretarako, egoki den laukia markatu beharra dago. Aitzitik, errentaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin bada, 2015. urteari dagokion aitorpenaren fotokopia aurkeztu beharra dago, eta datu aipatua dagokion laukian markatu.

– Alegatuz gero eskatzaileak adinez txikiko neba-arrebarik duela, neba-arreben kopurua adierazi beharra dago.

b) Baremoko B atalari buruzko datuak:

– Zehaztuko dira baremoko B ataleko puntuak lortzeko eskatzaileak alegatu dituen helbideak (eskatzailearen bizilekua edota aitaren, amaren, legezko tutorearen edo ikaslearen beraren lantokia).

c) Baremoko C atalari buruzko datuak:

– Eskatzaileak baldin badu ikastetxe eskatuan edo hari atxikitako ikastetxeren batean matrikulaturiko neba-arrebarik, marka jarri beharko da dagokion laukian.

– Bestetik, eskatzaileak alegatzen badu bere aitak, amak edo legezko tutoreak ikastetxe eskatuan lan egiten duela, marka jarri beharko da dagokion laukian.

d) Baremoko D atalari buruzko datuak:

– Adierazi beharra dago eskatzailearen familia ugaria den ala ez. Haren familia ugaria baldin bada, zehaztu beharra dago familia ugari orokorra ala berezia den.

– Eskatzaileak minusbaliotasunik badu, marka jarri beharra dago dagokion laukian.

– Eskatzailearen aita, ama, legezko tutorea edo neba-arrebetakoren bat minusbaliatua bada, marka jarri beharko da dagokion laukian.

– Eskatzailearen familiako kideren bat baldin bada ikastetxe eskatuko bazkide kooperatibista, marka jarri beharko da dagokion laukian.

– Zehaztu beharra dago Eskola Kontseiluak edo ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak libreki zehazturiko irizpideetatik zein alegatzen dituen eskatzaileak, eta irizpide horien arabera eskatzaileari zer puntuazio dagokion.

Hamabosgarrena.– Eskatzaileak aurkeztu agiriak.

Marka bat jarriko da eskatzaileak entregatu agiri bakoitzari dagokion laukian.

Hamaseigarrena.– Eskabideetako datuak sartzeko epea.

2017ko maiatzaren 19ko 24:00ak baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek amaiera eman behar diote eskabideetako datuak sartzeari. Une horretara arte, ikastetxeek datu berriak sartu ahal izango dituzte aplikazio informatikoan, eta zuzendu ere bai.

ESKAERAK BAREMATZEA ETA PLAZAK ESLEITZEA

Hamazazpigarrena.– Eskabideak barematzea.

Maiatzaren 2tik aurrera, aplikazio informatikoaren bidez ikastetxeek aukera izango dute uneoro izateko maila, batxilergo mota eta hizkuntza-eredu bakoitzeko plazen eskaeraren berri. Horrela, parada izango dute eskaeraren eta eskaintzaren banaketa alderatzeko, hau da, eranskin honetako bigarren, hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren jarraibideetan ezarri prozeduraren arabera ikastetxeak zehaztu banaketa. Datu horiei esker, ikastetxeak –posible bada– eskaintzaren hasierako datuak alda ditzake eta hura benetan existitzen den eskaerari egokitu. Arestian zehaztu bezala, posible izango da aldaketa horiek egitea 2017ko maiatzaren 19ko 24:00ak arte.

Une horretatik aurrera, behin ikastetxeko eskaintzaren eta eskaeren datuak aldatzeko epea itxita, aplikazio informatikoak zehaztuko du maila bakoitzean aurkeztu eskabide guztiak onar daitezkeen ala ez. Onar badaitezke, ez da beharrezkoa izango eskabide aurkeztuen baremazioa gauzatzea.

Aitzitik, ezin badaitezke denak onartu, hau da, ikasturte zehatz bateko eskaerak eskaintza gainditzen badu, ikastetxeak barematu beharko ditu ikastetxean aurkeztu diren ikasturte jakin horretarako eskabide guzti-guztiak.

Horretarako, eskatzaileak aurkeztu agiriak aztertu ondotik, ikastetxeak eskatzaile bakoitzak alegatu baremazio-ingurabarrak egiaztatu edo, hala badagokio, aldatu beharko ditu «aplikazio informatikoaren baremazioa» izeneko atalean.

Baremoko B atalean, hots, etxebizitzaren edo lantokiaren gertutasunari buruzkoan, ikastetxeak marka bat jarri beharko du egoki akreditatu den eta eskatzaileari punturik gehien emango dion helbidearen laukian. Horrez gain, ikastetxeak zehaztu beharko du helbide hori bizilekuari edo lantokiari dagokion eta, baita ere, ikastetxea kokaturik dagoen influentzia-zonan, zona mugakidean edo udalerrian dagoen. Lehenengo aukera bezala hautatutako ikastetxerako egindako eskabide guztiei emango zaien puntuazioa lehenengo eskabideari dagokiona izango da.

Baremazioaren gainerako ataletan ikastetxeak bere horretan utziko ditu eskatzaileak eskaera gauzatzeko unean alegatu dituen inguruabarrekin bat markatu diren laukiak, betiere, ikastetxeak egiaztatzen badu agiri emanek inguruabar horien egiazkotasuna erakusten dutela. Agiri emanek ez badute egiaztatzen inguruabar alegatutakoren bat, ikastetxeak egoki den aldaketa gauzatuko du dagokion baremazio-atalean.

Ikastetxeak ezin izango du aldatu eskatzailearen familia-unitatearen errentaren aitorpenari dagokion atala, betiere, eskatzaileak hezkuntza administrazioari baimena eman badio datu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunetan egiaztatzeko. Kasu horietan hezkuntza administrazioak aldatuko du baremazioaren atal aipatua, betiere, Ogasuneko datuek ez badute erakusten 2015. urteko errentaren aitorpeneko zerga-oinarri orokorra 9.080,40 eurotik gorakoa ez dela.

Bestetik, atal bakoitza barematzerakoan ikastetxeak aplikatu behar ditu agindu honetako II. Eranskinaren zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren, hamabigarren eta hamahirugarren jarraibideetan ezarri baremazio-arauak.

Baremazioa gauzatu behar duten ikastetxe guztiek prozesu hori amaitu beharko dute 2017ko maiatzaren 26ko 24:00ak baino lehen.

Hemezortzigarrena.– Plazak esleitzea.

2017ko ekainaren 1a baino lehen, ikastetxeek abiaraziko dute Batxilergoko maila bakoitzeko plazak esleitzeko prozesua. Aplikazio informatikoak gauzatuko du aipatu prozesua. Horretarako, kontuan hartuko ditu sartu diren datu guztiak eta aplikatuko du indarreko arauetan ezarritakoa, betiere, jarraian azalduko dugun prozedurarekin bat etorriz.

Lehendabizi, aplikazio informatikoak eskabideak bananduko ditu ondoko irizpide hauek oinarri harturik:

a) Bi taldetan banatuko dira batxilergo zientifikokoan nahiz giza eta gizarte-zientzien batxilergoan ikasleak onartzeari eta ikasgai komunetan soilik matrikulatu nahi duten pertsonak hartzeari buruzko eskabideak. Talde batean sartuko dira ikastetxe atxikietatik datozen ikasleak, eta beste talde batean gainerako beste guztiak. Lehenengo taldeko eskaerek beti izango dute lehentasuna bigarren taldeko eskaeren gain.

Ondoren, aplikazio informatikoak eskaerak barematuko ditu –arestian aipatu bi taldeenak bakoitza bere aldetik– agindu honetako II. eranskinean ezarri baremoaren arabera, eta eskaerok ordenan jarriko ditu oinarri harturik, batetik, guztizko puntuazio lortua eta, bestetik, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren bidez ezarri berdinketak hausteko irizpideak. Irizpide horiek guztiak aplikatuta ere baldin bada berdindurik dirauten eskatzailerik, ordenan jarriko dira, txikienetik handienera, eskabideari ausaz esleitu ordena-zenbakiaren arabera.

b) Eskaerak arte-batxilergoan onartzeko, eskabide guztiak talde beraren barruan sartuko dira eta ordenan jarriko guztizko puntuazio lortuaren nahiz arestian aipatu berdinketa hausteko irizpideen arabera.

ONARTUEN ZERRENDAK, EZ ONARTUEN ZERRENDAK ETA ERREKLAMAZIOAK

Hemeretzigarrena.– Onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.

Aplikazio informatikoak ikastetxeari ekarriko dizkio pertsona onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak.

Baremaziorik egitea beharrezkoa izan ez den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordena alfabetikoan egongo da (lehen abizena, bigarren abizena eta izena).

Baremaziorik egitea beharrezkoa izan den ikastetxeetan eta mailetan, aplikazio informatikoak pertsona onartuen zerrenda osatuko du batxilergoko modalitate nahiz hizkuntza-eredu bakoitzean. Zerrenda hori ordenan egongo da, baremoko guztizko puntuen kopuruaren arabera, handienetik txikienera, eta berdinketa hausteko irizpide ezarriekin bat. Zerrenda horretan zehaztuko da pertsona bakoitzak baremoko atal nahiz azpiatal guztietan lortu duen puntuazioa, baita berdinketak hausteko ausaz esleitu zaion zenbakia ere.

Aplikazio informatikoak, halaber, zerrenda bat osatuko du ezein batxilergo motako eta hizkuntza-eredutako mailetan onartu ez diren pertsonekin. Zerrenda hori ordenan egongo da pertsona onartuen zerrendaren moduan, eta azken horretan jaso zehaztapenak edukiko ditu.

Ikastetxeek argitaratu beharko dituzten behin-behineko zerrenda horiek guztiak 2017ko ekainaren 1ean, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.

Hogeigarrena.– Erreklamazioak aurkeztea.

Eskatzaile batek erreklamazio bat aurkeztu duenean, ikastetxeak pertsona interesdunaren fitxara joko du, «Erreklamazioak» pantaila zabalduko du, eta bertan sartuko ditu, batetik, baremoko atala edo atalak zeinaren edo zeinen kontra eskatzaileak erreklamazioa aurkeztu duen eta, bestetik, kexa aurkeztu duen pertsonak aurkeztu dituen agiriak. Jarraian, ikastetxeak erreklamazio aurkeztuaren kopia bat inprimatuko du, sinatuko du eta kexa aurkeztu duen pertsonari entregatuko dio.

Hogeita batgarrena.– Erreklamazioak ebaztea.

Ikastetxeak erreklamazio aurkeztu guztiak ebatzi beharko ditu 2017ko ekainaren 9a baino lehen.

Horretarako, jo beharko du kexa aurkeztu duen pertsonari dagokion aplikazio informatikoko «Erreklamazioak ebaztea» pantailara. Pantaila horretan agertuko dira baremoko atalak zeinen kontra erreklamazioa egin den. Ikastetxeak erreklamazioa baztertu edo onartu beharko du, guztiz ala partzialki. Horrela, kasu bakoitzean, markak jarri beharko ditu aplikazio informatikoko lauki egokietan eta, hala badagokio, aldatu beharko du baremoko atal edo azpiatal aipatuko behin-behineko puntuazioa.

Erreklamazioa guztiz edo partzialki onartzen bada, aldatuko da erreklamazioa egin duen pertsonari dagokion baremoko puntuazioa.

Hogeita bigarrena.– Onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak.

Aplikazio informatikoak ikastetxeari ekarriko dizkio pertsona onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak. Zerrenda horiek ordenan egongo dira behin-behineko zerrenden modu berean eta jasoko dituzte azken horien zehaztapen berberak.

Ikastetxeek argitaratu beharko dituzte behin betiko zerrenda horiek guztiak 2017ko ekainaren 9an, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.

LEHENENGO AUKERA BEZALA HAUTATUTAKO IKASTETXEAN ONARTUAK IZAN EZ DIREN PERTSONEI PLAZA ESLEITZEA

Hogeita hirugarrena.– Lehenengo aukera bezala hautatutako ikastetxean onartuak izan ez diren pertsonei plaza esleitzea.

Ekainaren 16a baino lehen, aplikazio informatikoak bete gabeko plazak esleituko ditu lehenengo aukera bezala hautatutako ikastetxean onartu ez dituztenentzat. Plazak pertsona horiek aukeratu dituzten beste ikastetxeetan esleituko dira, baldin eta ikastetxeotan bete gabeko plazarik balego.

Plaza horiek esleitzeko baremazioan lortutako puntu kopuruari lehenengo ikastetxearen berezko irizpideei dagozkien puntuak kenduko dira. Berdinketa hausteko zenbakia aplikazio informatikoak emango du eskabide orriaren datuak egiaztatzerakoan.

Hogeita laugarrena.– Lehenengo aukera bezala hautatutako ikastetxean onartuak izan ez diren pertsonei esleitu plazen zerrendak.

Aplikazio informatikoak zerrenda hauek ekarriko dizkio ikastetxe bakoitzari:

a) Ikastetxea lehen aukera moduan jarri, onartuak izan ez eta beste ikastetxe batean plaza esleitu zaien pertsonen zerrenda. Zerrendan zehaztuko da pertsona horietako bakoitzari zer ikastetxetan, mailatan, modalitatetan eta hizkuntza-eredutan esleitu zaion plaza.

b) Beste ikastetxe bat lehen aukera moduan jarri, onartuak izan ez eta ikastetxe honetan plaza esleitu zaien pertsonen zerrenda. Zerrendan zehaztuko da pertsona horietako bakoitzari zer mailatan, modalitatetan eta hizkuntza-eredutan esleitu zaion plaza.

Ikastetxeek bi zerrenda horiek argitaratu beharko dituzte 2017ko ekainaren 16an, agindu honetako 2. artikuluan xedatu bezala.

MATRIKULA FORMALIZATZEA

Hogeita bosgarrena.– Matrikula formalizatzea.

Ohiko epean nahiz epe hori amaitu ondoren gauzatzen diren matrikulazio guztiak egin beharko dira Batxilergorako aplikazio informatiko espezifikoaren bidez, aplikazio horretan sartu beharko direlarik pertsona matrikulatuaren datu guztiak eta haren matrikularen baieztapena.

Matrikulatuko den pertsona ez bada ageri aplikazioaren datu-basean, ikastetxeak erregistro berria ireki beharko du pertsona horrentzat, eta sartu beharko ditu, lehenik, haren datu pertsonalak eta, ondoren, matrikulazioari dagozkion datuak.

Gehien-gehienetan, matrikulatuko den pertsona aplikazio informatikoaren datu-basean ageriko da, bai sartzeko eskabidea aurretiaz egin duelako, bai 2016-2017 ikasturtean ikastetxean edo Euskal Autonomia Erkidegoko beste ikastetxeren batean matrikulatua egon delako. Kasu horretan, sartu ahal izango dira soilik matrikulazioari buruzko datuak, hau da:

– Zer ikasturterako egin duen matrikula.

– Egingo duen atzerriko lehen hizkuntza (ingelesa, frantsesa, alemana, italiera edo portugesa).

– Hizkuntza-eredua.

– Pertsona batek Batxilergoko 1. kurtsoan matrikula egiten badu, zehaztu beharra dago pertsona horrek maila errepikatuko duen ala ez (Bai ala Ez).

– Matrikulatzen den batxilergo mota zehaztu beharra dago (Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak: bidea Giza Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak: bidea Gizarte Zientziak ala Arteak).

– Zehaztu beharra dago, baita ere, ikaslea zer irakasgaien bloketan matrikulatzen den, eranskin honetako zortzigarren arauan xedaturikoa aplikatuz irakasgaien bloke aipatuak zehaztu dituzten ikastetxeen kasuan soilik. Irakasgaien blokea markatuz gero, pertsona automatikoki matrikulaturik egongo da bloke horretako ikasgai guztietan, eta ez da beharrezkoa izango banan-banan markatzea.

– Zehaztu behar dira ikaslea matrikulatu den ikasgai guzti-guztiak (komunak eta aukerakoak). Mailako ikasgai guztietan matrikulatuko diren pertsonak automatikoki matrikulatuko dira ikasgai komun guztietan, eta ez dira banan-banan markatu behar.

– Zehaztu beharra dago ikasleak ikastetxean bertan edo urrutiko ikaskuntzaren bidez gauzatuko dituen matrikulatu aukerako ikasgai guztiak (ardatzekoak eta berariazkoak). Azken aukera hori posible da soilik ikasleak ikasgai batean matrikulatu nahi badu eta ikastetxeak ezin badu eskaini, dela antolakuntzaren eraginez, dela dagokion taldea osatzeko beharrezkoa den gutxieneko ikasle-kopurua bildu ez duelako. Ikasleei ez zaie baimenik emango urrutiko modalitatean matrikulatzeko ikastetxean ematen den ikasgai batean.

– Batxilergoko 2. mailako ikasleen matrikuletan zehaztu behar dira, hala badagokio, gainditzeke dituzten 1. mailako ikasgai matrikulatu berriak.

Hogeita seigarrena.– Agiri emanak.

Ikastetxeak, halaber, aplikazio informatikoan jaso beharko du matrikula gauzatzean pertsona bakoitzak entregatu dituen agiriak.

Hogeita zazpigarrena.– Matrikula baieztatzea.

Behin datu guztiak matrikulan sarturik, ikastetxeak matrikula gordeko du. Ondoren, aplikazio informatikoak osatuko duen agiria inprimatu eta ikasleari emango dio.

Hasierako matrikulan aldaketarik egitekotan, aldaketa horiek aplikazio informatikoan jaso beharko dira berehala. Eta ikasleari eman beharko zaio behin betiko matrikularen egiaztagiri berria.

Hogeita zortzigarrena.– Batxilergoko ikasleen matrikulazioari buruzko datuak sartzea ikastetxe pribatu ez itunduetan.

Batxilergoa eskaintzen duten ikastetxe pribatu ez itunduak ez daude derrigorturik hizpide dugun aplikazio informatikoa erabiltzera ikasleak hartzeko prozesuan.

Nolanahi ere, ikastetxe aipatuek aplikazio informatiko horretan sartu beharko dituzte ikastetxean Batxilergoko lehenengo nahiz bigarren mailan matrikulatu ikasleen datuak. Datu horiek sartzeko epea 2017ko irailaren 30ean amaituko da.

MATRIKULA EZEZTATZEA

Hogeita bederatzigarrena.– Matrikula ezeztatzea.

Matrikula ezabatzeko eskabide bat onartuz gero, ikastetxeak egoera hori jaso beharko du aplikazio informatikoan. Kudeaketa-lan hori egiteko epea 2018ko maiatzaren 4an bukatuko da.

DATU ESTATISTIKOAK GORDETZEA

Hogeita hamargarrena.– Datu estatistikoak balioztatzea.

Agindu honetako 3. artikuluan xedatu bezala, ikastetxeek 2017ko uztailaren 12a arte, egun hori barne, izango dute dagokion aplikazio informatikoan balioztatzeko Batxilergoko matrikulazioari buruzko datu globalak, matrikulazioaren ohiko epeari dagozkionak.

Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko Estatistika Unitateek adierazi epean, Batxilergoko matrikulazioari buruzko behin betiko estatistika-datuak balioztatu beharko dituzte aplikazio informatiko aipatuan.


Azterketa dokumentala