Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2017ko martxoaren 28a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1617

AGINDUA, 2017ko martxoaren 8koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, seme-alabak dituzten familien onurarako diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidurak jakinarazten dituena.

Familei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua da familia-politika integral baten oinarriak eta esparrua ezartzea, familien eta familiakideen bizimoduaren kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz; izan ere, ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzei buruzkoa da II. tituluaren I. kapitulua, eta 8. artikuluan eskubide subjektiboaren izaera ematen die, bete beharreko baldintzak betetzen badira.

Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 17ko bilkuran, 30/2015 Dekretua onartu zuen ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzak arautzeko, eta 2015eko apirilaren 1ean sartu zen indarrean dekretu hori. Arau horrek segida eman zion Familiei Laguntzeko Erakundearteko I. Planaren esparruan 2002an hasi zen seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzen programari, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua indargabetu zuen –seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen zituena–, eta xedapen iragankorretan xedatu zuen zer egoera kudeatuko ziren seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen zituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren bidez eta 255/2006 Dekretuaren bidez.

Administrazio publikoaren diru-laguntzen jardueran bideratu behar den publikotasun-printzipioa betetzeko xedez, 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan dago aurreikusita ezen, familia-politikaren eskumena daukan sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko duela zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, zuzkidura horren eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa finantzatzeko. 176/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluak eta 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluak barnean hartzen zuten zenbateko aurrekontu-zuzkidura esleitu den jakinarazi beharra ere; hala ere, horretarako agindua emateko eskumena Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuari ematen zioten.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) letrak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.

Horren ondorioz, familia-politikaren eskumena daukan sailari egindako aipamenak (30/2015 Dekretua) eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailari egindako aipamenak (176/2002 eta 255/2006 Dekretuak) ulertzeko, gaur egun, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari egindakotzat hartu behar dira, eta agindua ematea hango sailburuari dagokio.

Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, interesdun izan daitezkeenek diru-laguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan eta uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.

1.– Ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusten diren diru-laguntzetarako lerroak betetzeko, guztira, 27.264.314,00 euro bideratuko dira gehienez.

2.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren esparruan aitortu behar diren diru-laguntzetarako lerroak betetzeko, guztira, 221.100,00 euro bideratuko dira gehienez.

3.– Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretua betetzeko eman behar diren diru-laguntzetarako, guztira, 86.400,00 euro bideratuko dira gehienez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan (12.1, 27.1 eta 30.1 artikuluetan hurrenez hurren) xedatutakoaren arabera, hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez argitaratuko da hori.

AZKEN XEDAPENETATIK Lehenengoa

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 8a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.


Azterketa dokumentala