Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2017ko martxoaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1443

EBAZPENA, 2017ko martxoaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ematen baita Artebakarran (Mungia, Bizkaia) den betelekua zabaltzeko proiektuak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena. Proiektua Barbanchano SLk sustatu du.

AURREKARIAK

2016ko abenduaren 20an eskaera bat jaso zen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Mungiako Udalak aurkeztua, Artebakarran (19 poligonoaren 186, 239 eta 240 lurzatiak) den betelekua zabaltzeko proiektuari buruzkoa. Proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea galdegiten zen eskaeran, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz; izan ere, proiektua lege horren II. eranskinaren 9. taldean ageri da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak dioenari jarraituz, 2017ko urtarrilaren 9an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.

Era horretan, kontsulta egin zitzaien Natura Ingurunearen eta Ingurunearen Plangintzako Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak) Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kirolaren Zuzendaritzari, URAri eta Bizkaiko Ekologistak Martxan erakundeari.

Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarena, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzako Zuzendaritzarena (denak ere Eusko Jaurlaritzakoak), Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kirolaren Zuzendaritzarena, eta URArena. Kontsulten emaitza espedientean jasota da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Ebazpen honen xede den proiektua beteleku bat handitzea da, eta soilik lur naturaletik ateratako lur eta arrokekin beteko da, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat eginez. Betelanerako bestelako materialik egonez gero, kasuan-kasuko araudia aplikatuko da.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, langintza-prozesuaren lehen faseetan eta betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Beraz, eta ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Mungiako Artebakarran betelekua zabaltzeko Barbanacho SLk sustatutako proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura sinplifikatua aplikatuko zaio.

Behin proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoa eta txostenak aztertuta, proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du, erakunde eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera. Aipatutako proiektuak ingurumenean eragin esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da txosten horretan, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta baita aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egiten da Mungiako Artebakarran den betelekua handitzeko Barbanacho SLk sustatutako proiekturako, baldintza hauek beteta:

A.– Mungiako udalerrian, Artebakarra mendiaren iparraldeko ibarbidean, den betelekua handitu nahi da. Betelanerako, soilik lur naturaletik ateratako lur eta arrokak onartuko dira, eta kutsatu gabeak.

B.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legeko III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Proiektatutako betelekuak 69.075 m2-ko azalera izango du guztira zabaltze berriarekin, eta 1.219.921,40 m3-ko bolumena. Horietatik 733.921 m3 eskatzen den zabaltzeari dagozkio.

Betelanerako, soilik lur naturaletik ateratako lur eta arrokak onartuko dira, eta kutsatu gabeak. Ez da onartuko bestelako material motarik.

Betelekua izango denaren lurzorua prestatzeko, belar-sastrakak kendu beharko dira.

Beteleku berria drainatzeko, sakoneko drainadura bat aurreikusten da ibarbidearen muinean inguruko eta zeharkako drainadurez gain, eta baita azaleko jariatze-urak bilduko dituen areka perimetral bat ere, urak betelekutik kanpora bidera ditzan. Dauden ur-ibilguetara ez da ezer botako, eta ez dira inbadituko.

Instalaziorako sarbidea dauden pista eta bideetatik izango da, eta horiek behar bezala egokituko dira. Ez da aurreikusten sarbide berririk egitea.

Halaber, lehendik dauden kontrol-etxola eta gurpil garbitokia egokitzea aurreikusten da.

2.– Proiektuaren kokapena:

Betelekuaren handitzea Artebakarra mendiaren iparraldeko ibarbidean egingo da, Mungiako udalerrian. Ibarbidea erdi ezkutuan dago, eta bizitokietatik urrun.

Ingurune fisikoaren ezaugarriei buruz, hau aipatu behar da:

• Eremuan ez dago interes geologikoa edo geomorfologikoa duen tokirik. Kokapenean diren material geologikoak iragazkortasun baxukoak dira; beraz, akuiferoak kutsatzeko oso arrisku txikia dago.

• Hidrogeologia: eremua ez dago inongo unitate hidrologiko nagusietakoren baten barnean. Eremuan ez da ur punturik ageri.

• Ez dago EAEko Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Arloko Planean (LPS) sailkatutako balio estrategiko handiko lurzorurik; lurzoru gehienak Baso kategoriaren barruan daude, eta gainerakoak Nekazaritza eta abeltzaintza, Trantsizioko Landa-paisaia gisa sailkatuta daude.

• Landaredia: ibarbidearen zati handiena zelaiak, labore atlantikoak eta baso landaketak dira. Betelanak pinudiaren zati bati eragingo dio, artetzaren landaredi aitzindaria duen ezponda bati –nahikoa hondaturik, bestalde–, batik bat sasi, ote, endalar, Pampako luma-mottoa eta eukalipto eta pinu batzuez osatua dagoena, eta baita egungo betelekuarekin muga egiten duen pinudian zuhaitz/zuhaixka autoktonoz osatutako lerro txiki bat ere. Ukituko duen landaredi baliagarriena, izan, hostozabalen baso mistoaren adierazgarri den zuhaitz eta zuhaixkez pinudiaren ertzean osatutako lerro murritz bat da, hain zuzen egungo betelekuaren harri-lubetarekin muga eginez.

• Flora: betelekua handitzeko aurreikusita den eremuan ez da mehatxatutako flora espezierik antzeman, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere. Inguru hurbilean, ordea, badira Batasunaren intereseko habitat bi: Txilardi lehor europarrak (4030), eta Altitude baxuko sega-belardi pobreak (6510).

• Fauna: mehatxatutako zenbait espezie antzeman dira eremuan; zehazki, baso-igel iberiarraren (Rana iberica) eta Schreiber muskerraren (Lacerta schereiberi) –biak ala biak, interes berezikoak– lehentasunezko banaketa eremu da. Proposatutako jarduerak ez du ematen espezie horiengan inpaktu kaltegarri esanguratsurik sortuko duenik.

• Kultura-ondareko elementuak: aipatzekoa da kultura-interes handiko elementu berrerabiliak daudela jarduera-eremutik hurbil.

• Betelanen eremua ez dago eremu babestu batean, ez eta inbentariatutako natur interes toki batean ere. Ez du ere ukitzen EAEko Korridore ekologikoen sareari buruzko azterketan zehazten diren egiturazko elementurik.

• Tokiak ez du paisaia-balio aipagarririk.

• Irailaren 30eko 165/2008 Dekretuz onartutako lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioak eta ondorengo eguneratzeak dioenari jarraituz, ez da lursail inbentariaturik antzematen betelanak egingo diren azaleran.

3.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak lurzorua egokitzeko fasean gertatuko dira nagusiki, sastrakak kentzearen, lurren mugimenduen, makinen joan-etorrien eta abarren eraginez, batez ere lehenengoagatik, zeren landaredia soiltzeaz gain kaltea sor baitezake horri lotutako faunarengan eta paisaian. Kaltea, dena den, ez du ematen esanguratsua izango denik, erdi ezkutuan dagoen toki bat da eta kaltetuko duen landaredia ez dago interes handikoen artean; horrez gainera, inguru hurbilean bada bertako faunarentzat babeserako antzeko ezaugarriak dituen tokia. Hala ere, kontuan izan behar da toki batzuetan artadi eta sastrakadi guneekin egiten duela eremuak muga. Hori dela eta, arreta handia jarri beharko da toki horietan.

Lurren mugimendua drainadura zangen indusketagatik, harri-lubetaren zimendatzeagatik eta egonkortasuna segurtatzeko lur-indusketagatik egingo da. Indusketatik aterako diren lurrak betelekuan bertan berrerabiliko dira. Hala, saihestu egingo dira material horren garraioak sortuko lituzken kalteak. Esekidurazko solidoek uretan eragingo lituzketen kalteak ere munta gutxikoak dira.

Betelekuaren ustiatze-fasean sortuko den efekturik esanguratsuena kamioien joan-etorriek inguruko bideetan sortuko dutena da. Lehendik dauden bideak izaki, betelekuaren funtzionamenduak ez du trafiko gorakadarik ekarriko egungoaren aldean, ezpada inpaktua denboran zehar luzatzea.

Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Sustatzaileak ingurumen organoari aurkeztutako dokumentazioan azaldu dituen babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak eta sektorekako baimenetan adierazitakoak aparte utzi gabe, honako baldintza hauek aintzat hartu beharko ditu sustatzaileak berak:

• Betelanean onartuko diren material bakarrak lur naturaleko lurra eta arrokak izango dira, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz.

• Ez da landare-lurrik onartuko betelana egiteko, soilik 30 cm arteko azaleko geruzetan erabili ahalko da.

• Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lurra okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehiena murriztuko dira makinen joan-etorriak. Jardueraren mugen kontrol zorrotza eraman beharko da, eta hesi bat eraikiko da horretarako.

• Lurraldearen iragazkortasun edo konektibitate ekologikoari eusteko, perimetroko itxiturak behar izatekotan, gune libre bat mantendu beharko da azpialdean, lurzoruaren sestratik 15-20 bat cm bitarteko altuerakoa, eta betelanaren amaierako fasean kendu egingo dira.

• Drainatzeko eta isurketak desbideratzeko hodietan itota/atera ezinik ahalik eta ornodun txiki gutxiena hil daitezen, elementu horiek diseinatzeko orduan animalia horiek irtetea ahalbidetzen dutenak jarriko dira (arrapala txikiak, irteteko zuloak, etab.).

• Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.

• Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere eragindako eremuen lehengoratzea eta landaretzaren birgaitzea errazte aldera. Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

• Bestalde, obraren faseko lur-mugimenduak egitean proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren edo instalazioak egon diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egin nahi bada, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko da, betiere Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren ildotik.

• Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedaturik dena ezartzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

– Zuzen-zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan ez dira landareak moztuko, ez eta belar-sastrakak garbituko.

– Ibilgailuek egun dauden baso-bideak erabiliko dituzte biltegiko sarrerara heltzeko; hortaz, ez da aurreikusten sarbide berririk egitea. Era berean, ez da baimenik emango egungo bideak zabaltzeko edo egokitzeko, baldin eta, halakorik eginez gero, baso-masa autoktonoei eragiten bazaie.

– Guneak landaretza interesgarriarekin zinkatuko dira, jarduera lekutik hurbil den Altitude baxuko sega-belardi pobreak (6510) garrantzi komunitarioko habitata, esatera.

– Kontrolatzeko neurriak hartuko dira mugitutako lursailak eta landaredirik gabeak ez daitezen sarbide bihurtu landare-espezie inbaditzaileentzat –esaterako, Fallopia japonica, Buddelia davidi edo Robinia pseudoacacia–, eta, horrez gain, ahaleginak egingo dira halakoak jardun-eremutik desagerrarazteko.

• Hondakinak sortzea:

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioak kontuan hartuta, ahalik eta hondakin gutxiena sortuko da.

– Sortutako hondakinak Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorazio mota batzuk, balorazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.

– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia ezberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.

– Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoei jarraituz egingo da, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.

– Behar bezalako baldintzetan jasoko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek egon diren ontziak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren nahiz gainerako araudiaren arabera.

• Lurzorua eta ura babestea:

– Obrako makinak gordetzeko lur-azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira.

– Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean isuriko olio edo erregaiak.

– Eraikitze-fasean ahal den eta hondakin fin gutxien isuriko da drainatze-sare naturalera, eta, proiektua garatzen den eremuan, bermatu egin beharko da ez dela eraginik izango urak Oleta errekara doazen eta lurzatitik igarotzen diren jariatze-uren kalitatean. Sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasota denez, drainaduraren perimetroko ubide berrietan bildutako urak ezingo dira hustu betelanaren barruko errekastora. Egokitzat jotzen dira ibarbidearen muinean beteleku berria drainatzeko sakoneko drainadurarekin zein inguruko eta zeharkako drainadurekin jarraitzeko neurriak, eta baita azaleko jariatze-urak bilduko dituen areka perimetral bat egitea ere, urak betelekutik kanpora bidera ditzan.

– Horrez gainera, eta neurri zuzentzaile gisa, dekantazio-baltsa bat edo urak iragazteko bestelako sistemak jarri beharko dira lursailak egokitzeko obrak diren bitartean.

– Aldian-aldian, efluentea ibilgu publikora isurtzeko kontrolak egingo dira, bai gurpilen garbitokian, bai dekantazio-baltsan (edo komunetik datozen urak arazteko sisteman, halakorik badago), betiere egiaztatzeko isurketak ez dituela gainditzen isurketa-baimenean ezarritako mugak. Kontrolen maiztasuna eta isurketan aztertu beharreko parametroak ibilgu publikora isurketak egiteko baimenean zehaztutakoak izango dira; baimen hori arlo horretako erakunde eskudunari eskatu beharko zaio.

– Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

• Aire kutsadura denaz bezainbatean, ahalegin handia egingo da betelekuaren eraikitze-fasean ahalik eta hauts gutxiena sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, partikulak atmosferara isurtzea saiheste aldera:

– Obretarako sarbidean mugatu egingo da ibilgailuen eta obrako makinen abiadura.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxiena sortzeko moduan egingo dira.

– Sarbideak eta inguruko bideak aldian-aldian garbituko dira, eta atzemandako hauts-isurketen arabera ureztatuko dira. Sarbideak egoera egokian egon beharko dute uneoro.

– Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

– Gurpilak garbitzeko sistema bat jarriko da, eta handik pasako dira ibilgailuak, instalaziotik irten ondoren.

– Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea eta hondeaketa-lurrak nahiz hondakinak aldi baterako metatzeko guneak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira, eta horretarako aukeratutako tokietan ezarriko.

– Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

– Ez da hondarrik erreko, ezta beste edozelako materialik ere.

• Kutsadura akustikoa:

– Eraikitze-fasean, neurri hauek hartu beharko dira: obrako makinen mantentze orokorra; zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea; makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea; zarata egunez bakarrik egitea; obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.

– Obra-fasean erabiliko diren makinek aire zabalean erabiltzen direnen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, batez ere, aplikatzekoa denean, aire zabalean erabiltzen diren makina batzuek inguruan egiten dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa eta gainerako arau osagarriek diotena bete beharko dituzte.

• Behin obrak bukatuta, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu.

Paisaia lehengoratzeko proiektu bat idatziko da, eta 239 eta 240 lurzatietarako aurreikusitako neurriak jasoko ditu. Ildo horretan, lehengoratze-plan horrek sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan jasota diren gomendio eta neurriei jarraitu beharko die, eta, edonola ere, kasu bakoitzean gaiaren organo eskumendunak ezartzen dituenak. Birlandatze-plana, besteak beste, betelaneko obrak kaltetutako lurzoru osorako egin beharko da, hor landatuko diren espezieak zuhaizti eta zuhaixka autoktonoak izango dira, garbi identifikatu beharko direlarik lehengoratze-eremuak, erabili beharreko espezieak zein horien kopurua, landatzeko tartea, planaren aurrekontua, etab.

Paisaian txertatzeko neurriak garatzerakoan, gainera, honako alor hauek izan beharko dira kontuan:

– Isurtze-masa inguruko morfologiari egokitu behar zaio.

– Landareztatzea pixkana-pixkana egin beharko da, betelanaren fase ezberdinak burutu ahala.

Landareztatze-proiektuak, gutxienez, 2 urteko bermealdia izango du, landareztatzea bukatzen denetik kontatzen hasita, arrakastatsua izango dela bermatzeko. Landareztatzean hutsarteak beteko dira eta beste edozein mantentze-lan ere burutuko da, landareak behin betiko sustraitzea lortze aldera.

• Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean xedatua denari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik sortuko denik. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Mungiako Artebakarran betelekua handitzeko Barbachano SLk sustatuko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaie bai Mungiako Udalari bai proiektuaren sustatzaileari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala