Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2017ko martxoaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1148

EBAZPENA, 2016ko abenduaren 30ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ebazten baita Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren deialdia. Deialdi horren bitartez, diru-laguntza hauek emateko deialdia egiten da, eta horretarako oinarri arautzaileak ezartzen dira: garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-erakunde batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei eman beharreko diru-laguntzak.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren bidez, diru-laguntza hauen deialdia egiten da 2016ko ekitaldirako: garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-erakunde batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei eman beharreko diru-laguntzak. Aipatutako agindu hori 2016ko maiatzaren 18ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (93. zenbakia) argitaratu zen.

Eskabideak aurkezteko epea 2016ko ekainaren 22an amaitu zen, eta 130 eskabide jaso ziren Ingurumen Sailburuordetzaren egoitza elektronikoan.

2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 15. artikuluaren arabera, horretarako eratutako organo ebaluatzaileak diru-laguntza eskabideak aztertu eta ebaluatu ditu, eta bidezko ebazpen-proposamena prestatu du. Proposamen horrek zehaztu du zeintzuk diren, betiere esleipeneko irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituta, aipatutako agindu hori aplikatuz diru-laguntza lortzeko modukoak diren proiektuak, diru-laguntzen zenbatekoa, ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak.

2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 4.2 artikuluak hau ezartzen du: eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio, organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenari jarraikiz.

Lurzoru kutsatuen eta kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroetan, ez da agortu hasieran aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura, eta, ondorioz, organo ebaluatzaileak erabaki du gerakin hori erabiltzea klima-aldaketaren eta atmosferaren lerroaren aurrekontu-zuzkidura handitzeko.

Aurrekontu-zuzkidura doitu ostean, aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago klima-aldaketaren eta atmosferaren lerroan diru-laguntza jaso dezaketen proiektu guztien zenbatekoa diruz laguntzeko, proiektu horiek 50 puntu edo gehiago lortu badituzte.

Diru-laguntzak arautzen dituen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, dokumentazioa zuzentzeko eskatu zaie 11. artikuluan aurreikusitako agiriak aurkeztu ez dituzten erakundeei, edota 2.2. artikuluan adierazitako baldintzak edo aipatutako aginduan ezarritako bestelako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ez duten erakundeei. Dokumentazioa zuzentzeko emandako epea igaro eta eskatutako agiriak aurkeztu ez dituztenez, II. eranskinean jasotako erakundeek eskaeran atzera egin dutela ulertzen da.

Horrez gain, Servicios de Txingudi-Txingudiko Zerbitzuak, S.A. tokiko merkataritza-sozietateak, bere borondatez, atzera egin du eskaeran, kapital naturalaren eta biodibertsitatearen lerroan.

Ingurumeneko sailburuordea eskuduna da onuradunak zeintzuk izango diren eta emango diren diru-laguntzen zenbatekoak zeintzuk izango diren behin betiko zehazteko, 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Deialdiaren aginduaren 17. artikuluaren arabera, hor araututako laguntzak, jasangarritasunerako hezkuntzaren lerroan izan ezik, norgehiagoka-prozeduraren bidez eman behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4. artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina); horrez gain, 50 puntu baino gehiago dituzten proiektuen lehentasun-hurrenkera bakarrik hartuko da kontuan balorazio-fasean 50 puntu baino gehiago lortu dituzten proiektu guztiak ordaintzeko adina aurrekontu-zuzkidurarik ez badago. Kasu horretan, lehenengo, puntuazio altuena lortu duten proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzaren lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.

Honako arau hauek aztertu dira: 2016ko maiatzaren 9ko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, zeinaren bidez 2016ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia egiten baita garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak egiten dituzten udalentzat, mankomunitateentzat, beste toki-erakunde batzuentzat, toki-erakunde autonomoentzat, tokiko garapen-agentzientzat eta tokiko merkataritza-sozietateentzat; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 24/2016 Dekretua, azaroaren 26koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta oro har aplikatu beharreko gainerako arauak. Horiek guztiak azterturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean jasotako erakundeei diru-laguntza ematea, bertan zehazten diren proiektuetarako eta zenbatekoengatik.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera ordainduko dira diru-laguntzak.

Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean argitaratzea atzera egin duten diru-laguntza eskabideen zerrenda.

Hirugarrena.– Eskatutako diru-laguntza ukatzea, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduan ezarritakoaren arabera, ebazpen honen III. eranskinean aipatzen diren erakundeei, bertan zehazten diren arrazoiengatik.

Laugarrena.– Ebazpen honen bidez ematen diren diru-laguntzen zenbatekoaren lehen ordainketa egiteko agintzea, ebazpenaren I. eranskinean zerrendatzen diren erakunde onuradunei.

Diru-laguntzaren ondorengo ordainketak egiteko, berriz, onuradunak agiri bidez egiaztatu beharko du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 23. eta 24. artikuluetan ezarritako baldintzak bete dituela.

Onuradunek, era berean, bete egin beharko dituzte aipatutako aginduaren 20 artikuluan haientzat jasotzen diren gainerako betebeharrak.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, interesdunei horren berri emateko, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 18.1 artikuluan xedatuarekin bat etorriz, eta, era berean, diru-laguntzak emateko prozedura orok bete behar duen publikotasun-printzipioa betetzeko.

Seigarrena.– Diruz lagundutako proiektua egiteko nahitaez bete behar diren baldintzen pleguak banan-banan jakinarazteko agintzea, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 9ko Aginduaren 19. artikuluaren arabera.

Zazpigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita, horrela baitago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorraren c letran.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 30a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala