Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2017ko martxoaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1134

AGINDUA, 2017ko otsailaren 14koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira partikularrek eskatutako Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren peritu-zerbitzuengatiko prezio publikoen zenbatekoak, ibilgailu motordunen zirkulazioarekin lotutako gertakarien gaineko auzibidetik kanpoko erreklamazioetan; horrez gain, horiek likidatzeko arauak ematen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateginak dioenaren arabera (irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen), prezio publikotzat joko dira zuzenbide publikopeko jardueren edo zerbitzuen trukean ematen diren diru-sariak, baldin eta tasa ez badira.

Testu bategin beraren 31. artikuluak ezartzen du prezio publikoen bitartez ordain daitezkeen zerbitzuak eta jarduerak dekretu bidez ezarriko dituztela, elkarrekin, ogasunaren arloan eskumena duen sailak eta kasuan kasuko sailak, hots, zerbitzuak zuzenean ematen dituen sailak edo zerbitzuak ematen dituen erakundearen gaineko sailak.

Aurrekoa betetzeko onartu da 152/2016 Dekretua, azaroaren 2koa, zeinaren bidez aldatzen baita 397/2013 Dekretua, uztailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituena.

Zentzu horretan, aldaketa horren bidez, prezio publikoen arabera ordain daitezkeen zerbitzu eta jardueren artean sartu da honako hauek egitea: «Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eginiko peritu-txosten eta -irizpenak».

Azkenik, aipatutako testu bateginaren 33. artikuluan xedatutakoaren arabera, prezio publikoen zenbatekoa ezartzeko, agindua emango du prezioa kobratu behar duen organo edo erakundearen gaineko sailburuak, organo edo erakunde horrek proposaturik, ogasunaren arloan eskumena duen sailak txosten loteslea egin eta gero.

Hori guztia dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16. artikuluak, hamargarren xedapen gehigarriak, lehenengo xedapen iragankorrak eta azken xedapenetatik lehenengoak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.2.i) artikuluarekin lotuta, eta Ogasun eta Ekonomia Saileko Zerga Administrazioko Zuzendaritzak aldeko txostena eman eta gero, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak egiten dituen peritu-txostenen prezio publikoak ezartzea, abenduaren 18ko 1148/2015 Errege Dekretuan ezarritako kasuetan. Dekretu horren bidez arautzen da auzitegi-medikuntzako eta auzitegi-zientzietako institutuek partikularren eskariz peritu-txostenak egiteko aukera zenbait erreklamaziotan, zehazki ibilgailu motordunen zirkulazioarekin lotutako gertakarien gaineko auzibidetik kanpoko erreklamazioetan, bai eta horiek ordaintzeko prozedura ere.

2. artikulua.– Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eginiko peritu-txostenen mota eta prezioa zehaztea.

1.– Ordaindu beharreko zenbatekoa lesioen larritasunaren arabera zehaztuko da, eta, horretarako, irizpide hauei jarraituko zaie:

a) Ospitaleratzerik gabeko lesioak.

b) 72 orduko edo hortik beherako ospitaleratzea behar duten lesioak.

c) 72 ordutik gorako ospitaleratzea behar duten lesioak.

2.– Prezio publikoen zenbatekoak hauek izango dira:

a) Ospitaleratzerik gabeko lesioak: 80 euro.

b) 72 orduko edo hortik beherako ospitaleratzea behar duten lesioak: 150 euro.

c) 72 ordutik gorako ospitaleratzea behar duten lesioak: 350 euro.

3.– Prezio publikoaren likidazioa bakarra izango da peritu-txosten bakoitzeko, eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuak eginiko txosten guztiak jasoko ditu, zeinak beharrezkoak izango baitira aldi baterako lesioak eta ondorioak zehazteko eta neurtzeko, abenduaren 18ko 1148/2015 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera. Peritu-txostenaren ardura duen auzitegi-medikuak eskatuta zentro medikoetan edo ospitaleetan egin behar diren proba osagarriak ez ditu barne hartuko.

4.– Prezio publikoak ordaintzean, hala badagokio, balio erantsiaren gaineko zerga edo eska daitezkeen bestelako zergak ordaindu beharko dira, indarrean dagoen zerga-legeriaren arabera.

3. artikulua.– Ordaindu behar dutenak, eta ordaintzeko epea eta modua.

1.– Eskaintza arrazoitua egin duen aseguru-entitateak ordaindu beharko du agindu honetan ezarritako prezio publikoa.

2.– Ordainketa aurreratua izango da, eta eskaeraren unean egin beharko da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarreren erregistro eta kobrantza automatikoaren inguruan unean-unean indarrean den araudiaren arabera egingo dira ordainketak, Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bitartez.

4.– Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuari zuzendutako eskaerarekin batera, aseguru-entitateak prezio publikoa ordaindu duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, edo, bestela, kaltedunari eman beharko dio, eskaerarekin batera aurkez dezan.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 14a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala