Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2017ko otsailaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
982

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Elgoibarko (Gipuzkoa) Akei baserriaren ingurunean soberakinen betelana egiteko proiektuak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena egiteko dena. Agurtzane Arriola Agirre andreak sustatu du proiektu hori.

AURREKARIAK

2016ko azaroaren 10ean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Elgoibarko Udalak egindako eskaera bat jaso zen, udalerri horretako Akei baserriaren ingurunean soberakinen betelanak egiteko proiektuari buruz. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, lege horren II. eranskinaren 9. taldean jasota baitago proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2016ko abenduaren 7an, ingurumen-organoak kontsulta egin zien interesdunei eta proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei, interesekoa izan daitekeen informazioa biltzeko eta aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazteko.

Alde horretatik, kontsulta egin zitzaien Natura Ingurunearen Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari –Gipuzkoako Lurralde Bulegoari– (denak ere Eusko Jaurlaritzakoak), bai eta Urari eta Gipuzkoako Ekologistak Martxani ere.

Kontsulta-izapidea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira: zehazki, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzarena eta Natura Ingurunearen Zuzendaritzarena (denak ere Eusko Jaurlaritzakoak), bai eta Urarena ere. Kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Ebazpen honen xede den proiektua betelan bat egitean datza, eta, han, lurra eta arrokak izango dira material onargarri bakarrak, lur naturalean jatorria dutenak, hala ezartzen baita Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan. Betelanean bestelako materialak erabiliz gero, kasuan-kasuko araudia aplikatuko da.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea plangintza-prozesuaren lehen faseetan, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie, besteak beste, lege horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Elgoibarko Akei baserriaren ingurunean soberakinen betelanak egiteko proiektuari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau eman behar du, erakunde eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak eragin ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.

Xedapen hauek ikusi dira: Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere. Horrenbestez, honako hau

EBAZPEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Elgoibarko Akei baserriaren ingurunean soberakinen betelanak egiteko Agurtzane Arriola Agirrek sustatutako proiektuari, jarraian agertzen diren baldintzei jarraituz:

A) Aztergai den proiektuaren xedea da betelan bat egitea, Elgoibarko Akei baserriaren ingurunean, gutxi gorabehera 129.300 m3-ko edukiera izango duena.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, betiere abenduaren 9ko 21/2013 Legeko III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1) Proiektuaren ezaugarriak:

Soberakinen betelan bat proiektatu da, Akei baserriaren inguruko ibarbidean. Betelanak hartuko duen eremuak 22.700 m2 inguru ditu, eta materialak biltzeko edukiera, guztira, 129.300 m3-koa da.

Betelanean, honako hondakin mota hauek onartuko dira:

– Lurra, jatorria izango duena hondeaketetan, lur-erauzketetan, lur-mugimenduetan eta abarretan.

– Arrokak, lehenago aipatutako prozesuetatik erauziak.

– Agregakinak.

Nolanahi ere, halako hondakinak ez dira onartuko, baldin eta haien jatorrizko lursailetan kutsadura sortzen duten jarduerak egin badira, eta, era berean, ez dira onartuko % 65etik gorako hezetasun-maila duten materialak.

Jarduketa 5 fasetan gauzatuko da, eta, lehenengoan, honako lan hauek egingo dira: belar-sastrakak garbitzea betelana egingo den azalera osoan; behin betiko barne-bideak eta betelana egiteko behin-behineko bideak egitea; instalazioak, kontrol-etxola, atea eta gurpilen garbitokia jartzea, eta betelana zedarritzea. Beste faseetan, betelana gauzatuko da, +260,50 kotaraino.

Betelanaren oinarrian, harri-lubetazko horma bat jartzea proposatu da, betelanari forma emateko. Horma hori 105 m luze izango da, eta, gehienez, 4,50 m garai.

Betelanaren eremura sartzeko bide nagusia Elgoibarko Idotorbe auzoko aparkalekutik abiatzen diren baso-bideetatik egingo da. Obraren bide nagusi horretatik, barne-bide bat abiatuko da, aurretiazko egiturak eraikitzeko eta betelana bera egiteko erabiliko dena.

Eremuan, kontrol-etxola bat egongo da, sarreran, bai eta gurpilak garbitzeko instalazio bat ere.

Betelana egiteko epea 5 urtekoa izango da.

2) Proiektuaren kokapena:

Betelanaren proiektua Elgoibarren egingo da, hots, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Debabarrena eskualdean. Zehazki, Idotorbe auzoan (San Pedro), Akei baserritik gertu.

Kokapena egokitzat jotzen da arrazoi hauengatik:

– Apenas dagoen inpaktu bisuala; inguruan, biztanleak dituen etxebizitza bakarra dago, betelanaren inpaktu negatiboa jasan dezakeena. Biztanle horiek lursailaren beraren jabeak dira.

– Betelanaren kokalekuan, ez dago sarbide berririk egin beharrik, egun daudenak erabiliko baitira.

– Obraren tokitik betelanaren kokalekura materiala garraiatzeak eragin txikia izango du, hurbil baitaude bata bestetik.

– Betelana egonkorra izango da, baldin eta jarraibideak betetzen badira isurketari, trinkotze-lanari, diseinuari eta erabili beharreko material motei dagokienez.

– Drainatze- eta huste-elementuen sareak aukera ematen du jariatze-urak behar bezala ateratzeko, eta baliabide hidrikoen gaineko inpaktua minimizatzen du.

– Betelanaren eremua landareztatuko da, inguruko paisaiarekin integratu dadin.

3) Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpaktu esanguratsuenak exekuzio-fasean gertatuko dira nagusiki, lur-mugimenduen, makinen joan-etorrien, instalazio osagarrien eta abarren ondorioz. Hona inpaktu nabarmenenak: ibai-ibilguetan izan daitekeen eragina (bateragarritzat jotzen da, jariatze-uren ezaugarriak direla eta); uraren kalitatea murriztea, obrak iraun bitartean (nekez izango da uraren kalitatea murriztuko duen eraginik); landareen gaineko inpaktua (betelanaren eremuan, ez dago intereseko landarerik, eta neurriak hartuko dira haiek berriz ezartzeko); faunaren gaineko inpaktu zuzena (nekez gertatuko da halakorik); faunaren habitataren kalitatea murriztea, gerta baitaiteke denboraldi batez eragozpenak sortzea Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan «interes berezikotzat» jotako zenbait espezieri; paisaiaren kalitatea murriztea, lurren betelanak, irauten duen bitartean, nolabaiteko eragina izan baitezake paisaiaren kalitatean, makinen presentziagatik, lur-mugimenduengatik eta landare-ezagatik (lanak bukatu ondoren, landareztatzeko neurri zuzentzaileak ezarriko dira; airearen kalitatea murriztea (inpaktua bateragarritzat jotzen da, aldi baterako izango baita); gizakien habitataren gaineko eragina (bide publikoak eta eraikinak; zarata aterako da, nagusiki hauei eragingo diena: Olasoberri baserriari; Eulogio Estarta kaleko etxebizitza-multzoari, eta Ikei, Ikeiberri eta Ipintza baserriei); hondakinak sortzea, zeinak modu egokienean kudeatuko baitira hondakin motak kontuan hartuta.

Atal hau laburbilduz, nabarmendu beharra dago arrisku gutxi edo batere arriskurik ez dagoela afekzioak gertatzeko uraren, faktore klimatikoen, aldaketa klimatikoaren, ondasun materialen eta kultura-ondarearen gainean, eta, gainera, afekzioak txikiak izango lirateke.

Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

– Betelanean onartuko diren material bakarrak lur naturaleko lurra eta arrokak izango dira, eta ez da bestelakorik onartuko. Beraz, ez da onartzen «Elgoibarko hondakindegiari buruzko memoria» dokumentuaren 6.4 puntuan betelanerako adierazten den hipotesi hau: «betelanean, material geldoak erabiliko dira, eraispenen edo lur-hondeaketen hondarrez osatuak, urrun ez dauden tokietatik eramanda». Hala egingo da, beraz, honako hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan eta Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan.

– Proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira obrak, bai eta lurra okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Jardueraren mugen kontrol zorrotza egin beharko da, eta, horretarako, hesi bat eraikiko da.

– Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokienak ezarriko dira.

– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere eragindako eremuak landareztatzea eta lehengoratzea errazte aldera. Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.

– Bestalde, obraren faseko lur-mugimenduak egitean proiektuak eragina baldin badu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak gauzatu diren edo instalazioak egon diren lursailetan, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz ingurumen-organoaren baimena beharko da, betiere Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren esparruan.

– Landareen gaineko eragina murrizteko neurriei dagokienez, alde batera utzi gabe Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, honako beste neurri hauek ere hartuko dira:

– Ez dira landareak moztuko eta belar-sastrakak garbituko, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan.

• Ibilgailuek egun dauden baso-bideak erabiliko dituzte biltegiko sarrerara heltzeko; hortaz, ez dago aurreikusita sarbide berririk egitea. Era berean, ez da baimenik emango egungo bideak zabaltzeko edo egokitzeko, baldin eta, halakorik eginez gero, baso-masa autoktonoei eragiten bazaie.

• Intereseko landaredi-eremuak zedarrituko dira: esaterako, baso-masa azidofiloa, hondakindegia ixten duen harri-lubetazko hormatik gertu dagoena.

• Kontrol-neurriak hartuko dira, ahal den heinean, mugitutako lursailak eta landaredirik gabeak ez daitezen sarbide bihurtu landare-espezie inbaditzaileentzat –hala nola, Fallopia japonica, Buddelia davidi edo Robinia pseudoacacia-rentzat–, eta, gainera, ahaleginak egingo dira halakoak jardun-eremutik desagerrarazteko.

– Hondakinak sortzea:

• Ahal den eta hondakin gutxien sortuko dira.

• Sortutako hondakinak Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatuko dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena izanda.

• Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira behintzat.

• Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.

• Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta gainerako araudiaren arabera.

– Lurzorua eta ura babestea:

• Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira.

• Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak plantan horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baitira lurrean olioak edo erregaiak isuriko.

• Eraikitze-fasean, ahal den eta hondakin fin gutxien isuriko da drainatze-sare naturalera, eta, proiektua garatzen den eremuan, bermatu beharko da ez dela eraginik izango ibarbidearen hondotik igarotzen den iturburuko uraren kalitatean. Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan jasotzen denez, obrak iraun bitartean, dekantazio-baltsak jartzeaz gainera, ura iragazteko sistemak jarri behar diren ala ez aztertuko da (solidoei eusteko hesia edo dekantazio-baltsa).

• Egokitzat jotzen da sustatzaileak egindako proposamen hau: perimetroko arekak egitea ibarbideko jariatze-urak tratatzeko. Iturburuko ura aurreikusitako hondoko drainera bideratuko da, edo, bestela, proiektuan jasotako perimetro-areketara.

• Aldian-aldian, efluentea ibilgu publikora isurtzeko kontrolak egingo dira, bai gurpilen garbitokian, bai dekantazio-baltsan (edo komunetik datozen urak arazteko sisteman, halakorik badago), betiere egiaztatzeko isurketak ez dituela gainditzen isurketa-baimenean ezarritako mugak. Kontrolen maiztasuna eta isurketan aztertu beharreko parametroak ibilgu publikora isurketak egiteko baimenean zehaztutakoak izango dira; baimen hori arlo horretako erakunde eskudunari eskatu beharko zaio.

• Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.

– Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da obra-fasean ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, partikulak atmosferara isurtzea saiheste aldera:

• Sarbidean, ibilgailuen trafikoa eta obrako makinena mugatuko da.

• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

• Aldian-aldian, sarbideak eta inguruko bideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatuko ere. Sarbideak, betiere, baldintza optimoetan mantenduko dira.

• Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.

• Gurpilak garbitzeko sistema bat jarriko da, eta handik pasako dira ibilgailuak, instalaziotik irten ondoren.

• Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko guneak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira, eta helburu horretarako aukeratutako tokietan ezarriko.

• Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.

• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

– Kutsadura akustikoa: alde batera utzi gabe urriaren 16ko 213/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzkoa, eta zarata-arloko gainerako arauak, honako hauek hartuko dira aintzat:

• Eraikitze-fasean, neurri hauek hartu beharko dira: obrako makinen mantentze orokorra; zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea; makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea; zarata egunez bakarrik egitea; obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.

• Obra-fasean erabilitako makinek aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, batez ere, aplikatzekoa denean, aire zabalean erabiltzen diren makina batzuek inguruan egiten dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa eta gainerako arau osagarriak bete beharko dituzte.

– Behin obrak bukatuta, garbiketa-kanpaina zehatza egin beharko da, obra-hondarrak kenduz eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatuz.

– Pasaia leheneratzeko proiektua gauzatuko da, sustatzaileak proposatuta bezala. Alde horretatik, gomendioa egiten da baso mistoko zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak erabiliz landareztatu beharreko azalera handitzeko, edo, gutxienez, beheko ezpondara zabaltzeko (harri-lubetazko hormaren goialdean hasi, eta 2. bermaraino).

– Landareztatze-proiektuak, gutxienez, 2 urteko bermealdia izango du, landareztatzea bukatzen denetik hasita, arrakastatsua izango dela bermatzeko. Landareztatzean, hutsarteak beteko dira, eta beste edozein mantentze-lan egingo, landareak behin betiko sustraitzea helburu hartuta.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari, behar diren neurriak har ditzan.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Elgoibarko Akei baserriaren ingurunean soberakinen betalana egiteko proiektuari. Agurtzane Arriola Agirrek sustatu du proiektu hori.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Elgoibarko Udalari eta proiektuaren sustatzaileari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 7a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala