Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2017ko otsailaren 17a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
893

EBAZPENA, 2017ko otsailaren 8koa, Trafikoko zuzendariarena, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten duena.

3256/1982 Errege Dekretuak, urriaren 15ekoak, xedatutakoaren babesean; 194/2013 Dekretuak, apirilaren 9koak, 16.5.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako eskumenekin bat; urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiak 48. artikuluan ematen dituen eskumenen arabera; Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenentzat ikastarorako deialdia egiten da.

Deialdia honako oinarri hauek arautuko dute:

Lehenengoa.– Parte hartzeko betekizunak.

1.1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte, onartuak izango badira:

– Aldez aurretiko eskaera egitea.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edo Teknikariaren titulua (Erdi Mailako Lanbide Heziketa) izatea ala ikasketa baliokideak edo goragoko mailakoak dituela agiri bidez egiaztatzea.

– Eskuzko martxa-aldaketak dituzten ibilgailuak gidatzeko gaitzen duen B motako (edo hortik gorako) gidabaimenaren titular izatea eta baimen hori baliozkoa izatea eta indarrean egotea, gutxienez bi urteko antzinatasunarekin.

– Maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuaz onartutako Gidarien Araudi Orokorrak 45. artikuluan xedatutakoaren arabera, gaur egun 2. taldeko baimena lortzeko eskatzen diren baldintza psikofisikoak eta psikoteknikoak betetzea. Salbuespen gisa, halakorik izan gabe, B motako gida-baimena edo B motako ezohiko baimena –baldintza murriztaileei lotua– izatea, gutxienez bi urteko antzinatasunarekin eta Gidarien Araudi Orokorreko 7.2 artikuluan xedatutakoarekin lortua dena; halakorik dutenek arlo teorikoaren irakaskuntzara mugatutako Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu ahal izango dute.

Gaitasun-ziurtagiri horien titularrek, gidarien 2. taldeari eskatzen zaizkion gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzen badute, mugarik gabeko titulua lortu ahal izango dute. Horretarako, aldez aurreko proba praktikoa eta presentzia-fasea gainditu dituztela egiaztatu beharko dute.

– 1/2007 Legegintzako Dekretuak, irailaren 11koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasei eta prezio publikoei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duenak, xedatutakoaren arabera, izen-emateko tasak ordaindu izana, 2.3 oinarrian xedatutakoarekin bat.

1.2.– Baldintzak eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean bete beharko dira, eta prestakuntza-prozesuan indarrean jarraitu beharko dute.

1.3.– Uneren batean, kalifikazio-epaimahaiak jakiten badu ezen pertsonaren batek ez dituela betetzen eskatutako baldintzaren bat edo batzuk, edo kreditatutako ziurtagiritik ondorioztatzen bada Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzea galarazten duten akatsak edo faltsukeriak dituela; kasu horietan –aldez aurretik interesdunari entzunda– bazter utziko da pertsona hori.

1.4.– Hautagaiak eskabidean aurkeztutako informazio guztia eta prozedura honi dagozkion datuak Trafiko Zuzendaritzaren ardurapeko fitxategi baten integratuko dira, zeina Herrizaingo sailburuaren 2003ko irailaren 2ko Aginduan aurreikusten baita (2003ko irailaren 2ko EHAA, 170. zk.). Fitxategi horren erabilerari eta funtzionamenduari dagokienez, hauek bete beharko dira: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

Interesdunek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuetan sartzekoa, datuak zuzentzekoa, datuak ezereztekoa eta aurka egitekoa. Horretarako, idatziz jo beharko dute helbide honetara:

Trafiko Zuzendaritza, Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

Prozedura amaitzen denean, hautatu gabe gelditu diren pertsonei dagozkien datuak ezabatu egingo dira.

Bigarrena.– Eskabideak.

Ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonek –aurreko deialdietan aldez aurretiko hautaproba gainditu edo ez– beherago zehazten diren epean eta moduan aurkeztu beharko dute euren eskabidea.

2.1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

2.1.1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.1.2.– Aurkezteko modua.

Ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonek eskabidea Interneten bidez egingo dute, eta, hartarako, honako helbide elektronikoan eskura izango den eskabidearen eredua bete beharko da: www.trafikoa.eus

Internet bidezko eskabidea Eusko Jaurlaritzaren KZGune zentro publikoen bidez egin daiteke. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan ikus daitezke: www.kzgunea.net

2.2.– Eskabidearen edukia eta ondorioak.

Onartuak izateko, hautagaiek eskabidearen atal guztiak bete beharko dituzte eta tasa ordaindu beharko dute. Era berean, lehenengo oinarrian adierazitako baldintza guztiak betetzen direla azalduz zinpeko aitorpena edo promesa egin beharko da.

Tasa eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaintzen ez bada, prozeduratik baztertu egingo da, prozesuan onartzeko 1.1 atalean eskatutako baldintza ez betetzeagatik. Hala eta guztiz ere, ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, hamar egun balioduneko epean okerra zuzen dezala eskatu zaio hautagaiari.

2.3.– Izena emateagatiko tasa ordaintzea.

Deialdi honek 1.1 oinarrian aurrez ikusitako baldintza betetzeko, eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da tasa, erakunde hauen edozein sukurtsaletan ordaindu ere: Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, SabadellGuipuzcoano, CaixaBank, Bankoa, Banco Santander eta Bankia, edo beste erakunde batzuen txartelak.

Tasa ordaintzeko, bi aukera daude:

– Off-line ordainketa: aipatutako finantza-erakunde laguntzaileen bulego-sarearen edozein puntutara joatea eta sistemak emandako ordainketa-gutuna aurkeztea. Ordainketa-gutunak barra-kodea duenez, irakurketa optikoa duen edo datuak eskuz jaso ditzakeen kutxazain automatikoaren bidez ordain daiteke.

– On-line ordainketa: banku-sukurtsalera joan gabe, banka elektronikoaren sistemaren bidez ordaintzea, betiere aipatutako erakunderen batean banka elektronikoaren bezeroa izanez gero. Modalitate hori eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

Hau da tasa horren zenbatekoa: 43,73 euro.

Tasa ordaintzen ez bada edo ordaindutako zenbatekoa okerra bada, oinarri hauen 2.2 atalean zehaztutako ondorioak etorriko dira. Nolanahi ere, tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango; izan ere, eskabidea osorik eta behar den epearen barruan aurkeztu behar da, 2.1. oinarriak dioenaren arabera.

Eskatutako tasa kasu honetan bakarrik itzuliko da: zerga-egitatea gauzatzen ez denean subjektu pasiboari ezin egotzizko arrazoiengatik; horrenbestez, ez da tasarik itzuliko hautaketa-prozesutik kanporatzea gertatuz gero interesdunari egozteko moduko arrazoiengatik. Kanporatzea gertatzen bada deialdian eskatutako betekizunak ez betetzeagatik edo agiriak ez aurkeztegatik, ez da itzuliko tasa.

Hirugarrena.– Hautagaiak onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, epaimahaiko lehendakariak ebazpena egingo du eta aldez aurreko hautaprobarako pertsona onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartuko du, baita pertsona salbuetsiena ere, aurreko deialdietan gainditu dutelako. Behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamaziorik aurkeztu nahi izanez gero, ebazpen horretan zehaztutako epearen barruan aurkeztu beharko dira.

Kasu bakoitzean aurkeztutako alegazioak epaimahaiak aztertu ondoren, epaimahaiko lehendakariaren ebazpenaren bidez, zera jakinaraziko da: aldez aurretiko hautaproba egiteko onartuen eta baztertuen zerrenda eta aurreko deialdietan gainditu izanagatik salbuetsiak direnen zerrenda.

Laugarrena.– Aldez aurretiko hautaproba.

Salbuetsiak izan ez badira, pertsona onartuek aldez aurreko hautaproba egingo dute. Bi proba baztertzaile izango dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Aldez aurretiko hautaproba gainditzeko, hautagaiak bi probetan gai deklaratu beharko dira.

Proban parte hartzen dutenak honakoren batekin azaldu beharko dira: indarrean den gidabaimena eta NANa, edo bizileku-txartela edo identitate-txartela, indarrean dena, eta, horiek izan ezean, pasaportea. Epaimahaiak proben garapenean dokumentu horiek aurkezteko eska dezake, eta ez aurkezteak probara ez onartzea ekarriko du, baita prozesutik baztertzea ere.

Aurreko dokumentuez gain, proba praktikora, erabiliko den ibilgailuari dagokion dokumentazioarekin agertuko dira. Proba praktikoa egin baino lehen, lehenengo oinarrian zehazten den bezala, hautagaia gutxienez bi urteko antzinatasunarekin B motako gidabaimenaren titularra den ala ez egiaztatuko da. Baldintza hori betetzen ez badu, prozesutik baztertuko da, eta ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izango.

Aldez aurretiko hautaprobarako deialdi bakarra egingo da, eta agertzen ez diren pertsonak baztertuak geldituko dira, alega daitekeen arrazoia alde batera utzita.

4.1.– Proba teorikoa.

Proba teorikoa gidarien, ibilgailuen eta zirkulazioaren arauei, zirkulazioa arautzeko seinaleei eta bide-segurtasuneko gaiei buruzkoa izango da, eta baztertzailea izango da. Emandako inprimakian, idatziz erantzun beharko zaio aipatutako gaiei buruzko 30 galderako galdera-sortari (gehi erreserbako beste 4 galdera), horretarako aukera anitzeko sistemari jarraituta.

Proba egiteko denbora galderako minutu batekoa izango da.

Proba hori baztertzailea denez, kalifikazio-epaimahaiaren ebazpen bidez emango dira argitara behin-behineko emaitzak, Internet-eko helbide honetan: www.trafikoa.eus; egoki bada, erreklamazioak egiteko epea zehaztuko da.

4.2.– Proba praktikoa.

Proba praktikoa salbuetsiak izan ez diren pertsona onartuek egingo dute, 7.1 oinarrian xedatutakoarekin bat, eta trafikorako irekitako bideetan gidatzeko eta zirkulatzeko teknikei eta horiek menderatzeari buruzkoa izango da. Gutxienez hogeita bost minutu iraungo du.

Hiri-bideetan nahiz hirien artekoetan garatuko da, orokorrean trafikorako irekiak badaude. Martxa-aldaketa duen turismoa gidatuko da. Turismo hori pertsona interesdunak ekarriko du.

Proba baztertzaile horren helburua zera izango da bereziki: hautagaiak ibilgailua eta horren aginteak maneiatzeko eta zirkulazioa arautzen duten arauak eta seinaleak betetzeko duen gaitasuna eta esperientzia egiaztatzea, trafikoan eragiten duten faktore ezberdinen aurrean dituen portaera eta jarrerak egiaztatzea, baita eraginkortasunez gidatu eta zirkulazioaren gorabeheretara nahiz egoeretara moldatzeko duen gaitasuna frogatzea ere; proban, segurtasuna bereziki garrantzitsua izango da.

Proba praktikoa gainditzen duten pertsonek ikastaroa egingo dute, zeina bosgarren oinarrian xedatutakoarekin bat garatuko baita.

4.3.– Aldez aurretiko hautaproban gai kalifikazioa lortu dutenen zerrenda.

Aldez aurretiko hautaproba amaitzen denean, gai kalifikazioa lortu dutenen behin-behineko zerrenda argitaratuko da epaimahaiko lehendakariaren ebazpenez. Emaitzen kontrako erreklamazioak, bai proba teorikoari, bai proba praktikoari dagozkienak, ebazpenean adierazitako epearen barruan aurkeztu beharko dira. Aldez aurretiko hautaproban gai kalifikazioa lortu dutenen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtuko da, hala badagokio, aurkeztutako alegazioak aztertu ostean.

Behin betiko zerrendan honako hauek sartuko dira: aldez aurretiko hautaproban gai kalifikazioa lortu duten pertsonak eta aurreko deialdietan gainditu izanagatik salbuetsita daudenak. Horiek guztiek 5.1 oinarrian aipatzen den urrutiko irakaskuntza-fasea egingo dute.

Bosgarrena.– Ikastaroaren araubidea.

Ikastaroak, teorikoa eta praktikoa izanik, bi fase izango ditu: bata, urrutiko irakaskuntzarena, eta, bestea, ikastaroa ematen den ikastetxean aurrez aurreko prestakuntzarena. Biak dira baztertzaileak.

5.1.– Urrutiko irakaskuntza-fasea.

Fase hori teorikoa izango da, eta jarraian zerrendatutako gaiei edo irakasgaiei buruzkoa izango da:

– Bideko zirkulazioa erregulatzen duten arauak eta seinaleak.

– Bide-segurtasunari buruzko gaiak. Trafiko-istripuak.

– Ibilgailuei eta, bereziki, ibilgailu astunei buruzko araudi orokorra, pertsonen eta merkantzien garraioa, lehentasunezkoak eta bereziak.

– Ibilgailuen asegurua.

– Gidabaimenak erregulatzeko araudia, motak eta haiek lortzeko egin behar diren gaitasun-probak.

– Gidatzeko ikasketak eta gidarien prestakuntza-zentroak erregulatzeko araudia.

– Gidatzeari aplikatutako pedagogia eta psikologia.

– Ibilgailuen mekanika eta oinarrizko mantentze-lanak.

– Trafiko-istripuen aurrean izan beharreko portaera eta lehen sorospenak.

Programa zehatza eta jakintzagai bakoitzaren gaiak aldez aurretik emango dira argitara, fase hau prestatzeko denbora nahikoa izateko aurrerapenarekin hain zuzen ere.

Urrutiko irakaskuntza-fasea bi ebaluaziotan egingo da, eta bi ebaluazio horien arteko tartea hilabetekoa izango da gutxienez.

Ebaluazio bakoitzean idatziz erantzun beharko zaio, horretarako emango den inprimakian, jakintzagai bakoitzari buruzko hamar galdera dituen galdera-sorta bati. Ikasleek jakintzagai bakoitzari buruzko galderei erantzuteko gehienez hogei minutu izango dituzte.

Ebaluazioak egiteko, ikasleak probara NANarekin edo bizileku-txartelarekin edota indarreko identitate-txartelarekin edo, horiek izan ezean, pasaportearekin azalduko dira. Epaimahaiak proben garapenean dokumentu horiek aurkezteko eska dezake, eta ez aurkezteak probara ez onartzea ekarriko du, baita prozesutik baztertzea ere.

Urrutiko irakaskuntza-fasean, ebaluazioak egun bakarrean egingo dira, eta euretara agertzen ez direnak bazter utziko dira, hartarako alegatzen den kausa edozein delarik ere.

Ebaluazio bakoitzean lortutako behin-behineko emaitzak kalifikazio-epaimahaiaren ebazpen baten bidez emango dira argitara, Interneteko helbide honetan: www.trafikoa.eus; egoki bada, erreklamazioak egiteko epea zehaztuko da.

Ohiko bi ebaluazioetara aurkeztu eta jasotako jakintzagairen bat gainditu ez dutenek horien errekuperazioa egiteko aukera izango dute. Bigarren ebaluazioaren eta errekuperazioaren artean hilabeteko tartea izango da gutxienez. Errekuperazio-ebaluazioan, ikasleek hogei minutu izango dituzte erantzuteko jakintzagai eta ebaluazio bakoitzeko.

Urrutiko irakaskuntza-fasea bukatutakoan, epaimahaiko lehendakariaren ebazpen baten bidez argitara emango dira fase horretako behin-behineko emaitzak, eta erreklamazioak aurkezteko epea ere adieraziko da.

Aurkezten diren erreklamazioak aztertutakoan, epaimahaiko lehendakariaren ebazpenez argitara emango dira: urrutiko irakaskuntza-faseko behin betiko emaitzak eta aurrez aurreko prestakuntza-fasean izango diren pertsonen behin betiko zerrenda, ebazpen honen bosgarren oinarriko 5.2 atalean adierazitakoarekin bat, eta lortutako kalifikazioaren hurrenkeraren arabera.

Aurrez aurreko prestakuntza-fasera onartzeko behin betiko zerrendan jasota dauden pertsonek, kalifikazio-epaimahaiak ezarritako epean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako tituluaren edo Teknikariaren tituluaren (Bigarren Mailako Lanbide Heziketa) ala baliokidearen edo goragoko mailakoaren kopia edo fotokopia, originalarekin behar bezala erkatua.

Titulu baliokidea izanez gero, baliokidetasun hori frogatu egin beharko da dagokion hezkuntza-agintaritzak emandako egiaztagiriaren bidez.

Espainiakoa ez den hezkuntza-sistema batean ikasketak egin dituzten pertsonek ziurtagiriaren edo homologazioaren bidez –Hezkuntza Ministerioak egina, hala badagokio– egiaztatu beharko dituzte ikasketak.

– 2. taldeko gidariei eskatzen zaien gaitasun psikofisikoaren txostena, 1. oinarrian xedatutakoa alde batera utzi gabe. Txosten hori gidariei osasun-azterketak egiteko zentro batek eman beharko du.

Arestian aipatutako dokumentuak aztertu ondoren pertsonaren batek ebazpen honen 1. oinarrian eskatutako baldintzak betetzen ez dituela ikusten bada, hamar eguneko epean akatsa konpontzea edo derrigorrezko dokumentuak eranstea eskatuko zaio.

Aurreko paragrafoan finkatzen den epearen barruan eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada edo hori aztertu ostean hautagaiak ebazpen honen 1. oinarrian eskatutako baldintzaren bat ez duela betetzen ikusten bada, aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, bere jarduerak baliogabetuko dira, ikastaroan onartzeko eskabidea faltsutzeagatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzi gabe.

5.2.– Aurrez aurreko prestakuntza-fasea.

Urrutiko irakaskuntzako faseari dagozkion irakasgai edo jakintzagai guztiak gainditzen dituzten pertsonak aurrez aurreko fasera pasatuko dira, lortutako kalifikazioen araberako hurrenkeran.

Aurrez aurreko fasera joateko, hautagaiak behar beste talde eta txandatan banatuko dira, eta ondoz ondo emango zaie fase horretarako hitzordua.

Aurrez aurreko fasearen txanda bakoitzerako gehienez onartutako plazen kopurua 100eko 5 gehi daiteke, irakaskuntza teorikora mugatuta dagoen Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria eskatzen dutenentzat.

Fase horretarako hitzordua izan eta bertaratzen ez direnek beren eskubideak galduko dituzte, kalifikazio-epaimahaiak justifikazio egokitzat jotzen duen arrazoirik frogatu ezean.

Aurrez aurreko faseak hamar asteko iraupena izango du, gutxi gorabehera; tarte horretan denbora proportzionalki banatuko da irakaspen teorikoen eta horien aplikazio praktikoaren artean, kalifikazio-epaimahaiak prestatutako programaren arabera.

Fase hau etengo zaio, eta ez-gai kalifikazioa deklaratuko, proban zehar ordena nahasten duenari edo proban iruzurra edo iruzur-ahalegina egiten duenari, darabilen modua edo prozedura edozein dela ere. Fase hau emateko ardura duen erakundeak edo enpresa esleipendunak horri buruzko txostena igorriko dio kalifikazio-epaimahaiko lehendakariari, eta, horrek, interesdunari entzun ostean, ebazpena emango du.

Seigarrena.– Non egingo den.

Aldez aurretiko hautaproba eta urrutiko irakaskuntza-faseko ebaluazioak Vitoria-Gasteizen egingo dira.

Aurrez aurreko fasea Vitoria-Gasteizen egingo da, eta kalifikazio-epaimahaiak xedatzen duen ordutegiari eta programari egokituko zaio.

Zazpigarrena.– Salbuespenak.

7.1.– Aldez aurreko hautaproba.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak edo Servei Català de Trànsit izenekoak eginiko ikastaroen azken bi deialdietakoren batean proba gainditu duten pertsonak salbuetsita egongo dira aldez aurreko hautaproba egitetik, teorikoa zein praktikoa, Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiak, urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, xedatutakoaren babesean.

Trafikorako irekitako bideetan gidatu eta zirkulatzearen gaineko proba praktikoa egitetik salbuetsita daude honako hauek: C1 motako edo goragoko mailetako gidabaimenen (indarrean direnen) titularrak, baldin eta 2017ko otsailaren 8a baino lehen lortu badituzte baimenok.

Aldez aurreko proba teorikoa egitetik salbuetsita egongo dira, honako baldintza hauek betetzen badituzte: irakaskuntza teorikora mugatuta dagoen Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu izana, gidarien 2. taldeari eskatzen zaizkion gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzea, eta mugarik gabeko gaitasun-ziurtagiria eskatzea.

Aldez aurretiko hautaprobari dagokion proba praktikoa egitetik salbuetsita egongo dira honako hauek: Gidarien Araudi Orokorraren 45. artikuluko gidarien 2. taldearentzat eskatutako gaitasun psikofisikoak ez dituztela-eta, arlo teorikora mugatutako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu nahi dutenak.

7.2.– Urrutiko irakaskuntza-fasea.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak egindako deialdietakoren batean (idazki hau argitaratzean amaitu gabekoren batean) aurrez aurreko fasera bertaratu eta gainditu gabeko irakasgairen bat dutelako fase hori gainditu ez dutenak edo deialdi horren kalifikazio-epaimahaiaren ebazpenez hala aitortutako halabeharrezko edo aurreikusi ezinezko kausa bat dela-eta joan ezin izan direnak salbuetsita daude deialdi honetako urrutiko irakaskuntza-fasea egitetik. Kasu bietan ere, aurrez aurreko fasea osorik burutu beharko dute.

Urrutiko irakaskuntza-fasea egitetik salbuetsita egongo dira, honako baldintza hauek betetzen badituzte: irakaskuntza teorikora mugatuta dagoen Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortu izana, gidarien 2. taldeari eskatzen zaizkion gaitasun psikofisikoak dituztela egiaztatzea, eta mugarik gabeko gaitasun-ziurtagiria eskatzea.

Zortzigarrena.– Kalifikazio-sistema.

8.1.– Aldez aurreko hautaproba.

Aldez aurreko hautaprobako proba teorikoen eta praktikoen kalifikazioa gai edo ez-gai izango da.

Proba teorikoa gainditzeko eta proba praktikoa egin ahal izateko, 27 galderari edo gehiagori zuzen erantzun beharko zaie.

Proba praktikoa kalifikatzeko, kalifikazio-epaimahaiak zehaztutakoari erreparatuko zaio. Horrek Gidarien Araudi Orokorrean eta garapen-arauetan xedatutakoak kontuan hartuko ditu, eta nahikoa aurrerapenez argitaratuko informazio-ohar baten bidez du.

8.2.– Urrutiko irakaskuntza-fasea.

5.1 oinarrian zehaztutako irakasgai edo jakintzagai bakoitza gehienez ere hamar puntuz kalifikatuko da ebaluazioko. Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat lortuko da. Jakintzagai edo irakasgai bakoitza gainditzeko, ebaluazio bakoitzean, gutxienez, zazpi puntu lortu beharko dira.

Errekuperazioa gainditzeko, errekuperatu beharreko jakintzagai eta ebaluazio bakoitzean, eginiko hamar galderetatik, gutxienez zazpi zuzen erantzun beharko dira. Hala ere, errekuperazioa kualitatiboa izango da, hau da, errekuperatua ala ez errekuperatua.

Urrutiko irakaskuntza-faseari dagokion kalifikazio globala honelaxe lortuko da: ohiko bi ebaluazioetako jakintzagai bakoitzeko puntuazioak batuta. Jakintzagairen bat errekuperatu bada, kalifikazio globala lortzeko, ohiko ebaluazioan lortutako puntuazioa baliatuko da.

8.3.– Aurrez aurreko prestakuntza-fasea.

Ikastaroaren fase hau kalifikatzeko, ebaluazio jarraituaren sistema erabiliko da. Horretarako, jakintzagai bakoitzean ebidentziak jasoko dira, ezagutzen, trebetasunen eta jarreren globalizazioa eta integrazioa ebaluatu ahal izateko.

Amaierako kalifikazioa gai edo ez-gai izango da. Prestakuntza-fase hau osatzen duten ikasgaietako bakoitzean, 10 puntutik gutxienez 5 puntuko kalifikazioa lortzen duenak gai kalifikazioa lortuko du.

Aurrez aurreko prestakuntza-denboraren % 75 igaro eta gero hautagai batek emandako ebidentzietatik ondorioztatzen bada zailtasunak izango dituela jakintzagairen bat gainditzeko, orduan, prestakuntza-zentroak dei egingo dio, zehazten duen denboran eta eran berariazko proba bat egin dezan. Proba hori ebidentzia gisa gehituko da, jakintzagaiaren azken kalifikazioa lortzeko.

Deituak izan diren txandan aurrez aurreko fasea amaitzen edo gainditzen ez dutenek –bertaratu badira– gainditu gabeko irakasgaiak errepikatu egin beharko dituzte, epaimahaiak erabakitako txandan, halako bat baino gehiago programatu bada.

Aurrez aurreko fasean txanda guztiak amaitu ostean, jakintzagai guztiak gainditu ez dituztenek oso-osorik errepikatu behar dute deituko den hurrengo ikastaroan ezarritako aurrez aurreko fasea.

Aurrez aurreko fasea bukatutakoan, Epaimahaiko lehendakariaren ebazpen bidez argitara emango da hura gainditu dutenen zerrenda, non alegazioak aurkezteko epea ere zehaztuko baita.

Aurkeztutako alegazioak aztertutakoan, deialdi hau amaitutzat joko da, eta epaimahaiko lehendakariaren ebazpen baten bidez argitara emango da ikastaroa gainditu dutenen behin betiko zerrenda.

Bederatzigarrena.– Aurrez aurreko prestakuntza-faseko gastuak.

Urrutiko irakaskuntza-fasea gainditu eta aurrez aurreko prestakuntza-fasea egingo duten hautagaiek enpresa esleipendunari edo fase hori egiteaz arduratzen den erakundeari 2.000 euro zuzenean ordainduko dizkiote, eta, hala badagokio, zenbateko horri lehenengo txanda egiten den urteko urtarrilaren 1era arte metatutako KPIa gehitu beharko zaio.

Gaixotasuna edo epaimahaiak egoki justifikatu eta baloratutako ezinbesteko arrazoiak direla-eta, hasi ondoren prestakuntza-fasea utzi behar duten pertsonei itzuli egingo zaie enpresa esleipendunari edo erakundeari ordaindutako zenbatekoa, burututako prestakuntza-denboratik parte proportzionala kendu eta gero.

Hamargarrena.– Informazioa.

Deialdi honetan agertzen direnekiko bestelako informazio osagarriak eta beharrezkoak diren zenbait alderdi (aldez aurreko hautaprobarako onartutako eta baztertutako pertsonak, aldez aurreko hautaprobetan gai kalifikazioa lortu dutenak eta urrutiko irakaskuntza-fasean onartutakoak, ebaluazio desberdinetan lortutako kalifikazioak, urrutiko irakaskuntza-fasea gainditu duten pertsonak, aurrez aurreko prestakuntza-faserako deitutakoak edo bestelakoak) argitaratzeko zerrendetan idatziz jasoak gelditu eta jakinaraziko dira. Bestela, informazio-oharrak egingo dira. Horiek guztiak Interneteko helbide honetan argitaratuko dira: www.trafikoa.eus

Aldez aurreko hautaproba osatzen duten probak eta urrutiko irakaskuntza-faseko ebaluazioak egiteko deialdiak, gutxienez, hogeita lau orduko aurrerapenaz argitaratuko dira.

Hamaikagarrena.– Errekurtsoak.

Epaimahaiaren behin betiko ebazpenen eta izapide-egintzen aurka –azken horiek gaiaren funtsari zuzenean edo zeharka eragiten badiote eta deialdian aurrera egiteko ezintasuna badakarte edo legezko interesei edo eskubideei kalte konponezina badakarkie–, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Trafikoko zuzendariaren aurrean, haiek argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik harako hilabeteko epean.

Era berean, interesdunek beren interesak defendatzeko komenigarritzat jotzen duten beste edozein errekurtso jar dezakete.

Hamabigarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.

12.1.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoetarako xedatutakoarekin bat jardungo du kalifikazio-epaimahaiak. Hala, ebazpen hau interpretatzeko eta ikastaroa funtzionarazi eta kudeatzeko orduan, plantea daitezkeen zalantzak eta gaiak ebazteko behar duen adina aldiz bilduko da.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, Epaimahaiaren egoitza honako hau izango da:

Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko Epaimahaia

Trafiko Zuzendaritza

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Hauek izango dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Lehendakaria: Ander Hormaetxe Azumendi jauna.

Ordezkoa: M.ª Victoria Dueñas Beltrán de Heredia andrea.

Bokalak:

M.ª Jesús Iturralde Arriaga andrea.

Carolina Fernández Santos andrea.

Ignacio Presa Juarros jauna.

M.ª Victoria Fernández García andrea.

Ordezkoak:

Arantza Agirre Vicente andrea.

Elisabeth Navarro Lizarralde andrea.

Maitane Iriarte Goikoetxea andrea.

Iñaki Eguiara Garay jauna.

Idazkaria: M.ª Esther Montes Pereda andrea.

Ordezkoa: Idoia Berasain Teruelo andrea.

Gainera, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari hauek jardungo dute kalifikazio-epaimahaian, bokal:

Titularra: Justiniano Redondo Bermejo jauna, Arabako Trafikoko probintzia-burua.

Ordezkoa: Esther Martín Jiménez andrea, Bizkaiko Trafikoko probintzia-burua.

12.2.– Hautaprobaren kalifikazio-epaimahaian parte hartzea honela ordainduko da: zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Hamahirugarrena.– Gaitasun-agiria ematea.

Aurrez aurreko prestakuntza-fasea gainditzen dutenei Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria emango zaie, dagokion tasa ordaindu ondoren.

Hamalaugarrena.– Azken xedapena.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 47. eta 48. artikuluekin lotuta 112.1 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 8a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala